Frantziako tiroketak bake prozesua eragozten duela adierazi eta ETAri desegiteko eskatu dio Alternatibak
Alternatibak irmo errefusatu du Frantzian izandako tiroketa, non ustezko bi etakidek jendarme bat zauritu duten, eta indarkeri ezaren aldeko konpromisoa berretsi du.
“Euskal Herriko eragile sozialek, sindikalek eta politikoek Gernikako Akordioaren baitan egin ditugun eskaeretatik kanpo jardun dute ustezko etakideek eta jarrera horrek Euskal Herriak behar duen bake eta normalizazio prozesua eragozten du”, Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek adierazi duen legez.
Matutek “edozein indarkeri mota” gaitzetsi eta ETAren “behin betiko desagertzea” eskatu du: “ETAren estrategia militar antzu eta samingarriak eragin negargarria du pertsonengan, politikarengan eta gizartearengan herri honetako elkarbizitza eta garapen soziala kaltetuz”. Zentzu honetan, politikari ezkertiarrak zera eskatu du: “Inork ez dezala oztopatu Euskal Herriak bakerantz eta konponbide demokratikorantz egin behar duen ibilbidea”.