Alternatibak desberdinen arteko itunaren alde dago, Euskal Herrian aldaketarako ilusioa eragingo duen ezkerreko eskaintza egin ahal izateko
Datozen hauteskundeetara euskal ezkerra “ahalik eta batasun handienarekin” aurkeztearen aldeko apustua berretsi du Alternatibak, “fronte komuna sortu eta, aniztasunetik, aldaketarako ilusioa eragin eta boterean dagoen eskumaren aurrean zilegitasunez, irmotasunez eta beharrezkoa den indarrarekin aurre egin ahal izateko”.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek azpimarratu duenez, hauteskundeei begira “ezinbestekoa da erakustea ezkerreko alderdiak noraino dauden prest indarrak metatu eta, aniztasunetik, gizarteari programa bateratua aurkezteko”:
Horren harira, Alternatiba “ezkerreko eskaintza politikoa eratzeko elkargune bila lanean” ari dela nabarmendu du, “Euskal Herrian aldaketa galdegiten dutenen artean ilusioa eragingo duena”. Horren arabera, eragile desberdinen artean “elkarri aitortzeko prozesua eta iritzi elkartrukea” ematen ari da.
Matutek gogorarazi duenez, “Alternatibak bere oinarrien arabera jokatu du, bere militanteen erabakiarekin bat eginda, euskal ezkerra sendotzeko prest dauden indarrekin urratsak egiteko itunak sinatzeko apustua berretsita, nazio eraikuntzarako eta gizartea eraldatzeko”. Era berean, “ezkerraren atomizazioa guztien kalterako” dela gogorarazi du, “are gehiago herria ezkerretik eraiki nahi dugunontzat”. Horregatik, “aniztasunetik eraikitako batasunaren alde” daudela ziurtatu du.