Errefuxiatuen egoera geroz eta larriagoa da, Mediterranio itsasoa hilerri erraldoi bat bilakatu da, bizitza duinagoaren bila Afrikako jaioterrietatik alde egin beharrean diren milaka pertsona horiek, Europako lehen mugetara iristean kontzertina, hesi, internamendu zentro, polizia, jipoiak, estranjeria lege eta gainerako jazarpenekin egin dute topo. Guztiak giza eskubide oinarrizkoenen urraketak izan badira ere, estatu nagusiek eta Europak bultzatutako ez ezik babestutako jarduerak izan dira urte luze hauetan.
Errefuxiatuen afera mundu mailako arazo bat da. Munduan 60 milioi errefuxiatu daude, horietako gehienak Ekialde Hurbileko eta Afrika beltzeko herrialdetatik datozenak. Saharako herritarrek 40 urtez okupatutako haien lurraldeetan bizitzerik izan ez eta errefuxiatu gisa biziraun behar izan dute basamortuan. Era berean, Palestinako herritarrak okupatutako haien lurraldeetatik kanporatuak izan dira. Kurdistango herritarrak jazarriak eta etengabe erasotuak. Kolonbiako herritar ugari errefuxiatu bilakatu da. Tibeten ere gatazkaren ondorioz milaka herritar errefuxiatu dira. Egoera hauek guztiek komunean dutena, ordea, gatazka politiko-militar eta sozioekonomikoek eragindako mugimendu migratorioak eragin dutela da.
Gertatzen ari dena ez da bat batean etorritako desastre bat, urte luzeetan hartutako neurriek eragindako sarraski humanitarioa baizik. Eta Europak eta mundu mailako herrialde boteretsuenek erantzukizun zuzena du errefuxiatuek pairatzen dute egoera latzarekin.
Horregatik diogu gezur handi baten aurrean gaudela. Izan ere, hedabideek oso noizean behin zabaldutako irudi lazgarrien aurrean, eta gehiegitan ezkutatzen ari diren giza eskubideen urraketen aurrean, ehunka milaka emakume, gizon eta haur noraezean, estatu batetik bestera kanporatuak, internamendu zentroetan sartuak, bortxatuak, desagertu araziak, jipoituak, lapurtuak eta jazarriak ari baitira izaten, Europako estatuen onespenarekin.
Europako Batasuna arduragabekeria itzela izaten ari da giza eskubideen etengabeko apurketa honen aurrean. Eta horregatik, herritarroi, bakoitza bere eragin esparrutik, norberak eskura duen aukeraz baliatuta, errefuxiatuak diren pertsonei ongi etorria eman beharrean gaude, aitortza, erreparazioa eta laguntza eskainiz.
Otsailak 27an Europa mailan #pasajeseguro lelopean mobilizazioak antolatu dira errefuxiatuen giza eskubideak babeste aldera, eta EH Bilduk mobilizazio hauetan parte hartuko du, errefuxiatuen baldintza tamalgarriak salatu eta irtenbide bat eskatzeko.