Ekonomia ekologikorako oinarriak

Azken hamarkadetan natur baliabideen kontsumoak gora egin du, sistema sozioekonomikoarentzat arrisku larria bihurtu izateraino, sortzen dituen ingurugiro arazoengatik zein baliabideen euren agorpena dela eta. Ekonomia-finantza krisia eta egungo arazo sozialak (gerra, gosete,…) bizi dugun ekologia hondatzearen isla dira, zibilizazioa historian ikusi ez den moduko amildegi ertzean jarri gaituen hondatzearena.

Ildo honetan, kapitalismoaren eta industria iraultzatik sortutako produkzio indarren hazkundea energia ugari eta merkeari esker izan da. Energia honen agorpenak errealitate termodinamiko gordinera itzuli beharra dakarkigu: gizakiak gai izan beharko du energia berriztagarriek eskaintzen dioten energia ardatz hartuta antolatzeko. Krisia honek aldaketarako aukera paregabea ematen digu, egoera arruntean ezinezkoa zena posible bihurtzen baita bizi garenekoa bezalako ezohiko garaietan.

Modu honetan, mendebaldeko zibilizazioaren jasangarritasun eza birbideratzeak indarrean den eredu sozio-ekonomikoa, ekonomia hazkunde etengabe eta mugagabean eta kontsumo irrikan oinarritua dena, arazoaren muintzat hartzea eskatzen du. Natur baliabideen ustiapenak ez du parekorik izan historian zehar: XX mendeko bigarren erdian aurreko belaunaldi guztiek baino baliabide gehiago kontsumitu dugu. Geurea da bere burua naturatik at, naturaren jabe, ikusi duen lehen zibilizazioa. Egungo gizarteak aurrerapena teknologiaren bitartez natura menderatzearekin lotzen du. Lehiak eraginkortasuna adierazi nahi du eta ongizateak kontsumoa. Hala ere, ikuspegi honek sortu duen mundu mailako ingurugiro krisiak irizpide hauek gezurtatu ditu eta natura eta gizakiaren arteko lotura birpentsarazi digu: ekonomia ekologiratu behar da, natura ekonomiratu beharrean. Modu honetan soilik lortuko da gizakia eta naturaren, ekonomiaren eta ekologiaren eta ongizatearen eta ingurugiroaren arteko oreka.

Beharrezkoa da, beraz, natur sistemek ezartzen dizkiguten mugei begirunea izatea; bai baliabideak eskuratzekoan, bai hondakinak asimilatzeko naturak duen gaitasunari dagokionean. Paradigma berri honen arabera natur sistemaren iraupena zehazten duten baldintzek berebiziko garrantzia hartzen dute, hauek gabe ez baitago inolako eredu sozial edo ekonomikorik eraikitzerik. Beste hitzetan, etorkizunak jasangarri izan beharko du, hala izan ezean ez bada etorkizunik izango. Jasangarritasuna gizarte justu eta berdinzaleago batera iristeko nahitaezko baldintza da.

Esandakoaren ondorioz, gizarte eredu berriak ekologia jasangarritasuna ekintza irizpidetzat izan behar du. Honek loturik dakar printzipio biotiko eta abiotikoak betetzea, ekonomia zikliko baten testuinguruan non materialak errekurtso biltegietatik –airea, lurra eta ura- hartu eta berriz ere itzuliko diren eta eguzki energiak emango dion indarra prozesuari. Hala, giza garapen jasangarriak eskatzen du:

  1. Ingurugiroa babestea eta baliabideak modu jasangarriak kudeatzeko planifikazio egokiak egitea.
  2. Berezko natur eta energia baliabideetatik abiaturiko garapen autokonzentratua bultzatzea. Honek beste helburu batzuk ere bermatuko lituzke: elikadura subiranotasuna, tokian tokikoaren garapena, zentralizazio-eza, buruaskitasuna eta ahultasun edo mendekotasun txikiagoa.
  3. Sistema sozioekonomikoen baitan aniztasuna, eboluzioa, autoantolaketa, buruaskitasuna, zentralizazio-eza eta kooperazioa sustatzea. Helburu honetarako erabakiak hartzeko parte hartzea bermatu behar da.
  4. Materialen zikloa itxi, ekosistema naturalek hondakin isurkiak birzikla ditzaten (beste era batera esanda, termino biofisikoetan egoera higiezina).
  5. Arrantza, ehiza eta nekazaritzaren moduko baliabide berriztagarriak erabiltzea ekologia sistemek baliabide horiek etorkizunean eskaintzeko aukera murriztu gabe.
  6. Baliabide berriztaezinen erabilera etorkizuneko beharren eta aukerako baliabideen arabera mugatzea.
  7. Egungo baliabideen erabilera eraginkortasun (produktu unitateko baliabide ustiapena murriztea) eta askitasun (baliabideen kontsumo orokorra murriztea) irizpideen arabera mugatzea.
  8. Arazoen aurpegi anitzeko ikuspegia erabiltzea, ekologia, gizarte, ekonomia, politika eta kultura irizpideei men eginda.

Azkenik, sistema soziekonomikoak bi printzipo handiren menpean antolatu behar dira: ardura printzipioa eta ingurugiroaren nagusitasun printzipioa. Ardura printzipioak ekintza zehatz batek gizartean edo ingurugiroan sortuko dituen ondorioen ziurtasun zientifikorik egon ezean babes neurriak ezartzea defendatzen du. Ingurugiroaren nagusitasun printzipioaren arabera, lurraren jabetza pribatuaren ordez beraren erabilera eskubidea ezarri behar da, hots, belaunaldi bakoitzak natur baliabide eta zerbitzuak erabiltzeko eskubidea du.

Honela, eredu sozioekonomiko berria zein politikoa bera funtsezko oinarri izango dituen irizpide hauei egokitu behar zaizkio, ingurugiroa hondatzea dakarten egungo parametroak alde batera utzita.

Izan ere, ingurugiro hondatze honek izaera antropogenikoa du, baina gainera arazo sistemikoa da. Lehiakortasun nahikeria, epe motzeko etekinak bilatzea, jabetza pribatua, lan indarraren merkaturatzea, globalizazioa,… zeinak merkatu ekonomiaren funtzionamendu ezaugarri diren,berebiziko eragileak dira naturaren birrintzean, berdintasun-ezan eta gizartea zatiketan. Jasangarritasunerako bideak nahitaezkoa da egungo eredutik aurretik aipatu ditugun printzipioetan oinarrituriko eredu berri batera igarotzea, non berdintasun, justizia eta ongizate helburuak Naturaren mugen araberako baliabide ustiapenarekin lotuko diren. Modu honetan soilik utziko dio ekonomia sistemak arazoaren muin izateari, hala bakarrik pasako da konponbidea izatera. Natur esparrua oso lotua zaio esparru sozialari, beraz, baten hondatzea bestea ekartzen du eta alderantziz. Egungo joera gainditzeko gizakia naturaren jabe izan beharrean bere partaide dela eta giza ekonomia natur sistemaren azpi-sistema soilik izan daitekeela ulertu behar da.

Testuinguru orokor honen baitan ekintzarako 3 ardatz nagusi ezarri ditugu: biomesia, hertzea eta berdintasuna.

        

Ekologia

Mahai honetatik natur prozesuei egokituko zaien eredu sozio-ekonomikoa proposatu da; sistema kapitalistak epe laburrera, interes pertsonaletara eta puzte hutsera begira daraman praktikaren erabat alderantzizkoa. Bestetik , hertze (decrecimiento gazteleraz) kontzeptua jo da ekoizpen hutsa lehenesten duten sistemen (kapitalista izan ala ez) arerio. Esan bezala, eztabaida hau ez dago amaitua.

Erakunde sozialisten saretzea europan

Saretze hau osatzeko honakoak izan behar ditugu kontuan:

  • Garrantzitsua da europar eraiketaren inguruko berezko jarrera izatea eta guk EBren berrosatzearen alde egin dugu. Lerrokatze neoliberalak sorturiko arbuioari jaramonik egin gabe, finantza eliteek euren egitasmoa ezarri dute; hori dela eta premiazkoa da EBren berrosatzea helburu duten indar politikoekin aliantza estruktural eta egonkorra osatzea, komuneko programarekin.
  • Programa honek europar eraiketa eredua proposatu beharko luke, federalismoan, sozialismoa eta parte hartze demokratikoan oinarrituko dena. Europar egitasmoa, bai barrura bai kanpora begira herritartasun orokorrean eta giza eskubideetan behar du oinarritu.
  • Aipatu moduan, saretzea erakunde politikoekin egin behar da, adosturiko egitarau politikoak, ekimenak eta alternatiba proposamenak oinarri izanda. Azpimarratu behar da baterako ekintzak ikuspegianitzeko egitarauetan oinarritu behar dutela, hau da, Alternatibarentzat ukaezin diren aspektuak bil ditzatela eta saretzeak ez dezala Alternatibak proposaturiko erakundetze demokratikoa bazterrarazi. Europar Ezker Antikapitalistaren Konferentziak, non europar alderdi politiko ugarik hartu duten parte, kide logiko eta berezkoa dirudi saretze honetan.
  • Ez da baztertu behar Europar Foro Sozialean eta EBren gaiekin loturiko beste nazioarteko mugimenduetan parte hartzen duten gizarte mugimenduekin koordinatzea, Via Campesina kasu. Gizarte mugimenduek Alternatiba eta kideturiko indarren egitarauak osatuko dituzten analisi interesgarriak egin ditzakete.

 

 

Europar egitasmoaren arbuioa

Neoliberalismo eta segurtasuneranzko lerrokatzeak europar askoren arbuioa eragin du. Halere, jarrera hauek ugariak eta anitzak dira eta erreformatik deusezterainoko jarrerak dituzte, bateratze egitasmoaren berrosatzea tarteko.

Europar Lege Biltzarrean ordezkaturiko ezkerra “Europa gehiago” behar delakoan dago Europa soziala lortuko bada, estatu nazioak ahuldu gabe, hauek baitira kapitalari aurre egin diezaioketenak eta euren ustez nazio esparrua da batez ere bizitza politiko eta soziala zein klase borroka ematen den esparrua.

Indar politiko antikapitalistek uste dute Europaren berrosatzea eman behar dela, ikuspegi federaletik, honek eduki soziala, ingurugiroari lotua eta erroko demokraziaren barnekoa lor dezan.

Azkenik, beste batzuk Europaren eraiketa atzera botatzearen aldeko dira, aurrekoek ez bezala, uko egin diote estatu-gaindiko egiturak egiteari, nahitaez herritarrengandik  aldendu eta urrutiratuko direla eta kontrol demokratikoa zailduko dela uste baitute, ekonomia eta finantza botere egituren aurrean moldagarriagoak izango direlakoan.

Europa nortasunaren bilaketa

Europar herrien aniztasunak ez du baimentzen kultura edo erlijioan osaturiko europar nortasuna osatzea, hau dela eta maiz nortasun honen esanguratsuena balore batzuei lotua zitzaiola aipatu izan da: europar eredu soziala, giza eskubideen defentsa, aniztasunarekiko begirunea, tolerantzia, elkartasuna, gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna, eskubide estatua,…

Ideia honen izaera eurozentriarrean geratu gabe, argi dago egitasmo europarraren egitarau hau aipatu nortasunarekin kontraesanean dagoela eta eredu honen bideragarritasuna beraxe birrinduz bermatu nahi delako paradoxa dugu aurrean. Gehiago dirudi merkatu logikan eta “bestearekiko” beldurrean oinarrituriko izaera bat egiteko saiakera, “Europa Gotorlekua” irudikatuz.

EBren demokrazia eskasia

Europar eraiketak gero eta nabariagoa den zilegitasun eza du. 80ko hamarkadaren erdialdera arte, ongizate estatuak giza isladun kapitalismoa garatu zuen, enplegu osoko egoera batean, nahiz era berean emakumeak hein batean lan merkatutik kanpo uzten zituen, eta honi esker integrazio europarrak irudi on samarra zuen. Neoliberalismorako aldaketarekin eta Brusela gerora estatu soziala deusezteko erabili dituen eskumenak hartzen hasi zenetik, Europar Batasunarekiko arbuioak gora egin du herritarren artean. Honi aurre egin nahian, imaginario elkarbanatu baten gabeziari erantzuteko bestearekiko beldurra aurkeztu digute, barruko zein kanpokoekiko, eta herritarrei europar eraketa barne eta kanpo segurtasunaren berme onenatzat aurkeztu zaie, zilegitasuna lortu nahian.

EBren globalizazioko polizia onaren irudi hori zatikatu egiten da EBren ekonomi interesak ezartzeko, inguruko natur baliabideak eskuratzeko eta moneta eta finantza konfiantza mantentzeko indar politiko-militar handiagoa bilatzen doan heinean. Lerrokatze militarista honi europar biztanleriak uko egiten dionez, “botere malgu” baten ideia sinestarazi nahi digute, arrazoi humanitarioetan oinarritzen omen dena, onargarriagoa gerta dakigun.

Bestetik, europar erakundeen demokrazia eskasia gora ari da: batasuneko agintariek aurrerapauso demokratikotzat bazuten Europar Konstituzioa erreferendum bitartez onartu eta Konbentzio –ustez parte hartzailea- formatu bidez egina izana, bere porrota ikusita ez dute zalantzarik izan atzera egin eta gobernuen arteko konferentzia ilunetara itzultzeko Lisboako Ituna osatzean. Irlandar ezetzaren ostean, berri bat diseinatu zen, baiezkoak irabazi arte.

Testuinguru honetan, ez da harritzekoa europar herritarrek euren burua eraiketa prozesu honetatik gero eta urrunago ikustea eta azken finean prozesu hau zein nortasunen helburutan ari den garatzen galdetzea euren buruei.

Europar eraikuntzaren neoliberalismoranzko joera

Europar egitasmoaren zentzu-aldaketa neoliberala 70ko hamarkada eta 80.ko hasierako ekonomia eta energia krisien ondoren hasi zen, finantza elitek eta nazioarteko enpresa nagusiek Bruselari merkatu eta moneta bakarraren ezarpena eskatu ziotenean, AEBk eta Britainia Handiak aldarrikaturiko globalizazio neoliberalaren harira. 90.ko hamarkadan joera neoliberal horrek aurrera eta gora egin zuen, batez ere 2000ko Lisboako Estrategiatik aurrera. Gizarte eta lurralde ezberdintasun itzelak sortuko dituen hazkunde ekonomikoa sortu zen horrela, metropoli eskualde handiak nagusi ziren prozesu batean, gero eta kulturanitzagoak izaki EB kanpoko biztanlearekin eta gero eta biztanleria gutxiagorekin geratu ziren eta agroindustria handien mende zeuden landa periferiekin arazoak sortuz.

Bestetik, finantza eta enpresa elite europarrek, moneta nazionala nagusitasun politiko eta militarraren babesarekin indartzearen estrategiari jarraiki, euroa babestuko duen botere politiko eta militarra lortzea dute helburu, europar egitasmoaren sakontze eta zabaltze prozesu baten bitartez. Sakontze hori, estatuek euren atzerri politika, segurtasuna, justizia eta barne saila eskumenei uko egitean datzana, interes nazional ezberdinek eta beto eskubideak oztopatzen zuen. Zabaltzea merkatuaren beraren zabaltzean eta lan-esku gaitu berri eta merkea lortzeko aukeran oinarritzen da. Bi prozesuak une berean eman dira eta herrialde berriak sartzearekin batera estatu kideen beto eskubidea galdu da eta erabakiak hartzeko bide berriak ezarri dira.

Joera neoliberal hauek europar eraikitzean izan dituzten ondorioak sakonak eta ugariak izan arren, merezi du 3 arlo bereziki aipatzea: merkatu politika bateratua, eskubide sozialak eta etorrera eta asilo politika europarra.

Merkatu politikari dagokionean, MMEren (Munduko Merkataritza Erakundea, OMC gazteleraz) barneko elkarrizketa aldeanitzak geldotu zirenetik, EBk Elkartze Ekonomikorako Akordioen (EPA ingeleraz) bitartez aldebiko elkarrizketaren alde egin du nazioarteko enpresa europarrei komeni zaizkien inbertsio arauak ezartzera deituak, baliabideen eskuragarritasuna liberalizaturik, erosketa publikoak baldintzatuz eta lan edo ingurugiro standarrak murriztuz. EBk dio akordio hauek kideen artean eginak direla eta elkarkidetzan eta parte hartzean oinarriturik daudela; baina akordioon ardatz nagusia arantzelen murrizketa da, baina alde ezberdinen arteko merkatu desorekak ezarpen huts bihurtzen ditu. Arantzel-tasak kentzeak txirotutako herrien giza garapena finantzatzea oztopatzen du eta akordioek herri hauei jabetza intelektual eskubideak betetzera behartzen dituenez, besteak beste, botika generikoak inportatzea debekatzen die. Honetaz gain, akordio hauek erreximen autoritario batzuen irudi sinbolikoa eta politikoa indartzen lagun dute, EBren “kide” bihurtu baitira, giza eskubideen gaia bazterrera utzirik.

Eskubide sozialei dagokienez, EBren politikek babes sozialerako sistemak murriztu ohi dituzte. Lisboako egitarauak ekonomia eredu liberaletan oinarrituriko modernizazioa proposatu du, gastu publikoa oinarri. Orobat, kontinente mailako merkatuen liberalizazioaren alde egiteak enpresa publiko nagusien pribatizazioa etengabea ekarri du. Erakunde bateratuek Lan Legeriaren berritzea aldarrikatu izan dute, malgusegurtasunaren kontzeptu korapilatsua aintzat hartuta, zeinak malgutasuna- hots, prekarietatea- eta segurtasuna uztartu nahi dituen. Hala, lan malgutasun handiagoa –lan kontratu malguagoak eta kaleratzeko erraztasun handiagoak- segurtasun sozial handiagoarekin –lan-gabezia laguntza altuagoak, hezkuntza handiagoa eta lanerako laguntzak estatutik- nahi dituzte batera. Beraz bi ertzeko politika da: prekarietatea handitu eta ongizate estatua indartu. Eredu hau modu desorekatuan garatzeko arriskua begibistakoa da, hau da, lan prekarietatearen igok burutzea segurtasun sozialeko neurri eskas batzuk hartzearen aitzakiapean. Danimarkan jaiotako eredu hau zerga altuak eta iruzur fiskal eskasa dituen testuinguruan soilik da bideragarria, baina oso zailki heda daiteke Europar Batasun osora. Logika liberal honen adibide ditugu asteko 65 lan orduen zuzentarauan eta hain arbuio handia jaso zuen Bolkstein Zuzentarauan.

Immigrazioari lotuta, Etorrera eta Asiloari buruzko Europako Ituna hautatutako immigrazioaren alde ageri d; hots, batasun kanpoko herrialdeetatik datorren giza baliabide gaituei ateak irekitzea etorri nahi duten besteei ateak itxita. Etekin nahikeriaz jositako ideia honek, zeina EBren eta bere lan merkatuaren interesi soilik begira egina den, txirotutako herrialdeei kalte handia dakarkie. Aipatu behar ere bizileku eskubiderik gabeko pertsonal egoztea, hegaldi bateratuak sortuta eta taldekako erregularizazioei ateak itxita, bisa biometrikoaren ezarpena eta mugak ikuskatzeko erakunde europarraren indartzea. Egozte hauek, gainera, tarteko herrialdeetara egin daitezke eta ez nahitaez jatorrizkora eta familia biltzeari mugak jarri zaizkio, familia bizitzaren aldeko nazioarteko itunek esandakoaren aurka. Egozte zuzentarauak etorkin irregularrak 18 hileko epera arte atxilotzea baimentzen du arau administratiboak tarteko, adingabeak atxilotzea eta Europara itzultzeko 5 urteko debekua.

Asilo politiken bateratzeari buruz, zeina 2012rako zegoen aurreikusia, bere gauzapena immigrazioaren kudeaketa hertsitzaile batean egingo den beldurra dago, mugen kontrolean eta agiririk gabeko pertsonen jarraipenean oinarrituko delakoan, eta ez dago batere argi asilo eskubide hori zenbatean bermatuko den balizko eskatzaileak ezin badira geure mugetara gerturatu EB inguruko herrialdeen kanporatze prozesua dela eta.

Europar erakunde sozialisten sarea eraikitzea

Mahai internazionalistak Europar Batasunean egin beharreko aliantza sistemari eman dio lehentasuna, ideologia soila baino kontu handiagoan izanda parametro berriarekiko irizpide komunak. Honetaz gain, mugimendu sozial berriekin harreman estua izango duen internazional berrirantz abiatzea ere funtsezkotzat jo da. Azkenik, ixteke geratu da nazio-gaindiko egitura handi eta luzeagoen aldeko apustua egitea mesedegarria den ala ez.

Internazionalismoa

false false MicrosoftInternetExplorer4

Abiatze proposamena hiru lan-ildotan banatzen zen hasieran:

  • Mundu mailako gobernu sozialista eraikitzea
  • Internazional sozialista berria eraikitzea
  • Europako erakunde sozialisten sarea eraikitzea.

Azkenik, eztabaiden nagusia europar ardatza izan da, hau baita Alternatibaren geografia esparrua, baina beste bi aradatzi uko egin gabe, izan ere, ardatzok geure ustez utziezinak dira eta europar esparruak aurrera egin heinean beste bi ardatzek ere aurrera egingo dut.

Honetaz gain, Alternatibaren joera internazionalista gidatuko duten irizpide nagusiei buruz ere eztabaidatu da, baita beste gaiekiko zeharkako lotura duten puntuak.

Europako ardatzari dagokionean, egungo EB ereduaren analisitik abiatu gara, neoliberalismoranzko joerak eta demokrazia urritasunak markatzen duten egungo europar proposamenari eginiko kritikatik. Egoera honen aurrean, ezinbestekoa da Europa berrosatzea irizpide sozialistaren bidetik, baldintza eta ideia berrien argitara, Alternatibak egungo mundu-sistemarekiko defendatzen duen erroko alternatibaren harira. Lortuko bada, bidea europar esparruko erakunde sozialisten saretzea izango da.

Hala, egungo europar eraikuntzari diogun arbuioa aztertu baino lehen, pertsonen eta herrien eskubideen aldeko Europa osatzeko genituen aurrebaldintza eta irizpide nagusiak azalduko ditugu:

  • Herri eta kulturen internazionalismoa, pertsona eta herrien ekimenetik jaioa, estatu-nazioan mugatzen edo itotzen ez dena. Hau ezin da mugarri izan internazionalismoa garatzen duten subjektuentzat, ez eta aldarrikatzen diren gai edo ekintzentzat.
  • Internazionalismoak giza eskubideetan oinarritu behar du, multzo unibertsal eta zatiezin moduan ulerturiko eskubide sorta batean, zeinak giza eskubideen hiru belaunaldiak hartuko dituen eta zentzu orobarneratzailea eta unibertsala izango duen.
  • Herritargo unibertsal ideia da Alternatibaren giza kontzeptua eusten duen oinarria. Ideia honen arabera gizaki guztiok gara eskubide eta arduren jabe gizaki izate hutsagatik. Beraz, ezin zaio inori eskubiderik ukatu inolako jatorri, arraza, sexu, etnia edo naziotasun arrazoirengatik, eta pertsona oro gara erantzule gizaki guztiek eskubide hauek eskura izan ditzaten.
  • Alternatiba erakunde politikoa denez, bere jarduera internazionalistak beste erakunde politikoekin saretzea izango du ardatz, gizarte mugimendu eta beste motako ekimenekin elkarlana baztertu gabe, baina ekintzarako elkarlanak politika arloko indarrak lehenetsiko ditu.

       Esan beharrik ez dagoEB honek Europar Batasunari egiten diola erreferentzia

X