Juan Puertoren ibilbidearen dokumentala hizpide Arangoiti auzoari buruzko Bilbo Hiriaren irratsaio berezian

Arangoti auzotik zuzeneko saioa egin zuten larunbatean Bilbo Hiria irratian. Arangoiti Bilboko auzoa da. Bilboko lehen distrituan kokaturik dago, Deustuko distrituan. Banderas mendiaren magalean kokaturik, itsasoaren mailatik 100-150 bat metrora. Bilboren iparraldeko ikuspegi ederra dago Arangoiti auzotik, ez da oso handia baina bere kokapenak berezitzen du beste auzo askotatik.

Saioan, Alternatiba alderdiko militante nagusi eta berezienetako bat, Juan Puerto Morcillo arangoitiarra, izan zen protagonista. Ez da inoiz buruzagi politikoa izan, eta hala ere “saltsa guztietako partaide” izan da Juan. Bere bizitza eta militantzia jasotzen duen dokumentala ikusgai dago sarean. “De Calamonte a Arangoiti” dugu dokumentalaren izena eta filmaren lanak koordinatzen ibili den Mikel Carramiñana Alternatibako komunikazio arduradunarekin hitz egun dugu.

Miguel: «FCCk ez du izaera garbirik; etekin ekonomikoak nahi ditu, Gasteizko hiriaren gainetik»

Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioan Alternatibako kide eta EH Bilduko gasteizko zinegotziari eginiko elkarrizekta FCCrekin dagoen gatazkarekin inguruan.

FCCk badirudi ez duela adostutakoa bete, horren erakusle,bestea beste, kaleratutako bost langileak berriz onartu ez izana. Hori dela eta, mugimendu ezberdinak hasi dira Gasteizko Udalean, alderdi politiko ezberdinen elkarlanetik. Besteak beste, Podemosek, Irabazik eta EH Bildu Gasteizek garbiketa zerbitzuaren kudeaketa zuzena eskatu dute, europako beste udalerri batzuetan egiten den bezala. EH Bildu Gasteiz koalizioko Aitor Miguelekin hitz egin dugu gurean. Gainera, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak irteera bat eman nahi dio egoerari eta honen inguruan hausnartu dugu ARABA HIZPIDEn.

Entzun

Kepa Olaiz: «Teknologiarik modernoena erabilita ere, erraustegia kaltegarria da»

Kepa Olaiz erraustegiaren kontrako mugimenduko bozeramaileak Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio onar dezala zenbait ikerketak erraustegia kaltegarritzat jotzen dutela ingurumen eta osasunarentzat.

Erraustegiko lanak inauguratzear direla, Kepa Olaiz erraustegiaren kontrako mugimenduko bozeramaileak ‘Faktoria‘n berretsi du azpiegiturak ondorio kaltegarriak izango dituela.

Olaizek Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio onar dezala zenbait ikerketak erraustegia kaltegarritzat jotzen duela ingurumenarentzat eta osasunarentzat.

Euskadi Irratia

Non dago langile klasea?

Joxe Iriarte “Bikila” – Alternatiba

Jai eguna, borroka eguna, edo bietatik, egoeraren baitan. Duela egun gutxi ospatu dugu Maiatzaren Lehena, langileen eguna izaten jarraitzen du bere zentzu sakonean. Baina badira non dauden galdetzen dutenak. Arreta eta plazer handiz, are, miresmenez, irakurtzen nuen Anjel Lertxundik idazten zituen zutabe zorrotzak (zoritxarrez, gehiago irakurriko ez ditugunak, beste formatu batean ez bada, bederen). Beti eragiten dit zer pentsatua. Eta oraingoan ere bai. Bere azkenetariko batean hauxe zioskun: «Eta salbuespenak mirari, langile mundua, koipez belztua eta bestelakoa, ez da gure obretan ageri, esku langile gutxi dabil gure orrietan: langile klasea missing dago gure iruditeria literarioan. Langile klasea espresioa bera ere desagertu egin da panorama kulturaletik, diskurtso sozialetik, jardun politikotik».

Bai eta ez; batetik ados, bestetik ez, edo ez behintzat modu hain drastikoan. Esan nahi dut: gure hurbileko langileriari begiratzen badiogu, egia da, izorratua baina bere klase izaeraz harro zen giza talde hura, asko aldatu dela itxuraz, jarreraz eta jardueraz. Izan ere, industria lantegi handietan metatuta edo enpresa ertain eta txikietan pilatuta, gure geografia osoan zabaltzen eta agertzen zen lantegi panorama hura ia desagertua dago. Baita langile mota hura ere, ia guztiz maskulinoa, eguerdiro eta arratsaldero gure herritako tabernetako txikiteoaren liturgian murgiltzen zena futbolaz eta politikaz sutsuki eztabaidatzeko. Baina langileriak hor dirau. Izan finko, izan prekario; kontratua bukatuko zaiolako edo lantegia deslokalizatuko ote dioten etorkizunaren beldur, baina bere izerditik bizi den langilez inguratuta bizi gara; turismoa egitera goazen tokietako ostalaritzan edo supermerkatuetan; gure inguruko saltokietan, industria poligonoetan, errepideak artatzen, mendi lanetan, neskame klase ertaineko eta ez hain ertaineko etxeetan, edo zahar-etxetan (zuriz jantzita baina presaka eta korrika adinekoen beharrei ezin helduz) edo kaleetan zaharren zaintzan, edo langabe alderrai, erreserba armada bihurtuz. Gainera, langileriak inoiz baino gehiago hartu du emakume aurpegia. Horrek bihurtzen du are ikusezinagoa.

Ikusezinagoa baina aldi berean kalean presente, ikusi nahi duenarentzat. Adibidez, Bizkaia osokoak Bilboko kaleetan, eta astelehenero eta asteartero Errenteriako udaletxearen aurrean elkartzen dira zahar-etxeetako langileek (ia denak emakumeak) soldata eta lan baldintza duinen alde. Eta gure begirada mundu osora zabaltzen badugu, gure aspaldiko itxurekin ikusiko ditugu Hegoafrikako meatze zuloetan edo Txinako industria astuneko guneetan, edo Arabiar penintsulako petrolio prospekzioetan, edo Hego Amerikako laborantza industrialeko zelaietan. Inoiz ez da ezagutu egungo langile klasearen zabalkuntza eta kopurua munduan zehar. Beste upeleko kontua dugu mugimendu izaeraren aldetik, eta bere eragin soziopolitikoaren aldetik, batez ere Europan. Hots. Langile mugimenduaren sorlekuan. Hasi ezkerreko alderditik, garai batean ia denak klase izaeran oinarritzen zirenak eta amaitu sindikatuekin, aldaketa nabarmena da. Adibide bat dira Maiatzaren Leheneko garai bateko manifestaldi borrokalarien eta egungo manifa erritualizatuen aldea. Bestea, badela urte batzuk ez direla greba gogorrak egin, gehienetan greba bakoitza bere aldetik ia isolaturik egiten dela. Hala ere, ez dezagun behar baino gehiago txikiagotu bere eitea eta egitea. Dena ez da itzala. Badaude argitara azaltzen diren uneak. Nahikoa izan da ELA bezalako sindikatu batek Jaurlaritzari patronalaren alde ari dela leporatzea, klase borroka ere eremu politikoan islatzeko. Horrek asko haserretu ditu Jaurlaritza eta patronala. Kontua da, badela garaia sindikatuek neguko kuartelak utzi eta neguko palazioak erasotzeko.

Eta literaturan? Zoritxarrez, eremu horretan arrazoi handigoa du Anjelek. Ez dator, ez, oparo langile literatura euskal letretan. Garai batean langile munduak literaturan zuen garrantzia ia desagertu da munduan eta are gurean. Gorkiren Ama edo Zolaren Germinal, edo Jack Londonen Burdinazko orpoa bezalako lanak jada ez dira idazten. XIX. eta XX. mendeetan ez bezala, gaur egun langileria demode edo boladaz kanpokotzat jotzen da. Batez ere belaunaldi berrian. Hortik kontuak! Gabriel Aresti, Koldo Izagirre eta bakan batzuk izan ezik, gure idazleek ia ez dute aintzakotzat hartu literatura mota hau. Ez atzo, langile mugimendua epikarako ematen zuenean, ezta gaurko garai hitsetan. Eta ez da literaturaren aldetik berezko interesa ez duelako.

Nire uste apalean, mundu horrekiko historiak eta istorioek askotarako eman dute, edota eman lezakete, idazlearen trebetasunaren baitan. Horregatik idatzi nuen Kamaradak eleberria. Nerbioi ibaia ardatz duen eremua leku aproposa iruditu zitzaidan joan den mendeko laurogeigarren hamarkadaren inguruko langile gatazka harrigarrienen istorioak deskribatzeko. Bertan izan baita euskal langile mugimendu potente eta epikoena (agian ez politizatuena; seguru aski, Errenteria inguruko langileak gehiago inplikatu ziren politikan). Baita ere langile mugimenduaren ondoratzearen ondorio larrienak, droga menpekotasunaren ilunpeak, langabeziak eta bazterkeriak sortutako fenotipo bitxienak, txirotasun narrasena, bertan ditugu, dudarik gabe.

Zergatik aukeratu nuen langile mugimenduan oinarrituriko eleberri bat idaztea? Gogoa nuelako eta une batez iruditu zitzaidalako, neuk ez banion ekiten lan horri beste inork, edo inor gutxik, ez ziola ekingo. Eta zoritxarrez, halaxe izan da. Nahiko nuke nik baino talentu gehiago duen beste batek segida hartuko balio eta, gatazkaren inguruan gertatu den bezala, langile mugimenduan oinarrituriko obra bikain bat burutuko balu.

BERRIAn argitaratua

Alternatibak globalizazioaren arriskuak eta Errenta Unibertsalaren moduko alternatibak aztertuko ditu Donostian eta Bilbon “In the same boat” filmarekin

Maiatzaren 10ean, asteazkena, Donostian, eta ostegunean, hilaren 11n Bilbon, Alternatibak “In the same boat” (“Ontzi berean”) dokumentala eskainiko du. Rudy Gnuttik zuzendutakoa, gero eta handiagoa den aberatsenen eta pobreneen arteko amildegia hizpide duena. Lanak aurrerapen teknologikoak ere ditu hizpide, mundu justuagoa eta hobea eraikitzeko lanabes izan zitezkeenak baina gaizki kudeatuz gero mehatxu izan daitezkeenak.

“In the same boat” dokumentala zortzi herrialdeetan grabatu da eta jorratzen diren arloetako adituen ahotsek osatzen dute. Honela, Uruguaiko presidente ohi Jose Mujika; Zygmunt Bauman soziologo eta filosofo ospetsua; Oxford-eko irakasle eta ekonomialaria Anthony B. Atkinson; ekonomialari eta desazkundearen inguruan aditu Serge Latouche edo Sussex-eko ekonomia irakasle Mariana Mazucatoren hausnarketak eskaintzen ditu.

Proiekzioen ostean, filmaren inguruko hausnarketak plazaratzeko tartea irekiko da solasaldien bidez. Donostian, 18:00etan ONCEren areto nagusian (Etxaide kalearen 14.ean) hasiko den saioaren ostean, Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiaren lan-arloko aretoaren presidentea eta Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu ohi Ander Rodriguez ariko dira hizlari, besteak beste, aberastasunaren banaketa ahalbidetu dezakeen Errente Unibertsalaz eta nazioarteko lan araudiak hizpide izango dituztela.

Bilboko saioan, Hika Ateneon (Ibeni kaia 1) arratsaldeko 19:00etatik aurrera egingo dena, Juan Hernandez OMALeko kide eta EHUko irakaslearen eta Euskal Herria Bilduren legebiltzarkide ohi Diana Urrearen gidaritza izango du filmaren gaineko eztabaidak, merkatuaren mundualizazioa kontzeptua hizpide.

Hitzaldi biak sarrera askoekoak izango dira aretoetako leku guztiak bete arte.

http://alternatiba.net/old-files/170510DocuForum In The same Boat – RGB_0.jpg

X