Urrea: “Ezinbestekoa da Europak heriotza horiekiko duen erantzukizuna agerian jartzea, EB pertsona horiek abandonatu eta hiltzen uzten ari baita”

Neurri batean Europar Batasunaren politika militarraren eta ekonomikoaren ondorioz Mediterraneoan gertatzen ari den migrazio-genozidioak asaldaturik, EH Bilduk Afrikatik ihesean Europara iristen saiatzen diren pertsonen egoera larri eta jasanezina salatzeko adierazpen instituzionala proposatu zien gainerako legebiltzar-taldeei. Hala ere, EH Bilduk egiaztatu du Mediterraneoan ehunka pertsona itota hiltzea berdin zaiela, antza, alderdi guztiei, batek ere ez baitu inolako interesik azaldu proposamen horrekiko. “Gure proposamena jaso ondoren, erantzun ere ez dute egin”, deitoratu du Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduko legebiltzarkideak. “Talde horientzat bizitza guztiek ez omen dute balio berbera, duela gutxi Alpeetan hegazkin bat erori zenean oso era ezberdinean jokatu zutelako”.

EH Bilduren iritziz, Gasteizko Legebiltzarra ezin da mutu geratu azken egunotan Europako kostaldean Afrikatik zetozen ehunka pertsona (1.600 baino gehiago urtean zehar) hil direnean. Urreak adierazi duenez, “ezinbestekoa da Europar Batasunak (EB) heriotza horiekiko duen erantzukizuna agerian jartzea, EB pertsona horiek abandonatu eta hiltzen uzten ari baita, segurtasunaren izenean giza eskubideen defentsa erabat alboratu duelako”.

EHBildu

Iritsi berriei tresnak eskaini edozeinen eskubide eta betebeharrak eskuratzeko

Jagovad Buchra, Mohammed Fares, Ossama Elhjjami, Alba Fatuarte -Alternatibako kidea- eta Joseba Martinek aurkeztu dute, gaur goizean, Bilbo kulturen arteko bizikidetzari toki egingo dion hiri bihurtzeko helburu duen ekinbidea. 

Bilbotarren ia heren bat Euskal Herritik kanpo dator. Datu honek erakusten digu hiri hau osatzen dugun pertsonen arteko aniztasuna aberatsa dela, oso. EH Bilduren ikuspegitik, Bilbo hiri abegitsua izan behar da. Ildo horretan, Kultura Aniztasunaren Bulegoa sortzea proposatzen dugu, pertsona guztien eskubide sozial, zibil eta politikoak bermatzeko eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako eta elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldeko politikak garatzeko.

Beste jaruera ildo batzuen artean, Kultura Aniztasunaren Bulegoak, ONGI ETORRI ZERBITZUA abian jarriko luke. Zerbitzu horrek gure hiriko edozein pertsonak dituen eskubideak eta betebeharrak eskuratzeko tresnak eskainiko dizkie iritsi berriei, haien jatorria edozein dela ere.

  • Hala, zerbitzu horretatik herritar berri horien harrera eta informazio beharrei erantzungo zaie. Batetik, hirian dauden eta iritsi berriek erabil ditzaketen baliabide komunitario guztiei buruzko informazioa emango du (hiriari buruzko informazio orokorra, non erroldatu, osasun zerbitzuen kokapena, baliabide ludiko eta kulturalak…).
  • Herritar berrientzako harrera protokoloa egingo du, eragile sozial guztiak eta instituzioak inplikatuz.
  • Oinarrizko gizarte zerbitzuekin koordinatuko da, herritar berriei osasungintzarako, hezkuntzarako eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea errazteko.
  • Berdintasun Sailarekin batera, emakume migratzaileen behar espezifikoei erantzuteko programak garatuko ditu: gizarte baliabideei buruzko informazioa, prestakuntza ikastaroak, laguntza komunitarioa eta eraso matxisten kontrako babesa, besteak beste.
  • Euskara Sailarekin batera, doako ikaskuntza programak abian jarriko dira euskara ikasi nahi duten helduentzat. Batez ere, euskarazko ereduan ikasten ari diren seme-alabei lagundu nahi dieten gurasoentzat.

Azkenik aipatzea, Kultura Aniztasunaren Bulegoa eta Ongi Etorri Zerbitzua proposatzen dugula, besteak beste, 2012ko otsailean Bilboko Udalak egindako murrizketa sorta baten ondorioz, Inmigrazioko Udal Zerbitzua itxi egin zelako. Hain zuzen ere EH Bilduk salatu egin zuen murrizketa hau.

EHBildu Bilbo

OngiEtorriKartelaTxikia

Oskar Matute “Euskal gizarteari dagokio bakearen bidea zehaztea eta bidea egitea”

Alternatibaren bozeramaile eta EHBilduren parlamentari Oskar Matuteren partehartzea hurrendo igandean apirilak 26 Donostian aurkeztuko den “Bakerako Euskal Bidea” proposamenaren harira; gaztazka politikoaren ondorioei heldu nahi dion bide orria. 

Hiru urte eta erdi joan dira Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia egin zenetik eta hiru egun beranduago ETA erakundeak bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat eman zuenetik. Albiste oso garrantzitsua eta erabat ilusionagarria izan zen euskal gizartearentzat, bakea eta elkarbizitza erdiesteko aukera parez pare irekitzen zitzaiolako Euskal Herriari.

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzian nazioarteko ordezkariek ezagutarazi zuten adierazpenean jasotzen zen lehen puntua zen ETAk jarduera armatua behin betirako amaitutzat ematea, eta hori eman zen, baina gainontzeko puntu eta edukien garapenik ez da eman.

Denbora honetan guztian euskal herritarrek agerian utzi dute bidea egiteko gogoa eta ilusioa, bakeari eta elkarbizitzari beren ekarpena egiteko asmoa. Baina euskal gizartearen borondate horrek horma gaindiezin batekin egin du topo: Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik izan den jarrera itxi eta oztopatzailea. Konponbide integralerako baldintza berri eta eraikitzaileak eraikitzen joateko ez dute inolako aukerarik utzi. Hori nahikoa ez, eta euskal herritarren giza eskubideen aurka aritu dira. Modu ankerrean urratu dituzte herritarren giza eskubideak, azken hiru urte eta erdian ere bai.

Blokeo egoera honen aurrean, EH Bildun hausnarketa abiatu genuen, eta ondorioztatu dugu euskal gatazka politikoaren ondorioei aurre egiterakoan bide-orri adostua partekatzeko beharra daukala euskal gizarteak. Koalizioak berak eta berau osatzen duten alderdiek ere beren iritzia eman dute gai honen inguruan, baina dokumentu batean jasoa gabe genuen konpontzeke dauden gatazkaren ondorioak bere osotasunean bilduko dituzten arloak.

Jarrerak argitzeko eta kontrastatzeko beharra ikusten dugu EH Bildutik, horrek adostasunak bilatzea erraztuko duelako. Behar horri erantzuteko, gure eskaintza aurkeztuko dugu igandean, Donostian: Bakerako Euskal Bidea.

Joan den urtarrilean Irungo Ficoban aurkeztu genuen Euskal Bidea ekimenaren garapena da igandean aurkeztuko dugun Bakerako Euskal Bidea. Bata bestearen garapena izatean, filosofia bera daukate: euskal gatazka politikoaren ondorioak konpontzeko bide-orri gauzagarria da proposatzen duguna.

Garai politiko berriarekin, bakearekin eta konponbidearekin konpromisoa daukagun guztioi irekia den proposamena da gurea. Gurea ez da soilik alderdi politikoei begira egindako proposamena, herritarrei zuzendutakoa da. Gurea ez da proposamen itxia, ekarpena egin nahi duten guztiei irekia da. Argi daukaguna da gai honetan ere adostasun zabalak bilatu behar direla, eta jarrera eraikitzaile horrekin landu dugu gure proposamen hau.

Gatazkaren konponbide integralerako, bakea eta elkarbizitza erdiesteko, bide-orri bakarra proposatzen dugu. Atal edo errei ezberdinak ditu, baina guztiek proposamen bakarra osatzen dute. Lau erreiko bide-orria da EH Bilduk proposatzen duen Bakerako Euskal Bidea.

Jatorri politikoa duen gatazkaren ondorioei aurre egiterakoan, lau dira, gure ustez, jorratu beharreko arloak: biktimak eta memoria, zigor eta espetxe politika eta iheslarien itzulera, armagabetzea eta desmilitarizazioa. Gai bakoitzak bere trataera propio eta zehatza izan behar du, baina lauek elkarren arteko harreman zuzena izanda, osotasunean hartu behar dira, bide-orri bakarra osatuz.

Euskal gatazkaren ondorioen konponbiderako proposamen egingarria eta logikaz beteak dira proposatzen ditugunak; baina gure jarrera eraikitzailea eta irekia izanik, euskal herritarrekin, eragile politikoekin eta sozialekin partekatu eta adostu nahi ditugu edukiak, bidea elkarrekin marraztu eta egin nahi dugu. Azken urteotan ageri-agerian geratu da Madrildik eta estatuko egituretatik ez zaigula inoiz erantzun baikorrik etorriko.

Horrenbestez, euskal gizarteari dagokio bidea zehaztea eta bidea egitea eta, zentzu horretan, EH Bilduk ekitaldi politikoa egingo du hurrengo igandean Donostian, gure proposamena aurkezteko.

Donostia politika sozialetan erreferente dela erakusten dute legealdi honetako datuek

Donostia hiri soziala da; politika sozialetan erreferentea. Donostiako Udalak gizarte ongizatean egiten duen inbertsioa da horren erakusle. Agintaldi honetan %7,74 igo dira alor horretara bideratzen diren baliabide ekonomikoak; 22.134.160 eurotik 23.993809 eurora. Lan eremu eta kapitulu guztietan egon da igoera, baina, bereziki bigarren kapituluan, zerbitzuetan: %57,9ko hazkundea (13.899.388 euro). Hori guztia udal aurrekontu orokorra murriztu egin denean. Hona hemen memoria osoa.

Memoria

Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotzi eta Alternatibako kideak iazko memoria aurkezteko garaian eman ditu ezagutzera datuok: “Udal Gobernuaren lehentasuna pertsonak direla nabarmendu nahi dut, eta gaur aurkeztera gatozen datuak horren erakusle dira: pertsonak gure politiken ardatzean jarri ditugu, eta gastu sozialean eta zerbitzu publikoetan inbertitu dugu, oinarrizko zerbitzuak sendotuz”. Zinegotziaren hitzetan krisi garaietan politika sozialetan sakontzea beste eredu baten erakusle ere bada: “Politika soziala egin eta ulertzeko beste modu bat jarri dugu agerian eta argi dago donostiarrentzat eskubide direla ongizate zerbitzuak; sare zabala daukagu herritarrak artatzeko eta baliabideak eta laguntza ekonomikoak hazi egin dira”.

Coadro 1

Donostiak zazpi gizarte zerbitzu dituela eta horietan guztietan iaz 13.615 pertsona artatu zirela zehaztu du zinegotziak, aurreko urtean baino %3,7 gehiago – horietatik 3.080 lehen aldiz gerturatu ziren zerbitzuetara-: “Donostiarrek egindako gizarte arloko eskaera ekonomiko guztiei erantzuna eman diegu. Udalaren ekarpen garrantzitsu honek, galga sendoa jarri ahal izan dio muturreko pobreziari edota jende ugarik etxea galtzeari, eta donostiarren ongizatea hobetu dugu”. Donostiak, zentzu horretan, aurten beste gizarte zerbitzu bat izango duela nabarmendu du Albizuk: “Loiolako Erriberetako gizarte zerbitzua errealitate bat izango da aurten, herritarrei zerbitzu hurbilagoa eta hobea emateko helburuarekin sustatu dugu proiektua, izan ere dakizuen bezala gizarte zerbitzuen sistemaren lehen sarbidea dira”.

Coadro2

Iaz 16.582 espediente tramitatu ziren, taulan zehazten ditugu gaika:

 

Coadro3

Udal baliabideei dagokionez, gizarteko segmentu kaltetuenei laguntzak bideratzea izan da ardatza. Ildo horretan, udalak laukoiztu egin ditu agintaldi honetan udal diru laguntzak:220.205 eurotik 783.136 eurora. Hauen familia onuradunak ere zabaldu direlarik lau urteotan: 239 familiatik (2011), 679 familiara (2014). Pertsona kopuruari dagokionez zehaztu guztira 1.455 pertsona direla: 785 emakume eta 671 gizon. Zentzu horretan esan, diru laguntzen sistema osoan gertatzen den moduan, hemen ere emakumeen kopurua gizonena baino nabarmen handiagoa dela. Albizuren hitzetan laguntzak eskatzen dituzten pertsonen perfilak patroi komun bat daukate: “Gizarte bazterketak emakumearen aurpegia dauka eta hau egituraren ikuspegitik aztertu beharreko kontua da. Ezin du kasualitatea izan datuak hain esanguratsuak izatea”.

Jon Albizuk gogoratu du diru laguntza hauek puntualak direla, ez aldizkakoak:“Oinarrizko beharrei aurre egiteko eta bazterketa soziala jasotzeko arriskuan dauden pertsona edo familiak gizarteratzera bideratuta daude”. Ildo horretan nabarmendu du hipotekak edo etxebizitzarekin lotutako gastuak ordaintzera bideratzen direla laguntza hauen %43,41, hau da, 340.000 euro: “Diru laguntza hauen bidez etxegabetzeak saihesten dira”.

Coadro4

Laguntza fiskalek ere aipamen berezia behar dute. Zerga eta tasa ezberdinak ordaindu ahal izatera bideratzen dira eta iaz 3.203 pertsona onuradun izan ziren, horietara bideratutako dirua 183.684 euro izan zelarik.

Coadro5

Iaz emandako aurrerapausoen artean etxez etxeko laguntza azpimarratzekoa da, izan ere, lehen aldiz zerbitzu honetarako prezio publiko bat ezarri zen iazko apirilean, zerbitzuaren kostuaren azpikoa dena – zerbitzuaren kostu erreala 20,53 eurokoa da eta prezio publiko berriaren arabera gehienez 18,75 euro ordaindu behar dira-. Jon Albizuren hitzetan neurri honi esker zerbitzua bermatzen da: “Etxez etxeko zerbitzua funtsezkoa da, nagusiki zerbitzu honek artatzen dituen adinekoen esparruko politiketan, hau da, norberaren etxean bizitzen jarraitzeko estrategia garatzeko politiketan. Estrategia horretan aurrera egiteko hartutako erabaki honek erabiltzaileen ekarpena leuntzea du helburu, honela zerbitzua erakargarriago izan dadin herritarrentzat”. Ildo horretan, iaz 468 eskaera berri jaso ziren eta guztira 1.535 pertsona artatu ziren zerbitzu honen bitartez, zerbitzuak.Donostiako Udalak zerbitzu honetara bideratzen duen ekarpenak ere igoera nabarmena izan du agintaldi honetan, izan ere, 1.748.000 eurotik 3.142.000 eurora.

Coadro6

Donostia Lagunkoia martxan jarri izana ere hor txertatzen dela ere adierazi du zinegotziak. Albizuren esanetan pertsona adinduak gure gizartearen agente aktiboak dira: “Donostiako herritarren %22 adinduak dira eta hauei bereziki zuzendutako sustapenerako eta partaidetza aktiboko programak jarri ditugu martxan beraiekin elkarlanean, beraien eskuetan tresnak jarriaz, gure hiriko dinamiketan parte hartu dezaten”.

Etxez etxeko laguntzatik at, adinduen zerbitzuetara bideratzen diren baliabide ekonomikoak, guztira, 3.152.724 euro dira. Hemen hainbat eta hainbat zerbitzu eta programa daude; etxean obrak egiteko laguntzak, etxebizitza sozialak, zahar etxeei diru laguntzak eta ekintzak antolatzeko programak. Zahartze aktiboa sustatzeko programa ere garatu da, + 55, eta honetan 540 ekintza egin zirela iaz, eta horietan guztietan 19.674 lagunek hartu zutela parte.

Etxez etxeko laguntzara bueltatuz eta kolektiboei erreparatuz nabarmendu behar da adin txikikoei jartzen zaien arreta. Zerbitzu honetan artatu diren lagunen %2,1 baino ez badira ere, zaintza beharra duten adin txikikoei ere zerbitzua eskaintzea izan da eta apustuetako bat.

Coadro7

Guztira 418.486,6 zerbitzu ordu eman ziren iaz etxez etzeko zerbitzuan, eta izandako gastu osoa 8.637.488,68 eurokoa izan zen, partida sendoenetakoa. Udalaren ekarpena gastu osoaren %36,37 da, erabiltzaileen ekarpena %13,12koa, da eta beste guztia diputazioaren finantziazioaren bitartez ematen da. Orduak mantendu egin dira hurrengo taulan ikus daitekeenez, eta beste inguruko herri, hiri eta abarretan gertatzen ari denaren kontrako joera egon da.

Adingabeetara itzuliz, esan kolektibo honi eta bere familiei zuzendutako programak eta zerbitzuak ere anitzak direla. Partida orokorra 2.156.147 eurokoa da. Babesgabetasun arriskuari aurre egiteko interbentzio ekimena azpimarratzekoa da hemen, ebidentzian oinarritutako bi programa dira: SafeCare eta Incredible Years. Programa berri hauek prebentzioan jartzen dute arreta eta horretarako babesgabetasun kasuak identifikatzeko protokoloak ezarri dira alor ezberdinetan, beste eragileekin elkarlanean. Zerbitzu sozialen bidez, berriz, adingabeen babes gabeziaren inguruko 678 kasu artatu dira.

Udalaren eskumen ez diren bestelako baliabideei ere erreparatuko diegu azkenik. Gipuzkoako Foru Aldundiak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko baldintzak betetzen ez dituztenei bideratutako laguntzak 396 onuradun izan zituzten iaz. Laguntza hauek lurraldean 12 hilabete erroldatuta daramaten pertsonei daude bideratuta eta baita adin nagusiko izatera iritsi izanagatik baliabideetatik kanpo geratu diren gazteei, une horretan gizarteratzeko bizilekurik eskuratu ez dutenean edo familiartekoekin bizi ez direnean. Foru Aldundiak 1.732.184 euro bideratu zituen hauetara, eta ahalegin hori aitortzeko eta eskertzeko modukoa da. Udalak kudeatzen ditu laguntza hauek gizarte zerbitzuen bidez.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari dagokionez, 4.871 onuradun izan ziren iaz. Eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazioa Osagarriak, berriz, 2.175 onuradun. Lanbidek kudeatzen ditu baliabide hauek.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak aipatuko ditugu azkenik. Donostiako Udalak 949.859 euroko diru ekarpena egin zuen iaz eskaera guztiei aurre egin eta laguntzak osatze aldera; bideratzen den diru kopuru osoaren %41,8. Guztira 2.270.430 euro bideratu ziren. Ondorengo koadroan azaltzen dira, behar ezberdinetara bideratu ziren kopuru ekonomikoen xehetasunak:

Coadro8

Gizarte ongizatearen argazki osatu bat izateko jarraian erakunde ezberdinen eskumen diren bitartekoen taula jasotzen da, bakoitzak zenbat onuradun dituen eta bakoitzera zenbat diru bideratzen den zehaztuz.

Coadro9

Coadro10

Donostia Gaur

X