Alternatibak, 2008ko abenduan jaio zenetik, ezkerraren bi ikuspegi lotuko zituen espazio politikoa sortzen saiatu da. Batetik, borrokarako ezkerra, ekintzailea, militantea, kalekoa; eta bestetik hausnarketarako ezkerra, analisirako, sakonki autokritikoa eta bere proiektuaren definizioa inoiz erabat bukatutzat ematen ez duena.
Lan handia dugu aurretik erakundearen baitan, are handiagoa herri hau eraldatzeko. Baina nortasun hau ardatz hartuta, pilatu dugun gorputz politikoaren laguntzaz, eta ezker harro eta borrokalari batetik onenak hartzeko geure borondatearekin batera -beti ere autokritika eta beharrezko aldaketak harturik-, egoera berri honi ilusioz, itxaropentsu, tinko eta gogoz ekin nahi diogu.
Beraz, gaur hona ekarri dugu orain arteko eztabaida, hausnarketa eta ekintza guztien emaitza, eta epe motz zein ertainerako bidea finkatzeko Alternatibaren izaera zehazten duten hiru apustu estrategiko.
I. Euskal Herrirako sozialismo esparruanitza sortzeko apustu estrategikoa. Gaurtik hasita mendekotasun sistema guztiekiko- patriarkatua, kapitalismoa, desarrollismoa, ustezko demokrazia, arrazakeria- alternatibak sortuko dituen sozialismoaren alde gaude, hau da, borroka guztiak bilduko dituen agenda duen sozialismoaren alde; herri mugimenduak eta mugimendu politikoak banandu eta benetako egitura aldaketak moztu besterik egiten ez duten lehentasun eta fasekako sailkapenik egin gabe. Halaber, agenda hau bertan parte hartu nahi duten hainbat subjektu politikok osatuko dute: langileek, feministek, ekologistek, kultura arloko militanteek, internazionalistek, langabeek, etorkinek,….
II. Euskal Herriko ezker subiranistaren aniztasunaren baitan batasunaren aldeko apustu estrategikoa. Alternatibak ez du inondik inora euskal ezkerreko indar bakar izan nahi, ezta berau hegemonizatu edo beste indarrekin lehiatzeko beste sigla bat gehitu nahi. Aitzitik, euskal ezker subiranisten batasuna aldarrikatzen dugu, proposamen eta kontzepzio anitzak baitaude, baina irizpide komunak baititugu: eskubide guztiak pertsona eta herri guztientzat; Euskal Herriaren autodeterminazio eta subiranotasun eskubidea; egungo mendekotasun sistema konplexua gaindituko duen sozialismo esparruanitza; talde lana eta indar politiko eta sozialen pilatzea bermatuko dituen eredu politiko berriak bilatzea. Jakina, apustu hau epe ertain eta luzeko aliantza estrategikoen gainean eraiki beharko da, unean uneko egoerako analisietatik haratago joanda.
III. Ezkerraren baitako iraultzaren aldeko apustu estrategikoa. Geure ustez, lehen bi apustuei ezin zaie ekin ezkerreko mugimenduetan nagusi izan diren antolatze logika batzuk ezbaian jarri gabe. Ezkerra iraultzea beharrezkoa da mundua iraultzeko, eta alderdi zein herri mugimenduen elkarlana bermatzeko eredu berriak eraiki beharko ditugu; plataforma, sare, aliantza estrategiko horizontal eta demokratikoetarako aukera emateko;militanteen kalitatezko parte hartzeari bide emateko. Honela, erakunde politikoa ez da tresna, baizik eta defendatzen dugun gizarte horren eredu eta isla.
Jakina, hiru apustuak elkarren osagarri, banaezin eta sinbiotiko dira, eta Alternatibari lehentasun zaizkio. Ezin sozialismo esparruanitz baten alde egin ez bada beste ezkerrekiko elkarlana bultzatuz, edo lan ildo berriak jorratuz; ezin elkarlanean aurrera egin geure agenda ez bada benetan esparru guztietara modu orekatuan iristen; eta ez digu ezertarako balioko antolaketa eredu berriak izateak, ez bada gehiengo zabalak lortzeari begira jartzen.
Orain, erakunde honek bere egiten dituen 11 konpromezuak azalduko ditugu -hiru apustu estrategikoen arabera ordenaturik-. Hauek zehaztuko dute Alternatibaren epe labur eta ertainean Alternatibaren ildoa.
http://alternatiba.net/old-files/Alternatibaren hiru erronka estrategikoak-agiri osoa.pdf