Alternatiba: “Hauteskundeek defizit demokratiko larria izateko arriskua dute Euskal Herrian, Sorturen aurkako epaiaren ondorioz”
DONOSTIAN, 2011KO MARTXOAREN 24AN – Datozen udal eta foru-hauteskundeek Euskal Herrian pairatuko duten defizit demokratikoaren aurrean, Alternatibak “erantzun bateratua” emateko dei egin ditu euskal alderdiak. Izan ere, “itzulipurdi juridiko harrigarriaz” baliatuz, Auzitegi Goreneko 61eko aretoaren epaiak “errugabetasun-presuntzioa urratu eta errunduntasunarena ezartzen du, Zuzenbidezko Estatua behin-betiko hautsiz”.
Epaiaren eduki osoa oraindik ezagutzeke dagoen arren, Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek aurreratu du funtsezko oinarri juridiko batzuk urratuko dituela: “Hasteko, frogatu beharraren kargaren inbertsioa egiten du eta auzitara eramandako subjektua behartzen du Alderdien Legea betetzen duela frogatzera, lan hori Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatutzaren esku utzi beharrean”. Hori dela eta, “errugabetasun-presuntzioa urratu eta errunduntasunarena ezartzen da”.
Era berean, “sinesgarritasun kontzeptua” oinarri juridiko gisa “onartezina” dela nabarmendu du Matutek. Batez ere, “araudiak a posteriori egindako ilegalizazioa eta hautetsiei aktak kentzeko aukera” aurreikusten duela kontuan hartuta. Azaldutako guztiaren ondorioz, erabaki honek “alderdi zein gobernu jakin batzuek hainbestetan aipatzen duten Zuzenbidezko Estatu horren haustura” suposatzen duela gaineratu du Matutek.
Sorturen aurkako sententzia “bidegabekeri hutsa” izanda ere, “ziur gaude Ezker Abertzaleak bide demokratiko eta baketsuei eutsiko diela, indarkeria errefusatuz eta bizitza publikoan parte hartzeko eskubidea ukatzen dioten lagun horiei nabarmen utziz”, buruzagi ezkertiarrak adierazi duen legez.