Pentsioena bezalako gai garrantzitsuaren inguruan EH Bilduren eta EAJren proposamenak ezagutu ditugu aste honetan. Oskar Matute Alternatibako kide eta koalizioko bozeramaileak esan duenez, “pentsioen sistema euskal instituzioek kudeakatzeko EAJk egindako proposamena arretaz ybegiratzen dugu; izan ere, gure eta euskal pentsionisten kolektiboak duen aldarrikapen historiko bati erantzuten dio”.
“Euskal pentsionistei pentsio duinak izatea bermatuko dien sistema propioa izateko defentsa eta aldarrikapena erabatekoa da”, azpimarratu du. “Jakitun gara egungo pentsioak ez dituztela bermatzen bizi baldintza duinak”.
Matutek gogoratu du EH Bilduk hainbat aldiz horma baten kontra jo duela Madrilen Gizarte Segurantzaren eskuduntzen transferentzia eskatu duenenean. “Madrilen aldarrikapen horren defentsa bateratua egiteko prest gaude baina, bitartean, hemengo instituzioetatik ere hobetu ditzakegu euskal pentsiodunen bizi baldintzak eta, horretarako, hemengo instituzioek pentsioak 1.080 euro arte osatzeko eta bizi baldintza duinak eduki ahal izateko proposamena aurkeztuko dugu Legebiltzarrean”.
Era berean, euskal gizartearen interesak defendatzen dituzten indar politikoei Madrilen elkarrekin jarduteko proposamena egiten ari dela EH Bildu eta indar horiekin hitz egiten ari dela gogoratu du Matutek. “Hego Euskal Herriako pentsio sistema propioa aldarrikatzen duten indar politiko guztiei elkarlanean aritzea eskaintzen diegu. Pentsio sistema propioa behar dugu, Euskal Herritik kudeatua, egoera kaskarrean dauden milaka eta milaka pentsiodunen baldintzak hobetu ahal izateko”.
“Euskal herritarren interesak defendatzen dituzten indar politikoen esku dago pentsio duinak bermatuko dituen euskal pentsio sistema propioaren alde borrokatzea. Aldarrikapen historiko hori lortzea posible da, baldin eta elkarrekin jarduten badugu”, esan du.
Baina ohartarazi duenez, euskal herritarren interesei erantzungo dien pentsio sistema propioa izatea ez da nahikoa. “Bideragarria izango den pentsio sistema propioa eduki ahal izateko, beharrezkoa da premia horiei erantzungo dien zerga eredua izatea. Eta egun indarrean dagoen eredu fiskalak porrot egin du. Diru-bilketa aurreikuspenak bete ez izana horren erakusle da”, agertu du Matutek. Zentzu horretan, sortzen den aberastasuna hobeto banatuko duen zerga sistema bidezkoa eta progresiboa ezartzearen premia azaldu du.