Euskal Herriko gizarteak marko demokratikoetan oinarrituko den aldaketa politiko eta soziala exijitzen duela esan du gaur EH Bilduk, eta horretarako, Euskal Herritarren Agenda abian jartzea proposatu du. “Hau da, euskal herritarren interesekoak diren gaien inguruan, euskal herritarren interesak defendatzen eta aldarrikatzen dituzten indar politikoek eta eragileek elkarrekin jardutea proposatzen dugu”, adierazi dute Oskar Matute eta Oihane Zabaleta EH Bilduko bozeramaileek, gaur, Donostian, egindako agerraldian. “Elkarlan hori Madrilen egin beharko litzateke, herri honek ahots propio eta indartsua izan dezan”, gaineratu dute.
“Baina ez Madrilen bakarrik. Benetako aldaketa politiko eta soziala gertatzeko aukera hemen daukagu, Euskal Herrian. Orain Madrilen jokatzen ari dira partida, baina itzulerako partida, egiazkoa, aldaketa ematea edo ez erabakiko duena, Euskal Herrian jokatuko da”, azpimarratu dute.
Matutek eta Zabaletak agertu dutenez, euskal gizarteak bizi duen egoera politiko, ekonomiko eta sozialak Euskal Herritarren Agenda lehenbailehen osatzera behartzen gaitu. Euskal indar politikoek eta eragile sozialek sortutako elkarlan esparru baterako aukerak daudela uste dute, eta hori osatzeko lehen proposamen gisa, lau alorretan batera jarduteko eskaintza egin dute: pentsio sistema, enplegu politikak, kontsultak egiteko eskuduntzak eta espetxe politika.
– Pentsio sistema. Euskal gizarteak pentsio sistema propioa nahi du eta behar duela eta Madrildik ezartzen diren pentsioek ez dutela bermatzen gure pentsiodunek bizi baldintza duinak eduki ahal izatea azpimarratu dute. Pentsiodunen kolektiboak bere egiten duen aldarrikapen historiko hori gauzatu bitartean, pentsioak 1.080 eurora osatzeko proposamen zehatza erregistratuko du EH Bilduk euskal instituzioetan, hurrengo egunetan.
– Enplegu politikak. “Enplegu politika Madrilgo gobernu zentralaren esku izateak gure berezitasunetara egokitutako enplegu politika eraginkorra abian jartzeko zailtasunak eragiten ditu”, azaldu dute Matutek eta Zabaletak. Hortaz, beharrezkoa ikusten du EH Bilduk enplegu politika aktiboen eskuduntza Hego Euskal Herriko instituzioek izatea. “Horren aldarrikapen bateratua egin beharko litzateke Madrilen”, esan dute. Halaber, lan harremanen euskal esparrua eraikitzeko urratsak ematea eskatu dute. “Egun daukagun egoerak eta Madrilen egiten dituzten lan erreforma atzerakoien menpe egoteak, euskal herritarren lan eta bizi baldintzak gero eta okerragoak izatea dakar berarekin. Enplegu politikak Euskal Herrian eta euskal herritarren artean erabakitzeak ondorio zuzenak izango lituzke Euskal Herriko gizon eta emakumeen eskubide sozialetan eta bizitza kalitatean. Duintasunean irabaziko genuke”. Hori gauzatu bitartean, herritarren bizi eta lan baldintzak duintzeko helburuarekin, Euskal Herrian ere urratsak emateko aukera jarri dute mahai gainean. Era horretara, gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izateko proposamena erregistratuko du EH Bilduk euskal parlamentuetan, eragile sindikalen aldarrikapenarekin bat eginez.
– Kontsultak egiteko eskumena. “Herri gisa dagokigun erabakitzeko ahalmena aitor diezaion aldarrikatu behar diogu Espainiako estatuari, horretarako beharrezkoak diren bideetatik, demokraziaren ezinbesteko betekizuna dela gogoratuz”, nabarmendu dute Matutek eta Zabaletak. Baina Euskal Herrian ere gure urratsak ematea beharrezko ikusten dute, euskal gizarteak bere etorkizun politiko eta soziala erabaki ahal izateko. Zentzu horretan, kontsultak egiteko lege proposamenak erregistratuak dituzte Gasteizko eta Nafarroako parlamentuetan.
– Espetxe politika. Salbuespenezko espetxe politika bidegabeari amaiera emateko, beharrezko ikusten du EH Bilduk euskal indar politikoek eta eragileek espetxe politikaren eskuduntzak Hego Euskal Herriko erakundeei ematea.
Euskal indar politikoekin eta eragile sozialekin Euskal Herritarren Agenda osatzen hasteko eta elkarlanerako esparru berriak abiatzeko prestutasuna agertu du EH Bilduk. Matutek eta Zabaletak azpimarratu dutenez, “edukiak adosteko gure irekitasun eta prestutasuna azpimarratu nahi dugu, jokoan dagoena herri honetan aldaketa politiko eta soziala gauzatzea eta herritarren eskubideak berreskuratzea eta lan eta bizi baldintzak duintzea delako”.