EHBilduk lortu du Arabako Aldundiak atzera egin eta klausula sozialak sartuz lan batzuetarako lehiaketa publiko berri bat egitea

EH Bilduk lortu du Arabako Foru Aldundiak atzera egin eta klausula sozialak sartuz lan batzuetarako lehiaketa publiko berri bat egitea. Pasa den hilabetean EH Bilduk helegite bat aurkeztu zuen lehiaketa publiko hori bertan behera uzteko ez zituelako klausula sozialak jasotzen. Besteak beste, baldintza hauen bitartez lan baldintza duinak eta segurtasuna bermatzea da helburua, baita ingumena zaintzea, berdintasunezko politikak edo edo euskara bultzatzea. Otsailean foru arau hau onartu zenetik lan publikoen kontratazio guztietan araudi hau aplikatu behar da.

Baina handik eta ia bi hilabetetara, maiatzaren 13an, Diputatu Kontseiluak, Mañuetako hondakin urak Eskuernagako arastegira eramateko lanak kontratatzeko lehiaketa publikoa onartu zen. EH Bilduk espedientea aztertu du eta klausula sozialak ez daudela jasota ikusi zuen. Neurri horiekin egun diru publikoarekin finantzatzen diren beste obra publikoetan gertatzen ari diren praktika esklabistak saihestu nahi ziren, besteak beste, Salburuako Gizarte Etxean edo Gasteizko Autobus geltokian.

Hau guztia ikusita, akordio hori berehala bertan behera uztea eskatu zuen EH Bildu helegite horretan. Koalizioaren ustez, akordioa baliogabea zen, kalteak eragin zitzakeen eta ondoren kontratua deuseztatuz gero kalte ordainak ordaindu beharko ziren. Helegitea aurkeztu eta egun gutxietara, Gobernu Kontseiluak aurreko uztailaren 15ean kontratazioa bertan behera uztea eta beste deialdi publiko egitea erabaki zuen. Aste honetan Arabako Buletin Ofizialean lehiaketa publikoaren plegu berriak argitaratu ditu. Oraingoan, bai, klausula sozialak jasota daude

EH Bildutik Luis Salgado biltzarkide eta Alternatibako kideak erabakia txalotu du helburua lortu delako, hau da, langileen lan baldintza duinak bermatzea. Hori bai, herrilan hauek atzeratu egin direla azpimarratu du PP-ren gobernuak burugogorkeriaren ondorioz. Izan ere, Alderdi Popularrak ez zuen foru arau hau babestu baina aplikatu egin behar du.

EHBildu Araba

Alternatibak konponbidearen aldeko apustua berrestea txalotu eta salbuespen neurrien amaiera espero du

Alternatibako bozeramaile nazional Asier Vegak ETAren agiria izan du hizpide “bake prozesua eta gatazkaren konponbidea oinarri duen pauso definitiboa dela” ziurtatuta. Vegak “agiri honen bitartez, konfrontazio desberdinen eraginez izan diren ondorioak gainditzeko bidea ireki dela” uste du, “bake justua eta iraunkorra lortzea ahalbidetuko duena”. Aldi berean, ETAk “eragileen lekua hartzeko duen borondaterik ez duela” azpimarratu du, “Euskal Herriko indarren elkarlanari eta gizartearen aktibazioari protagonismo osoa emanez”.

Zentzu horretan, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak “Espainiako gobernuari, presoen irteera progresibo baten bitartez bere espetxe politikaren erabateko aldaketa exijitzeko garaia dela” nabarmendu du; duela 30 urte baino gehiago egin bezala, egun modu arbitrarioan eta helburu politiko argiekin urratzen diren euskal presoen eskubideak berrezartzea ahalbidetuko duena. Eta bide batez, Euskal Herrian indarkeria poliziala eta paramilitarra pairatu dutenenei sufrimendua aitortzea, oraindik biktima izaera ere ez dutenak”. 

Aldi berean, Vegak horrela berretsi du “Auzitegi Nazionala bezalako salbuespen epaitegi bat existitzea eta armak utzi dituen erakunde bati lotutako berariazko lege antiterrorista egitura oraindik aplikatzea inolako zentzurik ez duela”, eta horregatik, “espetxe politika salbuespenak mantentzea eutsiezina dela” adierazi du. Hau dela eta, “sakabanaketaren amaiera eta zigorra bete edota gaixo larri dauden presoen berehalako kaleratzea exijitu du”.

Bukatzeko, Alternatibatik sakabanaketaren erabilpena inoiz defendatu duten eta oraindik ere defendatzen duten indar politikoak – PP, EAJ eta PSOE – premiatu ditu “euskal gizartearen gehiengo zabalaren eskaerari entzungorrarena egiteari utz diezaioten eta behin betikoz, praktika antidemokratiko honekin amai dezatela, Bake Foro Sozialaren aholkuek jasotzen duten moduan”.

#28akereLIBRE nahi ditugulako!

Estatu espainiarra bere horretan dirau; epaiketa politikoak ezkerreko mugimendu zein ekintza politikoak zapaltzeko tresna boteretsua eskuan. Oraingoan, beste hainbatetan bezala, euskal gazteria du ituan, eta geziak zorrotz datoz. Makroepaiketa berri honek Euskal Herriko 28 gazteen kontra egiten du, beste modu batean pentsatu eta gizarte libreago bat aldarrikatu eta eraiki nahi izanagatik.

Egoera honen aurrean ezin gara geldirik geratu eta ez gara geldirik geratuko. Horregatik, Alternatibatik euskal gazteriaren kontrako jazarpen berri hau salatu nahi dugu eta behingoz, eskubideen urraketa sistematikoarekin buka dezatela eskatzen dugu. Epaiketa honekin gazteen kontra egin ez ezik, euskal herritar guztien eskubide oinarrizkoena ari direlako zapaltzen: adierazpen askatasuna, alegia.

Hau guztia dela eta, makroepaiketa bertan behera uzteko exijitzen dugu, edota pasa den ekainean Entzutegi Nazionalak auziperatutako 40 gazte absolbitu zituenean bezala, 28 gazte hauek ere absolbitzea.

Garai latzak izan dira eskubide zibil eta politikoentzat, adierazpen askatasunaz hitz egiteko eta pentsatzeko aukera gabekoak. Baina harresiak botatzeko eta hainbat hamarkadetan pairatutako bidegabekeria horrekin bukatzeko garaia heldu zaigu orain. Horregatik, euskal herritarrok ez dugu amore emango eta ez dugu gure gazteen kontrako jazarpen gehiagorik onartuko. Tinko mantenduko gara 28ak ere jazarpenik gabe eta libre izan arte!

#28akereLIBRE nahi ditugu! Gora euskal gazteria!

http://alternatiba.net/old-files/Libre28.jpg

Maroto, arrazista ezjakina edo asmo txarrekoa?

Toni Ramos eta Cristina Bereziartua – Alternatiba Araba

Maroto jauna, egunotan egin dituzun adierazpen arrazista eta xenofoboen aurrean, gure gaitzespenik irmoena ozen adierazteko beharra sentitzen dugu. Ez dakigu herritarrekin nahita aritu zaren gezurretan edo zure ezjakintasuna azaldu besterik ez ote duzun egin ziurtatzean aljeriarrak eta marokoarrak laguntza sozialak jasotzeko Gasteizen erroldatzen direla. Zure iruzur sozialaren aurkako gurutzadaren datuak ikusita, argi dago erroldatik kanporatutako pertsona gehienak, %75, bertakoak direla, eta %18ra ere heltzen ez direla jatorri magrebtarrekoak. Ez legoke gaizki zurea bezalako kargua dutenek informazioa bilatzea halako salaketa larriak egin aurretik, are gehiago herritar guztiek -zuk ere bai- dakitenean zure alderdiko bulego dotoreetan esertzen direnetako asko iruzurrarekin eta ustelkeriarekin harreman zuzena dutela, herritarren lepotik gainera, diru publikotik milioika euro desagerrarazten dituztela. Beraz, zuzenagoa litzateke esatea zu zeu, PPkoa izate hutsagatik politikari ustela zarela, pertsona jakin bat magrebtarra izateagatik iruzurra egiten duela esatea baino.

Zoritxarrez, zure adierazpen arduragabeekin ohituta gaude dagoeneko, are okerrago, ildo beretik doazen politikak ezartzera ohituak gaituzu, Frantzian Le Pen bezalako muturreko eskuindarrek babestutako politiken parekoak direla. Mota honetako diskurtsoak, Maroto jauna, arrazakeria eta xenofobiaren txinparta piztu besterik ez dute egiten krisiak kolpatutako gizartean, etorkinak egoera horren errudun bilakatuta. Baina egoera hau, zure alderdiak Gasteizko Udalean, Arabako Aldundian zein Espainiako Erresumaren Gobernutik ezarritako politiken emaitza zuzena dira. Zure hitzak gezurra baino askoz gehiago dira, gizartean pentsamolde faxistari bide egiten dion pozoitzea ekar dezakete.

Oker dabilena, are gehiago oker dabilena alkatea denean eta herritarrei kalte egiten dienean, okerra zuzendu eta publikoki barkamena eskatu behar du. Baina egia esanda, ez dugu uste hala jokatuko duzunik, zure politika arrazista eta xenofoboak aldatuko dituzunik uste ez dugun bezala. Ez dirudi, halaber, arduraz aritzearen argia piztuta diskurtso populista lagako duzunik hitz pedagogikoak eta arrazoituak erabiltzen hasteko. Eta benetan diogu, Maroto jauna, gustatuko litzaigukeela honetan oker dabiltzanak gu izatea. 

Gipuzkoak ‘Kabia’ sortu du, udal egoitzen kudeaketa bere gain hartuko duen erakunde autonomoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomo berri bat aurkeztu du gaur, Lurraldeko adinekoen 16 udal egoitzen kudeaketa pixkanaka bere gain hartzeko sortua. Horrela, Gipuzkoako udalek egindako aldarrikapen garrantzitsu bati erantzuten zaio eta Gizarte Zerbitzuen Legeak ezarritakoa betetzen du, izan ere, foru administrazioen konpetentzia da zentro hauen kudeaketa. Kabiak, lehenik, Villabona, Zumaia, Elgoibar, Lasarte-Oria eta Azkoitiko egoitzak hartuko ditu bere gain. Gainera, tresna garrantzitsua izango da Gipuzkoako gizarte zerbitzuen kudeaketa zuzenera bideratutako aldaketa baterantz urratsa emateko.

Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodríguezek iragarri du gaur erakunde autonomo honen sorrera arautuko duen Foru Arauaren erakusketa publikoaren tramitea hasi dela. Erakunde honen sorrera Batzar Nagusiek onartu beharko dute uda ondoren. Lehen urrats honen ondoren, Aldundiak, aurten, bost udalekin adinekoen udal egoitzen traspasoa egiteko akordioak sinatuko ditu, Gizarte Zerbitzuen 18/2008 Legean ezarritako konpetentzia banaketan ezarritakoaren arabera. Kabia osatuko duten lehen egoitzak Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte-Oria eta Azkoitia izango dira, alkateekin adostutako 2013-2016 Arretarako Hobekuntza Planeko egutegian jaso bezala. 

Bost egoitza hauetan 250 erabiltzaile eta 150 lanpostu inguru daude. Diputatuak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die egoitza hauetako langileei: beren lanarekin jarraituko dutela ziurtatu die, bai eta Aldundiak oraingo lan baldintzak mantenduko dituela ere. Era berean, egoitzetan dauden pertsonei esan diete arreta eta zerbitzu bera jasotzen jarraituko dutela. 

Foru arduradunak azpimarratu duenez, “Kabiaren sorrera urrats garrantzitsua da gure Lurraldean egiten ari garen gizarte zerbitzuen eredu aldaketarantz”. Rodríguezek gogorarazi duenez, “urte luzeetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak externalizazio eta azpikontratazioan oinarritutako zerbitzu publikoen kudeaketa eredua diseinatu du. Foru Gobernu honek, aldiz, gure zerbitzu publikoen kudeaketa publiko eta zuzena defendatzen du eta horretan sinisten dugu, bai eta gure konpetentzia diren ardurak Administrazioak guztiz bere gain hartzea ere. Horregatik, transformazio prozesu batean gaude eta horren barruan kokatzen da erakunde autonomo honen sorrera, gizarte zerbitzu mota guztien kudeaketa hartu ahal izango duena etorkizunean, horien artean adinekoen egoitzak, adin txikikoen zentroak, gizarteratzekoak, desgaitasunekoak, eta abar”.

Gipuzkoa Politika Soziala

X