Alternatibako kide Joxe Iriarte ‘Bikila’ri Oarsoaldeko Hitzako kazetari Olatz Mitxelenak egindako elkarrizketa, Txalapartarekin argitaratu berri duen ‘Kamaradak’ liburuaren harira.
Zure ibilbidea ezagutzen duenak pentsa dezake ‘Kamaradak’ eleberrian gutxi dagoela fikziotik.
Argi eta garbi, hau nobela bat da, beraz, fikziozko lan bat. Beti adibide bera jartzen dut. Borrokaren gorrian-en nik kontatzen ditut memoriak, nire autobiografia da. Hau ez. Nobelan gertakizun historikoak jasota daude, eta horietan zehatza izan beharra dago, egiazalea. Kontatzen ditudan langile borrokak-eta oso kontrastatuta daude, baina asanbladak, esaterako , nik asmatuak dira, nik nahi dudan bidetik eramaten ditut. Legebiltzarraren okupazioa, berdin. Datuak denak dira egiazkoak. Beste kontu bat da horiek nola kontatzen ditudan. Egia da ere badaudela pasarteak niri gertutakoak, hori ere bai. Esate baterako, haurra kotxean jaiotzen denekoa. Hori niri gertatutakoa da. Gure alaba txikiena kotxean jaio zitzaigun.
Nervacero, Euskalduna… Zergatik hautatu duzu langile borrokaren gaia?
Badaude eleberri oso onak gai askoren inguruan. Gaur egunean oso modan dago, esaterako, garai bateko ezkerrean, batez ere ezker abertzalean ibilitakoen damurako joera bat. Arazo existentzialak. Nobela onak. Baina horiek sektore intelektual baten kezkak dira. Niri kezka horiek ez zaizkit interesatzen.
Niri, aldiz, barrutik ikusitako borroka horren inguruan dauden istorioak, pentsamenduak eta sentimenduak kontatzea gustatzen zait. Ekaitz aroan, esaterako, euskal gatazkan murgiltzen naiz, baina ez bakarrik pertsonetan zentratuta, gatazka bera deskribatzea gustatzen zait. Hori gutxi egin da. Jendeak kokatzen ditu bere pertsonaiak, baina gatazka gertatzen da bazterrean, gauza mingarri bat bezala.
Langile mugimendua zergatik suertatzen zait oso interesgarria? Alde batetik literaturarako asko ematen duelako. Pentsa, Germinal, La madre, Talón de hierro… garai batean klase nortasunak ematen zuen harrotasuna galdu egin da, baina, nire kasuan, alderantziz.
Langileak izan dira aberastasuna sortu dutenak toki guztietan, azpiegitura guztiak sortu dituztenak. Eta horren inguruan izugarrizko historia dago. Zergatik gaur egunean, eta batez ere euskal literaturan, inor ez da kezkatzen? Horrek harritzen nau, baita haserretu ere. Nahiko nuke nik baino gaitasun handiagoko jende batek gaia hartuko balu. Salbuespena Koldo Izagirre izan daiteke, gehien hurbiltzen dena da, baina gainontzean, inor ez.
Langile mugimendua soilik ez. Beste kezka asko bildu dituzu. Bazterketa soziala, feminismoa, gatazka politikoa…
Langile mugimendua testuinguru batean kokatua dago, deitu nazioa, deitu estatua, deitu lurraldea, deitu herria. Langile borroka hau nik Euskal Herrian kokatu dut. Ez naiz murgiltzen feminismoan, ez gatazkan, baina saihetsetik, hor dauden gaiak dira.
Baina batez ere, ezker muturreko langileek borroka nola ikusten duten irudikatu nahi izan dut. Pertsonaia ideologizatuak dira, eta ez dira bakarrik bere eskubide sozialen alde lan egiten dutenak. Lan hori egitasmo iraultzaile eta subertsibo bati eman nahi diote. Gizartea aldatu nahi dute zentzu sozialista edo iraultzaile batean. Hori da nik bizi izandako giroa, eta giro hori islatu nahi nuen. Ni ezker muturreko militantea izan naiz, eta oraindik ere nire burua hor kokatzen dut. Hor ere kontatzeko moduko mundu oparo bat badagoela iruditzen zait.
Euskal Herrian kokatu duzu istorioa, zehazki Bilbon. Zergatik?
Nik nire esperimentu sortzaileak ondo ezagutzen ditudan testuingurutan kokatzen ditut. Lizarra-Garaziko testuinguru hartan idatzi nuen Ekaitz aroa, eta berdin beste liburuekin. Orereta aldean kokatu nezakeen istorio hau ere, baina errepikakorra izango litzateke, Borrokaren gorrian-en asko dudalako hemengo giroaz idatzita. Pentsatu nuen, alde batetik, sormenaren ikuspegitik Bilbo zela tokirik egokiena langile borrokaz hitz egiteko. Bilbok badu bizkar hezur bat, Ibaizabal, eta ibai horren inguruan lantegi erraldoiak. 12.000-15.000 langile inguru zeuden garai hartan labe garaietan. Hori ez dago Gipuzkoan. Euskaldunako borrokarekin Bizkaia guztia egon zen airean. Milaka langile, piztu zuten elkartasuna, Deustuko zubi hura, Bizkaia hankaz gora, Euskaldunako bataila haiek, ehunka polizia… hura, bolumenaren aldetik, ikaragarria zen. Bilbon gertatu dira borroka mitikoenak eta horregatik kokatu nahi nuen han istorioa.
Horrez gain, langile borrokaren gainbeherarekin, Bizkaian arazo sozial larriak sortu ziren. Gizarte krisiari batu zitzaion ontziolen hondamendia, uholdeak… Uholdeek tristura ekarri zuten Bilbora. Toki iluna, tristea, amildegian zegoen tokia, eta giro hura, oso barrura sartu zitzaidan. Hura deskribatzen saiatu naiz, Bilboko bazter horiek, La Naja, Areatzaren beste aldea, errekaren zubi azpietan zegoen trapitxeoa eta beste. Mikrokosmos oso bat degradazio sozialarekin oso lotuta.
Horrek literaturarako asko ematen du, batez ere, pertsonaiak giro horretan kokatuz gero, errealismoa eta indar literarioa ematen diolako.
Nik urte batzuk egin nituen Bilbon; pare bat urte klandestinitatean, Burgoseko auziaren garaian, eta ondoren, LKIk hala eskatuta. Lau urte egin nituen han, hain justu, Nervaceroko gatazka eta Euskaldunaren itxieraren garaian.
Eleberriko pertsonaia nagusiengan iraganarekiko nostalgia moduko bat igartzen da.
Muturreko egoeretan kamaraderia oso indartsu bat sortzen da, laguntasun eta burkidetasunetik harago doana. Komunio ideologiko moduko bat da, eta badu nolabaiteko kutsu erlijiosoa. Sentimendu hori indartsua denean oso aberatsa da, eta asko motibatzen zaitu.
Denboraren joan-etorrian, sentimendu hori, askotan, galdu egiten da, edo desagertu, aldatu. Nik momentu honetan lagun asko dauzkat borroka sozial eta politikoen inguruan, baina garai hartako kamaraderia hura gaur egun ez da existitzen. Nik ez dut ikusten. Izan daiteke, agian, muturreko beste egoera batzuetan daudenen artean, baina gaur egun, politika kidetasuna ere, askoz lasaiagoa da, laikoagoa, beste modu batera eramaten dena. Sentimendu indartsu hartaz gogoratzean, noizean behin, malenkonia ematen dit, eta liburuko pertsonaiengan ere badago sentimendu hori.
Nostalgia kutsu hori izanik ere, bukaera baikorra da. «Utopia lo dago, baina ez hilda…» .Bai, asmoa hori zen. Antiglobalizazio mugimenduari keinu eginez bukatzeko asmoa nuen hasiera batean, Jaioko dira berriak izenburuarekin. Baina, liburuaren produkzioak luze jo du eta hainbeste orraztu behar horretan, pasarte horiek kendu behar izan nituen eta titulua ere erori zitzaidan.
Bikila izengoitia nork eta zergatik jarri zizun?
Nire garaiko jendeak nirekin erreparatu zuen korrika nenbilelako. Hamalau urterekin hasi nintzen hemen, Errenteriako Klub Atletikoan. Tropeleko korrikalaria nintzen, baina zaletasun handia nuen. Batzuetan hanka hutsik korri egiten nuen, arrazoi askorengatik; gustatzen zitzaidalako, edo zapatila gehiegi puskatzen nituelako.
Testuinguru hartan, Erromako maratoian, ospe handia hartu zuen Abebe Bikila etiopiarrak, irabazi zuelako, eta hark, oinutsik korri egiten zuenez… lagun artean eta herrian Bikila deitzen hasi ziren. Azkeneko urteetan, gainera, kirola eta politika uztartuta ibiltzen nintzen, eta gauetan, pintaketetan eta, potea eskuan korrika ibiltzen nintzen.
Klandestinitatetik itzuli nintzenean herrira, nik Bikila izengoitiaren kontua ahaztuta nuen erabat, hainbeste izengoiti ibili nituen klandestinitatean nirea ere ahaztuta nuela. Baina Oreretara etorri eta berehala mugimendu asanblearioa hasi zen, jendeak kalea bere egin zuen. Asanblea horietan berriz ere hasi ziren niri Bikila deitzen, parentesi handi baten ondoren.
Oso gazte zinela hasi zinen ETAn. Zerk bultzatuta?
Ni beti izan naiz nahiko idealista eta erromantikoa, utopia zalea. Garai hartan Errenterian langile xume bat nintzen, pintorea, frankismoaren giro ilun eta itxi hartan. Ez zegoen ezeren perspektibarik. Literatura, mendia, eta korrika, beste ihesbiderik ez nuen orduan. Banuen harra bat hor, eta behin Aralarren nenbilela PNVko abertzale batzuekin topo egin nuen. Haiei hitz egiten entzunda, lapikoa galgan nuela itzuli nintzen etxera, eta kristoren beldurrarekin, ETAn sartu behar nuela erabaki.
Egun batean, Jose Kruz Sarasolaren etxean pintore lanetan ari nintzela, hark eman zidan orri bat irakurtzeko. Zutik jartzen zuen. Irakurri eta txundituta geratu nintzen. Hemen ETA ez zen existitzen talde bezala, baina batzuk ibiltzen ziren hor eta haiekin harremanetan jarri ninduen Sarasolak. ETAren lehengo taldea Errenterian nik antolatu nuen.
Politikan nire bizitzari zentzua emango zion bizimodua aurkitu nuen orduan, gaur arte.
Diktadura garaian ezagutu zenituen zuk klandestinitatea eta kartzela. Orduko zein oroitzapen dituzu?
Bada, liburuko pertsonaiak bezala, nik ere, nostalgiaz. Ongia eta gaizkiaren arteko banaketa hura, orduan, oso argia zen. Gu ginen onak, eta frankismoa zen deabrua eta gaizkia. Egia da, gure artean ere gauzak ez zirela beti oso gozoak. Gure artean sektakeria handia zegoen, elkar ezin ikusia; anaia zatituak likidazionistak eta espainolistak bihurtzen ziren berehala… Alde hortatik hobe ahaztea, gure miseriak eta alde ilunak dira. Abertzaleak, ez abertzaleekin, abertzaleen artean gorriak ginenak eta burgesak, eta gero gure talde barruko zatiketak, are gogorragoak.
Baina, orokorrean, nik oroitzapen ona dut. Egia da ere, txarrean, zortea izan nuela. Lehenbiziko erorketa paper batzuk banatzen ari ginela gertatu zen. Polizia gu ETArekin lotzen saiatu zen, baina guk ez genuen onartu. Sei hilabete zigortu gintuzten. Gero, bigarrenean, gauza gogor zegoenean, ihes egin nuen eta klandestinitatean ibili nintzen. Zorionez, ez ninduten harrapatu.
Klandestinitatea gogorra izan zen, baina bazuen bere abentura kutsu hori, eta eman zidan aukera irakurtzeko nahi nuen guztia. Autoformazio bat izan dut, baina testuinguru batean, talde politiko baten barrukoa. Nik gaur egunean ere, nire garaiko norbaitekin hasten banaiz hizketan, soilik hitz egiteko moduagatik badakit alderdi komunistako kide izan zen, maoista izan zen edota troskista. Hizkerak berak, erreferentziak… horrek denak datuak ematen dizkizu.
1976. urteko Amnistiaren Legearekin itzuli zinen Oreretara, eta orduz geroztik oso bizitza sozial eta politiko aktiboa izan duzu. Garai bateko Errenteria industrial gatazkatsu horretan lehen lerroko protagonista izan zinen. Denbora gutxian asko aldatu da Orereta, ezta?
Pozten naiz egungo Errenteriak gatazka odoltsu baten garaia gainditu izanaz eta elkarren arteko gorrotoari eta etsaitasunari izkin eginez, udaletxetik eta eragile sozialen aldetik bizikidetza sustatzearen alde egindako lanaz. Baina, aldi berean, ez nago pozik gure herriak izan duen bilakaerarekin zenbait aldetik ikusita. Oreretak arazo asko dituen herri bat izaten jarraitzen du: pobrezia, marjinazioa, kutsadura, langabezia, euskararen egoera diglosikoa eta kultur arloko ahuleziak begibistan daude, eta erantzun eskasa dute gizarte alorrean.
Iruditzen zait, gure herria, hein handi batean, otzandu egin dela, galdu egin duela garai bateko sen borrokalaria, intsumisoa, eraldatzailea eta asanblearioa. Ondo dago udal ezkertiar bat izatea, baina, ez da aski. Batez ere gizarte aktibo eta borrokalari bat behar da. Orereta eta Euskal Herria urte luzeetan izandako borroken ajeak sufritzen ari dela iruditzen zait. Belaunaldi bat nekatu eta zahartu egin da, nirea hain zuzen, eta ordezkatu beharko liokeena ez da azaldu behar den neurrian. Hori da nire irudipena.
Oarsoaldeko Hitza-n argitaratua