EH Bilduk Bilboko Euskara Aholku batzordearen lehen bileran parte hartu du. Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioko zinegotziaren ustez, bilera osteko balorazioa “gazi-gozoa” izan daiteke. Izan ere, Euskara Aholku Batzordea eratzea EH Bilduren aspaldiko eskakizuna da eta positiboa da azkenik batzordea sortu izana, Bilbon hizkuntza politikak behar duen eraldaketan eragiteko aukera paregabea eskaintzen duelako. Izan ere, “Bilbon indarrean egon de hizkuntza politika berbera izan da azken hamarkadan eta orain ausardiaz jokatu eta aldaketa sakonak egiteko garaia da”. Aitzitik, batzordearen eraketa prozesua zein izan den aztertuta, “aukera hori ez ote den galduko” beldur da Fatuarte.
Izan ere, aurreko legegintzaldian euskara saileko arduradunak oposizioko udal-taldeekin elkarlanean egon ziren, batetik Euskararen Bilbo, Itun berri baterako proposamena eta Bilbon Euskararen normalizaziorako lehentasunezko erronkak izeneko dokumentuak lantzen, eta bestetik Euskara Aholku Batzordearen osaketaren inguruan. Fatuarteren hitzetan, “Kideak proposatzea eskatu ziguten; batzordearen funtzionamendua, eskuhartzea, gaitasuna, izaera eta abar guztion artean eztabaidatu genuen. Horregatik, legegintzaldi berria hasi bezain laster Koldo Narbaiza, Euskara eta Hezkuntza zinegotziari jakinarazi genion elkarlan horrekin jarraitzeko prest geundela, baina dirudienez Udal Gobernu berriak beste era batera lan egitea erabaki du, alde bakarreko erabakiak hartuz eta Euskara Aholku Batzorderako deialdia bidaliz, besteoi inongo informaziorik helarazi gabe”.
Halaber, Euskara Aholku Batzordearen osaketaren inguruan irakurketa kritikoa egiten du EH Bilduk. Izan ere, batzordea osatzen duten 21 kideetatik, 16 instituzioetako ordezkariak dira, eta 5 baino ez dira euskalgintzako eragileak. Gainera, Aburto alkateak zehaztu zuenez, ez datoz erakundearen izenean, euren izenean baizik. Fatuartek batzordean hitza hartu zuen “euskalgintzako eragileen ausentzia nabarmena” zela adierazteko eta proposamen berriak helaraziko dizkio euskara saileko arduradunei kontuan har ditzaten.
Azkenik, batzordearen funtzionamenduari dagokionez, hainbat zalantza adierazi zituen Fatuartek batzordean bertan, baina bere esanetan “dagoeneko jakin badakigu, alkateak hala adierazi zuelako, batzordea ez dela erabaki-gunea izango, aholkularitza espazio soila baizik”. EH Bilduko zinegotziaren ustez “erabaki hau ez dator bat Bilbok behar duen hizkuntza politika berrituarekin ezta gaur egun herritar antolatuek dauzkaten parte-hartze eskakizunekin ere. Edonola ere EH Bilduko kideok ez dugu amore emango eta lanean jarraituko dugu espazio hau, ahalik eta emankorrena izan dadin, Bilbok euskara behar duelako eta batez ere, euskarak Bilbo behar duelako”.