Arrazakeriaren aurkako nazioarteko egunean, aspaldi egindako izugarrikeriez gainera, gaur egun estatu zein pertsona talde batzuek ekintza arrazistak egiten jarraitzen dutela ekarri nahi dugu gogora, hala nola Israelgo Estatuak Palestinan, Marokok Sahara okupatuan, Txinak Tibeten eta Europak eta AEBek migrazio-politiken kasuan. Eta ez ditugu ahaztu nahi errefuxiatuek Frantzian, Grezian eta Italian –besteak beste– beraientzako antolatutako eremuetan etengabe jasaten dituzten xenofobia-erasoak, migratzaileek Estatu espainoleko CIEetan jasotzen duten tratu txar arrazista nabarmena eta ijitoek oraindik ere jasaten duten tratua.
Eraso hauek guztiak, herritarrak elkarrengandik urruntzeko erabiltzen diren hesi zein kontzertina, edota muga zein migrazio politiken inguruko nazioarteko itunen anparoan egiten direla salatu nahi dugu gaur, pertsonek mugitzeko eta asiloa eskatzeko duten eskubidea urratzen baita.
Horregatik, eta zinez uste dugulako Euskal Herria gure herrian bizi den orok osatzen duela eta bertan bizi den orok egiten duela, Alternatiba eta EH Bildu erakunde-politikak aldatzearen alde dago, baina balioak, jarrerak eta portaerak aldatzearen alde ere bagaude, kultur aniztasunean oinarritutako jendartea eraiki dezagun, pertsona orok baitu eskubidea segurtasun, osasun eta askatasunarekin bizitzeko, eta dagozkion bizi-baldintzak hobetzeko.
Hori dela-eta, arrazagatiko diskriminazioaren aurkako nazioarteko egunean indar handiagoz erantzun behar diegu, ahal bada, desberdinen arteko bizikidetza anitz eta askearen aurka egiten duten eraso politiko, lege-eraso, erakunde-eraso eta polizia-erasoei, aniztasunaren aldeko mobilizazioetan parte hartuz, erakundeetan aldaketak sustatuz, eta norbere inguru hurbilean aktibatuz.
EH Bildu osatzen dugun emakume eta gizonok argi baitugu, inori ez diogula galdetuko inoiz nondik etorri den, izatekotan, elkarrekin nora joan nahi dugun galdetuko baitiogu.