Maiatzean 20 urte bete ziren Bidasoaldeko Emakumeak elkartetik Irungo Udalari eskatu ziotenetik Alardean emakumeen parte-hartzea galarazten zuen araudia aldatzeko.
Biharko Alardean, beraz, bi hamarkada beteko dira emakumeen parekidetasunaren aldarrikapena, ordura arte “modu ezkutuan” parte hartzen zuten askok, mahai gainean jarri zutenetik. Une horretan ahotsa hartu zuen eskaerak eta erakundeetara heldu zen. Alternatibako bozeramaile Alba Fatuartek, irundarra eta alarde parekideko kideak, urtemuga baliatu nahi izan du “emakume horien adorea eta ausardia txalotzeko”, bere senideetako batzuk daude tartean, “berdintasuna egikaritu zutelako beren hiriko jaietan modu parekidean aritzea erabaki zutenean. Bide ofizialek porrot egin ostean, ez zuten bestelako baimenik itxaron eta, Rosa Parks-en modura, erakutsi zuten errealitate bidegabeei desobeditzea dela gauzak aldatzeko modurik onena”.
Ohiturek, Fatuartek azpimarratu duenez, “inoiz ez dute justifikatuko herritarren parte bat, erdia, baztertzea; eta oinarrizko eskubideak defendatzeko orduan ezin dira salbuespenik onartu”. Hala, gaitzetsi egin du PNV eta PSOE bezalako alderdiek erakusten duten jarrera, “Gasteizko legebiltzarrean gauza bat esan, eta Irunen eta Hondarribian beste bat egiten dutelako, botorik ez galtzeko”.
Edonola ere, Alternatibako bozeramaileak nabarmendu nahi izan du “gero eta gehiago” direla Irungo Alarde parekidean desfilatzen dutenak, eta Hondarrbian Jaizkibelekin bat egiten duen herritarren kopurua.
Berdintasun Legea betetzea, alabaina “ezin da atzeratu, eta horregatik ezinbestekoa da Irungo alkateak alarde publikoari harrera egitea, eta ez, orain arte bezala, honi bizkarra ematea alarde baztertzaile eta pribatuari udaletxeko balkoitik harrera egiten dion bitartean”. Izan ere, Fatuartek gaineratu duenez, “gizarte patriarkal honek garrantzirik gabekoak diruditen milaka desberdintasun egoera sustatzen ditu, alardeetan ematen dena askori irudituko zaionaren modukoak, baina egiturazko desberdintasunak nagusi diren sistema beraren parte dira; besteak beste, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldaten alde ikaragarria, zaintza lanetarako kondenak zein lan ikusezinen morroi izatea kasu. Edota aurpegi gordinena erakusten duen indarkeria matxistarena”.
Alternatiba, urtero bezala, Irunen izango da bihar Alarde publikoa babesteko. Bertan izango da alderdiaren ordezkaritza bat, Ander Rodriguez buru izango duena, Alternatibako kide eta Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu ohia.