Gaia erantzukizunez jorratzeko konpromisoa hartu du koalizioak eta sentsazionalismoa saihesteko deia egin die eragile guztiei. Sansoheta zentroa masifikatuta dagoela esan du eta gehienez 10 erabiltzaile egon behar direla azpimarratu du.
Arabako Foru Aldundiaren zaintzapeko nerabeen prostituzioaren auzia azkartasunez argitzea eskatu die EH Bildu Arabak Ertzaintzari eta epaitegiei. Gutxienez, horietako bost Sansoheta zentroan bizi dira. EH Bilduren ustez argitu beharreko hiru kontu dira garrantzitsuenak: nor edo nortzuk daude horren atzean, nortzuk diren bezeroak eta zer ardura izan duen Foru Aldundiak auzi honetan bere zaintzapean zeudelako.
EH Bilduren ustez, Sansoheta zein Bideberria masifikatuta daude eta baliabide hauek arautzen dituen dekretua ez du betetzen. Bertan, familia, babes eta portaera arazoak dituzten erabiltzaileen kasuan, errekurtso bakoitzeko 10 erabiltzaile egon behar direla zehazten delako. Horrez gain, bi edo hiru erabiltzaileentzako monitore bat zehazten da. Hainbat ekimen aurkeztu ditu zentzu horretan EH Bilduk azken urte hauetan, arrakastarik gabe.
“Zaurgarritasun oso larrian dauden nerabeak dira eta lehen mailako inbertsio publiko eta soziala behar dute. Arazo honen irtenbidea ez da inoiz helduko isolamendua handituz”, azpimarratu du Alternatibako kide eta EH Bilduko batzarkide Luis Salgadok. Gaia erantzukizunez jorratzeko konpromisoa hartu du koalizioak eta sentsazionalismoa saihesteko deia egin die eragile guztiei.
Etorkizunari begira eta horrelako egoerak berriz ez errepikatzeko, EH Bilduk baliabide gehiago eskatu ditu, langileen kopurua handituz, errekurtso bakoitzeko erabiltzaileen kopurua txikituz eta batez ere, 18 urtetik aurrera eskaintzen zaizkien baliabideak hobetuz jarraipen programak hobetuz egun babesik gabe gelditzen direlako eta etorkizuna erabat balditzen duelako.