Alternatibak albiste pozgarria deritzo Sorturen sorrerari Euskal Herriaren normalizaziorako eta “bakeari trabarik ez jartzeko” eskatu du
DONOSTIA, 2011ko OTSAILAren 9an – Alternatibak baikor hartu du Sorturen jaiotza, “Euskal Herriaren normalizaziorako albistea pozgarria” delako. Izan ere, “bakea lortzeko helburuan laguntzera datorren indar politiko berria da eta, horrez gain, herri honetan beren burua ezkertiar eta abertzaletzat duten herritarren kopuru handi baten bozka askatuko du, orain arte bahituta egon baita”.
Hala esan du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak ETAren indarkeria estatutuetan “argi eta garbi” errefusatzen duen Sortu erakunde berriaren hamar sustatzailek atzo eginiko aurkezpenaren harira.
Alderdi honen sorrerak, Matuteren esanetan, “aro berria ireki du euskal politikagintzan, ez baitago ETA justifikatzen duen indar politikorik eta, ondorioz, ezin da legez kanpoko alderdirik egon”.
Horregatik, “alderdien legea baztertu eta herri honetan ebatsi diren eskubide zibil eta politikoak berrezartzeko ordua dela” ohartarazi du, “normalizazio politikorako eta demokraziaren oinarrizko printzipioak erabat errespetatuta gatazka gainditzeko xedean aurrera egin ahal izateko”. Bakea helburu duen bidean, buruzagi ezkertiarrak nabarmendu duenez, “soberan daude alderdien arteko zangotrabak eta epe luzera begiratzea lehenetsi beharra dago”, beraz, “ez da zilegi Sortu bezalako alderdi demokratikoak jokoz kanpo uzteko trikimailu legalak erabiltzea”.