Hedabideez eta estereotipo matxistez

Lur Etxeberria Iradi eta Diana Urrea Herrera – EH Bildu

Udazkeneko hego haizeak iraileko kresal usaina dakarkigunean, oraindik gogora dezakegu irailaren 14ko igandea: Kontxako estropada eta emakume arraunlarien ahalegina, poza, urtetako lana agerian geratu zenekoa. Zirrara berezia eragin zigun hainbeste oztoporen gainetik kirolari lotuta jarraitzen duten emakumeak ikusteak, Kontxako estropada ez ezik, emakumeek arrotz zaizkien uretan lehiatu behar dutelako egunero eta kirolean nabarmen. Garaipen txiki bat zela sentitu genuen, emakume arraunlari guztien garaipena, emakume kirolari guztiena, emakume guztiena eta jendarte osoarena. Udazkeneko hego haizeak dakarren kresal usainarekin egun hura gogoratzean, irribarrea sortzen zaigu ia oharkabean.

Irailaren 14ak argi-ilunak izan zituen, ordea. Egunean bertan eta biharamunean kezkaz ikusi genuen hedabide batzuentzat emakumeen estropada ez zela existitu ere egin, edo beste batzuk gizonen estropadaren “telonero” gisa tratatu zituztela. Are gehiago, gure hedabide publikoa denak, EiTBk, titularretan gizonen estropadaz soilik hitz egin izanak eta emakumeen estropadari bazterreko lekua emateak. Are gehiago, Hego Euskal Herrian gehien saltzen den prentsa gehienak emakumeen estropada ezkutatu izanak. Egia da hedabideek kirolean emakumeak baztertzea edo ezkutatzea ez dela kontu berria, baina bai larria. “Normala da”, “beti horrela izan da” eta antzeko argudioek ez gaituzte asebetetzen. Atzo normaltzat ematen genuena ez da gaur normaltzat daukaguna.

Kirola, eta bereziki lehiaketara bideratutako kirola, gizonen espazioa dela adierazten digute etengabe. Hedabideetako titularrak eta irudiak gizonenak dira, gizonak jokalari titularrak, gizonen partida da kirolarena eta emakumeak aulkian geratzea tokatzen zaie; ikusle gisa edo ikusiak izateko gisan, azafata, animatzaile edo bikotekide-ederraren paperean, ikuskizunari glamourra ematen. Lehenago ezagutuko dugu futbolari izar baten bikotekidea, emakume futbolari puntako bat baino. Ez al da hala? Esaera batek dioen bezala, denok jolastu ezean, baloia zulatuko dugu, eta agian iritsi da ordua. Hemen ez dugu denok jolasten eta, are gutxiago, antzeko baldintzatan.

Kezkaz begiratzen diogu kirolari, ikusita osasungarri eta gozagarri izan daitekeena nola bihurtu den patriarkatuaren gotorleku, hedabide nagusien konplizitatearekin. Kirola eta hedabideak balio, rol eta estereotipo sexisten sorburu inportantea dira gaur egun. Gizon kirolariak izar eta heroi bihurtzen dituzte, mutikoentzat erreferente eta eredu bakarra sortuz, mutikoek ondo ikas ditzaten gizon arrakastatsu izateko behar dituzten ezaugarri eta jokabideak. Neskek, berriz, segituan ikasten dute mezua: “kirola ez dela neskentzat”, nahiz eta ezkon daitezkeen kirol izar batekin, eta Hello Kyttiren mundua daukatela zain.  Bestelako erreferenterik ez daukate apenas.

Kezkatuta gaude kirol-ikuskizun handiek eta hedabideek, kirolaren aitzakian, zabaltzen dituzten mezu eta irudiekin, erreferente eta eredu matxistak sortzen eta indartzen etengabe. Munduko saskibaloi txapelketa Bizkaitik pasa berri zaigu eta esatari baten komentario matxista dela eta ez dela zalaparta sortu da, ikuskizun arranditsu hori erabat matxista zela aipatu gabe, protagonistak gizonak zirela ahaztuz eta emakumeek animatzaile edo azafata gisa parte-hartzea beste aukerarik ez zutela. Horregatik, uste dugu urgentea dela erakunde publikoek esparru honetan parekidetasunaren alde egitea. Gaiari heldu behar diogu udako kresal usaina neguko ipar haizeak izoztu baino lehen. Ez gaude prest gure seme-alabak sexismoan hezteko; ez dugu haientzat jendarte sexistarik nahi. Pertsona aske nahi ditugu.

Ordezkari politikook eta bereziki erakunde publikoek badugu ardura eta gaitasuna egoera hau iraultzen laguntzeko. Horretan saiatuko gara guretik. Hasteko, gure kezka helaraziko diogu Emakunderi eta ekimenak abiatuko ditugu Gasteizko legebiltzarrean. Eduki matxistak zabaltzen dituzten hedabideak diru publikoz lagundu behar dira, publizitate instituzionala emanez?Balio eta estereotipo sexistak indartzen dituzten kirol-ikuskizun handiak diru publikoz lagundu behar dira? Galdera hauexek egiten dizkiogu Jaurlaritzari eta eskatu diru publikoa 0 izan dadila hedabide eta kirol-ikuskizun hauentzat. Alferrikakoa da emakumeen kontrako eraso agerikoenen aurrean txapa morea jartzea, eraso horien oinarrian dauden desberdintasunak gainditzeko ezer egiten ez badugu. Has gaitezen serio jokatzen.

Naiz-en argitaratua

Mugimendu feministaren garaipena ospatu arren, abortatzeko eskubidearen alde mobilizatzen jarraitu beharra dago

Abortuaren legearen proiektuaren porrota ospatu nahi dugu, Apezpiku Batzarraren esanetara dagoen gobernu ultra atzerakoiaren eta amatasuna zein sexualitatea ulertzeko emakumeen errealitate anitzen arteko distantziaren froga delako. Kontrarreforma honen porrotak gobernua agerian utzi du, gehiengo absolutuarekin ere, ezinezkoa izan duelako argi eta ozen hitz egin duen gizartea makurraraztea, urte luzeetako borrokari esker lortutako eskubideei uko egiteko prest ez zegoelako.

Horregatik, gaurkoan, EH Bildu osatzen dugunok gizarte osoaren garaipen hau ospatzen dugu, bereziki borroka feministaren lorpena dela ahaztu gabe, batera eta antolatuz  legea geldiaraztea lortu dutelako. Gure bizitzen gainean erabakitzeko eskubidea ukatu nahi ziguten, oinarrizko eskubidea dena.

Ospatu beharra dago, halaber, Espainiako estatuaren porrot honek izan duen ordaina, izan ere, emakumeak trukerako txanpon gisa erabiltzeko ahaleginak, emakumeak tutelatzeko borondatea beti azaltzen duten ultraeskuindarren mesederako edota gure gorputz zein eskubideak hauteskundeetako emaitzei begira erabili izanak kale egin dielako.

Patriarkatuaren eraso berri honekin atzera egin eta Gallardonek kargua utzi izanak antolatutako emakumeen borrokaren isla dira, aspalditik eta oztopoen gainetik, emakumeak beren bizitzaren jabe direla defendatu duen mugimendu feministaren lorpena.

Adierazitako guztiarengatik, EH Bildutik abortatzeko eskubidearen nazioarteko egunaren harira Euskal Herrian asteburuan antolatutako elkarretaratze desberdinetan parte hartzera deitu nahi dugu, irabazitakoa ospatzeko baina, aldi berean etor daitezkeen mehatxu berrien aurrean guardian egon behar garela azpimarratzeko. Hala, emakume guztien eskubide eta bizitzen alde lanean jarraituko dugu, salbuespenik eta injerentziarik gabe.

EHBildu

http://alternatiba.net/old-files/Abortuaren despenalizazioa.jpg

EH Bildu bake prozesua desblokeatzeko prest agertu da eta elkarlana eskaini du erabakitze eskubidea gauzatzeko

EH Bilduk bihar politika orokorreko osoko bilkuran mahai gainean ipiniko dituen ardatz nagusien berri eman du gaur. Juanjo Agirrezabalak eta Oskar Matutek iragarri dutenez, koalizioa, PPren eta PSEren itxikeriaren gainetik, bake prozesua desblokeatzeko urratsak ematen jarraitzeko borondatea berretsiko du, pertsona guztien giza eskubideak, presoenak barne, bermatzeko eta biktima guzti-guztiak duintasunez aintzat hartzeko.

Euskal Herriak erabakitze eskubidea gauzatzeari begira, EH Bilduk aurrerapausoak ematen hastearen aldeko apustua egiten du eta bide horretan elkarlanean aritzea eskaintzen die helburu hori bera duten eragile guztiei. Norabide horretan Eskozia eta Katalunia eredu direla gogorarazi ondoren, Agirrezabalak eta Matutek adierazi dute Euskal Herrian ere inakzio politikoa gainditzeko unea iritsi dela. Diotenez, “ezin gaitezke Gobernu espainola mugitzearen zain egon”. Hori dela eta, erabakitze eskubidearen defentsak funtsezko elementua izan behar du jardun politikoan, “hemen erabakitzea ezinbesteko baldintza izango delako euskal jendarteak egunero dituen arazoei erantzun argia eta zuzena eman ahal izateko”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideek Madrilek egindako inposaketak eta murrizketak salatu dituzte, arrakala soziala handitzen dutelako. Errealitate hori kontuan hartuta, koalizioak eskua luzatzen die Gobernu espainolaren erasoei aurre egin nahi dieten eragile guztiei, Rajoyk bultzatutako prozesu murriztailea geldiarazteko. Finean, “herriari herriarena dena itzultzeko ordua da”, esan dute Agirrezabalak eta Matutek. Hau da, ditugun tresnak, Kutxabank esaterako, herriaren mesedetan jarri behar da eta guztion dirua ezin da erabili gutxi batzuk aberasteko AHT bezalako azpiegitura erraldoiak eginez edo, etorkizunean, frackingaren bidez; ditugun baliabideak jendearen benetako beharrei erantzuteko erabili behar dira”.

EH Bilduk pertsonekiko eta haien beharrekiko duen konpromisoa ez da agertzen, ordea, Jaurlaritzaren jardueran, ez baita langabeziari eta injustizia sozialei aurre egiteko gauza”. Izan ere, “PPk bezala, EAJk ere interes ekonomikoen menpe ipini du bere burua, herritarren zerbitzari izan ordez”.

EH Bildu

Matute: “PSEk ez du inolako proiekturik ezta eskaintzarik herri honetarako”

Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko legebiltzarkide Oskar Matutek prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean PNV eta PSEren arteko harremanak eta antzerki lanak baloratzeko, Mendiak azken egunetan eginiko adierazpenen harira.

Bere kongresuaren ostean, PSEk berrikuntzaren irudia saldu nahi digu. Irudia faltsua. Izenak baino ez dituzte aldatu, eta ez gehiegi, baina izen horiek porrot egin duen politikari jarraipena emango diote.

Proiekturik gabeko alderdia da PSE, noraezean dabil. Antzerki lanetan ari da PSE, eztabaidaren erdian kokatu nahian. Baina herri honetarako inolako proposamenik ez dauka.

Ez da egia Mendiak eskuak lotu gabe dituenik. Lotura ugari ditu: Madriletik datozenak eta bere alderdiak babesten dituenak; baita Zapateroren gobernuak bere garaian ezarritakoak ere; eta gainera ez dute asmorik politika horiek aldatu eta bestelakoak aktibatzeko.

EAJrekin desadostasuna taularatzen ari dira sozialistak, baina ez dute benetan gatazkarik bilatzen, haien burua salbatzeko aukera bakarra dutelako jeltzaleen esku. Erosotasuna da bilatzen ari direna, ezkerreko ikuspegiak zeharo ahaztuta.
PSEk badu egungo egoera larriaren arduraren parte bat. Langabezia, zerbitzu sozialen galera, murrizketak… aurreko legealdian hasi ziren guzti horiek.

Bizi dugun egoera sozial eta ekonomikoaren tamainako erantzun politikoa behar du gizarteak, baina sozialista eta jeltzaleen arteko itun honek oso bestelako interesak ezkutatzen ditu.

Herri honek akordioak behar ditu eragile politiko, sindikal eta sozialekin. Eta gogoratu behar dugu PSEk herri honen ukazioa babesten duela. Bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzen diola.

Indarrak metatzeko garaia dela diogu: gure erabakitzeko eskubidearen inguruan eta gatazkaren ondorioak gainditzeko bidean aurrera egiteko konpromisoak lortzeko. Bada garaia Madriletik ezartzen dizkiguten inposizioen aurrean eskaintza politikoa egiteko euskal gizarteari.

PSE ez dago egoera honetan, ez du borondaterik inolako eskaintzarik egiteko, ez maila politikoan ezta ekonomikoan ere ez. Madrilek esandakoaren aurrean makurtu egiten delako.

EHBildu

Alternatiba Aske Gunean izango da auzipetutako 28 gazteekin elkartasunean eta epaiketa politikoen amaiera eskatzeko

Madrilgo Auzitegi Nazionalean abiatutako prozesuan auzipetutako 28 gazteetatik 5 lagunek gaur goizean mugimendu sozial eta politikoei eginiko deialdiari erantzunez Azpeitian, Loiolako basilikaren aurrean antolatutako Aske Gunean arratsaldeko 19:30etan izango den elkarretaratzean parte hartuko du Alternatibak. Epaiketa politikoen amaiera eta gazteen militantzia politikoa kriminalizazioa bukatzeko eskatuko dugu.

Berriz ere, gazteen kontrako jazarpena salatzera goaz, haien ahotsa isilaraztea helburu bakarra duten makro-epaiketen amaiera eskatuz. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu prozesu honen konplize izan ez dadila, jakin baitaki guztiz bidegabea dela. Guzti horregatik, Diana Urrea Alternatiba Gazteak-eko kide eta Gazteizko legebiltzarkiderik gazteena, Azpeitiko Aske Gunean izango da epaitzen hasi diren 28 gazteen berehalako askatasuna eskatzeko.

X