Alternatibak kurtso politiko honetako azken Batzar Nazionala ospatzen ari da gaur Lanestosan (Bizkaia). EH Bilduren indartzearekiko eta eraberritze prozesuaren aldeko apustua berresteaz gain, alderdi ezkertiarra irailetik aurrera garatuko dituen ardatz politikoen inguruan eztabaidatzen ari da. Erakundeak, halaber, Oskar Matute aho batez aukeratu du EH Bilduren etorkizuneko zuzendaritzan Alternatiba ordezkatzeko.
Alderdiko bozeramaile nazional Mario del Rioren hitzetan, Alternatibak orain dela sei urte beste indar subiranista eta ezkertiarrekin batera sortutako subjektu politikoa sendotzearen aldeko apustu irmoa berretsi du gaur: “Alternatiba, hain zuzen, horretarako jaio zen, Euskal Herriko ezkerreko indarren arteko elkarlana sustatzeko eta, horregatik, seguru gaude Euskal Herria Bildu demokratikoagoa eta zabalagoa egitera datorren gauza oro, urteotan egin dugun lana indartzeko ere balioko duela”.
Del Riok nabarmendu duenez, “Alternatibaren baitan ez dago inolako beldurrik EH Bildu berrian desagertu edota eragiteko gaitasuna galtzeko”; guztiz kontrakoa, izan ere, “hemendik aurrera ideia politikoak eta hauek oinarriekin partekatzeko gaitasuna izango da, kuoten gainetik, irizpideak ezartzeko bide nagusia”. Horrek ez du esan nahi, alabaina, “alderdiek eginiko ibilbidea eta ezkerraren adar desberdinetatik egindako ekarpenak desagertuko direnik”.
Kurtso politiko berriari dagokionez, Alternatibaren Batzar Nazionalak egoera politikoa aztertuko du goizean zehar, lau ardatzen gainetik: Lehenengoa, kapitalismoak bizi duen trantsizio azkarra, XX. mendeko bukaerako eta XX.eko hasierako kapitalismo neoliberaletik, transnazionalak estatu, herri zein pertsonen gainetik dauden eredu batera. Bigarren eztabaidak kontrabotere bat eraikitzea du hizpide, gure herriarentzako errealitate alternatiboa, Gasteizen eta Madrilen itunak sinatzen dituztenen aurrean, klase zapaltzaileen aliantzak statu quoari eusteko. Ildo horretatik, hirugarren eztabaidagaia ezkerreko indarren azterketa da, benetako aldaketarako edota prozesu eratzaileak martxan jartzeko aukerak ikusita. Azken honekin batera, Kataluniako prozesua jorratuko da, 78ko erregimenaren amaieran eta Euskal Herriak estatu propioa eta justuagoa eraikitzeko dituen asmoetan izan dezakeen eragina ere aztertuz.
Erakundearen Batzar Nazionala antolatzeaz gain, asteburuan zehar Alternatiba Eguna ospatzen ari da Lanestosan, askotariko ekitaldiekin: herri bazkariak, kontzertuak eta Irantzu Varela ekintzaile feminista eta kazetariaren hitzaldia, besteak beste. Igandean, azken urteetan hiribilduan egindako aurrerakuntzak ezagutzeko bisita gidatua eskainiko du Jose Angel Ranero alkateak.