EH Bilduk bat egiten du I26ko greba deialdiarekin eta murrizketen aurka bihar Bilboko kaleak betetzeko deia egin du

Egun batzuk lehenago iragarri zituzten arren, gaur astebete onartu zituen Mariano Raxoiren Espainiako Gobernuak pertsonen eskubide sozialen eta duintasunaren aurkako eraso bortitzenetako batzuk. Murrizketen itxuran heldu zaizkigun eraso horiei orain hilabete batzuk abian jarritakoak gaineratu behar dizkiegu, eta, ez dugu ahaztu behar, krisiaren etengabeko aitzakian aurreko gobernuek abian jarritakoak.

Euskal Herria Bildutik neurri horiek bata bestearen atzetik salatu ditugu, eta bide beretik jarraituko dugu erasoek darraiten bitartean. Onartutako neurri guztien helburua baita finantza merkatuen eta sistema kapitalistaren erreskatea gauzatzea. Horiek dira beraiek krisia deitzen duten horren sorburua, herritarrok argi dugulako horrek beste izen bat daukala: estafa. Madrilgo gobernuak, Alemaniako instituzioek eta batez ere bankak agindutakoaren aurrean makurtuta, eta Gasteizko gobernuaren erantzun epela tarteko, salbuespen egoera batean kokatu gaitu. Egoera horrek, baina, badu ondorio baikor bat: herritarrak ez dira eskuak gurutzatuta geratuko tamaina honetako zapalketaren aurrean.

Asteon, Alderdi Popularrak ezarritako murrizketa larrien aurkako dozenaka protesta ekitaldi egin dira Euskal Herriko herri, plaza eta lantokietan. Merkatuen agindupean egin diren eskubide urraketen aurkako jarrera agertu duten milaka gizon eta emakume kalera atera dira bai Euskal Herrian eta bai Espainiako estatuan. Eta atzo bertan, greba orokorrera deituak izan ginen Hego Euskal Herrian; aurtengo bigarren greba orokorra izango da, gainera. 8 sindikatu eta ia ehun plataforma eta mugimendu sozial ados jarri dira, irailaren 26an gure herria geratzeko. EH Bilduk bat egiten du deialdi horrekin, eta bat egingo duten eragileak oraindik eta gehiago izango direnaren itxaropena du.

Era berean, herritarrek beren haserrea agertu ahal izateko koalizio honetatik biharko egiten dugun manifestazio nazionalerako deialdia berresten dugu. ‘Murrizketarik ez, burujabetza ekonomikoa” lelopean egingo den mobilizazioa Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da. Herritar orori manifestazio horretan parte hartzeko deia egiten diegu, guzti-guztion eskubideak eta duintasuna direlako jokoan daudenak eta guztiok batera elkarlanean arituta bakarrik lortuko dugulako erasoak geldiaraztea eta alternatibak eraikitzea.

Erakundeek, gizarte eragileek, sindikatuek, alderdi politikoek eta, nola ez, jendarteak egoera aldatzeko gaitasuna eta ardura dutela erantzuten die EH Bilduk mobilizazioak ez duela ezertarako balio esaten dutenei. Alternatiba egon badagoela sinisten dugunok baikoitzak bere alroan lan egiteko aukera dugu eta, ahal den guztietan, modu osagarrian, PPk inposatu nahi duen gizarte, ekonomia eta herri eredua gelditzeko. Bihar burujabetza ekonomikoa aldarrikatuko dugu gure herriarentzat, jakin badakigulako posible dela interes kolektiboak eta ez gutxi batzuen diru gosea defendituko dituen sistema eraikitzea. Bizirauteko edozein prezio ordaintzeko prest dagoen porrot egin duen kapitalismo bidegabearen aurrean, alternatiba sozioekonomiko sinesgarria, eraginkorra eta herritarra eraikitzeko, burujabetza aldarrikatzen dugu.

Euskal Herriko eta Espainiako eskuinak, EAJk, PPk, PSOEk eta UPNk osatzen duten laukoteak, sinestarazi nahi digute egoera honetara ekarri gaituzten politika berak direla gauden putzutik aterako gaituztenak. Eta halaxe sinesten dute, ez baitute nahi ezer aldatzea, daukaten guztia galtzeko beldur direlako; kapitalaren neurrira eta pertsonen kolkora egindako sistema defendatzen dutelako.

Eusteko borondatea daukagula erakutsi behar diegu, alternatibak ditugula, eta horiek abian jartzeko beharrezkoak diren tresnak aldarrikatzen jarraituko dugula. Bihar, larunbata, kalera atera behar gara guztiok; eta irailaren 26an, Hego Euskal Herria erabat geldituko dugu. Eta bien bitartean, zalantzarik gabe uda garai honetan helduko zaizkigun eroso berrien aurrean adi egongo gara.

Iberdrola edo erruduna nola saritu

Bilboko Udalak, Azkuna alkatearen ekimenez, Bilbotar Ospetsu titulua eman zion iaz Iberdrola enpresari. Araudiaren arabera, hiriaren zein hiritarren irudi zein mesederako eginiko lan goraipagarria egin duten pertsona edo erakundeak bereizten ditu Udalak aipatu tituluarekin. Izendapena, azken batean, jokabide zibiko eta eredugarriaren aitortza da.

Esan daiteke nahiko modu arraroan ulertzen duela jokabide zibiko eredugarria gobernu taldeak: herritarrak energia nuklearraren arriskupean jartzea; bizkaitarron onurarako politika sozialak garatzea galarazten dituzten zerga kenkariak baliatzea; azpikontratatutako enpresetako langileen eskubideak urratzea eta, azken finean, Iberdrola ezartzen den leku orotan inpaktu sozial eta ekologiko lazgarria izatea, Latinoamerikan batez ere. Hau al da jokabide eredugarria haientzat?

Fukushiman gertatutakoa gertatua ere, Iberdrolak Garoñaren bizitza luzatzearen aldeko jarrera dauka. Herritar guztiak mehatxatzearen parekoa da hori, 40 urtetik gora duen zentral nuklearraz ari garenean. Argi dago mozkina dutela lehentasun, eta oso bigarren mailan, gu guztion segurtasuna.

Iberdrolak, halaber, Madrilgo Gobernu desberdinen lan erreformak baliatu izan ditu bere langileak zapaltzeko, azpikontraten bidez multinazionalarentzat lan egiten dutenak batez ere. KONEKTA da adibiderik argigarri eta, era berean, mingarriena. Izan ere, Iberdrolaren bezeroekiko arreta zerbitzua kudeatzen dutenetik 50 langile kaleratu dituzte. Jokabide benetan eredugarria bai.

Azkenik, multinazional guztiek bezala, irabaziak beste ezerren gainetik lehenesteko estrategiaren baitan, Iberdrolak ez du inolako eragozpenik beste herrialde batzuetako baliabideak ustiatzeko, bere diskurtso berdea zeharo ahaztuta eta bereziki Latinoamerikan aztarna beltza utzita: giza eskubideen alde nazioartean jasotzen diren eskubide sozial, politiko eta ekologikoak ezabatuta. Hala, eta herrialde jakin batzuek enpresa transnazionalekiko dituzten legedi eskuzabalak baliatuta, erabat ohikoak dituzte kaleratzeak, sindikatutako langileekiko mehatxuak, prezioen zein ordainketen gaineko iruzurra, lur desjabetze zein jende kanporatzeak haien proiektu energetikoen ondorioz, eta abarrekoak.

Saritzeko moduko portaerak al dira aipatutakoak? Eredugarria al da Latinoamerikan pertsona askoren bizitzaren lepotik ahal bezain beste mozkin lortzen jarraitzea? Gure segurtasuna kolokan jar dezaketen azpiegituren aldeko apustuari eustea da bilbotarrok eskertu behar duguna? Langabezia, pobrezia eta bazterkeria nagusi direnean urtero 9 milioi eurotik gorako saria duen Sanchez Galan presidentea goraipatzea?

Iberdrolaren ohiko jardueren zati bat besterik ez dugu birpasatu baina, non da zibismoa guzti honetan? Elkartasun, etika zein justizia gabezia baino ez dugu ikusten. Onartezina deritzogu halako jokabideak saritzeari. Guztiz lotsagarria da pertsonen aurkako hainbeste zapalkuntzen errudunei saria ematea eta, horregatik, Bilbotar Ospetsu titulua ken diezaiotela aldarrikatuko dugu behin eta berriro, gero eta ozenago.

Ana Etxarte – Alternatiba Bilbo

http://alternatiba.net/old-files/iberdrola.jpg

Guztion ardura da, eragile sozial, politiko eta sindikalena, emergentziazko egoeran erantzun eta alternatibak plazaratzea

“Murrizketarik ez. Burujabetza ekonomikoa” lelopean Euskal Herria Bildu koalizioak datorren larunbaterako deituriko mobilizazioaren harira ELA sindikatuak kaleraturiko oharraren inguruan, honakoa adierazi nahi dugu:

Gobernu espainiarrak hartu dituen neurriek sortu duten egoera larri eta ezinegon orokortuaren aurrean, murrizketen aurkako eta burujabetza ekonomikoa aldarrikatzeko pertsona eta kolektibo orok mobilizaziorako eskubidea dutela adierazi nahi dugu.

Era berean, adierazi nahi dugu errespetatzen dugula ELAren jarrera, baina ez gaudela ados hartu duen jokabidea eta erabakiarekin. Halaber, aldarrikatu nahi dugu esparru sozial eta sindikala ez direla inoren jabegokoak, baizik eta herri osoarenak direla. Herri osoarenak diren bezala bestelako esparruak, besteak beste, erakundeak eta kaleak.

ELA sindikatuak eremu sindikal eta sozialera mugatzen du Gobernu espainiarraren neurri ekonomiko eta sozialei erantzuteko ardura, indar politikoon eragin eremua instituzioetara mugatuz. Irakurketa erratua da hori EH Bilduren iritziz. Guztion ardura da, sindikatuena, alderdiena eta eragile sozialena, emergentziazko egoera honetan, erantzutea eta alternatibak plazaratzea.

Honela bada, Euskal Herria Bildu koalizioak eremu guztietan egingo du euskal herritarren eskubide guztien defentsa, bai kalean eta bai instituzioetan eta horretarako prest dauden eragile guztiekin egingo du, ELA barne, ulertzen baitugu gu guztion eskuak beharrezkoak izango direla estatu golpe ekonomiko honi aurre egiteko. Ez dago inor soberan, eta ez gara inor inoren parte hartzea mugatu edo baldintzatzeko.

Bukatzeko, euskal herritar guztiei deia luzatzen diogu uztailak 21, larunbata, Bilbon, “Murrizketarik Ez. Burujabetza Ekonomikoa” lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzera.

Emakumeak, etengabeko krisian

Ana Etxarte eta Carmen García – Alternatibako Mahai Feminista

Krisialdi ekonomikoaz edota finantza sistemaren eztandaz hitz egiteko ohitura hedatua dago, benetan bizi duguna zibilizazio krisia denean. Indarrean dagoen sistemaren oinarriei – sozial, ekologiko, klimatiko, elikadura, genero zein ekonomikoei- kalte egiten dieten krisia da beraz. Gainera ez zen 2007an jaio, urte hartan eztanda egin zuen baizik, askoz lehenago sortu bazen ere. Hala, zuhaitza, ematen duenaren itzalarekin nahastu egiten dugu. Finantzen aferek krisi anitz estaltzen dituzte, munduko biztanleen erdiak bizi duen etengabeko krisia bereziki, emakumeena.

Onartezina da krisiaren gaineko diagnosiek emakumeek pairatzen duten prekarietatea, zapalkuntza eta menpekotasunaren aurrean ageri duten itsukeria, eta nola diagnosi hauen arabera hartzen diren neurriek ez duten emakumeen gaineko eragina aztertzen ezta lehenesten. Guzti horren emaitza da gure krisia ez dela KRISIA, eta horren ondorioz menpekotasun logikak esponentzialki areagotzen dira.

Bereziki adierazgarria da ugalketa eta zaintza lanekiko mespretxua eta ikusezin bihurtzeko joera, ia bere osotasunean emakumeek garatutako lanak. Ez dezagun gure burua engainatu, ekonomia ospetsua – erreala zein finantzaria- izebergaren punta da, ugalketa lanean oinarritzen dena eta desagertzekotan sistema osoa ondoraraziko lukeena. Argi eta garbi esan behar dugu, emakumeok bizitza eta planeta daramagu gure sorbalden gainean, merkatua eta ekonomia ofiziala existitzen badira ugalketa lanari esker besterik ez da; noski, lan ordaindu gabea edo prekarioa.

Baina horrela izan arren, lan honi balioa eman beharrean, baztertu egiten da krisi errealaren parte izango ez bailitzan. Hala, logika honetan sakontzen duten erabakiak hartzen ari dira. Salatu behar dugu krisiaren aitzakiarekin eta eskubide murrizketen bitartez, etxean giltzapetu nahi gaituztela berriz, norberaren etxebizitzan zein hurkoarenean, baina gero eta baldintza prekarioagoetan.

Honen froga argiak dira Menpekotasun Legean ezarritako murrizketak, bere sorreratik guztiz eskasa zen legea, eta inondik inora zaintza zein ardura partekatuaren aitortza soziala konpondu ez zuena – kasu askotan, emakumeak etxeko lanetan iraunarazi zituen eta ezkutuko enplegua sustatu, eskubiderik gabeko lanetarako emakume etorkinak kontratatuz-. Baina, gutxienez, argitara eman zuen lan hauen errealitatea eta garrantzia, esan dugunez, emakumeek eginikoak.

Baina legea hobetu beharrean eta emakumeek historian pairatu duten zapalkuntzaren eta menpekotasunaren aitortzan aurrera egin beharrean, eskumak krisiaren aitzakiapean proposatzen duen gauza bakarra eginiko urrats tipiak kolpe batez deuseztatzea da. Hala iragarri zigun PPk duela hilabete batzuk: “Menpekotasun Legea ez da bideragarria eta ahal dena egingo da”. Eta ahal dena, dirudienez, murrizketak dira, eskubideak murriztu eta lan baldintzak okertzean datza, gero eta kontserbadoreagoa eta emakumeekin zapaltzaileagoa den sistema patriarkala indartuz.

Modu honetan adierazi digu Raxoiren gobernuak; lehenengo eta behin, autonomia erkidegoek askatasuna dutela aurretik jasotzen zen laguntza ekonomikoa, gutxienez, %15 murrizteko, batez bestez ematen zen 400 euroko kopurua gehiegikeria bailitzan. Bigarrenik, pertsona zaintzaileak, emakumeak batik bat, ez diote Segurantza Sozialari kotizatuko, berriro ere bigarren mailako lana bihurtuta; hirugarrenik, emakume zaintzaileak menpekotasuna duten pertsonekin bizi beharko dute laguntzak jaso ahal izateko, emakumea etxean beste inon baino hobeto dago. Eta laugarrenik, azken lotsagabekeria, laguntza eskaerak izapidetzeko gehienezko tartea sei hilabetetik bi urtera luzatzea onartu dute. Bai, bi urte. Adar jotzea dirudi baina, tamalez, benetako neurria da. Bankuentzat guztia, ekonomikoa produktiboarentzat gutxi eta zaintza lanentzat ezertxo ere ez. Emakumeentzat, aldiz, logika patriarkal higuingarrienak.

Gobernuak lotsagabekeriaz dio mota honetako neurriek lanpostuak sortuko dituztela, familiek, emakumeek hobe esanda, zerbitzu hauek kontratatuko dituztelakoan. Lumpen enplegua noski.

Ez al dira erakunde publikoak menpekotasun kasuetan eskubideak bermatu behar dituztenak? Errudunentzat erreskate eskuzabalak dauden bitartean, pertsona errugabeon eskubideak urratzen direla argi eta garbi erakusten dute. Ardura publikoak pribatizatzen dituzte, eta emakumeok gaur egun daramagun zama are astunagoa egiten dute.

Nahikoa da. Horregatik mobilizaziorako deia egiten dugu, sindikatuek, alderdi politikoek eta eragile sozialek aurre egin behar dietelako murrizketei. Lotsagarria da ikustea nola kapitalismoaren eta patriarkatuaren betiereko aliantza areagotzen den, emakumeak etengabeko krisialdira zigortuz, bazterkeria eta indarkeria gure gorputzen, erabakien, beharren, nahien eta, oro har, gure bizitzen gaineko kontrolari eusteko.

Gure bizitzak beste ezerren gainetik, murrizketarik ez menpekotasunean, kapitalismoari eta patriarkatuari ez.

Alternatibak salatu du murrizketak herritarren aurkako merkatuen estatu kolpe bortitza direla

Alternatiba osatzen dugunontzat, modu bakarra dago Mariano Raxoik eta Espainiako erregeak gaur presidituko duten ministroen kontseiluan gertatuko dena: Estatu kolpea. Merkatuek zuzendutako estatu kolpea, klase herritarren duintasunarekin amaitu nahi duena, botere politikoaren birzentralizazioa  bilatzen duena eta urte luzez ongizate estatu gisa saldu diguten iruzurraren errotik desegitera datorrena.

Espainiako Erresuman, gezurra eta kirtenkeria nonahi ikus daitezke, PPren egungo Gobernuan zein PSOEren aurreko exekutiboan. De Guindos ministroak esan zigun “krisiaren ondorioak bankuek ordainduko zituztela”, eta Raxoik duela gutxira arte zioen “Espainia ez zegoela interbenitua eta ez zuela BEZa igoko”. Eta, zein da egun inposatzen diguten errealitatea? Murrizketa basatia eta zekena, gizarte bazterkerian milaka pertsona utziko dituena, baita hemen ere, Euskal Herrian.

– BEZa bi eta hiru puntu artean igo izanak Europako BEZarik altuena duten Europako Belgika edo Erresuma Batua bezalako herriekin parekatzen gaitu. Herrialde horietan, alabaina, Gutxieneko Soldata bi edo hiru aldiz handiagoa da dute; igoerak, beraz, erosteko ahalmena galtzea dakar, bizitza duinaren sostengarritasuna oso zail egiten duela.

– Are iraingarriagoa da langabezia sariaren murrizketa, langabeak enplegu bila aritzera bultzatuko dituela argudiatuta. Zinismo ariketa hain handia da ezen lan ministroa eta gobernuko presidentea dimititzera eraman beharko lituzkeela. Beste 600.000 lagun kale gorrian uztera doaz.

– Funtzionarioen abenduko estraren ezabaketa eta berau 2015ean berreskuratzea pentsio funtsetan ekarpena eginda ankerkeria hutsa da. Soldatak murrizteaz gain jokaldi bera baliatzen dute bankari mozkinak ematen jarraitzeko pentsio funts pribatuetan dirua txertatuz; PSOEk eta PPk pentsio sistema publikoa desegiteko egin behar izan duten guztia egin ondoren.

– Menpekotasun Legearen erreforma, jatorrian ere nahikoa ez zen legearena, are gehiago sakonduko du erabateko prekarietatean egiten diren zaintza lanaren baldintzetan, emakumeen esku dauden lanak batez ere eta gure bizitzarako ezinbestekoak direnak.

– Zinegotzien kopurua %30 murrizteak aniztasun politikoa desagerrarazteko helburua besterik ez du. Merkatuek PP eta PSOEren arteko bipartidismo leiala eta otzana behar dute.

Laburbilduz, estatu kolpe bat; eta Madril, Gasteiz zein Iruñeko gobernu txotxongiloek ez dute inolako arazorik izango klase herritarrak zapaldu eta sakrifikatzeko hondamendira eraman gaituztenen eskutik, Madrilen meatzariekin egin duten bezala. Alternatibatik gure babes osoa adierazi nahi diegu.

Une erabakigarria bizi dugu, kapitalismoak bere iraupena oztopatzen duen edozeinen kontra daraman borrokan. Ez dute inolako arazorik izango behar beste pertsona zapaldu eta kriminalizatzeko. Jakin badakitelako, guk dakigun bezala, haien kapitalaren eta gure bizitzaren arteko lehia bizian murgilduta gaudela.

Beste aukerarik ez dagoela sinestarazi nahi digute, beste biderik ez dagoela eta ardurarik ez dutela diote. Eta berriz ere gezurretan ari dira. Badakitelako iruzur global honen erantzukizun bakarra haiena dela, kapitalismoa gurtzen dutenena. Oraingo honetan ezin diote gehiegikeriarik leporatu ezkerrari. Haien sistema izan da, merkatuekiko menpekotasunaren onespenak eta gizartea antolatzeko moduak porrot egin duena.

Alternatiban argi daukagu honek irtenbidea baduela. Eta irtenbide hori herri eta eredu justuagoa eraikitzeko aukera emango diguten neurrietan oinarritzen da. Horregatik premiazkoa dugu Euskal Herriaren erabateko burujabetza aldarrikatuko duen alternatiba martxan jartzea, merkatuekiko menpekotasunetik askatzeko modu bakarra delako. Eta premiazkoa da, halaber, haien murrizketei pertsonen duintasunaren alde egingo duten proposamenekin aurre egitea.

– Egun inoiz baino ageriagoan dago 35 lanorduen aldarrikapena. Dagoen lana eta gero eta esku gutxiagoren artean dagoen aberastasuna banatzea ezinbestekoa da.

– Atzeraezina da zerga politiken erreforma aurrera eramatea, progresibotasuna, zerga iruzurraren jazarpena eta pribilejioen desagertzea oinarri izanda.

– Gizarte justuagoa eraikitzeko berehala igo behar dugu Gutxieneko Soldata, egungo 641 euro ziztrinen gainetik, mila euroren mailatik gora.

– Etxe desjabetze guztiak ekidin daitezke, Grezian bezala, bankuek hipoteka ordaindu ezin dutenak desjabetu ditzaten galarazita.

– Makro proiektuak geldiarazi behar ditugu, eraikuntza enpresen mozkina besterik ez baitute bilatzen PP, PSE, UPN eta PNVri esker. Supersur da eredurik argigarriena, amalurra porlanez estaltzeko bakarrik balio dutelako erakunde publikoak zergapetzen dituzten bitartean. Inbertsio horiek askoz beharrezkoagoak diren politika sozialetara bideratu behar dira.

– Euskal banku nazionala sortzeko proiektuari eutsi behar diogu, funtzio soziala eta ekonomia planifikatzeko zereginak izango dituena, Kutxabank pribatizatu dezatela saihestuta, PPk, PSEk eta PNVk nahi duten bezala.

– Zorraren benetako kontu ikuskaritza exijitzen dugu, zilegi den zorra ordaindu eta bidegabea ez ordaintzeko. Europako teknokratek badakite ez dela zorra ordainduko, gezur handi bat delako. Murrizketak, aldiz, oso errealak dira.

Alternatibak Euskal Herriko gizon-emakumeekin batera, ezker sindikal, sozial eta politikoarekin batera egin nahi duen bidea da hau. Erantzuteko ordua da, batera eta herriz herri kalera ateratzeko ordua. Basakeri hau geldiaraztea dugu, zutik gaudelako; pertsona guztien eskubide guztiekiko errespetuagatik kalera ateratzeko prest gaudelako. Horrexegatik, herritarrei dei egiten diegu Euskal Herriko ezker subiranistaren eskutik bakarrik etorriko den aldaketaren subjektua eraikitzera batu daitezen.

Ildo horretatik, euskal sindikalgintzak eta mugimendu sozialek gaur deituk dituzten mobilizazioekin bat egiten dugu, esan bezala, indarrak batu eta kalean erantzutea ezinbestekoa delako Mariano Raxoiren Gobernuaren eraso bortitzen aurrean.

http://alternatiba.net/old-files/120713AlternatibaRecortes01.jpg

http://alternatiba.net/old-files/120713AlternatibaRecortes02.jpg

EH Bilduk proposatzen du hipoteka ordaindu ezin dutenei finantza erakundeek luzamendua ezartzea

Krisialdi ekonomikoak ahulenak kolpatzen dituela behin eta berriro salatu egin dugu azken hilabete hauetan.

Agerikoa da krisiak eredu kapitalista duela oinarri, finantza sistemaren desarautzea ahalbidetu duten hazkunde politika jasangaitzek eragin dutela. PNVk, PSEk, UPNk eta PPk bultzatu duten sistema neoliberal honen diktadurapean heldu gara egoera honetara.

Eta krisi honetako ondoriorik lazgarrienetarikoak etxe desjabetzea pairatu duten pertsonak dira. Krisialdiaren hasieratik 9.000 lagun baino gehiagori kendu egin zaio etxebizitza Hego Euskal Herrian. Horren berri ematen diguten datuak nahiko argigarriak dira. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan bakarrik, 968 etxe desjabetu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera. Nafarroan, berriz, Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak 370 desjabetzeaz hitz egin izan du iazko datuak aipatuz. Guztira, krisia hasi denetik, 1.300 lagun etxe desjabetu dituzte herrialdean. Agerikoa da goraka doazen datuak direla, eta ondorioak gero eta larriagoak izango direla (kalean utzitako pertsona eta familiak, bazterkeria soziala…).

Etxe desjabetzeak oso errealitate gordina dira, mozkin handiak izan arren laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten bankuek, hipotekari aurre egin ezinean dabiltzan herritarrak kale gorrian uzten dituzte; hutsik dauden etxebizitzak pilatzen dituzte, jatorrian zuten helburu sozialari traizio eginda eta, hori guztia gutxi bailitzan, finantza erakundeen kontabilitatean aktibo toxiko gisa azaltzen dira, irizpide espekulatiboen arabera baloratu izan direlako. Egoera honen aurrean argi izan behar duguna: etxe desjabetzeen arazoa ondorioa besterik ez dela, etxebizitzaren afera globalaren baitan aztertu beharrekoa.

Eta egoera larri honen aurrean, zer egiten dute Urkulluren PNVk, Lopezen PSEk eta Basagoitiren PPk? EZER EZ, beste alde batera begiratzen dute, arazo larri hau haiekin zerikusirik ez duelakoan, etxe desjabetzeen eta desjabetuen afera herritarren eta finantza erakundeen arteko konponbide pribatu soil batera mugatuko bailitzan. Ezta gutxiago ere, PNVk, PSEk eta PSEk ostrukarena egiten dute, ezkutatu egiten dira, beste alde batera begiratzen dute, ez dituztenean zuzenean babesten etxe desjabetzeak. Bankaren adiskide diren hiru alderdi hauek, haien alde jartzen dira, etxea lagatzera behartuta dauden milaka familia babesgabeei bizkarra emanda.

Urkulluk, Lopezek eta bankarien seme Basagoitik bankuentzako laguntzak dituzte lehentasun, milaka milioi euro txertatzen dizkiete haien kudeaketa lazgarriaren ostean onbideratzea behar dutelako; aldiz, erabateko ezintasuna agertzen dute desjabetuen arazoari irtenbide duina bilatzeko; akaso, areagotu egiten dute ere. Kutxabankek proposatutako Etxelan edota Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzuaren moduko neurriek banka erakundeen erantzukizun etikoa zuritzeko baino ez dute balio, ez baitie inolako konpromisorik eskatzen. Era berean, EH Bildutik ohartarazi nahi dugu oso larria dela Kutxabank osatzen duten hiru kutxek etxe desjabetzeak gauzatzea erakunde publikoak izanik.

Horregatik, etxe desjabetzen arazoaren aurrean Euskal Herria Bilduk honakoa proposatzen du:

1. Hipoteka exekuzioak bertan behera utziko dira. Kasu honetan ez da hipotekaren luzamendua eskatuko.

2. Finantza erakundeak jabetza eskumenak dituen erakunde publikoen esku uztea proposatzen da.

3. Etxebizitza horren erabilera eta okupazioa alokairu sozialaren bidez kudeatuko da.

4. Hipotekaren ordainketaren ezohiko etetea ezartzea hala eskatzen duten familiei. Eskakizunak:
– Hipoteka ordaintzerik ez izatea arrazoi objektiboak direla medio (langabezia kasu).
– Proposatzen da hipotekaren ordainketa aldi jakin batean uztea; kaltetuak ez du etxebizitza lagako eta bankuari alokairu soziala ordaintzeko konpromisoa hartuko du (familiaren erosteko ahalmenaren arabera ezarriko litzateke zenbatekoa, diru sarreren %15 izango litzatekeena)
– Arrazoi objektiboak desagertzen direnean eta familiak aurreko egoerara bueltatzen direnean (eta beti ere etxebizitza eskubidedunak hala nahi duenean), alokairua ordaintzeari utziko litzaioke eta hipoteka ordaintzeari berrekin.

5. Finantza erakundeek hipotekak emateko orduan duten jarrera aztertzea eta arduragabekeriaz jokatu denean, erantzukizuna onar dezaten eskatuko zaie. Ardura horiek zehazteko, etxebizitza eskumenak dituzten erakundeek arautu eta zigortzeko eskumenak izango dituzte.

Banku eta kutxen erreskateak Euskal Herria hipotekatuko duela salatu du EH Bilduk

Espainiak planteatu duen erreskatea hau da, banku eta kutxen erreskatea, Euskal Herrirako epe luzerako hipoteka izango dela salatu du gaur Gasteizen EH Bilduk. Andra Mari Zuriaren plazan, Vital Kutxaren aurrean egindako agerraldi batean antzeztu ditu erreskatearen ondorioak. Izan ere, Espainiako bankuen erreskateagatik arabar bakoitzak 1.500 euro ordaindu beharko ditu. Horri beste 300 euro gehitu behar zaio interesetan. Momentuz, 62.000 miloi euro dira baina 100.000 miloietara heldu daiteke.

Igor López de Munainek eta Iratxe López de Aberasturik eman dituzte azalpenak koalizioaren izenean. Benetako egoera eta neurriak ezkutatzen baldin badituzte ere, EH Bilduk somatzen du zer gerta daitekeen hurrengo asteoan. “Nazioarteko erakundeek bete beharreko baldintzak jarrko dituzte eta momentuz, aurreratu dute 10.000 miloi euro murriztuko dituztela Hezkuntzan eta Osasungintzan, 100.000 langile izango direla kaleratuak administrazio publikoetan, aparteko ordainsaria kenduko diete eta langabetuek gutxiago kobratuko dutela, pentsionistek ere bai. Horrez gain, sarrerak igo ahal izateko, Espainak BEZa igoko du, %21era”, diote.

Gauzak horrela, EH Bilduk “arabarrok eta orokorrean euskal herritarrok ez dugula zergatik ordaindu behar Espainiako finantza erakundeen espekulazioa, ezta PPren eta PSOEren kudeaketa txarra ere” aldarrikatu du. Izan ere, EAEk erreskateak sortutako zor publikoaren %6,24 ordaindu behar izatea ez dela zilegia dio koalizioak.

Halaber, EAJ-ren ardura egoera honetan azpimarratu nahi du EH Bilduk. “Sekulan ez da murrizketa hauen aurka azaldu eta horren alde bozkatu du Madrilen. Gogoratu beharra dago EAJk, PPrekin batera, sektore kritikoa kanpoan utzi zuela eta pribatizazioaren alde egin zuela, obra soziala deuseztatuz; azken finean, hona ekarri gaituen politika neoliberalen alde dagoelako, bere negozioen alde eta orain Kutxabank-ek ere erreskatearen dirua jasoko duela”, zehaztu dute.

Hau guztia kontuan hartuz, gutxi batzuen onerako gobernatzen dutela eta gu guztiok hipotekatu nahi gaituztela ozen esan du EH Bilduk. Horregatik, aldaketa bultzatu behar dela aldarrikatu nahi izan dute berriro. Horretarako, sektore publikoa, gastu soziala eta zerbitzu publikoen aldeko apustu argia egin du EH Bilduk eta subiranotasun osoa exijitu du Euskal Herriak eskatzen duenaren aurka gobernatzen dutelako.

EH Bilduk salatu du Raxoiren murrizketek finantza sistema saritu eta herritarrak zigortzen dituela

Euskal Herria Bilduko kide Unai Ziarretak, Rebeka Uberak, Maribi Ugarteburuk eta Oskar Matute agerraldia egin dute gaur Mariano Raxoiren gobernutik gaur iragarritako murrizketa larriak salatzeko. Prentsaurrekoaren hasieran EH Bilduk elkartasuna adierazi die Madrilen manifestatu eta indarkeria poliziala jaso duten meatzariekin, finantza botereak ditu publikoarekin saritzen dituzten bitartean.

PPren Espainiako Gobernuak murrizketa sorta luzea iragarri du gaur. Horien artean azpimarratu behar dira langabeziagatiko prestazioaren jaitsiera, BEZaren igoera, menpekotasun legean egindako murrizketak, kontratazioengatiko hobariak kentzea eta zinegotzi kopuruaren murrizketa.

Hau da, PPk urratsa eman du bere herri ikuspegia inposatzeko, zentralismoan sakonduz eta aldez aurretik pentsatutako sistema publikoaren eta ongizate estatuaren desegitea gauzatuz.

Murrizketek Zapatero jaunaren PSOEren aurreko gobernuak zein Raxoiren gobernuak orain arte hartutako bidean sakontzea dakar. Langileen aurka, azken batean herritar guztien aurka, hartu diren neurrien jarraipen hutsa dira. Herritar horiek ez daukate zerikusirik krisiaren sorrerarekin, baina orain, murrizketak bata bestearen atzean pairatu behar dituzte.

Espainiako gobernu ezberdinek izan duten murrizketen dinamika areagotu egin da Espainiako bankaren eta, beraz, Espainiako Estatuaren erreskatearen ostean. Europako batasunak murrizketa berriak inposatu dizkio Espainiari, merkatuaren eta Merkel anderearen eskaerak asetzeko, defizitaren murriztea aitzaki bezala jarrita. Izan ere, Madrilgo Gobernuak indarrean jartzen duen politika ekonomikoa Bruselan edo Berlinen erabakitzen da, Europako Batasunak eta Europako banku Zentralak erabat interbenitua dutelako Espainiako estatua.

Neurri horiek guztiak onartzearen jatorria mundu mailako krisi batean dago, baina krisi hori eragiten dutenak dira finantza desregulazioan eta iraunkorrak ez diren politiketan oinarritzen diren politika neoliberalak; horri gaineratu behar zaizkio garai ekonomiko onetan Espainiako estatuan indarrean jarri ziren politika negargarriak, azpiegitura handietan egin zuten diru-xahutze izugarria, ustelkeria, higiezinen burbuila…

Eta egoera larri honen aurrean, proposatzen duten konponbidea da diru kopuru izugarriak xahutu dituztenei, finantza sistemari, diru publikoa, herritar guztion dirua, ematea; eta, aldi berean, herritarroi beharrezkoak zaizkigun zerbitzu publikoak kentzea edo pribatizatzea edota eskubide sozialak murriztea.

Ekonomiarik ahulenak zigortzen dira, pentsiodunak, langabeak eta menpekotasuna dutenak. Eta herritar orori, soldata handienak eta txikienak dituztenei, eragiten diguten neurriak inposatzen dira: BEZaren igoera, esaterako, errenta mailaren irizpidea kontuan izan gabe; hau da, gehien dutenek ekarpenik handiena egitea, egoera honetatik irten ahal izateko. Egoera honetatik irteteko guztiok ahalegina egin behar dugula esaten ari zaizkigu, baina zenbait gauza ukitzeko prest ez daudela agerian uzten ari dira: fortuna handiak, finantza espekulazioa, gastu militarrak, koroa….

Argi eta garbi esan beharra dago: krisi honek baditu bere erantzuleak. Eta horiek izen-abizenak dituzte: Aznar, Zapatero, Raxoi, Rubalcaba, Rato, Botin, Ackermann, finantza sistema… Beraz, EH Bildutik erantzukizunak exijitzen ditugu eta egindako kaltea konpontzeko.

Alemaniako bankaren eta Espainiako patronalaren agindupean gure herrian indarrean jartzen diren politikek ondorio oso kaltegarriak izango dituzte: langabezia datu oso kezkagarriak, lan-baldintzetan prekarizazio handiagoa kaleratzeak errazteko neurrien ondorioz, industriaren eraispena, hezkuntza eta osasuna bezalako oinarrizko zerbitzuetan murrizketak, edota premia larrienak dituztenak babesteko neurrien eraispena.

Gainera, PPk bere DNAn daukan dena zentralizatzeko asmoa hazi egin da, estatu osoa Moncloatik gidatu nahi duelako, batez ere udalen autonomiari eraginez.

Zentzu horretan, Patxi Lopezen Jaurlaritzak eta Barcina anderearen UPNren Nafarroako gobernuak eta EAJk, neurri horiek ezarriko dituzte, herritarrek bestelako politika batzuk indarrean jartzea eskatzen ari diren arren. Alderdi horiek, PP-UPN-k, PSE-k eta EAJ-k, sinestarazi nahi digute egoera larri honetara eraman gaituzten politikek aterako digutela orain gauden putzu beltzetik.

Ezta gutxiago ere. Finantza sektoreei eta bankari kontrolik gabe aritzea ahalbidetzen zieten politika neoliberalek, baliabide publikoak xahutzeko politikek eta higiezinen burbuilak eraginda, langileek, emakumeek, gazteek eta pentsiodunek krisi globalaren ondorioak pairatu beharko dituzte. Eta egoera honetara ekarri gaituzten politika berberekin jarraitzeak agerian uzten du beraien helburu bakarra dela kapitalaren eta finantza sistemaren neurrira egindako sistemari eustea, beti ere herritarren kolkora.

Banka eta kapitalaren interesek gobernatzen duen Espainiarekiko menpekotasuna hausteko garaia dugu. Raxoi eta Rubalcaba eta haien menpe dauden Lopez eta Barcina bezalakoen gaitasun faltagatik ezin gara arrastaka ibili. Euskal Herrian bestelako hegemonia soziala eraiki beharra dugu, ezkertiarra eta burujabea.

Horregatik guztiagatik, gaur inoiz baino indar handiagoarekin gure burujabetza politikoa eta ekonomikoa aldarrikatzen dugu EH Bildutik, gure herriko herritarren beharretara egokitzen diren politikak indarrean jarri ahal izateko.

Zentzu horretan, bankaren erreskateen eta langileei kalte egiten dieten murrizketa basatien aurrean, oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzea eta indartzea edota premia larrienak dituztenei estaldura publikoak mantentzea aldarrikatzen dugu EH Bildutik.

Alternatibak espero du Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak espetxe politika aldaraztea

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek albiste ontzat jo du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakia Ines del Rio presoak aurkeztutako helegitearen harira: “Lehenengo eta behin, Parot Doktrinak pairatu dutenen kaltea ordaintzeko balio beharko litzateke”. Ildo honetatik, gogorarazi du “pertsona guztien giza eskubide zein eskubide zibil eta politiko guztien defentsa egiten duenarentzat, agerian dago presoen eskubideak behin eta berriro urratzen direla dena ETA dela irakurketaren eta zigor bikoitzak ezarrita, presoei zein beren senitartekoei”.

Hala, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak adierazi du “Estrasburgoren erabakia Espainiako Estatuari hausnarketarako tartea ekarriko diola, euskal gizartearen gehiengo zabal batek eskatzen ari den espetxe politika aldarazteko”. Zentsu berean, “egoera politiko berria egonkortzeko eta gatazkaren behin betiko konponbiderako mesedegarria” izango litzatekeela esan du.

Azkenik, Jorge Fernandez Diaz ministroak iragarritako errekurtsoaren kontra, Alternatibatik “salbuespen zein mendeku legeen arabera kartzelan jarraitzen duten preso guztien askatasuna” eskatu dute. Era berean, Espainiako Erresumako Gobernuak Ines del Rio espetxetik ateratzeko asmorik ez duela ikusita, Matutek ohartarazi dio Raxoiri “herritarren gehiengoak eskertuko liokeela jarrera intsumisoa Bruselarekin hartzeko Estrasburgorekiko hartu beharrean”, Madriletik inolako eztabaidarik gabe onartu dituzten irizpide ekonomikoak aipatuz.

PNVk eta PPk Kutxabank esku pribatuetan uzteko egin zuten akordioa

Sistema finantzarioaren erreforma berri iraunkorra bihurtu da panorama informatiboan. Berri guztien artean, oharkabean pasatzen ari da aurrezki kutxak desagertu eta banku pribatuetan bihurtzeko egitasmoa. Erritmo informatibo berberarekin saldu dizkigute Madril, Iruñea eta Gasteizeko gobernuek lan erreformak, sistema publikoaren aurkako erasoak edota zerbitzu sozialetan atzerapausoak. Krisia guztirako aitzakia bihurtu dute krisia sortu eta bere ondorioez etekina ateratzen duten horiexek.

Euskal Herria Bilduk ordea, oso argi du erreforma finantzarioaren helburu bakarra diru publikoa ebastea dela, merkatu pribatuari txertatzeko. Erreskate bakoitzak agerian uzten du hori. Kapitalari men egiten dioten alderdiek, PP, UPN, PNV eta PSEk, krisiaren arduradunei krisiaren epaile izaten utzi diete, eta euren gehiegikeria espekulatiboak herritarrek ordain ditzaten uzten dute.

Tamalez, eta lau alderdi horiek sinestarazi nahi digutenaren aurka, euskal sistema finantzarioaren egoera ere oso larria da, eta neurri batean euskal eta espainiar eskuinak adosturiko eta PSEk babesturiko Kutxen Legea da larritasun horren oinarria. Kutxabank-en botere banatzeko adostasuna lortu dute, bai eta Bilduren esklusioaren bidez, Kutxabank-en kontrol organoetan euskal jendartearen aniztasuna ezabatzeko. Lege horrek udalak diskriminatzen dituela salatu dugu, batzarren osaketan ordezkaritza murriztuz eta era berean, instituzio publikoek batzarretan duten ordezkaritza murriztu da PNV eta PPren Kutxen Legearekin, %50etik %40ra pasata.

Banku pribatuen neurriko entitatea diseinatzen ari dira PP eta PNV: ez du lehentasunezkoa izango kontsumo arduratsua bultzatzea, ez eta inbertsio publikoa edo funtzio soziala. Dagoeneko Kutxabank-i ezarri dizkioten helburu espantsionistek agerian utzi bezala, PNV eta PPk lehentasunezkotzat joko dute espekulazioa, epe motzeko etekina eta bereziki, “lagunen” interesak bermatzea.

Espekulatiboa baina ez den helburu batekin zabaltzearen lehen ondorioa, instituzio publikoek erabakiguneetan duten eragin maila murriztea dakar, era gehiago jakinarazi diren lege aldaketekin. Orain arte hondoraturik zeuden entitateak erosiz gauzatu da zabalkundea eta badirudi, aurrerantzean Euskal Herriko bezeroen dirua erabili nahi dutela PNVk eta PPk erabat zorpeturik dauden kutxak erosteko. Caja Castilla La Mancha izan zen lehena, ostean etorri ziren Caja Mediterranea eta Cajasur. Orain Caixacatalunya erosi nahi dute, Kutxabank beraren solbentzia arriskuan jartzen ari direla bost axola zaielarik.

Azken egunotan hedatzen ari den Kutxabank-en pribatizazioaren inguruko berria integrazio kontratuan Bildurekin adosturikoarekin aurkakotasunean dagoela salatu nahi dugu. Akordio horretan, hiru euskal kutxen batzarrei dagokie kapital pribatuaren sarreraren inguruko erabakia. Orain ordea, Espainiako Bankuaren erregulazioak, Luis de Guindos ministroaren nahiek eta Kutxen Euskal Legeak euskal aurrezki kutxak pribatizatzeko asmoak indartzen dituzte.

Euskal eskuinak, espainiar eskuinarekin bat eginik, eskuartean dutena azalarazi behar dugu: 90. hamarkadan Italian jarraituriko prozesu berbera jarraitzea, aurrezki kutxak banketxe pribatu bihurtuz eta gizarte ekintzaren edo kapital publikoaren inolako arrastorik ere ez utziaz. Hauexek izan ziren urratsak: lehenik eta behin,  jardun bankarioa eta gizarte ekintza bereizi ziren, nahiz eta fundazio bidez kontrolaturik zegoen; bigarrenik, kapital pribatuaren sarrera baimentzen duten lege aldaketak; hirugarrenik, kapital pribatuaren sarrera masiboa; laugarrenik, kapital publikoaren garrantzirik eza, azkenean kapital pribatuari saltzen zaiona. Ondorioa: Banketxe erabat pribatua eta gizarte ekintzaren amaiera.

Era berean, euskal kutxak fundazioan bihurtzeak bere helburu fundazionala alboratzea suposatuko luke, gizarte ekintzaren eta pribatizazioaren desagerpenari bidea irekiaz. Fundazioak ez lirateke entitate finantzarioak eta ez lukete banka lizentziarik izango. Gainera, fundazio gisa ezingo lukete Kutxabank-eko akzio guztien jabe izan; burtsara aterako litzateke eta Italian bezala, kapital pribatua erruz sartuko litzateke. Horretarako egin dute ituna PP eta PNVk administrazio kontseiluan botere osoa eskuratzeko, euren eredu eta apustua delako Kutxabank-en etorkizuna esku pribatuetan uztea, eta horretan PSEk babesa adierazi die.

Ezin dugu onartu Kutxabank-en pribatizazioa, ez eta etengabe bere hedatze espekulatiboa izatea helburu. Herritarren zerbitzura egongo den eta planifikazio sozial eta ekonomikoa izango duen banka publikoa behar dugu, eta hori da gure aldarrikapena. Sistema finantzario publiko, garden eta demokratikoa behar dugu, gure herriko ehun industrial eta sozialaren beharretara egokituko dena. Horrela bada, krisi sistemikoa gainditzen lagunduko gaituen sistema finantzario publikoa defendatzen dugu.

Azken finean, honakoa aldarrikatzen du Euskal Herria Bilduk: bere funtzio soziala definituko duen entitate publikoa, banka komertzialaren rola gaindituz irizpide ekologiko eta sozialetan oinarrituko den inbertsio produktiboa erraztuko duen inbertsio banka bihurtuaz. Espekulazio finantzarioaren aldeko apustua egingo ez duena, inbertsio militarra eta megaproiektuei errefusatuko dituena. Funtzio sozial konkretuei eutsiko dien kutxa behar dugu: zaintza ekonomiaren lehentasunei prestamu eta inbertsio egokiak egingo dizkiona, kalitatezko enpleguaren sorrera bultzatuko duena eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatuko duena, elikadura burujabetza eta sektore zaurgarrienen kontsumoa babestuko duena. Azken finean, justizia soziala lehenetsiko duena eta demokrazia parte-hartzaile eta gardentasunaren printzipioengatik zuzenduko dena.

X