Karrantzako plantako “txapuzaren” arduradunek bere gainkostea ordain dezatela eskatu du Alternatibak
Karrantzako Mindako arduradun politikoek beren “kudeaketa txapuzeroa eta arduragabearengatik” ordaindu eta plantaren gainkostua bere egin dezatela eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusietako Alternatiba taldeak. Era berean, administrazio publikoek “inolako ikustatze publikorik ez duen sozietate baten esku hainbat milioi euro” jarri dituztela salatu du Jonathan Martinez batzarkideak.
Martinezek nabarmendu duenez, Alternatibak behin eta berriro ohartarazi du obra honen inguruko “iluntasuna” eta EAJko udal agintariek “irregulartasun ugari“ egin izan dituztela, “haien nagusiak jakinaren gainean zeudela”. Gogorarazi du, halaber, talde honek eskatu eta “gogoz espero” dituela Batzar Nagusien aurrean Jose Maria Martin Karrantzako jarduneko alkatearen eta Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Nekazaritza sailburuaren agerraldiak.
Planta eraikitzeko kudeaketa txarraren ardura baieztatuz gero “dimisioak” espero ditu Martinezek, “ez daitezen herritarrak izan haien zabarkeriaren erantzule”. Azkenik, Alternatibak abeltzaintzaren aldeko aldarria egin nahi izan du, “abeltzainak direlako sektorea galbidera daraman hamaikagarren zatarkeriaren kaltedun nagusiak”.