Alternatibak bere I. Jardunaldi Internazionalistak, “Europako eta Ameriketako ezkerrak” aurkezten ditu alderdiaren hirugarren urtemugan

Alternatibak, 2008ko abenduan sortu zenetik, gaur hirugarren urtemuga bete da, bere izaera internazionalista indartzearen alde egin du pairatzen dugun krisi sistemikoaren aurkako beharrezkotzat dugun elementu gisa. Gure hastapenetatik esan dugunez, egitura aldaketa, iraultza; internazionala izango da, edo ez da izango. Hala, pertsona eta herri bakoitzaren burujabetzea besteen emantzipazioaren menpe dago, guztioi kalte egiten digun statu quoa garaitzearen menpe, pobrezia, desberdintasuna, murrizketak eta eskubide urraketak besterik ez dakarren egoera gainditzetik etorriko da.

Baieztapen hau, Euskal Herriaren etorkizuna Europaren eta munduaren etorkizunari lotu beharrak gure hirugarren urtemugaren harira zabaldu nahi dugun mezua da. Munduari zabalik dagoen Euskal Herria nahi dugu; elkartasuna irizpide duena -pobretutako herrialdeekin bereziki- eta nazioartean desjabetutako klase guztiekin; mundu osoaren elkartasuna jasotzen duen Euskal Herria. Haien agenda gurea da, gure indarra haien indarra den bezala.

Alternatiba ez zen jaio sigla berri bat gehitzeko Euskal Herriko politikagintzari. Euskal ezkerrari eta ezkerraren batasunari ekarpena egiteko borondate irmoarekin jaio zen. Ezker indartsua eta trebea da eraiki nahi duguna, indartsua bere izaera aldarrikatu eta eskuma garaitzeko, herri honetan EAJk, PPk, eta PSOEk ordezkatzen duten eskuma. Haiek ez dute inoiz zalantzarik izan zerga eta lan politikak, politika ekonomikoaz alegia, ahots bakarrez hitz egiteko, banka eta enpresa handien ahotsarekin hain zuzen. Gobernatzeko gai ere izan daitekeen ezkerra da osatu dena, Donostian eta Gipuzkoako Aldundian bezala.

Zalantzarik gabe, laster itxiko dugun urtean ezkerreko subjektu honen sorreran eginiko aurrerapauso garrantzitsuak ospatu behar ditu Alternatibak. Amaiur eta Bildu koalizioetan dugun parte-hartzeak Euskal Herriko ezker soberanistaren artikulazioan aurrera egitea ahalbidetu digu. Jakin badakigu, hala ere, borroka hasi besterik ez dela egin, ezkerreko talde zabala eraikitzeko lanean jarraitu behar dugula, eta bidean sortuko diren oztopoak zein kontradikzioak gaindituta egin beharko dugula.

Batasunerako borondate politiko horretan, agenda erradikalak artikulatzea eta sistema aldaketa bilatzeko ahaleginak, gaur aurkezten dugun jardunaldiek indartuko dutela espero dugu, Europako eta Latinoamerikako erakunde sozial eta politikoen elkarlana sustatuta, berdintasunean eta errotiko demokrazian oinarrituta.

Ezkerra da, ezkerrak gara, Europa eta Amerikaren arteko lotura tamalgarriak berregin beharra dugunok, burujabetzarako loturetan eraldatuta. Izan ere, inperialismoaren eta kolonizazioaren historia samingarria ez da amaitu, aldatu besterik ez da egin: ontziak ziren lekuetan, enpresa transnazionalak daude orain; jauntxoen aurrean makurtu beharra zegoen iraganean eta Europako Batzordearen, Munduko Bankuaren edota Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean makurtu beharra dago orain; erlijio katolikoa zen garaiko ideologia eta kontserbadurismo ultraliberala da egungoa.

Egoera irauli beharrean gaude. Amerikako herrialde asko altxatu dira dagoeneko, aski dela esan dute, mundu desberdina nahi dugu, eta bestelako mundua egingarria dela uste dugu. Europatik ere aski dela esaten jarraitzen dugu, ez dugula besteek sortutako krisiaren ondorioak pairatzen jarraitu nahi. Horregatik indarrak batu behar ditugu, elkarlanetik borrokatu behar dugu.

Aurrean ditugun erronka guzti hauen inguruan hitz egiteko, ibilbide oparoko hizlariak izango ditugu gurekin gaurtik ostegunera arte. Isabel Rauber argentinarrak irekiko ditu jardunaldiak; Mexikotik etorritako Ana Esther Ceceña eta, Euskal Herritik, Mikel de la Fuente, izango dira bihar, eta, azkenik, ostegunean, Ekuadorretik ekarri dugun Irene Leon eta gure artean aski ezaguna den Paul Nicholson arituko dira hizlari. Hitzaldi guztiak Bilbon izango dira, arratsaldeko 7:00etik aurrera. Biharkoa Arrupe Etxean egingo da eta, beste biak, Bizkaiko Batzar Nagusietako ekitaldi aretoan. Guztiak sarrera irekikoak dira.

Jardunaldietako hausnarketen emaitza Bilboko Adierazpen Internazionalista delakoan jasoko ditugu, agenda bateratuan aurrera egiteko eta indarrak batzeko oinarriak ezarriko dituenak.

http://alternatiba.net/old-files/JardunaldiInternazionalistakFLYER.jpg

Sexismorik gabeko Eguberriak

Africa Jimenez, Maria Palacios, Soko Sanchez, Arantxa Arrieta. STEE-EILAS

Beste behin ere Olentzerori eta hiru Erregeei eskutitza idazteko tenorea ailegatu da, eta behin eskatzen hasita, STEE-EILASen irudimena, irizpidea eta borondatea eskatu nahi ditugu Eguberrietako eromenetik aldentzeko, eta horrela modu kritikoan jokatu jostailu eta jolasak erosteko unean, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna iraunarazten duen sexismoa baztertuz.

Gizarte patriarkalean bizi gara, eta balio maskulinoak nagusiagoak dira balio femeninoak baino, eta benetako berdintasuna erdiesteko, bide luzea egin beharra dago. Baina etengabe aldatzen ari den gizartea da, eta publizitate eragile gehienek ez dute ikusi nahi; jostailuen publizitate kanpainetan esteriotipoz beteriko irudia islatzen dute, eta ematen dituzten gizon eta emakumeen rolak guztiz zaharkiturik daude.

Ez dago jaiotzez ustezko rol maskulino edo femenino hartzera bultzatzen gaituen instinturik jokoaren munduan; aitzitik, inguru hurbilak eragindako ikasprozesua da, eta ikasprozesu hori ekintza ludikoez helduok egiten dugun erabilera sexistaren ondorioa da. Hortaz, helburua ez da mutikoek panpinak hartzea eta neskek autoak, derrigorrean; helburua ohiko dualitatea baztertzea da: «hau neskena da», «hau mutikoena da», eta horrela, neskek zein mutilek jostailu hori erabiltzeko aukera baztertu.

Azken urteotan bideo jokoek benetako jostailuek baino arrakasta handiagoa hartu dute. Kasu gehienetan, eredu sexistak islatzen dituzte, bai emakumearen irudian, bai tradizionalki gizonarekin edo emakumearekin erlazionaturik izan diren rolak erakutsiz. Lehenengoak indarra, boterea eta ausardiarekin izan dira erlazionatuak, eta goraipatuak balio positibo gisa. Balio femeninoak, berriz, ahultasun, beldur, konformismo eta mendekotasunarekin erlazionaturik agertzen dira.

Jokoek, bideo jokoek, haur eta gazte literaturak norbanakoaren identitatea sortzen laguntzen dute, bai eta inguru sozialean integrazioa ere. Horien bitartez, etorkizuneko gizartea definituko duten ideologia eta balioak transmititzen ditugu. Eta horretan datza gure parte hartze aktiboaren garrantzia komunikabideek duten eraginaren aurrean.

Amak, aitak, aitatxiak, amatxiak, izebak, osabak… etxera eramaten ditugun jostailu,joko eta literaturaren erantzuleak gara. Ez dago gure esku komunikabide eta publizitatearen mezuak aldatzea, baina bai kritiko jokatzea haien aurrean, sexismoa salatuz, eta, haur eta gazteekiko jokaeretan eta erabakietan eraginik izan ez dezaten saiatuz.

Jostailu, bideo joko eta literatura hautatzerakoan, kontuan hartu beharrekoa: 1. Haurraren adinarendako eta interesetarako egokia izatea. 2. Nortasunaren hainbat alderdi garatzeko egokitasuna. 3. Laguntasuna eta elkarrekiko harremana bultzatzeko aukera ematea. 4. Jokabide solidarioa bultzatu eta jokabide sexista edota belikoa baztertzea. 5. Dibertigarriak izatea eta parte hartzea bultzatzea. 6. Elkartasun balioak agertzea, ezberdintasunak aberastasun pareko ikustea, gizatasuna, hausnarketa, espiritu kritikoa… Eta ondoko balioak baztertzea: sexismoa, lehiakortasuna, garaipena, bortizkeria, arrazakeria, eta abar. 7. Ipuinetako protagonistak emakumeak izatea. Era berean, estereotiporik gabeko irudi eta edukiak izatea.

Gure erabakien bidez jokoek eta jostailuek aurrera begiratzea ahalbidetu eta sustatuko dugu, eta horrela neskek zein mutilek erabiltzeko aukera izanen dute, eta bultzatzen duten balioek eragina izanen dute berdintasuneko etorkizunean.

2011ko Abendua

Noizko Santomas Azoka publikoa, agroekologikoa eta bankurik gabekoa?

Artikulu honen bidez Santomas azoka alternatiboa proposatu nahi dugu, neurri politiko jakin batzuekin batera, elikadura subiranotasunaren aldeko euskal estrategia baten aldeko lehen urratsa izan daitekeena. Elikadura subiranotasuna nekazaritza industrialaren aurrean, horixe da gakoa.

http://alternatiba.net/es/idazlanak/1454/%C2%BFpara-cu%C3%A1ndo-un-santo-tom%C3%A1s-p%C3%BAblico-agroecol%C3%B3gico-y-sin-banca-de-por-medio

Kontraboterea haien boterearen aurrean

Erresistentzia eta kontraboterea antolatzen hasi beharra dugu. Raxoik presidente denetik eta gobernua aurkeztu duenetik, Alternatiba bere aurrean eta kontra azaldu besterik ez du egingo, tarteko biderik gabe.

http://alternatiba.net/es/idazlanak/1458/contrapoder-frente-su-poder

Alternatibak Bilboko Adierazpen Internazionalista aurkeztu du jardunaldien itxieran

Kapitalismoak eta Dominazio Sistema Anitza osatzen duen gainerako dimentsioek (patriarkatuak, produktibismoak, kolonialismoak, arrazakeriak, hegemonismo kulturalak) sistemaren ahultasun egoeraren eragile zuzenak direla aintzat hartuta. Ondoko adierazpena sinatzen dugun Europako eta Ameriketako erakunde politiko eta sozialek, honako konpromisoak hartzen ditugu:

http://alternatiba.net/idazlanak/1449/alternatibak-bilboko-adierazpen-internazionalista-aurkeztu-du-jardunaldien-itxieran

Asko dago egiteke

Euskal Herriak nekez ahaztuko du amaitu berri den 2011. urtea. Denbora honetan, egoera berri batera eraman gaituzten urrats erabakigarriak egin dira. Askotan desiratu eta amestu izan dugun egoera bada ere, berria eta ilusioz beterikoa da, hainbat ziurtasunez eta zalantzaz blai. Urtea amaituta, hainbat ziurtasunetatik abiatu gaitezke, lehen amesten ere ausartzen ez ginenak, berriro ere bertan behera geldituko ziren beldurrez.  

http://alternatiba.net/idazlanak/1468/asko-dago-egiteke

Bideo elkarrizketa Gorka Oruetarekin Palestinako egoeraren inguruan

AlternaTB-k Gorka Orueta elkarrizketatu du Palestinan izan berri duen egonaldiaz, okupazioa, Palestinako estatua sortzeko ahaleginaz eta BDS (boikot, desinbertsioa eta zigorrak) kanpainaren inguruan. Gorka Orueta EHUko Nazioarteko Harremanetako irakaslea da eta 2011ko urriaren 8tik 16ra Palestinara bidaiatu zuen Euskal Herriko eragile sozial eta erakundeen ordezkaritzako kide izan zen.

http://alternatiba.net/es/node/1434

Emakumeen ordezkaritza politikoan aldaketarik ez

Ane Larrinaga eta Mila Amurrio > EHUko irakasleak (Berria egunkarian argitaratua)

Hauteskunde kanpainako burrunba apaldu da dagoeneko. Hautestontzietako emaitzek lehen orduetan harrotutako hautsak ere baretu dira, apurka-apurka. Orain politika egiteko garaia dela entzun dugu han eta hemen. Eta hauteskunde aurreko ikuskizunek edo hauteskunde osteko zenbatze-lanek gogoak lausotzen ez dituzten une honetan bestelako hausnarketa batzuk egiteko tenorea iritsi dela uste dugu.

Arrazoi desberdinengatik bada ere, Espainiako Parlamenturako azken hauteskundeak aldaketaren lelopean aurkeztu dira, bai Espainiako bai Hego Euskal Herriko iritzi publikoaren aurrean, eta, iragarri bezala, gauzatu egin da aldaketa hori. Izan ere, Espainian, krisi ekonomikoaren kudeaketa dela medio, alderdi popularrak alderdi sozialistaren tokia hartu du estatuko gobernuan. Euskal Herrian, berriz, ETAren jarduna amaituta, alderdien arteko berebiziko indar-berrantolaketa gertatu da, bereziki esparru abertzalean. Sakoneko aldaketak dira, zalantzarik ez, ziklo politiko jakinak itxi eta beste batzuk irekitzen dituztenak. Baina, fokua aldatuz gero, eta hauteskundeei lotutako beste alderdi batzuk argiztatuz, ohar gaitezke aldaketa horien ondoan badaudela iraun irauten duten inertziak gure esparru politiko honetan. Egiturazko erresistentziak adierazten dituztenak edozein aldaketaren aurrean. Indar politikoen dinamikan barne-barneraturik dauden sakoneko jarraibide, eredu eta arauak erakusten dituztenak. Gotorleku modura agertzen zaizkigunak, irmo, zurrun, iragazkaitz. Generoaren auziaz ari gara, jakina.

Zenbakiak beti izaten dira hotzak. Baina baita adierazgarriak ere beren biluztasunean. Hona hemen batzuk. Espainiako Kongresuan ez da aurreko legealdian baino emakumezko diputatu gehiago egongo: 124 emakume hautatu ziren 2008ko hauteskundeetan eta 124 emakume eseriko dira oraingo Parlamentuko aulkietan. Ez dira, hartara, parlamentarien %36ra ailegatzen. Horien ondoan, gizonezkoek ia bikoiztu egiten dute kopuru hori: 226 dira guztira. Kontuan hartuta, 2004ko hauteskundeetan ere 225 emakume diputatu zeudela, datu horiek adierazten dute, besteak beste, indarrean dagoen Berdintasunaren Legeak ez duela ez 2008ko ezta 2011ko hauteskundeetan ere emakumeen ordezkaritza handitzea lortu estatuan. Ordezkaritza horrek bere horretan jarraitzen du urteek aurrera egin ahala. Argi dago, bada, legeak parekotasuna agindu arren alderdi politikoek gizonezkoen esku uzten dituztela zerrendaburu-tokiak. Eta praktika hori modu nabarmenean ez ezik, modu erabatekoan betetzen da, inon idatzi barik dagoen lege bati erantzunez. Hala, 124 emakumezko diputatu horietatik, 39 besterik ez dira hautagai-zerrenden buru izan.

Norbaitek pentsa lezake gauza horiek Espainiako kontuak direla eta gure kultura politikoa bestelakoa dela. Haatik, Hego Euskal Herriko datuek egoera are larriagoa irudikatzen digute. Lau lurraldeetan aurkezturiko lau indar politiko nagusietatik (Amaiur, EAJ, PSE eta PP) lurralde bakar batean (Gipuzkoan) aurkeztu dituzte horietako bik emakumeak zerrendaburu gisa: EAJk eta Amaiurrek, hurrenez hurren. Gaur egungo Euskal Herriko 23 diputatuetatik 3 baino ez dira emakumezkoak (ordezkaritzaren %13), horietako bat Geroa Baiko ordezkaria. Bestalde, PPk eta PSEk ez dute emakume bat ere beraien diputatuen artean. EAJk bost diputatutatik bat dauka (%20) eta Amaiurrek zazpitik bat (%14,3). Ikusten denez, genero bazterketa ahalbidetzen duen idatzi gabeko arau horrek ezker/eskuin nahiz espainiar konstituzionalista/euskal nazionalista ohiko banaketa-ardatzak barnean hartzen dituen zeharkako ildo bat marrazten du, eta esparru ideologiko osora zabaltzen du defizit demokratikoa.

Emakumeek elite politikoetara heltzeko daukaten zailtasunaren berri adierazten diguten datu horiek, dena den, iceberg baten ageriko muturra direlakoan gaude. Izozmendiaren ezkutuko errealitatea gure ingurune sozialean emakumeen menderakuntza birsortzen duen ordena sinbolikoarekin lotuta dago. Ordena horren arabera, esparru publikoa eta pribatua marra zehatz batez banaturik agertzen zaizkigu gaur egun, oraindino, emakume eta gizonentzat. Ildo horretatik, emakumeak politikagintzan eta, oro har, esparru publikoko jardun-guneetan integratzen direnean, gizonezkoek ezarritako eredu kultural eta praktiketan aritu beharra daukate, haiek diseinatutako espazio- eta denbora-koordenatuetan. Ikerketek behin eta berriro erakusten digute, esaterako, nolako gain lana egin behar duten emakumeek gaur egungo politikan indarrean dagoen denboraren eraketara egokitzeko. Izan ere, politikagintzan nagusi den denboraren kudeaketa-eredua guztiz androzentrikoa da: denbora hori arautu barik dagoenez, ia erabateko dedikazioa eskatzen du eta ez dator bat emakume gehienek bizi duten familia eraketarekin. Hala, emakumeen ibilbide politikoa, bai oinarrizko politikagintza arruntean, bai kargu politikoen jardunean, gizonezkoena baino laburragoa eta zatituagoa dela ikusten dugu, eta, ondorioz, emakumezkoek gizonezkoek baino askoz ere sarriago uzten dutela bertan behera jarduera politikoa. Horregatik, politikagintzan aurrera egiten duten emakumeek, gizonezkoek ez bezala, familia bizitzari eta bizitza pribatuko beste atal batzuei uko eginez hartzen dute bide hori. Jarraitzen dutenek, gain-selekzioak ezaugarritutako egoera batean jarraitzen dute, zalantzarik gabe. Nolanahi ere, etxe eta familia-esparruetan dauzkaten ardurak (askotan ez-partekatuak) direla medio, zailtasunak izaten dituzte lidergo finkoak lantzeko, botere erabakietan ezinbestekoak diren harreman-sare ez-formaletan sartzeko, bilera formalen ostean jatetxe eta tabernetan sortzen diren gizonen arteko konplizitate-giroetan parte hartzeko, hitz batean, politikagintzan iraunkortasuna, igoera eta arrakasta bermatzen dituen harremanezko kapital eraginkorra jorratzeko.

Emakumeok ezagutzen ditugu aipaturiko datuen zergatiak. Badakigu egoera aldatzeko eta benetako parekotasuna lortzeko politikagintzan zein gainerako jardun publikoetan gizonezkoek ezarritako eredu kulturalak eta praktikak gainditu behar direla. Bistan da egiturazko aldaketa bat aldarrikatzen ari garela, eta, bide horretan, gizonen ahotsak eta egintzak entzun eta ikusi nahi ditugula. Aldaketa denona eta denon artekoa izan dadin.

Bideo elkarrizketa Gorka Oruetarekin Palestinako egoeraren inguruan: Okupazioa, BDS kanpaina, estatu izateko eskaera…

AlternaTB-k Gorka Orueta elkarrizketatu du Palestinan izan berri duen egonaldiaz, okupazioa, Palestinako estatua sortzeko ahaleginaz eta BDS (boikot, desinbertsioa eta zigorrak) kanpainaren inguruan. Gorka Orueta EHUko Nazioarteko Harremanetako irakaslea da eta 2011ko urriaren 8tik 16ra Palestinara bidaiatu zuen Euskal Herriko eragile sozial eta erakundeen ordezkaritzako kide izan zen.

Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxista: Politika publikoen bidez harekin amaitzeko zenbait erronka

Laura Gomez > Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria

Artikulu honen helburua da hausnarketa batera hurbil gaitezen, alegia, emakumeen aurkako indarkeria matxista birkontzeptualizatzen utzi behar diguten elementu batzuei buruzko hausnarketara, hartara ikusgai jar daitezen indarkeria horren gainean ikusezin dauden beste diskurtso eta beste egia batzuk. Ez dago horri guztiari buruzko azterketa sakon bat egiterik artikulu honetan, baina badira gai batzuk heltzeko modukoak, hala nola: indarkeria hori gertatzeko eta ugaltzeko bidea ematen duten egiturazko baldintzak; zatia eta osoa jakinaren gainean elkarrekin nahasteari uztea, hau da, indarkeria mota batzuk, larriak eta handiak izanda ere –tratu txarrak, esaterako–, emakumeen aurka dagoen indarkeria osoa edo ia osoa balitz bezala ulertzeari uztea; edota etengabe ikustaraztea emakumeak biktima gisa eta ez subjektu aktibo gisa, beren bizitzaren eta beren askapenaren protagonista modura.

Indarkeria birkontzeptualizatu behar horrek lehentasuna du. Izan ere, argi-itzalen joko horretan, itzalean gelditzen denak izateari uzten dio, eta errealitatearen zati argitua, berriz, egia bakar bihurtzen da; beraz, esku hartzeko xede den errealitate bakar bilakatzen da.

Hortaz, ikuspegi berri horrek berekin dakartzan erronkak bereganatzeak politika publikoetatik esku hartzeko beste elementu batzuk kontuan hartzera behartzen du, indarkeria horrekin amaituko badugu. Geroago, elementu horietako batzuk iradokitzera ausartzen gara.

Gure iritziz, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko beste iruditeria eta beste kontaketa batzuk eraikitzeko, ezinbestekoa da:

  1. Adieraztea, emakumeen aurkako indarkeria matxista, izatez, egiturazkoa dela, alegia, bere sustraiak sakon sartuak dauzkala honelako oinarri baten gainean eraikitako gizarte antolaketa batean: gizonek historikoki emakumeak zapaldu, esplotatu eta menderatu izana. Hori hala baldin bada, ezinezko gertatzen zaigu emakumeek erasoen biktima gisa pairatzen duten indarkeriaz hitz egin, eta ez hitz egin gizartearen egitura errotik matxistaz, azken batean, halako indarkeria motak gizarte horrek sortzen, birsortzen eta toleratzen baititu. Hau da, hitz egin al dezakegu inmigrazioaren dramaz, emakume etorkinak biktimizatuz, baina ez kritikatu atzerritartasun lege batzuk, hiritartasun osorako eskubideak jakinaren gainean ukatzen dituztenak, eta emakumeak are egoera zaurgarriago batean uzten dituztenak? Hitz egin al dezakegu emakumeen salerosketaz, mafiez, proxeneta sareez, baina ez sexuaren langileei beregaintasuna bermatzeko aukera eman liezaieketen eskubideez? Esan al dezakegu emakumeek orain lan merkatuan lan egitea ere badutela, baina ez hitz egin ea zeinek betetzen dituen hutsik utzitako leku horiek, eta etxeko langileentzat legeztatuak diren esplotazio baldintzez? Ez al dira, bada, egiturazko baldintza horiek guztiak, ezin hobeak, emakumeen aurkako indarkeria egon dadin eta batzuek horretan etengabe jardun dezaten?
     

  1. Zabaltzea indarkeriaren askotariko agerpen ugariren gaineko begirada eta indarkeria gertatzen deneko guneak. Ikuspegi horretatik, emakumeen aurkako indarkeria zerbait gehiago da bikote harremanaren edo bikotekide ohien arteko harremanaren esparruko tratu txarrak eta sexu erasoak baino (horiek hartzen ditu aintzat genero indarkeriari buruzko Lege Organikoak). Indarkeria, gune publikoetan gertatzen den hori ere bada, “lerdokeria epel hori”, edo beldurraren sozializazioa, non naturaltzat jotzen baita emakumea, zenbait lekutan eta zenbait ordutan, “bizkartzainarekin” joan behar izatea, familiako gizon batekin ahal dela.

  2. Zalantzan jartzea emakumea “biktima”, “ezgauza” eta “mendekoa” den irudi eraiki eta zabaldu hori. Irudi horrek, izan ere, hala eskatzen du, emakumeek jasaten duten indarkeria motei sinesgarritasuna emateko modu bakarra den aldetik. Virginia Despentesek ederki asko azaltzen du “Teoría King Kong” delakoan: ”Amorru bizian nago hazi nauen gizartearen aurka, ez baitit erakutsi gizon bat jipoitzen indarrez zangoak zabaltzen dizkidanean, eta esan baitit bortxaketa hain izugarria dela ezen ezin izango bainaiz inoiz osatu”. Gainera, adierazten du: “Bortxaketaren ondokoa: toleratzen den jarrera bakarra da indarkeria norberaren aurka bihurtzea, hogei kilo gizentzea, esaterako”. Onartzea, muturrean, emakume izatea arrisku faktore bat dela beti, etxean eta kalean; horrek ez gaitu biktima bihurtzen, defentsa aukerarik ez duen biktima. Gaiztoa da sistema hori, zeinak esaten baitu ez arbuiagarria dela erabat emakumeen aurkako indarkeria, baina ez baitu onartzen emakumeak indarkeria hori identifikatzea eta gutxiago beren burua defendatzea.

  3. Hain fenomeno konplexu bat, gizarte antolakuntzako eredu baten ondorio dena, ezin da oinarritu, bakarrik, erantzun polizial, judizial eta asistentzialetan. Erantzunek kolektiboak izan behar dute, emakumeen batasuna eta gizarte antolakuntza errazteko modukoek; horrela, benetako aldaketa gerta daiteke emakumeen eta gizonen artean eta, ondorioz, gizarte antolakuntzan.
     

Ikuspegi horretatik, indarkeria matxistaren aurkako politika publikoak elementu hauei jarraikiz pentsatu, diseinatu eta abiarazi behar dira:

  • Berdintasun erakundeek izan behar dute lidergoa, zeren eta haren kontra borrokatzeko modurik egokiena berdintasun politikak egitea baita, aldatuko dutenak gauzen egiturazko ordena eta, ondorioz, aldatuko dituztenak emakume eta gizonen arteko botere harremanak. Lidergo hori gainerako politika publikoekin estuki koordinatuta egin behar da –gizarte politikak, hezkuntza, hiri antolaketa, segurtasuna eta abar.

  • Indarkeria matxistaren aurkako borroka benetako apustu politikoa izatea, lehen mailakoa. Ohituegi gaude konpromiso politikoak entzutera, azkenean, bihurtzen direnak miseriaren kudeaketa, hauteskunde koartada eta populismo zaharrenaren erakusle. Ez dago sinesgarritasun politikorik, ez bazaizkie ematen berdintasun politika publikoei –beraz, indarkeria matxistaren aurkako borrokari– baliabide ekonomiko eta giza baliabide nahikoak.

  • Elkarrizketa politikoko guneak sortzea mugimendu feministarekin eta emakumeen elkarteekin, horri esker erakunde demokratikoagoak eraikiko baitira, ihes egingo diotenak gizarte aldaketetan tarteko diren subjektuak politikoki instrumentalizatzeko edozein tentaldiri, eta bereganatuko dutenak ez dela halakoa bakarka formulatzea “zein diren arazoak” eta “nola” horiei aurre egin. Ikuspegi horretatik begiratuta, behartuak daude emakumeen aurkako indarkeriari buruzko beste diskurtso eta beste kontaketa batzuetara irekitzera, agerian jarriz ez dagoela indarkeriari ikuspuntu formal eta legalista huts batetik heltzerik, eta behar dituela subjektu feministen sormena, jakintza eta kritika.

  • Honelako politikak diseinatzea eta abiaraztea:

  • Indarkeria matxistaren arloko sentsibilizazio eta prebentzio politika, helduko diena generoen eraikuntza sozio-kulturalari eta emakumeen aurkako indarkeriarekin duen loturari. Horiek horrela, indarkeria matxistaren genero irakurketak beste indarkeria batzuk ikusarazi beharko lituzke, hala nola, homofobia, transfobia eta lesbofobia, baita horiek desagerrarazteko politikak diseinatu ere.

  • Emakumeei eskaintzen zaizkien laguntzaren eta esku-hartzearen hobekuntzari heltzen diotenak, honelako zerbitzuak eta baliabideak garatuz:

  • Emakumeak ez biktimizatzeaz gain, haien banako nahiz taldeko ahalduntzerako aukera ematen dutenak, tresnez hornituz askotariko indarkeria matxistak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko, eta aukera emango dutenak beste babes tresna eta gune batzuk sortzeko (salaketatik, urruntze agindutik eta abarretik harago), hala nola, laguntzako gizarte sareak, ahalduntze eskolak, emakumeen etxeak, etab.

  • Malguak eta alderdi hauei egokitzeko modukoak: testuingurua, indarkeria matxisten aniztasuna, emakumeen aniztasuna (buruko gaixotasunak dituzten emakumeak, aniztasun funtzionala, etorkinak, gazteak, drogazaleak, eta abar).

  • Deszentralizatuak, emakume guztientzat berdintasunezko erabilera bermatuko dutenak, alde batera utzita non bizi diren, arreta berezia jarriz landa inguruneko emakumeentzako zaintzari.

Juana Aranguren: “Indarkeria gizonen nagusitasunean oinarritutako gizarte patriarkala mantentzeko ezinbesteko tresna da ere”

Juana Aranguren Plazandreok elkarteko kidearen hitzak jaso ditugu. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean zer nolako ikuspegi politiko eta ideologikoa duten galdetu diogu; lehentasunezko lan esparruak eta etorkizunean jorratu beharrekoak zeintzuk diren. Bere erantzun aberesgarriak eta gure deialdiari emandako erantzun ona eskertu nahi dizkiogu. Emakumeen kontrako indarkeriaz ari garenean ezinbestekoa dugu mugimendu feministatik, hemengoa zein kanpokoa, zer nolako hausnarketak eta proposamenak egiten dituzten jakitea, haien jarduera eta esperientziak ezagutzea.

1. Emakumeen aurkako indarkeria dela eta, zuen iritziaren harira. Komunikabideek eta gizarteak oro har, emakumeen aurkako indarkeriak dakarrenaren inguruan dituzten kontzeptu eta ideiak, nahasgarriak izan ohi dira. Horregatik, zer da, zuen ustez, emakumeen aurkako indarkeria? Zer nolako jarrera hartzen duzue politikoki eta ideologikoki?

Komunikabideek emakumeen aurkako erasoei buruzko informazioa zabaltzean, nire ustez, ez dituzte informazioaren emakume hartzaileak egoera hauetatik ateratzera bultzatzen eta ezta ez die erasotzaileei asmoa kentzen ere.

Gainera, ez dute indarkeriaren arrazoiei buruz hitz egiten, ez dute inoiz emakumeen aurkako diskriminazioarekin ezta sexuen arteko berdintasunerako borrokarekin lotzen.

Emakumeen hilketei dagokionez, ez digute inoiz biktimei buruz hitz egiten, zenbatu besterik ez dituzte egiten; beste bat urteko emaitzei gehitzeko. Eman ohi duten informaziotik erasotzailea gizon arrunt bat zela ondorioztatu daiteke, atsegina zela, eta auzoan inork ez duela bere ekintza ulertzen, eta beraz “bat-bateko eroaldi baten” emaitza izan liteke edo agian “biktimak eragindako probokazioa”.

Guretzat edo niretzat (berdin dit Juana Aranguren edo Plazandreok-en izenean hitz egitea), indarkeria emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren emaitzarik basatiena da, eta baita emakumeen aurreko gizonen nagusitasunean oinarritutako gizarte patriarkala mantentzeko ezinbesteko tresna ere.

2. Kasu honetan, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko estrategiei buruz arituko gara. Zuen jarduera/eragin esparrutik, zeintzuk dira lehenesten dituzuen estrategiak?

Egun indarkeria zein berdintasunari dagozkien legeak garatzeaz gain, euren erabateko ezarpena oraindik urruti dagoenez gero, berdintasuna indartzeko politikak zein erakundeak sustatzeko borondate politiko handiagoa beharrezkoa litzateke.

Hain zuzen, egungo joeraren aurkakoa: Estatuan Berdintasun Ministerioa ezabatzea eta geure Autonomia Erkidegoan Emakunde gutxiestea.

Hau, eremu instituzionalari dagokionez; bestalde, Mugimendu Feministari indarkeriaren aurkako borrokan dagokion nagusitasuna berreskuratzea garrantzitsua litzateke. Galera hau, erakundeek Mugimendu Feministaren diskurtsoaren zati bat bereganatu dutelako eta urteetan geuk eskatutako neurrietako asko inplementatu dituztelako gertatu da, hein batean.

3. Azkenik, zuen erronken eta alderdi politikoei eta bestelako erakundeei eskatzen diezuenaren harira. Zeintzuk dira lehenesten dituzuen gaiak, urte honetan landuko dituzuenak?

Lehentasunezko gai moduan, biktimak gehiago babestu beharko liratekeela uste dut, salatzeko urratsa emateko ahalmena izan dezaten. Ez zaie soilik salaketa jartzera bultzatu behar, salaketa bera helburu bihurtuz; baizik eta lehen pausutzat hartuz, errealitatean horixe bera baita.

Eta biktimak babestea ez da eskoltak jartzea, kasuren batean beharrezkoa bada ere, baizik eta prozesuan zehar laguntzea eta izan ditzaketen beharrizan mota guztiak asetzea. Horretarako, biltegi-harrera-etxe kontzeptua baztertu behar dugu eta euren egoeratik ateratzeko behar duten lana sustatzeko harrera-etxeengatik ordeztu; besteak beste, antzeko egoeretatik atera diren beste emakume batzuk ezagutu eta hainbat gaiei buruz hitz egingo dieten feministekin elkartzeko gunea, hain zuzen.

Gainera, diskriminazioaren aurkako politikak bultzatu eta inplementatu beharko lirateke.

Politika guztiek diskriminazioaren aurkako borroka hori barneratu beharko lukete (genero ikuspegia delakoa), gure klase politikoaren asmoetatik izugarri urruntzen dena, hain zuzen.

Sara de Roure: “Indakeria sexistak erasotzailea eta erasotua ditu, eta hala da boterean oinarritutako harremana islatzen duelako”

br3

Sara de Roure Brasilgo Emakumeen Mundu Martxako kidearen hitzak jaso ditugu. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean zer nolako ikuspegi politiko eta ideologikoa duten galdetu diogu; lehentasunezko lan esparruak eta etorkizunean jorratu beharrekoak zeintzuk diren. Bere erantzun aberesgarriak eta gure deialdiari emandako erantzun ona eskertu nahi dizkiogu. Emakumeen kontrako indarkeriaz ari garenean ezinbestekoa dugu mugimendu feministatik, hemengoa zein kanpokoa, zer nolako hausnarketak eta proposamenak egiten dituzten jakitea, haien jarduera eta esperientziak ezagutzea.

1. Emakumeen aurkako indarkeria dela eta, zuen iritziaren harira. Komunikabideek eta gizarteak oro har, emakumeen aurkako indarkeriak dakarrenaren inguruan dituzten kontzeptu eta ideiak, nahasgarriak izan ohi dira. Horregatik, zer da, zuen ustez, emakumeen aurkako indarkeria? Zer nolako jarrera hartzen duzue politikoki eta ideologikoki?

Emakumeen aurkako indarkeria, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren ondoriorik latzena dela uste dugu. Soilik emakume izateagatik pairatzen dugun indarkeria da, gizon batek edo instituzio batek eragindakoa, oro har gizonek zuzentzen dituztenak hain zuzen, eta hau ez da kasualitate hutsa.

Uste dut definizio hau garrantzitsua dela, askotan bestelako indarkeria egoera batzuk azaleraztean, hauen salaketa behar-beharrezkoa bada ere, denak berdintzeko joera izaten delako; aitzitik, erabat ezberdinak dira. Indarkeria sexistak erasotzaile bat eta erasotu bat dauzka, eta hala da, bertan botere harreman bat islatzen delako.

Ez da arraroa horrelako indarkeria motak justifikatu nahi izatea; emakumeak nolakoak diren eta nola jokatzen duten aurrez zehazten duen modu bat badagoela, eta ideia horretatik aldentzeagatik nolabaiteko zigorra merezi dutenaren ideiatik abiatzen diren argumentuak erabiltzen direlako, hain zuzen.

Feminismotik indarkeria salatzen dugu, patriarkatuak emakumeen bizitza kontrolatzeko duen tresna moduan eta ondorioz, indarkeria sexistak guztioi eragiten gaituela azalduz. Batzuen egoera arriskutsuagoa da, testuinguru gogorrago batean egoteagatik, baina guztiok gaude momentu oro patriarkatuaren eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren mehatxupean, gure gizarteen oinarrizko elementuak baitira.

 
2. Kasu honetan, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko estrategiei buruz arituko gara. Zuen jarduera/eragin esparrutik, zeintzuk dira lehenesten dituzuen estrategiak?

Geure mugimenduaren jardunean, indarkeria sexistari aurre egiteko oinarrizkoak diren bi elementuren alde egiten dugu.

Lehena, emakumeen auto-antolakuntza bera litzateke. Auzo batean emakumeak biltzen badira, presentzia baldin badute, politikoki parte hartzen badute, eurentzat garrantzitsuak diren ideiak taldean errotzeko gaitasuna badute… emakumeak kolektiboaren subjektuak direnean, bertan onartuak… orduan gizon batek birritan pentsatuko du bere bikotekidea erasotzea.

Erronka nagusia, indarkeria guztiz onartezina izatea da, gure gizarteak beste hainbat gauza errefusatu dituen moduan. Zergatik inork ez du Afrikako herriak pairatutako esklabutza egoeraren harira bromarik egiten? Hori arrazismoaren aurkako borrokaren garaipen bat da.

Aitzitik, oraindik ere, emakumeen aurkako indarkeriaren nolabaiteko onarpenak dirau, indarkeria hori erlatibizatzea edo pertsonalizatzea eragiten duenak.

Emakumeen antolakuntza gizarte harremanen eta norberaren autonomiaren eraikuntzaren alorretan talka egiten duen esperientzia bat da. Eta hori bera da, nire ustez azpimarratu beharreko bigarren gaia. Emakumeen autonomia eraikitzea, bestelako gizartea eraikitzeko ezinbesteko urratsa da.

Nola eta norekin bizi, ama izan nahi dudan ala ez, non lan egin, nora joan, zer ikasi nahi dugun erabakitzeko ahalmena izatea, gure aisialdirako denbora izatea eta politikoki parte hartzeko aukera izatea ere… guzti hauek, denontzako nahi dugun autonomiaren barne daude. Baina hau ez da posible gatazka armatu baten testuinguruan, edo Estatuak ez badu taldearen ongizatea bermatzen, ez badago antolakuntza askatasunik, etxeko lanak soilik emakumeen ardurapean badaude… azken finean, askatasunik, justiziarik, bakerik eta elkartasunik gabe, ez dugu guztiontzako erabateko autonomiarik lortuko.
 
3. Azkenik, zuen erronken eta alderdi politikoei eta bestelako erakundeei eskatzen diezuenaren harira. Zeintzuk dira lehenesten dituzuen gaiak, urte honetan landuko dituzuenak?

Krisialdi batean, oso erraza da bi diskurtso hauek erabiltzea: lehena “lehenengo gauzak konponduko ditugu, eta gero ikusiko dugu berdintasunaren kontu hori”. Edota oro har kontserbadoreak diren diskurtsoak entzun daitezke, emakumeei “kontzesioak” egiten dizkietenak.

Nire ustez, arriskua bikoitza da. Batetik, ez bada azaleratzen gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna gure ekonomiaren oinarrietako bat dela, ezin zango diogu gaur egungo paradigma honi aurre egin, harreman horiek gailendu behar izango ditugulako, Hau egiten ez badugu, litekeena da, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak eta ondorioz, indarkeriak gora egiten jarraitzea.

Ez bakarrik indarkeria jasaten duten emakumeak laguntzen dituzten diru-laguntza publikoengatik, baizik eta emakumeak aipatzen ez dituzten, baina eragiten gaituzten politikak garatzeagatik. Ekonomia berotzeko eta lana sortzeko asmoz gastu militarra areagotzeak, inbertsio hori erabiltzen den lurraldeetako emakumeenganako indarkeria ere areagotzen du, Gizonezkoen langabeziaren igoerak ere, etxeetan tentsioa eta indarkeria areagotzea eragiten du.

Bestetik, emakumeak babesten dituztela ematen duten diskurtsoak aurkitzen ditugu, eskubide eta zerbitzu publikoak murrizten dituzten bitartean, populazioaren emakumezkoen sektoreari bereziki eraginez. Ikus dezakegunez, emakumeei zuzendutako planak aurkezten dira eta proposatzen dutenaren arabera, emakumeen lana eta denbora erabiliz konponduko dute krisialdi hau. Adibidez, duela gutxi emakumeen artean ekintzaletasuna sustatzeko NBE-Emakumeak eta Coca Colak sinatutako hitzarmenak, praktikan emakumeen zorpetzea eta laneko prekarizazioa ekarriko ditu, euren diru-sarrerak biderkatzearen eta euren gizarte erantzukizun korporatiboan puntuak lortzearen truke.

Eskatzen duguna gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna gainditzeko borrokan benetako konpromisoa izatea da. Jakin badakigulako, emakumeen bizitza aldatzean, mundua aldatzen dugula baina baita, emakumeen bizitza aldatzearen alde egiten dugunean, munduak kontrako norabidean mugitzen dela ere.

Alternatibaren I. Jardunaldi Internazionalistak: Europako eta Ameriketako ezkerrak: Agenda eta erronka komunak

Abenduak 13

19:00 Arrupe Etxean, Padre Lojendio 2

Isabel Rauber (Argentina): Sujetos y alternativas para una nueva civilización

 

Abenduak 14

19:00 Bizkaiko BBNNetan, JJGG de Bizkaia, Hurtado Ametzaga 6

Ana Esther Ceceña (Mexico) – Mikel de la Fuente (Euskal Herria): Análisis de las coyunturas

 

Abenduak 15

19:00 Bizkaiko BBNNetan, JJGG de Bizkaia, Hurtado Ametzaga 6

Irene León (Ecuador) – Ana Esther Ceceña (Mexico) – Paul Nicholson (Euskal Herria): Propuestas comunes de las Izquierdas

http://alternatiba.net/old-files/JornadasInternacionalistas.jpg

http://alternatiba.net/old-files/jornadasinter web.jpg

X