Juan Puerto, oinarrian eta ezkerrean beti

Deustualdeko Prest aldizkarian eta Bilboko Uriola webgunean argitaratutako erreportajea gure kide Juan Puertoren ibilbide militantea jorratzen duen dokumentalaren inguruan. Filma artikuluaren ostean eskaintzen dugu berriz ere.

Alternatiba alderdiko militante “nagusi eta berezienetako” da Juan Puerto Morcillo arangoitiarra. Ez da inoiz buruzagi politikoa izan, eta hala ere “saltsa guztietako partaide” izan da Juan. Bere bizitza eta militantzia jasotzen duen dokumentala ikusgai dago sarean.

Militante moduan ibilbide oparoa du Juan Puerto Morcillok, eta hori dela eta erabaki zuten Alternatibako ordezkariek egin zitzaiokeen omenaldi onena “bere ibildearen emaitza jasotzen duen zerbait ekoiztea” zela. 49 minutuko iraupena duen dokumentala da emaitza, Juan Puerto De Calamonte a Arangoiti izenekoa (AlternaFilms, 2016). Hainbat lekutan aurkeztu eta proiektatu ostean, Interneten sareratu berri dute nahi duenak ikus dezan. 

Mikel Carramiñana kazetari eta Alternatibako kidearengana hurbildu zen Juan Puerto bere bizipen asko idatzita zituela esanez. Meridan jaio (Badajoz), Calamonte herrian hazi eta 60ko hamarkadan Euskal Herrira lanera etorri eta bertan langileen mugimenduan eta ezkerreko politikan bizitako hainbat une jasota zituela, alegia. 90eko hamarkadara arteko oroitzapenak. Bere memoriak, baina “ez zentzu hertsian”. Testu horiek erabilita, elkarrizketaren bat atera zitekeela pentsatzen zuen Juanek. Mikeli, aldiz, beste zerbait egitea bururatu zitzaion, eta beste zerbait hori “dokumentala izan da”. Mikelek berak, “etxekoen artean” –Alternatibako kideak– osatutakoa. Eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, “uste baino lan potoloagoa izan da”. Hasteko, hiru orduko grabaketa egiteko lana eta, gero, 50 minutura heltzen ez den azken bertsioa muntatzeko. 

Juanen bizipena 60ko hamarkadan beste herri batera lanera joan den pertsonarena da. Alemania eta Bartzelona aukera moduan izan bazituen ere, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen. Arangoitira, hain zuzen ere, bertan herrikide ezagunak zituelako. Iritsi zenean, Arangoitik oso bestelako itxura zuen. “Txabola eta etxe gutxi batzuk” baino ez zeuden. Taxista batek ez zuen bertara eramaterik nahi izan bidea “txarra eta arriskutsua” zelako. Arangoitin herrikideekin bizi izan zen. Txandaka egiten zuen lo “cama caliente” deritzanetan. Nahikoa diru izan zuenean etxebizitza propioa alokatu zuen, eta bere ama eta arreba ekarri zituen. 

CCOO sindikatuan eta alderdi komunistan, legez kanpoko alderdia zen garaian, hasi zen militante gisa. “Heldu eta gutxira ikusi zuen hemen bazegoela beste langile mugimendu bat Euskal Herria nazio bezala irudikatzen zuena eta bazegoela Euskal Herria subjektu politikotzat zuten beste komunismo bat”. Txomin Zuluaga eta Santi Brouardek bezala pentsatzen zuen “abertzalea ez ezik komunista edota sozialista izan zitekeela”, eta batik bat “ezkerrean uste baino eremu askoz zabalagoa bazegoela”. 

“Hein handi batean”, dokumentalak badu “ikutu berekoia” ere, zuzendariak ezkutatzen ez duena. Juanen bizitza eta bizipenak baliatu ditu Alternatibak zortzi urte eskasean alderdiak egin duen bidea irudikatzeko. Nolabait, Juanen eta Alternatibaren “ibilbideak paraleloak” dira Mikelen esanetan. Eta, besteak beste, ikus-entzunezko lanak erakusten du Alternatibak EH Bildu koalizioari egin dion ekarpena: “Burujabetza ulertzeko eta burujabetzaren alde egiteko dauden beste modu batzuk”. 

Iazko Errepublikaren Egunean dokumentalaren trailerra ikusteko aukera izan zuten Arangoitin. Estreinaldia azaroaren 5ean egin zuten Alternatibaren egoitzan Batzar Nazionalaren ostean, Juan ondo ezagutzen duten pertsona asko bildu zirela aprobetxatuta. Arangoitin eta Deustun ere eskaini dituzte proiekzioak. 

Juan eta bere familiak ondo hartu dute lana. Senide askok negar egin zuten ikustean, eta “zoriondu egin gintuzten”, gogoan du Mikelek. Senide gazteenek, “aitonari buruz asko ikasi eta ikuspegi ezezagunak deskubritu zituzten”. Esperientzia “polita” izan zen denentzat. 

Beste toki batzutan egindako aurkezpenetan ere ikusleak “nolabait hunkitu” dira. Mikelen ustez, Juanen historia gertuko sentitzen dutelako. “Eurak ere lanera etorriak zirelako eta langile mugimenduarekin identifikatu zirelako”. Hasierako asmoa “barrura begirako zerbait” egitea izan bazuten ere, Alternatibako lagunak konturatu dira dokumentaleko edukiak baduela lotura zuzena “jende askoren bizipenarekin”, Juanen ibilbidearekin. 

Juanen “azken abentura” Alternatiba alderdira “pasatzea” izan da. “Euskal Herriko ezkerraren batasuna egitea”. Oinarrian dagoen militantea izatea gustuko du, eta “behetik sustatzea borroka guztiak, bigarren maila batetik”. Juanen iritziz, “ezkerrak elkarlana bilatu behar du fronte zabala osatzeko. Hori da EH Bildu batek adierazten duena. Ezkerrak harik eta gehiago zabaldu behar du eskumako arerioa garaitzeko. Hori da egungo militantziarentzat Juanen irakaspenik handiena”.

Uriola

Gure elkartasuna gose greban diren 1500 preso palestinarrei

Marwan Barghouti buru duten 1.500 preso palestinarrek gose greba bati hasiera eman zioten 2017ko apirilaren 17an. Gose Grebarako deialdia Israelek preso eta atxilotuekiko darabiltzan politika krudelek eragindako saminari erantzuteko modua izan da. Gose grebalarien eskarien artean, senideen bisitak, zaintza mediko egokia, Atxiloketa Administratibo izenez ezaguna den Israeleko praktikaren bukaera (Palestinarrak kargu edo epaiketa gabe atxilotzea) eta isolamentuaren amaiera daude.

Israelek Palestina okupatuan garatu duen politikak Palestinarren oinarrizko eskubideak, zibil eta politikoak, norbanakoenak zein kolektiboak, zapaltzen dituela salatzen dugu eta urraketa horien adibide argitzat jotzen dugu atxiloketa administratiboa.

Arrazoi guzti hauengatik preso administratibo guztiak askatzea eta atxiloketa administratiboak amaitzea; presoen eskariei erantzutea, zaintza medikua eta bisita eskubideak bermatzea eta isolamenduarekin bukatzea exijitzen die Israelgo autoritateei.

Alternatibak eta EH Bilduk Euskal herritarrei dei egiten diete Herri Mugimenduak antolaturiko mobilizazioetan parte hartu eta Preso Palestinarrei Euskal jendartearen elkartasun eta babesa helarazteko.

Matute: «Historiaren aro berri batean murgiltzera goaz, eta EH Bildu horretarako prest egon behar da»

Dakizuen moduan, EH Bilduk pasaden asteartean batzarra egin zuen Donostiako Kutxaespazioan. Bertan 350tik gora militante elkartu ginen eta, besteak beste EH Bildu aro berrira eramango duen prozesu eratzailea abian jartzeko Araudia onartu zen. Prozesu eratzailea ekainaren 17an egingo den Kongresuarekin amaituko da. Aurretik, Kongresura eramango diren dokumentuak eztabaidatzeko aukera izango da herri ezberdinetan egingo ditugun Foro/Herri Batzarretan, baita sarean sortutako plataforma digitalean ere.

Gure kide Oskar Matuteren hitzartzea Donostiako ekitaldian

Era horretara, EH Bildu berri bat eratzeko lehen zutoinak ezarriko ditugu eta EH Bildurekin bat egiten duten herritar guztiek parte hartzeko aukera edukiko dute. Hala, Zuzendaritzako izenak proposatu eta bozkatu ahal izango ditugu eta Eztabaidarako dokumentuari ekarpenak egin ahal izango dizkiogu. EH Bilduren prozesu eratzailean parte hartzeko, kongresua.ehbildu.eus aplikazioan izena eman beharko da. Hurrengo asteetan, gure helburu hanidiena herri guztietan ahalik eta izen emate gehien lortzea izan behar izango da.

Honekin lotuta eta herrietan garatu behar izango dugun lanketari begira, irizpide eta kontu batzuk:
  • Materiala:Atxikituta dituzue Eztabaidarako Dokumentoa eta Prozesuaren Araudia.
  • Herrialdeko Batzarrak Bilbon, 18:30etatik 20:30ak arte Maiatzak 4, Bilboko Arrupe Etxean. Batzar hauek, Bizkaiko batzarkide, alkate, zinegotziei eta herrietako militante guztioi zuzenduta daude
  • Foroak/Herri Batzarrak: Bilboko foroa maiatzaren 12an izango da 18retan arruoe etxean
Bideari ekin diogu. EH Bildu berri bat eratzen ari gara. Horrek esan nahi du eremu guztietan, baita herrietan ere, prozesu eratzaile hau lehentasuntzat hartu behar dugula.

Alternatibak eta TNT antzerki taldeak “Erase una vez un rey” antzezlana taularatuko dute Gasteizen

Testuinguru soziala eta politikoa jorratzen duen antzezlan satirikoa maiatzaren 3an ikusiko ahalko da La Monstrenka aretoan eta, ondoren, solasaldia egingo da.

Datorren asteazkenean, maiatzak 3, Alternatibak TNT Nuevos Tiempos Teatro antzerki talde salvadortarraren “Erase una vez un rey” lana taularatuko du. Antzezlan satirikoak gobernu forma desberdinen gabezia eta bertuteak umorez jorratzen ditu: “Hiru eskalek beren egoera sozial, politiko eta ekonomiko zailetik ihes egin nahian, jolas bat sortu eta horretan murgilduko dira, fantasiaren bidez menpekotasun forma desberdinak aztertzeko”.

Emanaldia hiriburuko La Monstrenka aretoan (Cubo kalea 1, behealdea) izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. 3 euroko sarrera solidarioa kobratuko da, antzerki taldearen zein aretoaren gastuei aurre egiteko. Ondoren, solasaldia egingo da konpainiako taldekideekin internazionalismoaren, lankidetzaren eta erakunde inklusiboen inguruan.

TNT elkarteak ia mende laurdena darama bere lana mundu osoko aretoetan ikustarazten, hezkuntza artistikoa, kulturaren zabalkundea eta komunitate garapenaren eremuetan, haur, gazte, emakume zein edadekoei zuzendutako lana. “Erase una vez un rey” antzezpen klasikoa da Latinoamerikako antzerkigintzan, hainbat taldek taularatu dutela. Herri ugariek komunak dituzten ezaugarriak jorratzen ditu, hala nola ustelkeria, zapalkuntza edota botere nahiak.

Bizitza duinak helburu, langileok borrokan! #M1

Ezin dugu onartu; edo haien kapitalaren biderkatzea edo gure bizitzarena. Kapitalaren jarioaren menpe bizi, edo ekonomia errotik eraldatu hobeto bizi ahal izateko. Horregatik, beharrezkoa da maiatzaren lehena langile guztien aldarrikapen jaia bihurtzea, eredu sozial berri baten alde. Langileria, enplegu bat dutenekin batera, lan asko egin, baina ezer irabazten ez duten pertsonek osatzen dutelako; langileek osatzen dute, baina baita baserritarrek ere, baldintza beretan; feministek eta ekologistek osatzen dute, soilik ikuspuntu hauek bermatzen dutelako bizitzaren jasangarritasunaren nahia ase egingo duen erantzun erreal eta eraginkor bat. Soilik borroka guzti hauek agenda komun batean jasota, aurre egin ahal izango diogu egoera larri honi. 

Maila guztietan gauzatutako eraso guzti hauek, erantzuna behar dute, proportzionala eta artikulatua. Pertsonak, borrokak eta ametsak artikulatuko dituena, guztiak barneratuko dituen agenda antikapitalista, feminista, ekologista, subiranista, eta antiarrazista batekin. Alternatibatik berriz ere, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, Euskal Herriko ezkerren bateratze baten alde egiten dugu -alderdiena, sindikatuena, gizarte mugimenduena- borroka eta konfrontazio logika baten barnean. Inor ezin da alde batera gelditu sistema honi buelta emateko, hauxe da Alternatibak maiatzaren lehenean azpimarratu nahi duen mezua. Ezin ditugu borroka batzuk besteen aurretik jarri, guztiak bizitza defendatzeko beharrezkoak baitira.

Horregatik, kapitalari aurre egiteko, berebizikoa da eragileen arteko batasuna sendotzea, gaurtik bertatik bizitzaren jasangarritasuna bermatuko duen alternatiba sozialista bateranzko trantsizioaren alde lan eginez. Batasuna bai, aniztasunean. Beharrezkoa da, premiazkoa da.

Maiatzen lehen barneratzaile, borrokalari eta antisistema baten alde. Gora Maiatzaren Lehena! Gora Euskal langileria!

X