Catari Basauriko lantegiaren irekiera exijitzeko Alternatibak bat egiten du Edesako langileriak deitutako mobilizazioarekin

Alternatiba Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak ostiral honetan Basauriko kaleetan Cata enpresari Edesaren lantegia berriro ireki eta lanari ekin diezaiola exijituko dion mobilizazioarekin bat egitera deitu du. Fagorren erorialdiaren ondorioz lantegi honek pairatutako itxiera geroztik, bertako langileek “guztiz bideragarria dela” defendatu dute behin eta berriro. Zentzu horretan, guztiz beharrezkoa da produkzioa martxan jartzeko Catak baliatu dituen datu zehatzak mahai gainean jartzea.

Vegak, esleipendunaren eskaintzak Basauriko Edesa berriro martxan jartzeko konpromisoa barne hartzen zuela azpimarratu du, hala nola, lanpostu kopuru zehatz baten mantentzea. Horrela, “Catari bere konpromisoak betetzeko exijitzearen ardura hiru instituzio eskudunen eskuetan dagoela” baieztatu du eta aldi berean, “eragile politiko zein sindikal guztien eskuetan Edesako langileriarekin batera haien etorkizunaren alde borroka egitea ere”.

Azkenik, alderdi ezkertiarretik bat egin dute larunbateko deialdiarekin eta azpimarratu nahi izan dituzte Edesaren behin betiko itxierak edota bere produkzioa kanpora eramateak ekarriko lituzketen ondorio larriak “ez bakarrik Basauriri; eskualdeari, eta baita, Bizkaiko lurralde osoari ere, egun langabezi tasa larria pairatzen duena”.

EHBildu Arabak ezkerreko ikuspuntutik osoko zuzenketa egiteko gonbitea luzatu die beste biltzarkide taldeei

EH Bilduk Arabako Biltzar Nagusietako beste taldeei eskerreko ikuspuntutik osoko zuzenketa egitea gonbidapena egin die. “Arabako Foru Aldundiari aurrekontu hauek itzuli behar dizkiogu enplegua ez dutelako sortzen, zerbitzu sozial gehiago eta hobeagoak ez dituztelako bermatzen eta Araba ez dutelako defendatzen ingurumeneko arrisku eta Madrilgo asmo kaltegarrien aurrean”, esan dute Gorka Ortiz de Guinea EHBilduko legebiltzarkideak eta Luis Salgado legebiktzarkide eta Alternatibako kideak gaur egin duten prentsa agerraldian.

Zentzu horretan, EH Bilduk aurrekontuen egitasmoak Arabako interesei ez diela erantzuten esan du. “beste urteetako aurrekontuen berrargitalpena dira, Arabako Biltzar Nagusietara beste urteotan heldu diren aurrekontuak moztu eta kopiatu egin dituzte. Beraz, zergatik dugu eskuartean berriro berrargitalpen bat?” galdetu dio bere buruari EH Bilduk.

Koalizioaren ustez, EAJ izango da berriz Javier de Andresen foru gobernuari salbamendu-jaka botako diona. “Gure ustez, EAJ eta PPren arteko ituna berriz sinatuko de. Orain arteko esperientziak azken hiru urteotako aurrekontuek ez dutela balio izan egun Araba pairatzen ari den egoeratik atera ahal izateko agerian utzi du.

“Arabak ez du merezi hori beste urte bat. Arabako Alderdi Popularra ez da ezberdina. Cospedal, Gallardon, Esperanza Aguirre eta Monagoren alderdi popularra da. Hemengo alderdi popularrak ere b kutxa bat du, berak ere pribatizatzen du, berak ere lehengo klasean bidaiatzen du eta gutxi balitz, arrazista, populista eta xenofoboa da. PPren inguruan osasun kordoi bat ezarri behar genuela esan genuen eta berresten dugu. Horregatik beste indar politikoei osoko zuzenketa sinatzeko deia egiten diegu”, laburbildu du EH Bilduk.

EHBildu

Ardura soziala zerga-politikan

Helena Franco, Ander Rodriguez – Gipuzkoako Ogasun diputatua eta Gizarte Politikarako diputatua

Juan Mari Aburtok, Enplegu eta Gizarte Politikako Sailburuak, «zerga gainkargua» edo «zerga espezifiko» berri bat proposatu du mendekotasunaren beharrei erantzuteko. Lehendakariak berak ere galdetu du «egungo zergekin bermatu ote daitezkeen dauden gizarte zerbitzuak, egun dauzkagunak eta berriak». Galdera oker eginez gero, nekez izango da zuzena erantzuna, eta hala da kasu honetan ere. Ez da galdetu behar zein zerga-sistema behar dugun mendekotasuneko gastuari eusteko, baizik eta zein zerga-sistema den beharrezko politika publiko guztiei batera eusteko. Zaintza duin eta unibertsaletan egindako inbertsioak desorekatzen ote ditu, bada, diru-kontu publikoak? Euskal administrazioen gastu osoari egindako panoramiko batek ezezkoa adierazten digu. Euskadin gizarte zerbitzuetara zuzenduriko gastua %10,7koa da (Eustat).

Nola finantzatzen dira, egun, politika publikoak? PFEZaren eta, gehienetan, herri xehearen bizkar joaten diren zeharkako zergen bidez bildutakoaz. Gipuzkoan, zehazki, zerga-bilketa osoaren %37 PFEZetik dator (bere bilketaren %80 lan errentei dagokie) eta beste %50 BEZ eta zerga berezien bitartez jasotzen da.

Beraz, mendekotasunak ez ditu oro har administrazioak kinka larrian jartzen; eta finantzaketak ere ez du zertan etorri lehen ere euskal administrazio publikoen jardueraren zatirik handienari eusten dioten zergen gaineko gainkargu berri baten bidez. Hala ere, aski al da egungo inbertsioa herritar guztien eskubide sozialak bermatzeko? Ez, inola ere ez. Gizarte zerbitzuen euskal sistemak diru gehiago behar du.

Beharrezko diren baliabide horiek euskal sisteman txertatu ahal izateko, administrazioek beren gastua zorroztasun handiagoz kudeatu behar dute eta beren lehentasunak hurrenkera egokian jarri. Gipuzkoako Foru Aldundian, esaterako, argi daukagu zaintzen sare publikoa eta mendekotasuna duten pertsonen arretarako prestazio eta zerbitzuak direla gure lehentasun. Oso argi daukagu politika ekonomikorik hoberena gastu sozialeko inbertsioa dela, horrela ongizate kolektiboa lagundu, ekonomia aktibatu eta enplegua sortzen baita. Horrexegatik, beste administrazioen —Eusko Jaurlaritza edo gobernu espainiarraren— murrizketa sozialen aurrean Gipuzkoan, urtez urte, gizarte gastua handitzen ari gara.

Egia da mendekotasuna duten pertsonen arretarako gastuak gora egiten jarraitu behar duela, eta horren zati batek zerga-bilketa sistema aldatzetik eratorri behar duela. Hala ere, zergatik jarraitu zerga-sistema herri xehearen bizkar kargatzen? Zergatik ez egin hori enpresa handien mozkin eta fortuna handien bidez? Gipuzkoan erakutsi dugu nola egin daitekeen.

Ez da kasualitatea Ogasuneko diputatuak eta Gizarte Politikako diputatuak artikulu hau elkarrekin sinatzea. Zergatik? Gipuzkoan Ogasun Departamentuaren jarduna eta Gizarte Politikako Departamentuarena berezi ezinak direlako. Gure zerga politika ardura sozialaz landua dago. Txanpon beraren bi aldeak dira biak eta koherentziari eusten diogu zeinek bere politiketan. Ez da serioa beste gobernu batzuetan bezala alor fiskaletik zerga beherapenak proposatzea, eta aldi berean gizarte esparrutik fondo gehiagoren erreklamazioa egotea.

BERRIAn argitaratua

Vega: “Frackingak ondorio atzeraezinak ditu osasunean eta ingurugiroan beste herrialde batzuetako esperientziek adierazten dutenez”

Bizkaia fracking gabeko lurralde izendatzeko proposamena aurkeztu du gaur EH Bilduk Batzar Nagusien osoko bilkuran Asier Vega koalizioko batzarkide eta Alternatibako kidearen eskutik.

Bizkaia fracking gabeko lurralde izendatzeko proposamena aurkeztu du gaur EH Bilduk Batzar Nagusien osoko bilkuran. Asier Vega koalizioko batzarkideak defendatu duenez, gas ez arruntaren ustiapenerako egun dauden teknikek “ondorio larri eta atzeraezinak” sortzen dituzte osasunean eta ingurugiroan, “beste herrialde batzuetako esperientziek adierazten duten moduan”. Lur-azpiko zein lur-azaleko uren kutsadura, uraren gehiegizko ustiaketa, airearen kutsadura, negutegi-efektua sorrarazten duten gasen isurketa handia, eragin negatiboa biodibertsitatean, lur-eremuen okupazio altuegia  edo aktibitate sismikoa areagotzeko arriskua aipatu ditu Vegak. Gainera, frackinga egungo eredu energetikoa aldatzeko eta energia berriztagarrien garapenerako oztopo dela azpimarratu du Vegak.

EAJ eta PP Bizkaia fracking gabeko lurralde izendatzearen kontra agertu dira eta PSE abstenitu egin da. Vegak hiru alderdien diskurtsoak kontraesankorrak direla adierazi du. Bai, EAJ, PSEk nahiz PPk frackinga debekatzeari buruzko jarrera aldatu dute herrialdearen arabera. Hain zuzen, gaur EH Bilduk aurkeztu duen proposamena Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu zena da baina Bizkaian ez du babesik jaso. Vegaren ustez, hiru alderdiek frackingari ateak ireki nahi dizkiotela ezkutatzeko erabiltzen dituzte diskurtso nahasiak. “Frackingari bai edo ez esateko garaia da. Esplorazioa baimentzea frackingari bidea irekitzea da. EH Bildun argi daukagu: frackingaren kontra gaude dituen arriskuengatik”.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuetarako prospekzioetarako 22 milioi euroko partida gorde izana salatu du Vegak. “Hori bai, 2017 urterako, behin hauteskundeak pasata. Ez al dago behar inportanteagorik 22 milioi euro horien inbertsiorako?”

Gizartean frackingaren kontra dagoen jarrera geroz eta zabalagoa aipatu du Vegak. “Herri Ekimen Legegile bat abian jarri da frakinga debekatzeko asmoarekin eta herritarren artean jasotako 103.589 sinaduretatik, ia %40, Bizkaian jaso dira”. Era berean, hainbat udalek frackinaren kontrako ekimenak onartu dituztela ekarri du gogora EH Bilduk. Baita, EAJ edo PSEk gobernatzen dituzten herrietan ere. Ermua, Bermeo, Mungia, Zalla, Karrantza, Etxebarri eta Barakaldo, besteak beste.

Lurrazpiko gasaren ustiapenerako zein aukera dauden aztertzearen alde agertu dira gainontzeko hiru alderdiak eta ustiapenari buruzko eztabaida desberdindu dute. Vegaren hitzetan ordea, “ustiapenaz lasai eztabaidatzen ari garen bitartean, Eusko Jaurlaritzak diru partida gorde du, froga sismikoak egiten ari dira hainbat herritan, energia enpresek haien planekin aurrera jarraitzen dute. Beraz, babestu gaitezen lehenik frackingarengandik eta eztabaidatuko dugu ondoren” gaineratu du.

EHBildu Bizkaia

X