Alternatibak “esperpento politiko-juridikotzat” jo du Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia eta “PP eta PSOEren borondateari” men egiten diola salatu du
Alternatibak “esperpento politiko-juridikotzat” jo du Sorturen legeztapena eragotzi duen Auzitegi Gorenaren epaia “PP eta PSOEren borondate politikoari” men egiten diolako, oinarri juridikoei baino.
Sententziaren argudioen “arbitrariotasuna” salatzeaz gain, Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek gogorarazi du saiakera berri honek milaka euskal herritarren parte-hartze politikorako eskubidea “bahitzeko” helburua duela.
Matutek adierazi du “Espainiako politikarien alderik erreakzionarioenak” ezarritako oztopoek ezin izango dutela geldiarazi “euskal jendartea eskatzen ari den aldaketa politikoaren eta sozialaren aldeko apustua”.
Zentzu honetan, hauteskundeei begira euskal herritarrek “eragile politiko batzuen zein besteen borondate politikoa” baloratzen jakingo dutela gaineratu du. Azkenik, Alternatibako bozeramaileak Gorenaren erabakia deitoratu egin du “ustez demokratikoa den sistema honen kalitatea” are gehiago murrizten duelako.