Alternatibako kide eta EH Bilduko diputatuak esan duenez, argindarraren prezioaren historiako bigarren igoera handienaren aurrean energia ministroak egindako adierazpenek “Espainiako estatuko milaka etxebizitzatan bizi duten pobrezia energetikoa desagerrarazteko gobernuaren borondate eza adierazten dute”.
Oskar Matuteren arabera, “ez da onargarria energia enpresen aurrean behin eta berriz amore eman duen gobernuko ministroak bere erantzunkizunari muzin egitea euri eta haize eskasia, edo eta beste herrialde batzuetako faktoreei aipamena eginez”. Ildo horretan, euskal diputatuak gogoratu du “energia berriztagarriak alboratu dituena, eguzkiaren zerga ezarri eta erregai fosilekiko dependentzia areagotu duena gobernua bera izan dela”.
Matutek berretsi egin du “arlo guztietan burujabea den herria eraiki behar dugula, baita energiaren alorrean ere”, eta gehitu du “zein energia motaz hornitu nahi duen erabakitzeko ahalmena izango duen Euskal Herria defendatzen duela EH Bilduk”.
“Jendea jatearen eta berogailuaren artean aukeratzera nola kondenatzen duten ikusteaz nazkaturik gaude”, esan du.