DONOSTIAn, 2011ko OTSAILAren 23an – Gipuzkoako Batzar Nagusietako Alternatiba taldeak proposamena egin du Politika Sozialeko Batzordean, Eusko Jaurlaritzari beharrizan gehien dituzten familiak zigortzeari utz dezala eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskuratzeko eskakizunak gogortzeko prozesuan atzera egin dezan galdegiteko.
Hala iragarri du gaur Alternatibako bozeramaile Jon Lasak, “onartezina da Gemma Zabaletak GLLak jasotzen dituzten hiru lagunetik bati laguntzak ukatzea, are gutxiago, egungo egoera larrian, krisialdi ekononomikoa, langabezia eta beharrizanak nagusi direnean”.
Lasak gogorarazi duenez, familientzako azken laguntza sarea dira GLLak eta, era berean, “inoiz baino beharrezkoagoak direnean” murrizketak egitea kritikatu du. Hala, ezarritako baremo berriak arbuiatu ditu, Eudelek eginiko kalkuluen arabera, hiru onuradunetik bat laguntzarik gabe galdituko delako. Pentsio minimoak dituztenei, seme-alabak dituzten emakume ezkongabeei eta autonomo langabeei egingo diete kalterik handiena, baztertu egingo dituztelako.
“Guztiz onartezina da murrizketa sozialen politika hau, krisiaren zama berau gehien pairatzen dutenen gainean jartzen duelako”, esan du ezkerreko batzarkideak. Horregatik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Politika Sozialeko Batzordean, “Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzeko irizpide berriak ezartzen dituen Eusko Jaurlaritzaren kontseiluaren 2011ko urtarrilaren 18ko akordioa errefusatzen duen proposamena” egin du Alternatibak.