Alternatibak salatu du Jose Luis Bilbaok ez duela garapenerako laguntzarekin zer ospatu, ez baitu %0,7a betetzen
BILBON, 2011ko OTSAILAREN 3an – Bizkaiko Foru Aldundiaren hipokresia salatu du Jonathan Martinez Alternatibako batzarkideak atzo, otsailak 2, inauguratutako Bizkaia 0,7 izeneko erakusketa dela eta, “lankidetza eta garapenerako laguntza kopuru horretatik oso urrun egongo baita 2011ko aurrekontuetan”. Jose Luis Bilbao beraren arabera, aurten 9,07 milioi euro bideratu dituztel atal honetarako, foru gobernuak aurten gastatuko dituen 1.892,53 milioi euroetatik %0,48. Era berean, Martinezek nabarmendu du “azken bi urteetan atal honek behera egin duela, ehunekoetan (-0,16 puntu) eta euroetan (2,82 milioi euro)”.
Alternatibako batzarkideak, halaber, 0,7aren helburuaren berezko definizioa garapenerako laguntza herrialde baten Barne Produktu Gordinaren %0,7 bideratzea dela gogorazi du. “Administrazioek laguntza hauek aurrekontuekin lotzeko darabilten tranpa onartuta ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du kopurua legealdi osoan bete”, atxikitako datuek ageri dutenez, 2009a izan dela gertuen ibili diren urtea aurrekontuaren %0,64 bideratu zela. Bizkaia 0,7 erakusketa, beraz, “2010etik aurtengo aurrekontuetara lankidetza eta garapenerako laguntzan 2 milioi euroko murrizketa zuritzeko baliatu dute”. Azpimarratu duenez, “BFAk lankidetzarako laguntza faltsutu ohi du ‘Herritarren eskubideak’ deritzon ataleko gastuak ere aintzat hartzen dituztela, lankidetza eta garapenarekin loturarik ez dutenean”.
Alternatibak ez du ulertzen zer da ekitaldi honekin, propaganda instituzionaletik haratago, Jose Luis Bilbaok ospatu nahi duena eta, bide batez, garapenerako “laguntzarako %0,7ko konpromisoa benetan betetzeko dei” egin dio ahaldun nagusiari. Azkenik, “Jose Luis Bilbaok hain ondo zaindu nahi duen Petronor behi esnedunak BFAk laguntzen omen dituen herrialde azpigaratu horiek txirotu eta kutsatu” egiten dituela gogorarazi dio, ahaldun nagusiak Muskizko plantari buruz egin berri dituen adierazpenak gogora ekarrita.