Badira egoera edo une historiko jakin baten ondorioz sortzen diren sinboloak. Eta badira halabeharrez jaiotzen direnak. Gehienek, inguruan ditugun logika maskulino, kapitalista eta patriarkalari erantzuten diete. Baina badira izenik gabe sortzen diren ikurrak ere. Hedabideetako azaletan edo historia liburuetan ageri ez direnak. Borroka ikusezin baina nekaezinen ondorioz jaiotzen direnak.
Bada denbora Rosie the Riveter emakumeak lantegietan aritzeko gizonezkoek sortutako ikono izateari utzi zionetik, ordura arte etxeko lanetan eta zaintzan murgilduta baitzeuden, otzan eta menpeko. 2. Mundu Gerraren harira sortu eta bere jatorriaren gaineko ikuspegi desberdinak dauden arren, orain dela asko bilakatu zen Rosie, We can do it leloarekin batera, egun den ikur feminista. Patriarkatua gizateriaren zapalkuntza sistemarik zaharrena dela gogora ekartzen digun beste ikur bat baina, aldi berean, desberdintasun guztiei aurre egiteko proposamen eraldatzaileena dela agerian uzten duena.
Aldi berean, indarkeria matxista, bere aldaera desberdinetan eta munduko gizarte guztietan uneoro ematen dena, gogora ekartzen digu emakumeok, testuinguru honetan ere, gerra egoeran gaudela, Alterkaria honetan gure hainbat kidek berregin duten irudiaren garaian bezala. Gatazka krudela da, deklaratu gabekoa eta biktimak alde bakarrean dituena.
Soldaten arteko amildegia, zaintzarako kondena, ikusezintasunera zigortzea, gutxiestea, eremua publikoan dagokigun ordezkaritza ukatzea, indarkeria… Bakea, Jule Goikoetxeak dioenez, ez da bakarrik gizonezkoek haien artean hiltzea. Hori ezin baita izan gure bakea; era berean, ezin da gurea izan gizartearen erdia alde batera uzten duen oro. Horregatik, martxoaren 8 honetan, egunero bezala, jakin badakigu ahalduntzea bilatzen duten borroka guztiek gure eskutik joan beharko direla. Feminismoa edo basakeria.