EH Bildu Gasteizek hiriaren garbiketa egiten duten FCC eta GMSMen arteko ABEEak egin dituen hiru langileen kaleratzeak salatu ditu. Dagoeneko 8 dira lanpostua galdu duten langileak.
“EH Bildu Gasteiz-en uste dugu onartezina dela udalean gaur egin den agerraldian agertu ez izana, azken asteotan eman diren kaleratze sorta azal zezaten. Udalek duen kontratu garestiena da, 20 milioi urtero, baina bere arduradun nagusiak ez dira gai izan aurpegia ematen”, adierazi du Alternatibako kide eta EH Bildu Gasteizko zinegotzi Aitor Miguelek.
Egunak pasa ahala egoera jasangaitzagoa da, eta litekeena da kaleratze gehiago ematea. “Horregatik gobernu taldeari eskatzen diogu, FCCri eskatu behar diola kaleratuak izan diren langileak berronartzea. Kontrako kasuan, Urtaranen kabineteak udaleko zerbitzu juridikoak pertsona hauei eskaintzea proposatzen dugu. Langileei ezin diete ordainarazi FCCek udalari egiten dion presioa”, eskatu du Aitor Miguelek.
EH Bildu Gasteiz-en ustean neurriak jartzeko unea da eta horregatik eskatzen diogu udal gobernuari FCC bezalako enpresaren aurrean duen epelkeria albora dezan, udala ataka zail batean jartzen ari denean. “Neurriak hartzeko unea heldu da eta horrexegatik udal gobernuari eskatzen diogu izapideak hastea, aukerak aztertzeko, udalak egin dezan garbiketa-zerbitzua era zuzenean kudeatuz”, azpimarratu du Miguelek.