Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek adierazi du “herritarren parte hartzeak erakusten duela jai eredu arrakastasua inoiz baino biziago dagoela. Hala ere, badago zer hobetu”
Jaien bukaerarekin batera EH Bilduk Aste Nagusiaren balorazio positiboa egin du. Parte hartzean eta doakotasunean oinarritutako eredua arrakastatsua eta erreferentziala izaten jarraitzen du.
“Beste urte batez Bilboko Konpartsak zoriondu behar ditugu haien lanagatik. Konpartsak dira Aste Nagusia munduan bakarra egiten dutenak. Beste urte batez argi geratu da jai batzorde mistoaren formula egokia dela. Bertan Udalak Bilboko Konpartsekin elkarlanean aritzeko apustua egiten du”, adierazi du Alba Fatuarte zinegotziak. Horretaz gain, Ane Ortiz Txupineraren eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren izenean aritu den Nati Ovelleiro Pregoilariaren lana eskertu du.
Hala ere, EH Bilduren ustez, badaude hainbat arlo non gauzak hobetu daitezkeen hurrengo jaietara begira.
Alde batetik eraso matxistak errealitate bat dira oraindik eta beharrezkoak dira tresna gehiago gaitz horrekin bukatzeko. “Adierazpenetara mugatu beharrean, udal honek, beste instituzioek bezala, berdintasun politiken aldeko apustu argia egin behar du. Gizartean dauden ezberdintasunekin bukatzeko lan egin behar du eta ez soilik ezberdintasun horren ondorioengatik atsekabetu. Hurrengo aurrekontuak aukera paregabea izango dira ikusteko zer nolakoa den udal gobernuaren konpromisoa emakumeengana”, azpimarratu du Fatuartek.
Horretaz gain, EH Bilduk jai eredua baldintzatu eta zalantzan jarri nahi izan duten kanpo elementu extremistak salatu ditu. Horrela gertatu da, esaterako, Begoñako igogailuan falangisten probokazioekin edo Gudari eta Milizianoen memoriaren kontrako erasoarekin Artxandan. Azken horren aurkako egileen kontra egitea eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari, talde memorialistek exijitu duten moduan.
Salagarriak dira ere kritika soziopolitikoa eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak. Falangearen, PPren eta Apezpikutzaren salaketen eta alkatearen adierazpen moralizatzaileen ondoren, Hontzak konpartsaren txosnako dekorazioa kendu izana onartezina da. “Aldarrikapenak beti izan dute lekua jaigunean, batzuek gustoko izan ez arren”, gogoratu du Fatuartek.
Azkenik, EH Bilduk salatu du Udalak azpiegitura publikoen bitartez zezenketak sustatzea. Nahiz eta herritarrek gero eta argiago utzi kontra daudela, Aste Nagusian bederatzi zezenketa egin dira eta modu ez zuzenean diru publikoa jaso dute (Udalak 40.000 euro xahutu ditu EAJ, PSOE eta PPko zinegotzi eta erretiratuen elkarteentzeko sarreretan). ). “Juan Mari Aburtok ez du ezer esaten nahiz eta jendearen eskari horien aurrean. Errealitatea da geroz eta jende gutxiago doala zezen plazara; horren erakusle azken joan den jende kopuru txikia, nahiz eta sarreren prezioak jaitsi. Litekeena da laugarren urtez jarraian zezen plazak galerak izatea. Gogoratu behar da jabetzaren %50 Udalarena dela eta defizita 257.053,68 eurokoa dela 2014tik. Noiz arte ordainduko dugu guztiok gutxi batzuen kapritxoa?”