BILBOn, 2011ko MARTXOAren 1ean – Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek PSEren eta PPren jokaera salatu du, UPyDren laguntzarekin batera, “Eusko Legebiltzarra Eusko Irrati Telebista EiTBk euskal herritarrei eskaini behar dien izaera informatiboa zentsuratu eta perbertitzeko erabili dutelako”. Alderdi hauek, erakunde publikoaren Kontrol Batzordearen baitan, legez kanpo dauden alderdi eta ordezkariak EiTBko programetara ez eramateko eta haien berri ez emateko eskatu zioten EiTBko zuzendaritzari. Matutek gogorarazi duenez, “hiru hilabete besterik ez dira pasa, abenduaren 2an, Gasteizko Legebiltzarrak EiTBri aho batez eskatu zionetik egiazaletasuna, iritzi aniztasuna eta interes informatiboa berma dezala eta horiek izan daitezela bere albistegiak garatzeko ardatzak, “irrati-telebista publikoa beren proiektu politikoaren zerbitzura jartzea erabaki dutenek atzo onartu zutenarekin talka egiten duen eskaera da hau”.
Eusko Legebiltzarreko VIII. legealdian EiTBko Kontrol Batzordeko presidente izandako Matutek, “deitoragarria” iritzi dio “bere burua demokratatzat duen parlamentuak zentsura informatiboaren aldarri egitea” eta bere elkartasuna adierazi die komunikabide publikoan ari diren profesionalei, “euskal gizartearekin batera, EiTBko askatasun informatiboaren biktima direlako”. Era berean, Alternatibako bozeramaileak Carlos Urquijo (PP) bezalako legebiltzarkideen hipokresia salatu du, ideia guztiak ez direla zilegi babestu eta, adibide gisa, arrazakeriaren aldeko talde bat komunikabideetan ez dela agertu behar ziurtatu duelako. Emandako argudioaren arabera, Matutek PPren zentsura informatiboa eskatzeko galdegin dio Urquijori, “bere alderdikide katalanek etorkinen aurkako kanpaina irekia egin berri dutelako”, eragile askok salatu dutenez, PSOEk berak kasu.
Patxi Lopezen Gobernuari, bestetik, “euskal gizarteak EiTBren erabilera alderdikoiari bizkarra eman” diola gogorarazi dio ezkerreko buruzagiak, “ikus-entzuleen datuek hilabetez hilabete erakutsi dutenez. Datu hauen adierazgarritasunetik haratago, Matutek PSE-PP itunak euskal irrati telebista publikoaren gidaritzapean emandako “lorpen zalantzagarrietako” batzuk azpimarratu nahi izan ditu: “Albistegietako langileak presionatu eta espedienteekin ere mehatxatu egin dituzte, ituneko politikariek elkarrizketak aldez aurretik gainbegiratzea ahalbidetu dute, atzoko batzordean jakinarazi zenez. Horrez gain, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko katedradun eta irakasle ugariren artean kezka handia eragin dute, duela gutxi horietako askok adierazi zutenez. Noski, PP-PSEk zehaztutako irizpideak jarraitu ez dituzten programak, langileak eta kolaboratzaileak kaleratzeko trebetasuna ere izan dute, eta gehiengoa duten sindikatuek kontra jartzea eragin dute”.
Guzti horregatik, Matutek “EiTBren gaineko kontrola, zaintza eta zentsura lagatzeko” exijitu dio Eusko Jaurlaritzari eta informazioa anitza, egiazalea eta gizartearen zerbitzura jartzearen aldeko apustua egiteko eskatu dio.