Udal gobernuak, PPren babesarekin, ez dio nahi izan mugarik jarri Bilboko Portutik armak bidaltzeari. EH Bildutik, Alba Fatuarte Altenratibako kideak hartu du parte eztabaidan.
“2016ko urritik 2017ko uztailera bitartean munizioa, granadak, torpedoak, bonbak eta misilak zeramatzaten 300 ontzi baino gehiago atera dira Bilboko portutik Saudi Arabiara, nazioartean askotan leporatu zaion bezala, gerra krimenak egin dituena, Yemenen gizarte zibila erasotzeagatik; hara iristen dira Bilboko Portutik ateratzen ari diren bonbak eta gaur proposamen hau aurkeztu dugun taldeetatik argi adierazi nahi dugu, batetik gizarte bezala, ezin dugula horrelakorik onartu, eta bestetik instituzio bezala, ahal dugun guztia egin behar dugula, herri hau estatu kriminalen konplize izan ez dadin. Eta hau esatea badakit gogorra dela, baina hala da. Portuan gertatzen ari dena ilegala da eta hori eragoztea ez da soilik printzipio edo etika kontu bat. Arma batek Yemen-en familia bat hiltzen duen arte, kate bat martxan da, kate luze bezain eraginkorra, eta kate horretan Bilboko Portua beste katebegi bat da, katearen zati bakar bat, baina ezinbestekoa. Eta Udal honek katearen zati horretan zer esanik badu“, adierazi du Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak.