Amaiera onen garrantzia

María del Río – Alternatiba

Istorio batean garrantzitsuena bukaera dela esan ohi da. Baieztapena gehiegizkoa iruditu arren, egia da noiz edo noiz guztioi gertatu zaigula liburu edo pelikula baten amaiera kaskar batek lan osoaren oroitzapena zapuztea. Askorako eman izan dute telesail batzuen azkeneko kapituluekin egindako txantxek. Bukaerei asko eskatu ahal zaie, baina garrantzitsuena, dudarik gabe, garatu den ideia orokorrarekin koherentzia gordetzea da. Istorioei hori eskatzen badiegu, nola ez diogu ba gauza bera eskatuko gure bizitzei? Heriotza duinaren eztabaida tarteka zabaltzen da, eta oraingoan parez pare irekiko dela dirudi.

Gure bizitzaren protagonistak izan bagara, nola ez diogu eutsiko ba protagonismoari heriotzarena bezalako atal garrantzitsuan? Hau da, bizialdi osoan bizitza on bat izaten saiatu bagara, heriotza txukun batekin bukatu nahi izango dugu. Espainiako kongresuan eutanasia legeztatzeko lege proiektua aurrera doa. PSOEk proposaturiko testuak gabeziak baditu ere, badirudi Zigor Kodea aldatuko duen bidea geldiezina dela, zailtasunak zailtasun.

Zalantzarik gabe, bizitzarako eskubidea oinarrizko eskubidea da, baina inolaz ere ez betebehar juridikoa. Gainera, ezin da ahaztu bestelako giza eskubideak tartean ere badaudela, besteak beste, giza duintasuna, askatasuna edo ideologia eta erlijio askatasuna. Zenbait pauso emanak dira horiek guztiak asetzeko, esate baterako, tratamendu medikuak ukatzeko eskubidea –jakinda bizitza bera ere zalantzan jartzen dela–, edo Eusko Legebiltzarrean 2016an onartutako legea, zainketa aringarriak bermatzekoa. Aurrerapen horien garrantzia aitortuta, eztabaidak nahastea ez da batere lagungarria, eutanasiaren eta zainketa aringarrien debatea bereiztea ezinbestekoa baita.

Norberaren bizitzan agintzeko gaitasunaren trataera juridikoa aldatzeko unea da, batik bat, bitartekoei ezarri ahal zaizkien zigorrei dagokienez. Gizartearen eskakizuna da askatasuna eta autonomia pertsonala bermatzea, talde ahulenei babesa eskainiz. Idatz ditzagun bukaera hobeak.

GARAn argitaratua

Etxerik gabeko jendea

María del Río – Alternatiba

Eta jenderik gabeko etxeak egoteari lotsagarria zeritzon Kataluniako kantari batek film baterako sortutako abestian. Berriki Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman ditu EAEko Etxebizitza Legeari buruzko artikulu gehienak, eta horrek etxebizitza eskubidearen gaineko eztabaida berpiztu du. Legeak onartzen du eskubide subjektiboa dela. Ondorioz, egoera jakin batzuetan Jaurlaritzari erreklamatu ahal izango zaio, eta epaitegietara ere jo ahal izango da. Horrela bada ere, oraindik zail egiten zaigu etxebizitza eskubide osotzat hartzea; urrun dago hezkuntza eskubideak edo osasun eskubideak duten gizarte babesetik.

Dudarik gabe, oinarrizko eskubide hori bermatzeko ezinbestekoak dira epe luzeko inbertsio publiko handiak. Baina zer gertatzen da bermatzen ez bada? Bada herritarron bizi-kalitatea eta osasun fisiko zein mentala okertu egiten direla, gizarte eragin nabarmenekin; besteak beste, emantzipatzeko adinaren atzerapena eta jaiotza-tasaren eragin negatiboa. Laburbilduz, bizitoki baldintza egokiak ez izateak gainerako gizarte eskubideak indargabetu edo ahultzen ditu.

Etxebizitza eskubidea bermatzen dela esateko bizileku bizigarria eskaini beharra dago, eta tamaina zein bestelako ezaugarri egokiak bermatu, pertsona edo familia jakin batentzat. Beraz, ezin ahaztu eraikinen eta etxeen birgaitzeak duen garrantzia, ezta azken honek energia gastuan duen eragina ere. Are gehiago, legeak ingurua ere duina eta egokia izan behar dela dio. Ba al dituzte gure auzoek berdegune eta ekipamendu nahiko?

Gaia konplexua da, eta interes kontrajarri ugari daude tartean; merkatuak duen pisua nabaria da. Azken batean, etxebizitza eskubidea bermatzeko egitekoa handia da eta premiazkoa, halaber, nekez ematen den politiken arteko koherentzia. Horren adibide etxebizitza, zerga zein hirigintza politikak dira. Azkenaldian, etxebizitza hutsak desjabetzeko aukeran arreta jarri da. Dena den, muturreko egoeretan soilik erabili ahal den neurri horretan sakontzea baino, eztabaida etxebizitzaren funtzio sozialean ardaztuko nuke: bizi-baldintzak hobetzeko eta gizarte-bazterketa saihesteko tresna gisa.

GARAn argitaratua

Urtea irailean hasten da (Maria del Rio)

Europan ordu aldaketaren eztabaida pil-pilean dagoenean, hara nor datorren egutegia ere zalantzan jartzera. Baina hala da, gutako askorentzat urtea ez da urtarrilean hasten, irailean baizik. Bilboko Aste Nagusia gainditzean abiatzen da, Marijaia sugarren artean agurtzearekin batera. Oporren osteko kurtso berriarekin ziklo berri bati heltzen diogu eta, beraz, aldaketak egiteko une aproposa izaten da; gustatzen ez zaiguna apurtu eta zerbait berria sortzeko.

More…

Euskal Herriak bere historiaren kapitulu berria idazteari ekin dio

Gaurkoan Euskal Herriak bere historiaren kapitulu berria idazteari ekingo dio. Egun hau buruan izango dute gure herriko gizon-emakume guztiek, modu batean edo bestean; askok begiak bustita ere, mina nahitaezko bidaide izan dugulako bidean. Gustatu ala ez, gure historiaren parte da, eta horregatik guztion ardura da, herritar, erakunde zein eragile politiko, sozial eta sindikal, biharko egunari bakoitzak bere ekarpena egiteko, guztion eskubide guztiei errespetua arau bilakatu dezagun. Dena egiteke dagoen honetan, desirak diren hiru hitz besterik ez: Konponbidea, Herria, Etorkizuna.

More…

Alternatibak Hondarribiko alardearen eta Jaizkibel konpainiaren historia jasotzen duen komikia Iruñean eta Irunen aurkeztuko du

Alternatibak “Jaizkibel konpainia” komikiaren aurkezpena egingo du asteon, martxoaren 14an eta 15ean, Iruñean eta Irunen. Liburuak Hondarribiko alardearen historia jorratzen du, jatorrizko gertaera historikoetatik abiatuta, irailaren 8an urtero gogora ekartzen direnak, eta azken hamarkadetan herriko jaiak parekidetasunean bizitzeko hainbat emakume eta gizonek abiatutako borrokarekin amaituta.

Egilea, Iñigo Goikoetxea “Galgó” marrazkilari hondarribiarra, aurkezpen ekitaldietan izango da, eta ikerketa lanaren zein sorkuntza grafikoaren berri emango du. Komikia auto-edizioaren bidez argitara eman da, besteak beste, Alternatiba bezalako eragileen laguntzarekin, Jaizkibel konpainiaren borrokarekin aspalditik agertutako konpromisoarekin bat eginda.

Iruñeko aurkezpen saioa, Kultur Alternatibak antolatua, martxoaren 14an egingo da, Katakrak aretoan (Kale Nagusia 54) 19:00etan hasita. Irungo aurkezpen saioa, esan bezala, martxoaren 15ean egingo da, Kabigorri aretoan (Peña 1) 19:30etan hasita. Ekitaldietan komikia erosteko aukera izango dute bertaratutakoek. Salmentarekin bildutako dirua, osorik, Jaizkibel Konpainiarentzat bideratuko da.

 

Erdia badira, erdira daitezela

Alba Fatuarte  eta Mireia Arginzoniz – Alternatibako Mahai Feminista

Silvia Federicik esana, «emakumeen gorputza kapitalismoaren azken muga da». Kapitalak gure bizitzak kontrolatu nahi ditu, gure umetokietatik hasita, mozkinak metatzen jarraitzeko. Oso modu desberdinetan agerian gelditzen ari den patriarkatuaren erasoaldia da.

Orain dela gutxi, komunikabide guztietan trajedun gizonezko talde irribarretsu bat azaldu zen: gizon zuriak, autonomoak eta aniztasun funtzionalik gabekoak; Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek Familiaren Euskadiko Kontseiluarekin izenpetutako akordioaren berrespena jasotzen zuen albisteak, «jaiotza-tasa sustatzeko ituna» deritzona, Confebask patronalak ere bere egin duena.

Irudi honen aurrean, oraindik ez dakigu Urkullu, Olano eta besteak hazitarako animalien modura beren burua aurkezten ari ziren, edo benetan ez duten ulertzen argazki horretan oso agerian dagoen zer edo zer faltan zela. Bitxia bezain ohikoa bilakatu zaigu despotismo ilustratuaren garaiko leloa eraberritua datorkigula, «guztia herriarentzat, baina emakumerik gabe». Izan ere, bost gizon hauentzat emakumeok ez omen dugu zerikusi handirik jorratzen ari ziren gaiarekin, umeak izatearekin alegia, errealitateak kontrakoa dion arren.

Dirudienez, Euskadin «arazo» bat dago, emakumeok ume gutxi ditugulako. Baina, zergatik da arazo bat jaiotza-tasak behera egitea? Gizon hauek patronalak Gabonetan oparitu zien kalkulagailuari eragin diote, eta kontuak atera dituzte: Christine Lagardek dioen bezala, «agureak gehiegi bizi badira», eta gainera emakume nahikorik ez badago lan merkatua elikatuko dituen umeak ekartzeko prest… Nork ordainduko ditu pentsioak?

Halako batean, alarma guztiak piztu dira, eta «arazo demografikoaren» eztabaida zahar bezain faltsua pizten da. Zein da proposatzen duten konponbidea? Bost milioi euroren laguntza zuzenak, halako pizgarri politikak eraginkorrak ez direla egiaztatu den arren. Lana eta familia uztartzeko neurriak ere iragarri dituzte, hauek baliatzen dituztenen %90 emakumeak direla ezaguna den arren orokorrean, zaintzarako bideratuta. Neurriok, azken batean, erasoaldi patriarkal eta kapitalista hau indartzera datoz, lana generoaren arabera banatuz eta lan produktiboa eta ugalketari dagokiona bide desberdinetatik jorratuz.

Baina albiste txar bat dakarkigu Confebask eta PNVrentzat (ez bada erakunde bera direla, logo desberdinak izan arren): ez gara inozoak. Jakin badakigu beren benetako asmoa pentsioen sistema pribatizatzea dela. «Aurreikuspen sozialeko plan osagarriak», Pedro Azpiazu, Ogasun eta Ekonomia sailburuaren esanetan, eta herritarrei dei egin die halako plan pribatuen inguruan arreta jartzeko. Harago joan da Mariano Rajoy, banka handiaren morroi gisa jokatuta, zuzenean eskatu baitie herritarrei beren pentsioak osatzeko aurreztu dezatela. Santander edota BBVAren buruzagiek aspaldi eskatutakoari men egitea besterik ez da: legea baliatzea pentsio plan pribatuak kontratatzera behartzeko. Publikoa den ororen lapurretan jorratzeke duten azken negozioa da.

Guk argi dugu: Ez dugu onartuko pentsio sistemaren gainbeherarekin mehatxatzea jaiotza-tasa jaisten den bakoitzean. Xantaia baino ez da. Ez diegu utziko gure gorputzetara jotzea, berriro ere, kapitalari eusteko; ez dugu onartuko sistemak mozkinak metatzen jarraitzea ahalbidetuko duen lan esku merkea sortzeko inkubagailu hutsak izatea.

Indarra eta proposamenak ditugu bizitza eta pertsonen zaintza erdigunean jarriko dituen sistema baterantz aurrera egiteko. Beren benetako helburua familiak laguntzea balitz, batez ere bazterketa pairatzen dutenak gehienak bakarrik emakume baten ardurapean, haurrentzako bermatutako errenta sistema martxan jar zitekeen, edota zaintza berdintasun eta justizia irizpideetatik jorratuko dituzten neurriak ezarri. Aski da gogora ekartzea duela hilabete batzuk bukatu zen Bizkaiko erresidentzien gatazka, benetako arazoak non dauden ikusteko, eta zein gutxi egiteko prest ez dauden horiei konponbidea jartzeko.

Berriro diogu, proposamenak baditugu sistema heteropatriarkala iraultzeko, zaintza lanen morroi nahi gaituztelako, ikusezinak eta bigarren mailako herritarrak izatera kondenatuak. Isilik eta menderatuak nahi gaituzte, erditzen eta beren lan indarra ugaltzen jarraitzeko. Izateko eta gure gorputzen zein bizitzen gainean erabakitzeko gure oinarrizko eskubidearen kontrako erasoen aurrean izango gaituzte, autodefentsa feministaz jantzita, beren kontrolaren eta beldurraren diskurtsoa desegiteko prest.

Beraz, jaiotza-tasa baxua konpondu beharreko arazoa dela uste dugun aztertu aurretik, jorratu ditzagun pertsona guztien bizitza duina bermatzea ahalbidetuko dituzten alderdi guztiak. Bitartean, haur gehiago sortu nahi badituzte, eta gizartearen erdia direla, haiek erdi daitezela. Sailburu, diputatu, alkate eta patronaleko buru gizonezko guztiak jar daitezela horretara, gu ez baikara salgai dauden umetokiak, ez bost milioi euroren truke ezta saldu nahi diguten inongo jaiotza-tasa sustatzeko itunen truke.

2018ko martxoaren 8a

Fatuarte: «Emakumeak esklabu behar dituen sistamaren aurka egiten du feminismoak»

Gure kide Alba Fatuartek Euski Hoy irratsaioaren tertulia politikoan parte hartu du martxoaren 8ko greba dialdiaren harira hitz eginda. Dagoeneko, deialdia erabat arrakastsua dela esan du, eta mobilizazioaren inguruko hausnarketak plazaratu ditu.

https://www.youtube.com/watch?v=3Z4bVVGKNWs

Erdia badira, erdira daitezela

Irudi honen aurrean, oraindik ez dakigu Urkullu, Olano eta besteak hazitarako animalien modura beren burua aurkezten ari ziren, edo benetan ez duten ulertzen argazki horretan oso agerian dagoen zer edo zer faltan zela. Bitxia bezain ohikoa bilakatu zaigu despotismo ilustratuaren garaiko leloa eraberritua datorkigula, «guztia herriarentzat, baina emakumerik gabe». Izan ere, bost gizon hauentzat emakumeok ez omen dugu zerikusi handirik jorratzen ari ziren gaiarekin, umeak izatearekin alegia, errealitateak kontrakoa dion arren.

http://www.alternatiba.net/idazlanak/7665/erdia-badira-erdira-daitezela

Fatuarte: «»

http://www.alternatiba.net/es/idazlanak/7641/fatuarte-%C2%ABlos-agentes-han-tratado-como-locas-o-hist%C3%A9ricas-mujeres-que-han-denunciado-

Fatuarte: «Mila esker askotan ukatzen diguten lehen lerroan egon zareten emakume hautetsi guztiei»

Gaur EHBilduko Emakumeen guneari hasiera emango diogu. Eta akaso lehen galdera izan daiteke: Zergatik emakumeen gune bat erakunde politiko misto baten barruan? Ba argi dugulako EHBildu feminista bat nahi dugula, eta are argiago dugulako horretarako, botere harremanen aurrean emakumeok estrategiak konpartitu eta praktikan jarri behar ditugula, eta emakumeon arteko ahizpatasuna bultzatu behar dugula. Eta horretarako sortzera goaz espazio hau; emakume bilkideen topalekua, hausnarketa, eztabaida eta partaidetza espazio bat izango dena, gure ahalduntzeari zuzendua.

http://www.alternatiba.net/idazlanak/7591/fatuarte-%C2%ABmila-esker-askotan-ukatzen-diguten-lehen-lerroan-egon-zareten-emakume-haute

2018ko Martxoa

Jon Albizu «Jendeak egunerokotasunean erabiltzen duen trenean inbertitu beharrean AHTen inbertitzen dela da hemen arazoa»

Gure Alternatibako kide eta EH Bildu Gipuzkoako batzarkide Jon Albizu Onda Vascako eztabaidan pasa den 18/2/26an ADIF interpelatuz Legazpiko lan istripua beste inon gehiago gerta ez dadin.

http://alternatiba.net/es/idazlanak/7662/jon-albizu-%C2%ABel-problema-es-que-invierten-en-el-tav-en-lugar-de-en-el-tren-que-usa-la-

Datuarte

http://alternatiba.net/es/idazlanak/7645/fatuarte-%C2%ABel-museo-de-bellas-artes-lleva-a%C3%B1os-discriminando-sistem%C3%A1ticamente-las-muje

X