Testuinguru soziala eta politikoa jorratzen duen antzezlan satirikoa maiatzaren 3an ikusiko ahalko da La Monstrenka aretoan eta, ondoren, solasaldia egingo da.
Datorren asteazkenean, maiatzak 3, Alternatibak TNT Nuevos Tiempos Teatro antzerki talde salvadortarraren “Erase una vez un rey” lana taularatuko du. Antzezlan satirikoak gobernu forma desberdinen gabezia eta bertuteak umorez jorratzen ditu: “Hiru eskalek beren egoera sozial, politiko eta ekonomiko zailetik ihes egin nahian, jolas bat sortu eta horretan murgilduko dira, fantasiaren bidez menpekotasun forma desberdinak aztertzeko”.
Emanaldia hiriburuko La Monstrenka aretoan (Cubo kalea 1, behealdea) izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. 3 euroko sarrera solidarioa kobratuko da, antzerki taldearen zein aretoaren gastuei aurre egiteko. Ondoren, solasaldia egingo da konpainiako taldekideekin internazionalismoaren, lankidetzaren eta erakunde inklusiboen inguruan.
TNT elkarteak ia mende laurdena darama bere lana mundu osoko aretoetan ikustarazten, hezkuntza artistikoa, kulturaren zabalkundea eta komunitate garapenaren eremuetan, haur, gazte, emakume zein edadekoei zuzendutako lana. “Erase una vez un rey” antzezpen klasikoa da Latinoamerikako antzerkigintzan, hainbat taldek taularatu dutela. Herri ugariek komunak dituzten ezaugarriak jorratzen ditu, hala nola ustelkeria, zapalkuntza edota botere nahiak.