Gu guztiona eurena bilakatu zutenekoa

Asier Vega, Joseba Permach, Ainhoa Beola eta Unai Ziarreta

Banku-fundazio bihurtzeak orain arte, kontu-emateen bidez, kutxen nolabaiteko kontrola eraman duten batzar orokorrak desegitea dakar, baita hamarkadetan ezagutu ditugun administrazio kontseiluak ere. Kutxetako zuzendaritza ez dute bezeroek edota erakunde publikoek euren ordezkari gisa aukeratutako gizon-emakumeek egingo, euren burua soilik ordezkatuko duten pertsonek baizik. Ez diote inori euren erabakien berri eman behar, ez diote inori egiten dutenaren kontu eman behar; are gehiago, eurak izango dira euren buruak epaitu ez ezik, aukeratuko dituztenak.

Beraz, astelehenean, BBK eta Vital banku-fundazio bihurtuz gero, kutxen eta Kutxabanken kontrol publiko eta soziala galduko du herri honek.

Nola egin dezake aurrera bere aberastasunaren gainean erabakitzeko eskubidea ez duen herri batek? Nola egingo dugu aurrera egungo testuinguru kapitalistan herritarrok ez badugu geure aurrezkien gainean erabakitzeko eskubiderik?

Ezin esan liteke euskal kutxek hartu duten pribatizazioaren bideak harritu egin gaituenik. Bilduk 2011n eman zuen fusiorako oniritziaren biharamunean bertan EAJk hautsiak zituen bertan jasotako akordioak, PPren eskutik, Bilduren ahalmena murriztu, Espainiako Legea aldatu eta egun erabiltzen duten «derrigortzen gaituzte» mantra sortzeko.

Hasiera-hasieratik zuten argi zein zen euren helburua. EAJk, Urkullu, Ortuzar eta Egibar jaunak buru dituela, ez du herri honen burujabetzarako ezinbesteko diren tresnak eraikitzeko borondaterik; alta, guztiz kontrako bidearen hautua egin zuen eta finantza-sistemari dagokionez, bertako ezaugarriei muzin egin eta herriari, baita espainiarrari ere, hainbeste desgrazia ekarri dizkion finantza-sistema espainiarra hartu du oinarri eta erreferente. EAJk ez du «Euzkadi»-ko ekonomia ardatz izango duen finantza-tresnari eutsi eta indartzea helburu betiere herritarron ongizate eta garapen egokia bermatzeko, oligarkia jakin baten aseezintasunari jaten ematea baizik. Ez gaitezen engaina, oligarkia jakin hori izan da EAJren agintarien gainetik gailendu dena, oligarkia jakin hori izan da orain dela gutxi arteko oreka zail horiek hautsiz, Gipuzkoa edota Araba Buru Batzarraren gainetik, Bizkai eta Euzkadi Buru Batzarreko gizon guztiei gailendu zaiena.

Honaino iristeko egin behar izan duten bidea, ordea, luzea izan da. EAJ, PP eta PSEren arteko aliantza ezinbestekoa dute neoliberalismo sutsuenari aurre egiten dion herriaren interesak behin eta berriz zapalduz, kapital metaketaren alde egin ahal izateko. Azken salto hau ez zaie hain erraz aterako, ordea. Kutxak «despolitizatzearen» aitzakiapean egin zuten Madrilgo Legea EAJ eta PPk, baina patronatu berria osatzeko aukeratu dituzten pertsonak enpresa-gizon edo bankariak izan beharrean, hain zuzen ere, alderdietako pertsonak dira, hiru alderdietako gizon-emakumeak. Politikariak kentzearena aitzakia merkea zela pentsa genezake beraz… baina ez, eurek politikari jakin batzuk kendu nahi zituzten, gero eta gehiago izan gaitezkeen politikariak, oligarkiaren interesak barik, herriaren interesak defendatzen ditugun eta defendatuko ditugun politikariak, hain zuzen ere.

Eta eurak asko dira, eta demokrazia burges eta ordezkatzaileak eskaintzen dizkien gehiengoak osa ditzakete, oraingoz, baina gu gero eta gehiago gara, gero eta gehiago gara merkatuen diktadura deuseztatu eta pertsona ekonomiaren gainetik jarri nahi dugunak; gero eta gehiago gara, etorkizun duinaren eraikuntzan, doiketa estruktural kapitalistari aurre egin eta eraldaketa sozialaren bidea hautatu dugunak; gero eta gehiago gara neoliberalismoak ondo erakutsita, EAJren sasijakitunen hitz politen aurrean, pobreziara kondenatu nahi gaituztela ikusten dugunak. Herri bat eraiki edo deseraiki egin baitaiteke, eraldatu edo pobreziara kondenatu, ahaldundu edo espoliatu… eta hori guztia egiten lagundu edo oztopatu egin dezakegu.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduko kideok, gure paperaren garrantziaz jakitun izanik, baina herriaren papera are garrantzitsuagoa dela azpimarratuz, bidegabekeria eta lapurreta handi honen aurrean, herriarekin gaude, kanpoan zein barruan, kalean zein batzarretan, bere etorkizunaren jabe izan nahi duen herriaren ahotsa ozen entzunaraziz.

ehbildu.net-en irakurri

Alternatibak alarde parekidea babestuko du Irunen eta erakundeei bazterketari zilegitasunik ez emateko exijitu die

Alternatibako bozeramaile Diana Urreak herritarrei dei egin die “Irunen zein Hondarribian, emakumeen bazterketarik gabeko jai herrikoi eta demokratikoen alde lanean aritu diren pertsona guztiei babesa adierazten jarrai dezatela”, alardeetan urtero gertatzen dena jakinda eta, Irungoa bihar ospatuko dela. Nabarmendu du, halaber, aurten alarde parekideak konpainia berri bat, Santiagokoa, izango duela, “horrek erakusten du, herritarren artean gero eta babes zabalagoa duela, beste behin ere, instituzioei aurrea hartuta gatazka konpontzeko bidean”.

Alternatibarentzat guztiz “onartezina da kargu publikoek plastiko beltzena bezalako jarrerak edota beren herriko jaietan askatasunez parte hartu nahi dutenak iraintzea eta bizkarra ematea babestea”. Leporatu diete halaber, balizko gehiengoetan ezkutatzea, izan ere, “oinarrizko eskubideak ez daudelako inongo gehiengoren menpe, errespetatu eta instituzioetatik bermatu beharra besterik ez dago”.

Joan den ostiralean, Gasteizko legebiltzarrean, eskatu zion Urreak Urkullu lehendakariari alderdikide duen Hondarribiko alkate Aitor Kerejetaren jarrera aldarazteko lan egin dezala, eta gauza bera eskatzen dio orain PSEri, “Irungo alkate sozialista Antonio Santanori exijitu diezaiotela alarde baztertzailea babesten ez jarraitzeko, gainera alarde parekideari harrera ere egiten ez dionean”. Are gehiago, kontraesana iritzi dio PSEko gazteriek alarde publikoaren lana saritu izana alderdi bereko alkate batek bere herriko biztanleen erdia baztertzen jarraitzen duen bitartean.

Urtero bezala, Alternatibako ordezkariak Irunen izango dira astelehenean Alarde parekidea “publikoa, parte-hartzailea eta bazterketarik gabekoa” bultzatu eta babesteko, alderdiko bozeramaileak esan duenez. Diana Urrearekin batera, Alternatibako ordezkari ugari bertaratuko dira, tartean Ander Rodriguez lurraldeko Politika Sozialeko diputatua eta Jon Lasa Koordinakunde Nazionaleko kidea. Han izango dira  berdintasuna eta bazterketarik gabeko jaiak  aldarrikatzen duten Irungo milaka gizon-emakumeekin.

Urkulluri galdetzen diogu ea onartuko duen Irungo eta Hondarribiko alkateek alarde parekideari harrerarik ez egitea, alarde baztertzailea babestuz

Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduko legebiltzarkideak alarde baztertzaileak gainditzeko benetak urratsak egin ditzala eskatu dio gaur Urkullu lehendakariari. Gogorarazi dio, halaber, Kerejeta Hondarriko alkatea bere alderdikoa dela eta, hartara, irailaren 8an alarde parekideari harrera egin diezaiola eskatzeko exijitu dio.

Eskubideak pertsonarenak dira, ez gehiengoarenak ez gutxiengoarenak, pertsonarenak baizik.

Oso egokia iruditzen zaigu, lehenengo eta behin, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi eginiko inkesta Hondarribiko alardearen inguruan. Inkesta horren arabera, galdetutako pertsonen gehiengoa ez dago ados egungo gatazkarekin eta, gainera, konponbide bat nahi dute, alardean parekidetasunez parte hartzea ahalbidetuko duena.

Inkesta horrek agerian uzten du, Erakunde eta alderdi politikoek konponbide baten bila berehala lanean hasi behar garela. Hala nola, inkesta horren emaitzak ikusita hurrengo ondorioetara heldu gaitezke: alarde parekidea agenda politikoan urte osoan eta ez bakarrik une jakinetan kokatzeko beharra dago.

Hain zuzen ere alardearen harira sortutako erakundeen arteko lan esparruan norabide horretan lan egiten da.

Lan esparru hori Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzendutako espazioa da, Emakunde eta Arartekoaren parte-hartzearekin. 

Lehen aipatutako guztiagatik, galdetu nahi diogu:

Nola baloratzen du Urkullu lehendakariak, Irungo eta Hondarribiko alkateek bertako alarde eta konpainia parekideei babes instituzionalik ez ematea?

Lehendakariari galdetzen diogu ea onartuko duen 2 alkate hauek Jaizkibel konpainiari eta alarde parekideari harrerarik ez egitea, alarde baztertzaileari babesa emanez eta emakumeen askatasunak eta eskubideak ukatuz.

E28ko manifestazioekin bat egitera deitzen dugu pertsona askeen herri aske bat aldarrikatzeko

Larunbat honetan, ekainak 28, mundu osoko kaleetan, Euskal Herrikoak ere bai, kolorez eta aldarrikapenez jantziko dira LGBT kolektiboaren hamarkadatako borroka nabarmentzeko. Aurten 45 urte beteko dira Greenwich (New York) auzoko matxinadatik, askatasun sexualaren mugimenduaren baitan eta erakunde politiko, polizial eta erlijiosoek lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen aurka ezarritako errepresioaren kontra mugarri izan zena. Pertsona askeek osatutako herri askea eraiki nahi dugun heinean, larunbat honetan Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitzen dugu.

Europako azken hauteskundeetan muturreko eskuinaren gorakadaren, Afrikako hainbat herrialdeetan emandako errepresio bortitzaren eta Errusia bezalako herrietan zein Europako Batasuneko kide diren bestelakoetan, Kroazia kasu, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen kontrako aldaketa konstituzionalen lekuko izan gara. Errealitate hauen aurrean, pertsona guztien eskubideak eta askatasuna aldarrikatzen jarraitzeko garaia dela argi dugu, edozein izanda ere haien izaera, genero identitatea edo sexu joera.

Baina tamalez, Euskal Herrian ere ematen dira oraindik erasoak eta inposizioak matxismoa, transfobia, lesbofobia eta homofobia darabilten jarreretatik. Horren eredu dira Hegoaldeko saltokietan eros daitezkeen homosexualitatearen aurkako eskuliburuak. Horrexegatik, elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBT kolektiboarekiko aurreiritziak eta fobiak desagerraraziko dituenak, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta gizarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan.

Alterkaria: Alternatibaren aldizkariaren 3. zenbakia

Alterkariaren 3. zenbakian, aurrekoetan bezala, askotariko gaiak jorratzen ditugu. Emancipatiba Alternatibaren formakuntza eskola ageri da azalean, aurrera begirako proiektua, militantziaren artean ezagutza partekatzeko besteak beste. Horrez gain, Europako hauteskundeen edota Gure Esku Dago ekimenaren giza katearen emaitzen balantzea egin dugu. Horrez gain, Feminismoa, Internazionalismoa, Ekologia eta bestelako borroken berriak edota iritzi artikuluak jasotzen ditugu.

Alterkaria Alternatibaren paperezko aldizkaria duzu, gure jardun politikoaren azken hilabeteetako lana laburbiltzen duena. Militante guztiek etxean jasotzen dute sei hilabetean behin, eta zale zein bestelakoek aski dute Alternatibaren egoitzaren batetik igarotzea ale bat lortzeko. Baina paperean ez ezik, sarean irakurtzeko aukera badago, online ikusi edo pdf formatuan deskargatzeko hain zuzen ere. Irakurri eta zabaldu.

 

http://alternatiba.net/old-files/Alterkaria3.pdf

X