AHTren obren inguruko salaketak ez ikertzea eta langileen segurtasuna arriskuan jartzea egotzi dio EHBilduk Lan Ikuskaritzari
EH Bilduk Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan lan arloko araudia benetan betetzen den ez kontrolatzea leporatu dio gaur Lan Ikuskaritzari. Arri Zulaikak eta Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EH Bilduko legebiltzarkideak salatu dutenez, “antza, AHT ukitu ezina da eta bertan ari diren enpresek edozer egin dezakete, nahi dutena, proiektu horri dagozkion salaketen aurrean Ikuskaritzak bestaldera begiratzen duelako. Gure iritziz, hori onartezina da langileen eskubideak ez ezik, euren bizitzak ere jokoan daudelako. Finean, EAJ enpresa gutxi batzuen interes ekonomikoak langileen bizitzaren gainetik jartzen ari da, eta hori lotsagarria da”.
Jaurlaritzaren menpe dagoen Lan Ikuskaritza AHTren obretan utzikeriaz ari dela ikusirik, EH Bilduk Juan Maria Aburto Enplegu sailburuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, kontrol-organo horren jarduera argitu dezan. “Jakin nahi dugu zeintzuk diren Ikuskaritzaren irizpideak Erkidegoan egiten ari den obra publiko nagusian lege-hausteak ekiditeko eta, azken finean, langileen eskubideak eta segurtasuna bermatzeko”.
Maiatzean Zumarragako tunelean izan zen istripuak (tunelaren zati bat bertan behera erori zen) agerian utzi du berriz ere, Zulaikaren eta Matuteren iritziz, zer nolako baldintzetan egiten den lan AHTren obretan. Obra horietan dagoeneko zazpi langile hil direla gogora ekarri eta Lan Ikuskaritzari ezer ez egitea egotzi diote EH Bilduko legebiltzarkideek. Haien esanetan, “sindikatuen salaketek AHT ukitzen dutenean, Ikuskaritzak begiak ixten ditu; horren froga da maiatzean ELAren salaketari eman dion erantzuna. ELAk enpresa zehatz baten jokabidea salatu zuen Tabakaleran zein AHTn legedia urratzen ari delakoan; Ikuskaritzak, ordea, Tabakaleraren atala soilik aztertu du. Zergatik ez du ikertzen zer gertatzen ari den AHTren obretan? Lan Ikuskaritzak badaki obra horietan 18 orduko lan jardunaldiak egiten direla eta lurraldeko lan hitzarmenetan jasota dauden xedapenak urratzen direla, baina ez du ezer egiten. Zergatik ez du eskua sartzen AHTren obretan ematen diren lege-hausteen aurrean? Zeintzuk dira irizpide politikoak eta nork ezartzen ditu?”
Beola: “Bost axola zaie alternatibak egotea, beren helburua Kutxabank pribatizatzea da”
Dakizuen bezala, datozen asteetan EAJk, PPk eta PSE-EEk hainbeste denboran beren bulego ilunetan prestatzen aritu diren kolpea gauzatzera doaz. Kutxabank pribatizatzeko bideari ekin zioten duela hilabete batzuk jeltzaleek eta popularrek, eta etengabeko urratsak eman dituzte horretan. Eta nola ez, PSE bidelagun ezin hobea izan dute denbora honetan guztian.
EHBildutik ere denbora luzean ari gara Kutxabank pribatizatzeko arriskuaz ohartarazten, eta azkenean, gure kezkak arrazoizkoak direla egiaztatzen ari gara zoritxarrez. Aurreko astean kudeatzaile txintxoen mozorroak kendu zituzten EAJk, PPk eta PSEk, eta horren ordez, lapur mozorroa jantzi zuten. Izan ere, gure kutxak banku fundazio pribatu bihurtzeko egin beharreko urratsak emateko akordioa lotua zutela adierazi zuten.
– Neurrigabeko iruzur politiko eta sozial baten aurrean aurkitzen gara. EAJk, PPk eta PSEk euskal herritarrek beren izerdiaren bitartez egindako aurrezkiekin urteetan eraikitako finantza erakundeak lapurtu nahi dizkiete euskal gizarteari. Nafarroan CANekin eman zuten kolpea emateko prest daude hemen ere, Euskal Herriko eta Espainiako oligarkiaren apetak betetzeko eta gutxi batzuk negozioa egiten jarraitzeko. Baina kasu honetan, gureak diren finantza erakundeekin eta gure diruarekin.
– Eta hori guztia gauzatu nahi dute, gainera, gizarteari ere eztabaida publikoa lapurtuz. EHBildutik sarritan eskatu dugu eztabaida publiko hori egitea, baina ukatu egin digute beti, komunikabide publiko eta pribatuei hori egiteko aukerari atea itxiz, gainera.
– Debate beharrik ez dagoela esan dute behin eta berriz. Legeak horrela agintzen duela, eta derrigorrean bete behar dela. Argi eta garbi esan beharra daukagu EAJ, PP eta PSE gezurretan ari direla. Aitzakia merke horren ibilbidea laburra da oso. Lehenengo eta behin, zehaztu beharra dago kutxak fundazio bihurtzeko legea EAJk eta PPk adostu zutela Madrilgo Kongresuan, aurreko abenduan. Hau da, tranpati handienek bezala, beren helburu eta asmo ilunenak gauzatzeko legea egin zuten lehenengo, eta gero euskal gizarteari saldu nahi diote kutxak fundazio bihurtzeko beste aukerarik ez dagoela. Baina ez hori bakarrik. Gure hiru kutxak fundazio bihurtzeko akordioa izenpetu duen PSEko ekonomia gaietarako arduradunak berak duela gutxi aitortu du alternatibak egon badaudela. Alternatibak badaude, ez dagoena da borondaterik hori aldatzeko. Edo beste era batera esanda, bost axola zaie alternatibak egotea. Beren helburua Kutxabank pribatizatzea da, eta bide horretan kutxak fundazio bihurtzea ezinbestekoa da.
– Zergatik? Fundazioek izango duten egituragatik. PPk eta EAJk Madrilen adostutako legearen arabera, fundazioen zuzendaritza 15 kidek osatutako patronatuen ardurakoa izango da. Hau da, kutxen zuzendaritza kontrol publiko gabe arituko da. Eskuak libre izango dituzte Kutxabank pribatizatzeko operazioarekin jarraitzeko. Horixe da, hain zuzen, aurreko astean ezagutarazi zuten akordioaren mamia: EAJk, PPk eta PSEk adostu zuten tartaren banaketa zein izango den, eta kide horietako zenbat egokituko zaion alderdi bakoitzari. Jeltzaleek eta popularrek Kutxabank pribatizatzeko beste helbururik ez dute, eta PSEkoek ogi-apur batzuengatik saldu dituzte beren printzipioak. Gainera, joko berean sartu nahi dituzte beste batzuk.
– Alderdietako bulegorik ezkutuenetan lotu dute akordioa EAJk, PPk eta PSEk, herritarren begietatik urrun. Eta orain astoa zaldirik azkarrena bezala saldu nahian dabiltza iritzi publikoaren aurrean. Patronatua osatuko duten kideak “profesionalak” izango direla errepikatzen digute. Profesionalak bai, iruzur politikoak eta sozialak egiten profesionalak, eta EAJren, PPren eta PSEren aginduak zorrotz jarraituko dituztenak. Kutxabank herritarren atzaparretatik tirakada batez kentzen eta gero pribatizatzen profesionalak. Caixa-CaixaBanken berriki eratu duten patronatua eredu bezala aurkeztu nahian dabil orain Hiruko Lapurra. Edonor beldurtzeko moduko eredu Caixako patronatuan daudelako Espainiako oligarkiako kiderik esanguratsuenak: (Alierta, Telefonica…. )
– Esan dugun bezala, alternatibak egon badaude, eta eztabaida publiko eta soziala gauzatzeko denbora ere bai. Kutxak fundazio bihurtzeko legeak zehaztutako epea urte honen amaieran bukatzen da. EHBildutik aurreko astean plazaratu genuen akordiorako proposamena. Kutxabankek publiko izaten jarraitzeko neurriak eta proposamenak egin genituen. Kutxabankeko akzio bat bera ere ez saltzeko bideak zeintzuk diren azaldu genituen. Baina EAJ-PP-PSE hirukoak hartua du euskal finantza-sistemak duen tresna ahaltsuena pribatizatzeko erabakia, eta eztabaida publiko eta antzeko gauzak ez dituzte entzun ere egin nahi. Herritarren hitza eta nahia ez dute entzun ere egin nahi Horregatik ari dira arrapaladan erabakiak hartzen.
Egoera honetan, Kutxabanken pribatizazioaren aurkako manifestazioa egingo dute Bilbon, hurrengo larunbatean, gehiengo sindikalak eta hainbat eragile sozialek deituta. EHBildu bertan izango da, Euskal Herriak finantza erakunde indartsua eta publikoa behar duelako eta hori kalean eta instituzioetan defendatu eta aldarrikatu behar delako. Ezin dugulako onartu Espainiako eta Euskal Herriko oligarkiaren aginduetara ari diren EAJk, PPk eta PSEk gure gizarteari tamaina honetako iruzurra eta lapurreta egitea. Horregatik, Bilboko kaleetan egoteko deia egiten diogu euskal gizarteari.
EHBilduren aldizkaria, 8. alea: Giza katea ez dadila eten
Hamabostero bezala, Euskal Herria Bilduren aldizkari digitala kaleratu dugu, 8. alea oraingoan, PDF formatuan deskargatu edo sarean ikusteko. Lurralde bakoitzean koalizioak egiten duen lanaren berri eta, asteon, joan den ekainaren 8an antolatutako giza katearen analisia egiten dugu. Aldizkaria zure posta elektronikoaren bidez zuzenean jasotzeko, egizu harpidetza.
PNV, PSE eta PP, AHTren gainkostuak aztertzearen aurka
Eusko Legebiltzarrak EH Bilduk AHTren gainkostuak aztertzearen inguruan aurkeztu zuen legez besteko proposamena eztabaidatu zuen. Koalizioak Kontuen Euskal Epaitegiari eskaera luzatu nahi zion, “AHTren Gipuzkoako zatian egon ziren gainkostuak aztertzeko fiskalizazio txostena egin dezan, zerga-doikuntzengatik egindako egokitzapenak izan ezik”. Ekimena atzera bota zuten EAJk, PSEk eta PPk. Hala, “EAEn egin den obrarik erraldoiena eta kosturik handienekoan gardentasunez jokatrzeari” uko egin ziotela salatu zuen Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko legebiltzarkideak.
EH Bilduk “moratoria, gainkostuen auditoria eta eztabaida soziala irekitzea” eskatzen zuen bere ekimenean. “AHTarekin diru mordoa bideratzen da esku publikoetatik esku pribatuetara, enpresa jakin batzuk aberastuz herritarren esfortzuaren bizkar. 10.000 milioi baino gehiago emango dizkiegu, eta beraz, beharrezkoa da gardentasunarekin jokatzea. Jakin dugu gainkostuak daudela, eta beraz, arrazoizkoa da Jaurlaritzari eskatzea obrak geratzea eta gaia ondo aztertzea”, esan zuen Matutek.
Legebiltzarkideak adierazi zuenez, AHTk hasieran zeukan aurrekontua bikoiztu egingo du, gutxienez. Horrek ardura politikoak ere badituela esan zuen Matutek.