Habanan Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta FARC-EPk lortutako bake akordioaren aurrean, Alternatibak Kolonbiako herritarrak zoriondu nahi ditu, lau urteko negoziazio gogorrek etekina izan baitute. Bi aldeen arteko konpromisoari esker, azkenean garatu egin dituzte negoziazioaren hasieran ezarritako bost puntuak: Nekazal erreforma, parte-hartze politikoa, bi aldeen su eten zein armagabetzea, drogen kontrola eta biktimak.
Azken ituna, “osoa eta behin betikoa”, Kolonbiara eraman beharko dute orain, Kongresuan eta Senatuan berretsi eta, azkenean, urrian egingo den herri galdeketa baten bidez herritarrek azken hitza izateko.
Hala, atzean geldituko da ia sei hamarkadetako gerra, eta helduko da eguna kolonbiar guztiek aukera izango dutela memoria partekatua eraikitzeko, aniztasun politiko, sozial eta kulturaletik. Guzti horregatik, Euskal Herritik eta Alternatibatik, #SiAlaPaz (bakeari bai) lemarekin bat egiten dugu, bakea eta justizia soziala helburu duen bidetik ibiltzen hasteko. Espero dugu, halaber, ahal bezain pronto ELNrekiko akordio bat ere lortu ahal izatea.