EHBilduk TTIParen aurkako egunarekin bat egitera deitu du AEB eta EBaren arteko merkataritza akordioak izango dituen ondorio larriez ohartarazteko

Bihar, larunbata, Estatu Batuen eta Europako Batasunaren arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoaren aurkako protesta eguna deitu da kontinente osoan, TTIP deritzona. Herritarren gehiengoak sigla horiek ezezagunak dituen arren, Euskal Herrian zein EBeko gainerako herrialdeetan, ezkutatu egiten dute azken hamarkadetan aurrean izan dugun mehatxurik handiena: herrien burujabetzaren, lan eskubideen, zerbitzu publikoen, elikadura burujabetzaren eta pertsonen duintasunaren aurkako mehatxurik handiena, hain zuzen ere.

TTIPk botere gehiago emango die enpresa transnazionalei, horretarako legebiltzarrei eta instituzioei legeak egin eta herritarren eskubideak eta zerbitzu publikoak kudeatzeko gaitasuna kenduta. Herritarrei bizkarra emanda negoziatutako ituna da, Bruselan ugari diren lobbietako bulego ilunetan batzar sekretuetan landutakoa. Urrats gehiago bat da logika kapitalistaren bidean, pertsonak baino, kontsumitzaileak subjektu dituenak. Lan, ingurumen zein segurtasun araudi desberdinak desagerrarazi nahi dituzte, Europako Batzordeak berak dioenez “korporazioentzat kostuak murriztu eta atzerapen antzuak saihesteko”.

Benetako mehatxuak dira, besteak beste pertsonen osasuna arriskuan jarriko dutenak, izan ere, TTIPk multinazionalei Europan topatu ahal dituzten oztopo legalak erraz gainditzeko aukera eman ez ezik, batasunaren baitako araudietatik at jarduteko bidea zabalik izango dute gai garrantzitsuenetan, transgenikoetan, hormonen zein pestiziden erabilpenean kasu, kontrolik gabe lehiatuko dira markatuan. Merkataritza askatasunak egungo berme eskasak eta arreta printzipio guztiak gainditzeko aukera emango die.

Akordio honek inoiz ezagutu gabeko zigorgabetasun estatusa eskainiko die transnazionalei, hain da larria ezen beren interesen aurkako legerik onartuz gero, gobernuak salatu eta milioietako kalte ordainak eskatzeko eskubidea izango dutela, horretarako botere publikoetatik at sortuko diren epaitegi berezien bitartez, inbertitzaileak estatuen aurrean defendatzeko aitzakiarekin.

Hitzarmen hau, subiranotasunaren eta eremu guztietan herrien erabakitzeko ahalmenaren kontrako erasoa da. Euskal Herriaren kasuan, TTIPa onetsiz gero, erkidego gobernuei eta bestelako instituzio propioei hemengo herritar eta ondorioak pairatuko dituzten sektoreen eskubideak eta interesak defendatzea galaraziko zaie. Itun hau indarrean sartuz gero, adibidez, euskal gizartearen gaitzespen sendoa jaso duen frackingaren ustiapena geldiarazteko saiakera legal alferrekoak izango dira.

Guzti honengatik, Euskal Herria Bildutik protesta egun honekin bat egin nahi dugu, herrien burujabetasuna murriztu eta haien baliabideak modu arduratsu eta jasangarri batean kudeatzeko ahalmena kendu nahi dizkieten arau multzo honen kontra eginez. Beti ere, herritarren eskubideak defendatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. Horregatik, herritarrei Euskal Herriko kaleetan, Bilbon kasu, egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera dei egiten diegu. Eta, era berean, beste indar politikoei dei egiten diegu, gure herriaren askatasuna eta bizitzeko duintasuna mehatxatzen duen hitzarmen honekiko aldeko jarrera buelta eman diezaioten.

Preseski, EHBilduko europarlamentari Josu Juaristi, -hitzarmen hau babesten duten popular eta sozialisten kontrako borrokaren buru GUE-NGL talde ezkertiarraren partaide- argudio hauen defentsan izango da gaur arratsaldean Iruñeko Katakrak elkargunean, TTIPren ondorioak aztertuko dituen mahai inguru batean.

Alternatibak bakea eraikitzen Lokarrik eginiko lana eskertu eta gatazkaren konponbidean euskal gizartea inplikatzea lortu duela nabarmendu du

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek gaur goizean Lokarrik iragarritakoa izan du hizpide, alegia, datorren urteko martxotik aurrera beren jarduerari utziko diola. Ordura arte, bakearen eta herri honetako normalizazio politikoaren alde lanean jarraituko dute, “duela 8 urte jaio zenetik gaur arte sutsuki egin duten bezalaxe, ehunka lagunen artean, beren buruaz dioten bezala, akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko sarea osatuta”.

Alderdi ezkertiarretik eskertu eta nabarmendu egin dituzte “bakerako ezinbestekoak” izan diren Aieteko Konferentzia edota Bakerako Foro Sozialaren deialdi desberdinak, zeinetan gizartea bakea lortzeko helburuan inplikatzea lortu duten, “mugarriak izan dira Euskal Herriko normalizazio politikoaren, gatazkaren konponbidearen eta gizartearen berradiskidetzearen bidean, bakea nagusi izango duen etorkizun baterako oinarriak jartzen lagundu dutela, Paul Rios eta Lokarri osatzen duten gainerakoekin zorra izango duen etorkizuna, hain zuzen ere”.

Azkenik, Matutek azpimarratu egin du “oztopoen gainetik eta beren lanaren inguruan gezurretan aritu diren arren, Lokarrik lan txalogarria” egin duela eta, horregatik, “hutsune handia utziko du euskal gizartean”. Hala ere, gaineratu du bozeramaileak, “beren bidea amaitutzat emango dutela esatearekin berez albiste pozgarria zabaldu dute, izan ere, gaurko agerraldian azaldu dutenez, atzera egiterik ez duen bake prozesu baterako baldintzak lortu direla berresten du”.

Espainiako Erresumak enpresari kolpista eta hiltzaileak saritzen ditu

Alternatibaren Mahai Internazionalista

Madrilen, hile hasieran, Latinoamerikako Enpresari Kontseilua CEALen topaketa ospatu zen. Pentsa daiteke desberdintasun sozial eta ekonomiko handiak dituen kontinentean, bertako enpresaburuek bidegabekeria horietan erantzukizunen bat izango dutela. Adibide bikaina da Miguel Facusse, Honduraseko lurraren %0,14ren jabe da eta 2.000 lempiraren aberastasuna dauka, nekazari batek, batez bestez, urtean 5.000 lempira irabazten dituen.

Gainera, ezin dugu ahaztu halako aberastasuna duen pertsona batek politikari ustelen laguntza izan behar duela, enpresa pribatuen galerak herritarren lepotik ordaintzea baimentzen diotelako, edota aipatutako politikari ustel horiek estaldura eta zilegitasuna ematen dietelako enpresari horiei. Horixe da egunotan Madrilen gertatu dena, Mariano Rajoy eta Felipe Gonzalez CEAL topaketan Facusse bezalako alprojen aurrean hitz egin dutenean. Hondurasen Celaya presidenteak klase herritarren aldeko erreforma txikiak egin nahi izan zituenean, enpresari honek milaka hildako eragin zituen estatu kolpe kriminala sustatu zuen.

Guzti horregatik, Alternatibatik salatu nahi dugu Felipe Gonzalez eta Mariano Rajoy kriminalekin duten elkar aditzea, eta gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu Honduraseko herritarren borrokari, estatu kolpe baten bidez boterea zitalki kendu zietelako.

Gipuzkoak 165.000 euro bideratuko ditu Emakumeen Mundu Martxa laguntzera, emakumeen pobreziaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 165.000 euro emango ditu Emakumeen Munduko Martxarekiko lankidetza proiekturako. Emakumeen Mundu Martxa nazioarteko mugimendu feminista bat da, mundu osoan emakumeen pobreziaren eta haien kontrako indarkeriaren arrazoiak desagerrarazteko lanean dabilena, eta aste honetan Donostian egingo du bere biltzar europarra. Foru erakundeak tokiko mailan nahiz nazioartean eman nahi du babesa eta, horregatik, bi hitzarmen sinatuko dira: bata, MMM Forum Mulherreko nazioarteko idazkaritzarekin sinatuko da –Mozambikeko gobernuz kanpoko erakundea-; bestea, berriz, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxarekin –mugimenduaren tokiko plataforma, Euskal Herriko hainbat elkarte feminista biltzen dituena-.

Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezek, gaur aurkeztu ditu bi hitzarmenak Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako ordezkari Idoia Trenorrekin. MMMko nazioarteko idazkaritzako ordezkari den Graça Samok Mozambiketik bidalitako bideo baten bidez hitz batzuk esan ditu Aldundiaren laguntza eskertzeko. Akordio horien arabera, bi erakundeek hainbat jarduera egingo dituzte, emakumeen eskubideen alde eta indarkeria matxistaren kontra, bai gure inguruan eta baita nazioartean ere. Beren ekimenen artean, nabarmena da aste honetan bertan Donostian egingo denaren garrantzia. Izan ere, urriaren 10etik 12ra, Gipuzkoako hiriburuak Emakumeen Mundu Martxaren Europako Topaketa hartuko du. Herrialde askotako ordezkariak bilduko dira. Topaketa honetan, besteak beste, 2015ean kontinente osoa zeharkatuko duen karabana feministaren azken xehetasunak zehaztuko dira.

Diputatuak salatu du “gaur egun, pobrezia egoeran dauden 10 pertsonatik 7 emakumeak dira, eta horietatik % 60k indarkeria fisikoa naiz sexuala sufritzen dute. Mundu osoan dauden gizarte eskubideen urraketak jasaten dituzten emakumeak. Ezin dute parte hartu beren bizitzetan eragina duten erabakiak hartzerakoan.” Testuinguru honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu nahi du “desberdintasun horiek desagertu daitezen antolatu egiten diren eta elkarrekin borroka egiten duten emakumeen ahalduntzea”. Horregatik, Foru Aldundiak, nazioarteko gizarte mugimenduekiko lankidetzaren bidez, garapenerako kooperazio politika eraldatzaile bat sustatzearen aldeko apustua egin du, pobrezia desagerrarazteko helburuarekin, egiturazko kausetan eraginez -kausa politikoak, ekonomikoak, soziala, ingurumenekoak eta generokoak-.

“Kooperazio eraldatzaile bat sustatzeko eta aliatu estrategikoekin lankidetzan aritzeko ezinbestekoak da tokiko nahiz nazioarteko mugimendu sozial emantzipatzaileekin akordioetara iristea, hala nola Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxarekin (EHEMM) eta Emakumeen Nazioarteko Mundu Martxarekin (Fórum Mulher). Izan ere, horien helburu nagusia da borroka feminista, antikapitalista eta internazionalista. Bai Euskal Herrian eta baita munduko beste lekuetan ere, sare honetan integratuta dauden oinarrizko talde eta erakundeak lanean ari dira, pobrezia eta emakumeen kontrako indarkeria eragiten duten kausak desagerrarazteko. Haien balioak eta ekintzak aldaketa sozial, ekonomiko eta politikorantz bideratzen dira, eta Gipuzkoak Foru Aldundiak bat egiten du aldaketa horrekin.”

GFA Politika Soziala

X