Zerga politika

Jasotzen den errentaren araberako tributazio baterantz jo behar dugu, sektorearen zehaztapenak kontuan hartuta. Zerga trataera eta euren funtzionamenduak gutxieneko homogenizazioa behar du izan egun tributazio sisteman, dirulaguntzetan, salerosketa zuzenean, agroturismoan,… dauden ezberdintasunak ekiditeko.

Lehen sektorean enplegua sortzeko politikak

Ustiategien errentagarritasun eskasak landa munduko langile kopuruan eragina izan du. Belaunaldi erreleburik ez da ia ematen. Ustiapenen errentagarritasun eskasari gehitu egin behar dizkiogu egungo ekoizpen ereduari edo lurzorua lortzeari atxikiriko zailtasunak, lurzorua bera oso urria izateaz gain espekulazio presio handia ari da jasaten. Lehen sektoreko lan postuak sortzeko politikak nekazari gazteak babestu behar ditu eta lan-indarra lehen sektorera gerturarazi.

Elikagaien merkaturatzearen babeserako laguntzak

Nekazal eta abeltzain ustiapenen bideragarritasun urria ulertzeko faktorerik garrantzitsuena produktu hauen salneurri eskasean dago, saltzeko moduarekin lotua dagoena. Egun, sektore honek arazo handia du eraldaketa eta pilaketa nazioarteko talde handien eskuetan pilatu delako, taldeok produktuaren jatorrizko salneurria merkatzen eta kontsumitzaileari prezioa asko igotzen diotelarik sekulako irabaziak lortzen dituzte. Gizarte, ekonomia eta ingurugiro ikuspuntutik eredu honek ezin du iraun.

Aitzitik, saltoki txikia da baserritarrei euren produktuak merkaturatzea bermatzen dien tresna. Larriak dira, baina, horrelako dendek pairatu behar dituzten oztopoak. EAE merkatal gune handi gehienetarikoa duen tokietakoa da Espainian. Azken honetan batez beste 249 metro karratu dago mila bana biztanleko. EAEn, aldiz, 340. Are gehiago, Jaurlaritzak eskuartean du Dekreto zirriborro bat zeinak egun dauden guneen eremua 2,42 bider handitzea baimenduko lukeen.Gune handien hazkunde honek saltoki txikien %33,69 ixtera behartuko lukeela uste da. Egoera hau atzera ekarri beharra dago, bere ordez saltoki txikia sustatu, gizarte, ekonomia eta hiriaren biziari etekin gehiago ematen baitizkie, nekazal eta abere ekoizpenei merkaturatzeko bidea irekitzeaz gain.

Udal ugari daude euren arau subsidiarioen eraldaketa prozesuan zerbitzuetarako zona berriak ezartzeko, hauen artean komertziogune handietarako espazioak. Nahitaezkoa da saltoki txikien, baserritarren, enpleguaren (sortzen dena baina baita galtzen dena ere, lanaren kalitatea,…) eta lurzoruaren etorkizuna kontuan hartzea.

Hau da, nekazaritza eta abeltzaintza produktuen merkaturatze zuzena laguntzen duten neurriak hartzea:

  • Salerosketa zuzeneko sistemak sustatzea,, non baserritarraren mozkinak altuagoak diren eta kontsumitzailearentzat kostua baxuagoa den, produktu eta merkatu ezberdinen ikerketek adierazten duten moduan.
  • Asteroko azokak berreskuratu. Desagertu diren tokietan berreskuratu eta biziraun dutenetan aurrera bultzatu. Azoka hauek toki egokietan jartzea merezi du eta komeni zaizkien azpiegiturekin hornitzea. Guneotan baserritarren eta gazteen produktuak egongo direla ziurtatu, baserritarra ez den produktuaren birsaleroste ekidinda. Batzuetan bi jarduera hauek (baserritarrak eta birsaltzaileak) bateragarriak izan daitezke baina garrantzitsua da ondo bereiziak izatea eta azokaren arduradunek informazio egoki eta zehatzak emateaz gain bertako produktuen kontsumoa sustatzea. Ekoizpen sistema jasangarrienak ere hobetsi behar dira, noski, industrializatuenen aldean.
  • Halako asteroko azoka edo merkaturik ez den tokietan, inguruko baserrien produktuak salerosteko proiektuak sustatzea, azpiegiturak edo beste zerbitzuak eskainiz.
  • Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko elkarkidetzak babestea, “Nekazaritza, partekatutako ardura” proposamenaren ekoizpen zein kontsumo oinarriak aintzat hartuta.
  • Erakundeen ekimen eta ekitaldietan tokian tokiko produktuak erabiltzea eta talde jantokietan (eskolak, zahar egoitzak, ospitaleak, osasun zentroak,…) tokian tokiko elikagaia sustatzea.

Nekazaritza eta abeltzaintza produktuen sustapenerako politikak

  • Ekoizleei euren produktuen eraldaketa debekatzen dieten neurri filosanitarioak bertan behera uztea bete ezinezkoak badira eta produktuen kalitate eta osasungarritasunean eraginik ez badute.
  • Ekoizpen ereduaren, produkzio kopuruaren eta produktuaren salerosketen modua eta distantziaren araberako osasun maila ezberdinak eman ahal izatea.
  • Izugarrizko inbertsio teknikoen beharra duten osasun araudi baztertzaileak albo batera uztea, eraldaketa modu artisauei lekurik ematen ez baitie.
  • Eraldaketarako eskualdeko azpiegiturak sustatzea: nekazal produktuen eraldaketarako azpiegiturek baserritarren merkaturatzeko aukerak handitzen dituzte. Egitura hauek tokian tokiko produktua bertan kontsumi dadin laguntzen dute eta kontsumitzaileen, dendari txikien eta ekoizleen arteko harremanetarako aukera ematen dute.

Agroekologiak aurrera egiteko politikak

Egungo EBren politikak eta Euskal Herriko administrazioek egiten duten aplikazioak eredu agroindustriala lehenesten eta babesten du dirulaguntzen bitartez, eta eredu agroekologikoa zigortu. Agroekologiaren aldeko politika berriak dirulaguntzen joera aldatu beharko du eta ekoizpen eredu berria lehenetsi. Hona dirulaguntzetarako irizpide nagusiak beharko luketenak:

  • Eredu estentsiboen sustapena, edo intentsifikazioaren aurkako neurri eraginkorrak.
  • Sektore arteko dibertsifikazioaren sustapena.
  • Beharrizan eta handicap zehatzetara egokituriko diru laguntzak, hala nola, oztopo orografikoak eta beste natur traba batzuk. Zentzu honetan, dirulaguntzek baserritarren eta gizartearen (enplegua sortzea, kalitatezko elikagaiak eta ingurugiroarekiko begirunea) beharrizanen araberakoak behar dute izan, ez ekoizpen mailari begirakoak.

Nekazal eta abeltzain ekonomiak indartzeko estrategiak.

false false false MicrosoftInternetExplorer4

 

 

 

 

 

 

Elikadura subiranotasuna: eredu sozial eta elikadura ekonomiko berria

Elikadura Subiranotasuna egungo eredu agroindustrialarekiko paradigma alternatiboa da 3 zutabetan: elikadura oinarrizko Giza Eskubidetzat hartzea, herri eta estatu guztiek euren nekazaritza eta abeltzaintza politikak zehazteko duten eskubidea aldarrikatzea, eta politika horien gune bihurtu elikagaiak ekoizten dituztenak: nekazariak, abeltzainak eta arrantzaleak. Eredu berriak honako ezaugarriak ditu:

  • Elikadura subiranotasuna eta elikadurarako giza eskubidea: Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak elikadurarako eta elikadura aldetik ongizateaz gozatzeko oinarrizko eskubidea jasotzen du. Baina egungo elikadura ereduak ez ditu biztanleriak behar ondasun eta zerbitzuak sortzen, baizik eta irabaziak ematen dituzten merkatugaiak. Gizakiaren oinarrizko beharrizanak, elikadura barne, irabazi horien menpean geratzen dira. Hala, bizitzaren logika mundu merkaturako elikadura ekoizpen industrialaren aginduetara jarri nahi da.
  • Elikadura subiranotasuna eta tokian tokiko ekoizpena: elikadura subiranotasunak tokian tokiko merkatuan bertako ekoizleak lehenesten ditu. Egun mundu mailako merkatuak ezarritako salneurriek, liberalizazioaren eraginez, tokian tokiko ekoizleei euren merkatuetara jotzea oztopatzen die, beraz, ekoizpenerako eskubidea urratzen zaie eta tokian tokiko zein eskualdeko ekonomia murrizten da.
  • Elikadura subiranotasuna eta merkatua: egungo ereduak elikagaien merkatua liberalizatu du nazioarteko enpresek euren merkatu esparruak zabaltzeko duten interesak direla medio. MMEk ezarritako liberalizazio baldintzen harira nazioarteko enpresen ekintza esparrutik at mugitzen den edozein ekimen ez da lehiakorra. Eredu berria lortuko bada, a) MME elikagaien merkaturatzeari eta ekoizpen esparruei buruzko edozein negoziaketatik kanpo utzi beharko da, b)herrialde bakoitzaren elikadura subiranotasuna errespetatuko duten benetako mekanismo demokratikoak ezarri beharko dira merkatua arautzeko, c) barne kontsumoko %5 onartzeko betebeharra ezabatu beharko da eta d) dumpinga (koste azpiko salneurrian saltzea) gelditu beharko da.
  • Elikadura subiranotasuna eta ekoizpen eredu agroekologikoa: indarrean den eredua eskala handiko laborantza bakarrean eta insumo kimikoen erabilpen intentsiboan eta osagai transgenikoen erabilpenean  oinarritua dagoen bitartean; elikadura subiranotasunak ezagutza tradizionalaren eta agroekologian oinarrituriko jardueren alde egiten du.
  • Elikadura subiranotasuna eta nekazaritza eta abeltzaintza erreforma: elikadura subiranotasunak nekazaritza eta abeltzaintza integralaren erroko eraldaketa eskatzen du, beti ere herrialde edo eskualde bakoitzera egokituak, baserritarren ekoizpen osagaien (bereziki zorua, ura, basoa) eta ekoizpen baliabideen (finantzazioa, ahalmena eta kudeaketa zein bitartekaritza gaitasunen indartzea) eskuragarritasuna bermatze aldera. Eraldaketa prozesu hauek, nekazal erakundeen kontrolpean, ekoizleen banakako eskubideak eta talde ustiapenen eskubide kolektiboak bermatuko dituzten nekazal eta merkatu politiketan izan behar dute ardatza.
  • Elikadura subiranotasuna eta natur baliabideen babesa: elikadura subiranotasunak lurzorua, ura, haziak eta animalia espezien moduko natur baliabideen zaintza eta erabilpen jasangarria aldarrikatzen du. Lurzorua lantzen dutenek natur baliabideen kudeaketa jasangarrian eta aniztasun biologikoaren zaintzan zeresana behar dute izan. Zainketa jasangarriak insumo kimikoak eskatzen du laborantza bakar komertzialak, industria ekoizpen ereduko ustiapen intentsiboak, patentatzeko eskubidea eta baliabide genetikoen merkaturatzea bazterrera uztea.

Euskal Herriko agroelikaduraren egoera

Euskal Herriko nekazaritza eta abeltzaintzaren egoera ez da globalizazio liberalaren ondorioetatik eraginik gabe geratu. Bere ezaugarriak ez dira Europar Batasuneko beste herrialdeen ezberdinak: ekoizlearentzako prezio baxuak, landa esparruko lanpostuak galtzea, nekazaritza-abeltzaintzaren industrializazioa eta irabazi guztiez jabetzen diren egitura eraldatzaile eta merkaturatzaileak garatu izana. Hona hemen ezaugarri nagusien analisi laburra:

  • Nekazal eta abere aktiboen galera: 1997tik 2003ra EAEko lehen sektore barruko lana %30 jaitsi zen (18.950 langiletik 13.120ra) Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera. Nekazarien gizarte-segurantzako afiliazioa %20 jaitsi zen epe horretantxe. Arlo honetako aktiboen jaitsiera elikagaien salneurrien jaitsierari zor zaio. EHNEren esanetan, baserritarrek jasotako dirua duela 20 urteko bera ala baxuagoa da, nahiz eta merkaturaturiko gaien prezioak etengabean gora egin duen.
  • Ekoizpen gaitasunaren galera. Nekazal eta abere aktiboen galerak ekoizpen gaitasunaren beherakada ekarri du. Sektorearen “profesionalizazioak” ezin izan dio ekoizpen mailari eutsi. Esnekien esparrua esanguratsua da. Azken 5 urteetan Bizkaiak esne ustiategien %54 galdu du. 2006 bukaeran 316 ustiategi soilik zenbatu ziren, nahiz eta ez urruti oso sektore zabaldua zen. Ustiategi kopuruen jaitsierak, noski, enplegu zuzen kopuruan zein ekoizpen mailan eragina izan du. 1990ean Bizkaian 146,722 milioi litro esne ekoiztu zen bitartean, 2004an doi-doi pasa dira 91 milioitik.
  • Baserritarren autonomia galera. Enplegu eta ekoizpen prozesuak loturik ekarri du nekazal eta abeltzain ustiategien autonomia galera. Batetik, gero eta baserritar gehiagok integratu behar du ekoizpen sistemaren zein salneurrien baldintza guztiak kontrolatzen dituzten egitura handietan. Bestetik, euren funtzioa ekoizpenera mugatu ohi da. Produktuen eraldaketa eta merkaturatzea gero eta hein handiagoan pilatzen ari da industria eta egitura handien eskuetan.
  • Ekoizpen eredu intentsiboaren nagusitasuna. Ohiko ezaugarri estentsiboekin diharduten ustiategi berezi batzuk izan ezik, Euskal Herriko landa eremuan nekazaritza eta abeltzaintza industriala da nagusi.Esate baterako, EAE eta Nafarroako abeltzaintza ustiategiak arloko politikaren araberan daude, behi eta ardi-haziendaren kasuan salneurri baxuek dirulaguntzen mende uzten dituzte ustiategiak, txerri-haziendari dagokionean araurik gabe daude.
  • Transgenikoak Euskal Herrian. Euskal Herria, Europar Batasuneko gainontzeko herrialdeen moduan, ez dago produktu transgenikoen eraginetik at. Egun nekazaritza abeltzaintzan edo elikadura dauden GM produktuak hazi, labore, animali bazka eta giza elikagaietara iritsi dira bi prozesuri esker: batetik, indarrean den araudiari egokitutako berariazko askatzea; bestetik, kutsatzea, hau da, berariaz ala nahigabe askatu direnak, legez kanpo. GM organismoak ingurunean berariaz askatzea 2001/18/CE Direktibak arautzen du. Araudi honen ondorioz, Espainiako merkatuan honako GM produktuak aurki litezke: ereiteko haziak, industriarako inportazioak, elikagai industriarako zein abere bazkarako inportazioak eta elikagaietan prozesuan zehar atxikitzen diren mikroorganismoak, legamiak kasu. EHNEren esanetan, Euskal Herrian abeltzaintza eta nekazaritza gene ingeniritza saiakerak ere egin dira. Landa irekian buruturiko saiakera gehienak kutsadura transgenikoa saihesteko prozedura barik burutu omen dira. Araba eta Nafarroan egindako entseguak Neiker, Centro de Biotecnología de Navarra, ITGA, Petoseed Iberica eta Senasa enpresek eginak dira.
  • Nekazal lurren galera. Lur gabezia arazo orokorra da Hego Euskal Herriko nekazaritza eta abeltzaintza sektorearentzat eta oztopo nabarmena da sektore hau modu jasangarrian gara dadin. 1992tik 2002ra ereindako %18,98 galdu zen, eta bereziki lazgarria izan zen galera hori patata (%65), zuhain (gaztelerazko forrajea) (%59) eta baratze laboreen (%43) lurrari dagokionean. Lur galtze honen arrazoietan artean daude txandakatzerik gabeko ustiategien bertan behera uztea, baso eta zuhaitz landaketen zabaltzea eta, bereziki, hiri-lurzoruaren eta urbanizagarriaren hedatze nabarmena. Hamarkada berean hiri-lurzoru eta urbanizagarria %30 igo da. Joera honek nekazal lurren gaineko espekulazio presioak gora egitea eragin du.

Egungo elikadura eredua

Egungo nekazaritza eta abeltzaintza eredua erabat lotua zaie MMEk -Mundu Merkataritza Erakundeak, OMC gazteleraz- ezarritako neurri liberalei, elikaduraren premia kontuan hartu gabe, ezta lana eta osasunari dagokion gutxieneko gertutasuna ere, ez iparrean ez hegoan ere. Elikagaien prestaketa eta euren merkaturatzea ez da beste edozein merkatugairen ezberdina, ibilgailuena kasu.

Hala, elikagaiak, ehungintza bezalaxe, mundu mailako ekoizpen eta finantza sare izugarrien zati dira, nazioarteko enpresen mende. Halaber, mundu mailako sare eta merkatuen hauen gaineko erabakiak esparru aldeaniztunetan hartzen dira, herritarrak ordezkatzen ez dituzten erabakiguneetan, esate baterako: MME, NDF –Nazioarteko Diru Funtsa, FMI gazteleraz- edo MB –Munduko Bankua, BM gazteleraz-. Elikadurak, beraz, eskubide izateari utzi dio eta merkatugai hutsa bihurtu da.

Halere, Iparraldeko gobernuek ez dute beti elikadura merkatugai hustzat hartu. Lehen, gobernuek oso zorrozki zaintzen zuten elikaduraren esparrua eta bere babeserako neurri eta mekanismo andana erabili ohi zuten. Egungo erabateko pribatizaziora eraman gaituen garapen politikoan 3 une izan dira funtsezko: iraultza berdea, egitura egokitzerako programak eta MMEren sorrera. Garapen hau bermatu zuen filosofiak egun indarrean darrai, eta eredu hori ulertzeko aztarna nagusiak agerian uzten ditu:

  • Iraultza berdea izenarekin da ezaguna Rockefeller eta Ford fundazioek abian jarritako ekimena eta industria ekoizpenaren mundu mailako hedatzeari hasiera eman zion. Hazten ari zen elikadura segurtasun-ezari erantzun nahian, nekazaritza eta abeltzaintza industriala sustatu zituen Hegoaldeko herrialdeetan. Ekimenaren muina zera zen: haziak, hibridoak, ongarriak, pestizidak eta ureztatze sistemak bezalako teknologia paketeen bitartez, nekazal eta abere ekoizpena handitzeak gosea murriztuko zuela. Munduan zehar 30 urtez egin diren 300dik gora ikerketa eta txostenen ondorioak biltzen dituen azterlanaren arabera guztiz kontrakoa gertatu da: batetik, Iraultza Berdearen teknologiak Tropikoko landasistemak kaltetu ditu eta nekazal/abeltzainak ingurugiro zein ekonomia arriskuen aurrean babesgabe utzi ditu; bigarrenik, insumo -nekazal edo abeltzain arloko lehengai edo lagungarriak- hauen prezioa altuek nabarmen igoarazi dute latifundista eta nekazarien arteko aldea, azken hauek ez baitira gai teknologia honen gastuari aurre egiteko; hirugarrenik, ustiapenen errentagarritasuna txikiagotu egin da azken urteotan, insumo kimikoek sorturiko mendekotasuna zein lurraren higatze eta okertzea dela eta; laugarrenik, agroaniztasuna nabarmen murriztu da, izan ere, aldaki hibridoak hedatzeak, tokian tokiko laborantzak galdu izanak eta labore bakarrerako joerak elikadura aniztasuna eta biztanleriaren elikadura gabezia handitu dituzte.
  • Egitura Egonkortze Programak: mundu mailakonekazaritza eta abeltzaintza industrialaren hedatu izana Egitura Egonkortze Programei zor zaie. Programok ekonomiak euren ekonomiak berregituratzera behartu zituzten, esportazioari begirako ekoizpena igotzean, komertzioaren liberalizazioan eta kanpotik etorritako inbertsioetan oinarrituriko ekonomia baten zerbitzura. Arlo honetan gauzaturiko programek eta ekonomia berregituraketek esportazioari begirako laborantzen sailkatzea eta ohikoak ez ziren agroesportagarriak ekoiztea izan zuten helburu nagusi, bertako beharrizanak alde batera utzita. Hala “egokituriko” nekazaritza eta abeltzaintzarekin batera, bertako nekazal eta abere merkatua zein langileak babesteko eta laguntzeko estatuek zituzten azpiegitura, programa eta mekanismoak (diru-laguntzak eta prezioak kontrolpean izatea) ezerezean utzi ziren. Hala, egitura egokitze programek munduko elikagai merkatu bakar eta hiperlehiakor baten garapenari bide egin diote, MME lagun zutela.
  • Mundu Merkataritza Erakundeak (MMEk) nekazaritza-abeltzaintzaren arautze ezarako aukera eman du. Gobernuek etxeko nekazaritza-abeltzaintza sektoreari laguntzak murriztu dituzte eta merkatuen zabaltze etengabe baterako interesa duten korporazio handien esku utzi dituzten euren ekonomiak. Nekazaritza-abeltzaintza merkatu liberalizazioetan sartu izanak argi erakusten du elikadurari beste edozein sektoreri bezalako trataera eman nahi zaiola.

Hurrengo lau puntuetan azaltzen dira, bada, egungo sistemaren zehaztasun eta ezaugarri nagusiak:

  • Nazioarteko enpresen elikagaien gainean duten kontrola
  • Nekazal eta abere merkatuaren liberalizazioak agrokimika, farmazia edo hazi konpainien, agroelikadura korporazioen eta elikagai saltzaile handien arteko pilatzeak ekarri ditu. Korporazioak dira nagusi elikadura katearen une guztietan: elikagaien ekoizpena, lehengaien hornidura, garraioa, elikagaien prozesua eta merkaturatzea. Funtsean, liberalizazioari esker nazioarteko enpresa talde txiki batek zer elikagai, non, zeinek eta zer preziotan ekoiztu erabakitzeko ahalmena du. Nazioarteko enpresa hauen neurrigabeko botereak pisu politikoa du, eurek kontrolatzen dute merkatua, ez gobernuek. Estatu eta eskualdeek elikaduraren gaineko subiranotasuna galdu dute.
  • Prozesu honek nekazari eta abeltzainen autonomia urritu egin du. Euren produktuen eraldatzea eta merkaturatzea, gero eta neurri handiagoan industria eta egitura handien esku dago. Ondorioz, euren jarduera ekoizpenera mugatu zaie eta industria da gainbalioaz jabetzen dena. Testuinguru honetan, nazioarteko enpresek merkatu gaineko botere izugarri duten bitartean munduko osoko, iparraldeko zein hegoaldeko, nekazari eta abeltzainek finantza krisiari aurre egin behar diote.

Tokian tokiko ekoizpen eta merkatuaren desagertzea

  • Tokian tokiko ekoizpen, zabaltze eta merkaturatze sistemek, orokorrean enplegua bermatu ohi dutenak eta ekoizpen eredu ekologikoago izaten direnak, desoreka ikaragarrian dihardute lehian enpresa handien aurka.
  • Liberalizazioaren eraginez ekoizleentzako gutxieneko salneurri bermatuak ezabatu dira eta diru-laguntzak nabarmen murriztu dira. Nekazari eta abeltzainek, laguntza programen hondo-jotzeari aurre egiten ari direlarik, ezin diote kanpotik ekarritako elikagaien lehiari eutsi eta landatik ihes beste erremediorik ez dute. Hau da, insumoen salneurriak gora ari diren bitartean euren produktuenak behera egiten du, ondorioz, euren irabazia erabat laburtzen da. Prozesu honen erruz tokian tokiko elikagai ekoizpen eta merkatua desagertu egiten ari da.
  • Lehia ez-zuzenak eta insumo garestiekiko mendekotasunak landa arloko herritarrak txirotu eta euren ustiapenak alde batera uztera behartu ditu. Honen ondorio da nekazari eta abeltzainen proletarizazioa eta hirietara ospa egin beharra, azken hauetan topa ditzaketen enpleguak ez dira ez euren esparruari lotuak ezta egonkorrak ere. Eredu honek dakarren osasun, ekologia eta gizarte kostua mundu osoan pairatu da. Iparreko herrialdeetan, landa munduan galdutako lanpostu guztiak ez ditu bere egin ez industriaren igoera eskasak        ezta zerbitzu arloak izan duen igoera nabarmen baina ez-nahikoak ere. Hegoaldeko herrietan, non oro har nekazaritza eta abeltzaintzak pisu handiagoa duen, arlo hau lanpostuen %80 edo %90 hartzera iris daiteke, eta ondorioak, noski, okerragoak dira.

Ustiapen eredu prodktubista eta intentsiboa

  • Egungo ustiapen eredu intentsiboak epe motzeko irabazi du helburu bakar, horretarako natur baliabideak hondatzen dituzten produktu kimikoak erabilita ere. Halaber, ekoizpenaren kostuak murrizteko labore bakarraren alde egiten da, hala lurzoruaren kalitatea urrituz, basamortutzea eraginez eta bioaniztasunari kalte eginez, natur sistemen plaga eta gaixotasunen aurrean duten babesa kolokan jartzen baita.
  • Ikuspegi merkantilista honi jarraiki, azken hamarkadetan gene ingenieriatzara jo da elikagaien ekoizpena handitu eta merkatzeko asmoz. Erabilpen genetikoari buruzko ikerketa independente gutxi dago, 20ren bat, baina denak bat datoz gene ingeniaria ingurugiroari eta giza zein abere osasunari arriskutsua zaion salaketan. Euren arabera, helburuak bete baino kontrako norabide egin dugu. Transgenikoak landatzeak herbiziden eta intsektiziden erabilpena handitu du, eta beraz ekoizpen kostuak gora egin du. Honetaz gain, ikerketek estuki lotzen dituzte osagai transgenikoak eta nekazarien pobrezia, kanpoko insumo garestien mende geratzen dira eta.
  • Transgenikoek giza osasunean dituzten ondorioak bereziki kezkagarriak dira. Gainera, kontsumitzaileari ez zaio ematen elikagai bat transgenikoa den ala ez jakiteko aukera. EBren egungo araudiaren arabera, osagai transgenikoen %0,9 baino gehiago duten produktuek soilik dute etiketan informazio hori adierazteko beharra. Sistemarik eraginkor eta garbienak ere nekez berma dezake GM elikagaiak identifikatzea, labore transgenikoek kutsatu dituzten hazi eta elikagaiak ezin baititu kontrolatu.

Bioaniztasun galera

  • Agroaniztasuna nekazari eta abeltzainentzat bizi eta lan iturria izateaz gain, ingurugiroaren egonkortasunaren bermea da. Azkenaldian aniztasun hau arriskuan da enpresa fitoeraldatzaileen kontzentrazioa, gene ingeniriatza  eta haziei buruzko edo lan egiteko moldeei buruzko edozein ezagutza patentzako lege aukera direla eta.
  • Ohiko hazi biltze eta birsortze praktikak albo batera geratu dira eta egun fitoeraldatzaileak dira mundu mailako hazi eskariari aurre egiten diotenak.
  • Enpresa fitoeraldatzaileek presio itzela egin diete euren bezeroei (landa munduko langileak oro har) irabaziak handitu nahian, nekazal aldakien pribatizazio eta salmenta euren eskuetara mugatuz. Patente bidezko pribatizazioak bide eman die enpresa hauei hazien salmenta eskubideez, birsortzeaz eta ikerkuntzaz jabetzeko. Euren helburu nagusia mundu mailako landa komunitate eta ustiapen guztiek urtean behar dituzten hazi guztiak eros ditzaten da, erabat banatuz ereitearen lana eta aldakiak birsortu edo hobetzearena.
  • Hazi eta landareen esterilizazio metodoak, gene eraldaketaren bitartez, bioaniztasunaren murriztean lagundu du. Teknologia hauek haziak gordetzeari bidea erabat ixten diotenez, landa langileak urtez urte haziak erostera behartzen dituzte.

Elikadura subiranotasuna

Elikadura subiranotasuna egungo nekazal eta abeltzain industriarekiko paradigma alternatiboa dugu, 3 oinarritan sustengatua: elikadura gizakiaren oinarrizko eskubidetzat onartzea; herrialde eta estatu guztiei euren abeltzaintza eta nekazaritza eredu propioak garatzeko eskubidea onar dakiela; eta politika edo eredu horien gunean elikagaiak ekoizten dituztenak jartzea, hots, nekazariak, abeltzainak eta arrantzaleak, kontsumitzaileekin batera.

Definizio honetatik abiaturik, ekintzarako 3 ardatz nagusi zehaztuko ditugu: bata, elikadura eskubidetzat onartzea eta ez merkantzia moduan, honetarako elikadura subiranotasuna eta agroindustriala parez pare jarriko ditugu, azken hau baita mundu osoan, eta Euskal Herrian bertan ere, noski, nagusi dena; bigarrena, oinarrizko subjektuak diren landa ekonomien aldeko proposamen zehatzak egingo ditugu; hirugarrena, natur ondasunen –ura, bioaniztasuna, lurra,…- kontrol sozial eta publikoa bermatuko duten ekimenak zehaztuko ditugu.

X