Ekonomia Feminista

Indar politiko berriaren egitaraurako funtsezko elementuak garatu direlakoan gaude. Nahitaez hasi behar dugu emakumeek lan munduan pairatzen duten berdintasun-eza egoeraz mintzatzen; izan ere geure lan-munduratzeak prekarietate altua izan du ezaugarri nagusi, bazterketa bertikal eta horizontal handiari loturik. Emakumeak ardura, lan-sari eta igotze aukera gutxieneko eta ez-egonkortasun handieneko lan-postuetan pilatu ohi gara, ohituraz emakumezkoentzako izan diren sektoreetan (sozialari, zaintzari, zebitzuei,…lotuak eta langabezia tasa eta aldizkako kontratazio handiagoak izaten dituztenak).

Geure lan-munduratzea, beraz, gizonezkoekiko berdintasun-eza baldintzetan izan ohi da beti. Egungo egoerarekin loturik, etengabeko krisi egoeran izan garela esan liteke. Ez dugu sakonegi aztertu emakumeen lan-munduratzea ezaugarri hauen araberakoa den; baina planteatu beharrean gaude sexu-genero bazterketak azaltzen duela neurri handian fenomeno hau.

Zainketaren ekonomia ereduaren alde egin dugu, lehenbizikoz ekoizpen eta ugalketa arloak biraztertuz, ohituraz gizon langile/emakume zaintzaileari lotu izan zaizkion arlo bi. Familia ardurarik gabeko gizon langilearen ereduak ezin du lan merkatuaren erreferentzia nagusia izan; ezta zainketari mugatzen zaion emakumea ugaltze arloan ere. Honetaz gain, emakumeek egin izan duten ordaindu gabeko lan osoa kontuan hartu eta estatistika ofizialetan tokia eman behar diogu.

Elkarbanaturiko arduren alde gaude: zaindua izateko eskubidea pertsona orori dagokio eta emakumezko zein gizonezko guztien ardura, estatuak hala bermatu behar du. Zainketen hedatze orokorra nahitaezkotzat dugu, pertsona guztiek eskuragarri izan ditzaten, diru-sarrera, jatorri eta antzeko edozein faktoreren mendean egon gabe. Estatua gogor hartu behar da hau bermatzeko beharrezko baliabideak sor ditzan, batez ere bizi dugun krisi garai honetan.

Mendekotasunaren arreta zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa exijitu behar dugu, zentzu honetan hainbat talde feministak indarrean den Mendekotasun Legeari eginiko kritikekin bat gatoz, ez baita gai behar-izanei erantzuteko eta emakumeak zaintze lanetara “behartuak egotea” gainditzeko ikuspegi feminista baten gabezia nabarmena baitu bere aurre planteamenduetan.

Zainketari lotzen zaizkion pertsonei, bereziki emakumezkoak, arreta berezia jarri behar zaie; antzera jokatu behar da etxeko langile eta emakume etorkinekin.

Funtsezkoa da, gure iritziz, ikastetxeetan eredu koedukatiboak ezartzea, zeintzuetan mutil eta nesken autonomia sustatuko den zaintza eta autozaintzaren gaineko ezagutza garatzen joan daitezen, gai honek emakumezkoena soilik izateari utz diezaion.

Hauteskunde eta erakunde jarduna

Oinarri Agirian argi geratu zen, hauteskundeak tresna direla, ez helburu. Zentzu honetan, bozka kopurua baino, militanteak egitarau komun baten inguruan biltzeko gaitasuna, proposamen alternatiboak garatzea eta erakundearen gizarte inplikazio maila izango dira arrakastaren adierazle. Hauteskundeek helburu horietarako laguntzen dutela ikusten den heinean, euretan parte hartuko da. Erabakia dagokion organoak hartuko du.

Gobernuetan parte hartzearen erabakia, erakundearen izaerari jarraiki, erroko egitarau alternatiboa garatu ahalko denetan soilik hartuko da; ez erreformista denean baizik eta sistema gainditzeko helburua duenean.

Hori dela eta, gehiengoa duen gobernu antisistema egonik, bertan sartuko gara erroko programa aintzat hartuta. Gutxiengoan, beste gobernu batean eragiteko aukerari dagokionez, Europan, Espainian eta Euskal Herrian ezker ez-sozialdemokratak burutu dituen esperientziak kontuan hartuta, ez parte hartzea aldarrikatzen dugu, are gutxiago Jaurlaritzan, Foru Aldundietan edo hiriburuetan, non eskumen ugari eta anitzak egonda kontraesanak pilatu egiten diren.

Hauek dira, beraz, bat egiteko erakunde berriaren oinarriak finkatuko dituzten printzipio, neurri eta proposamenak. Arestian aipatu moduan, bat egite prozesu hau ez da soilik abenduaren 13tik adierazi genuena –hiltzeko jaio, baina gure aztarna garrantzitsua utzita: politika egiteko modu berriak, bai edukietan bai taldekako sortze tresnan-; hazteko, jende gehiago biltzeko ere nahitaezko prozesua da.

Argi dago gure herrian ezkerrak jasaten duen atomizazioak sistemaren alde dauden indarrei mesede egiten diela. Bada garaia aurrerapauso historikoa emateko eta sare sozialak, politikoak eta programatikoak iruteari ekiteko; eta kualitatiboki zein, bereziki,  kuantitatiboki sinesgarria izango den alternatiba osatzeko.

Apaltasunez, baina irmoki eta eskarmentuz, sektore politiko eta sozial handiagoekin bat egiteko beharra planteatzen dugu; uneoro bukatzeke egongo den erakundea sortzeko beharra; politika egin eta ulertzeko bide berrien harira egiteko beharra; alderdia baino gizartea eraikitzeko erronkaren beharra; baloreen esparruko borrokak duen garrantzia aldarrikatzeko beharra,… Jakitun gara zein zail den bide honetan aurrera egitea, jakitun kontraesanak sortuko direla eta oztopo ugari gainditu beharko direla, baina gogoz gaude konpromiso horri ekiteko.

Helburua garbia da: epe ertainean ezker alternatibo eta subiranista bloke handia osatzeko baldintza objektiboak sortzen eta indartzen laguntzea (ahal dugun neurrian), sistemaren aldeko indarren egungo nagusitasuna kolokan jarriko duena. Zentzu honetan, bat egiteak gizarteko esparru guztietan – baita erakunde eta instituzioetan ere- alternatiba osatzeko indarrak batzea da, sistemari demokratikoki aurre egingo diona, behe-behetik eta ezkerretik.

Gutxiengoen eskubideak

Aipaturiko egitura demokratikoak sortuz gero, gutxiengoek euren kezkak eta aldarrikapenak adierazteko bidea izango dute dagokien tokietan.

Erakunde bat demokratikoa izango bada, aniztasunaren onarpenean batasuna mantendu beharko du, proiektuan parte hartzen duten pertsona guztien eskubide eta betebeharrak onartuta. Oinarrizko printzipiotzat hartzen da, beraz, edonork bere iritzia adierazteko eskubidea, gehiengoarekin bat egin ala ez.

Bestetik, ez zaio onuragarria iritzi, egungo bat egite unean batez ere, esparru guztietan ordezkaritza izango luketen antolatutako joera edo ildoak egoteari. Hala eta guztiz ere, iritzi ildoak sortu ahalko dira, egituretan eragina izango ez dutenak, ordea.

Epe ertain edo luzean ildo horiek sortzeko beharra ikusiko balitz, bistan da estatutuak aldatuko liratekeela neurri hori hartu ahal izateko.

Ordezkarien kargu errotatzea

Dagoeneko onartua den printzipioa izanik, karguen errotatze protokolo zehatza egin beharko da, eta estatutuetan sartu. Horrela, denbora luzez karguari eutsiko dioten burokrazia egiturak sortu ez daitezen. Bestetik, kargu publiko eta pertsona liberatuentzako soldata bakarraren alde egin da. Azkenik, kontu emate sistema ezarri beharko da gure ordezkarientzat.

Parte hartze kultura: afiliatua eta militantea

Puntu honetan eztabaida dago, bi kontzeptu hauen arteko bereizketa mantendu nahi ez dutenen eta karguetara iristeko orduan beharrezko ikusten dutenen artean.

Halere, zaila da bi kontzeptuak garbiki bereiziki dituzten irizpideak finkatzea. Berariaz bileretara inoiz etortzen ez den horrek erabaki eta bozketetan parte hartzea saihestu nahi da, baina era berean interesa eduki bai, baina arrazoi ugari direla eta, aktiboki parte hartu ezin duten eskubideak ez dira urratu behar eta malgua izan behar da eurekin.

Ondorioz, aurretik hitz egindako erakunde barruko kultura demokratikoa hartu da aintzat: pertsona guztiek behar dute izan informazioa eskura, erabakiak dagokien tokian hartu behar dira, bileren informazioa jasotzeko sistema egokiak eduki behar dira, eta bilera horiek ondo prestatu aldez aurretik, barne komunikaziorako kanal egokiak behar dira, funtzionatze protokolo berdinzaleak,

Eztabaida erabat itxi gabe, arretaz jokatu beharko dugula zehaztu da, bi printzipio buruan: kuota ordaintzea eta parte hartzea dira gutxienekoak. Hala, erabaki esparru bakoitzak (udalekoa, mahaia,…) oniritzitako zuhurtziak hartu ahalko ditu printzipio hauen baitan.

Azkenik, noizean behin eta kontsulta asmoz, Alternatibazaleen Biltzarrak egitea proposatu da, proiektuko militante izan ez baina ingurukoa den jendearen iritziak entzuteko.

Metodologia demokratikoak

Egitura  demokratikoak ez direla nahiko borondate, politika zehatz, parte hartzea eredu eta metodo argi eta garbi gabe. Hori dela eta, egitura hauei zentzu hauetan aurrera egiteko neurriak gehitu behar zaizkie. Hona funtsezko puntu batzuk:parte hartze kultura, emakumezko eta gizonezkoen arteko parekotasuna, ordezkarien kargu errotatzea, gutxiengoen eskubideak eta hauteskunde eta erakunde jarduna.

Organigrama

Organigrama proposamen hau garatuko bada, honako printzipioak izan behar dira kontuan:

  • Erroko demokraziaren alde egiteak eskatu egiten du demokrazia zuzenaren (militanteek erabakiak hartzea), parte hartze demokraziaren (taldekako sortzean oinarrituriko prozesu eta egiturak epe motz, ertain edo luzera) eta ordezkaritza demokraziaren (ordezkariaren ikuspegi ezberdin batekin, eta erabaki eskumenak eta ardurak pila daitezen saihestuta) oreka behar da.
  • Zentzu honetan, sortuko diren eztabaida eta erabaki organoek bateratu egin behar dituzte: alde batetik, batzar nagusiaren autoritate nagusia; eta bestetik, lurralde dinamika oreka eta taldekako sortzea. Hala, batzar nagusiak erakundearen estrategia enfokeari buruz eta gai nagusiei buruz hartuko ditu erabakiak; eta zuzendaritzetan eta egitura betearazleetan lurralde ordezkariak eta taldekako sortzerako organoen ordezkariak izango dira.
  • Egitura betearazleen ordezkariak euren jatorriko biltzarrek (tokian tokiko taldeek, lurralde historikokoek, edo taldekako sortzeek) aukeratuko dituzte, eta uneoro kargutik kendu ahalko dituzte. Honetaz gain, karguen errotazio sistemak izango dira, baita militantziari zein gizarte mugimenduei edo herritarrei informazioa irisarazteko sistemak ere. Kargu publikoek Euskal Herriko idioma ofizialak ezagutu beharko lituzkete.
  • Erakunde osoaren demokrazia emango bada informazio garden eta zehatza jaso beharko dute afiliatuek, eta militantearen parte hartzea sustatuko duen kultura demokratikoa garatu beharko da, militante guztiei formakuntza eta trebakuntza eskainiz.

Hau da proposaturiko organigrama. Tokian tokiko batzarrak, lurralde batzarrak eta taldekako sortze mahaiak oinarri dituen piramide sistema da. Hortik abiatuta lurralde historikoa ordezkatzeko egiturak sortuko dira (beti ere lurralde logika eta taldekako sortze logikak lotuta). Azkenik, egitura hauek ardatz dituztela, nazio mailako ordezkaritza sortuko da, aipatu bi logiketatik datozen ordezkariez gain batzar nazionalak aukeratuko ordezkariek osatuko dutena.

Hau litzateke, bada, prozesua urratsez urrats:

  • Nazio Biltzarra da erakundearen proposamen estrategikoen inguruan erabaki esparru nagusia.
  • Udal batzar bakoitzak autonomia du bere eskumei dagokionean, erakundeak nazio mailan ezarritako irizpideen baitan. Udal batzarrak bere ordezkariak aukeratuko ditu (hauen funtzionatzea, ardurak eta betebeharrak aldez aurretik erabaki ostean); eta lurralde historikoko zuzendaritzarako ere bere ordezkariak aukeratuko ditu, estatuek ezarri moduan.
  • Taldekako sortze zein lurralde historikoko mahai bakoitzak bere arloan sortze, informatze eta zabaltze lanez gain, lurralde historikorako bere ordezkariak aukeratzeko eskumena ere badu.
  • Lurralde historikoko zuzendaritza, beraz, udal esparruetako ordezkariez eta lurraldeko taldekako sortze mahaien ordezkariez izango da osatua. Bi logiken arteko kopuru proportzionala ezarriko da, taldekako sortze prozesuak eragina izango duela ziurtatzeko, epe ertain eta luzean ez ezik, egunerokotasunean ere eragina izan dezaten.
  • Nazio zuzendaritza aipaturiko bi osagaiez osatuko da: taldekako sortze eta lurralde dinamika; batetik, taldekako sortze mahaiz nazionalek organo honetarako ordezkari batzuk aukeratuko dituzte zuzenean; bestetik, lurralde bakoitzeko zuzendaritzek ere, dagokien indarrean, euren ordezkariak hautatuko dituzte. Aipatutako ordezkariez gain, nazio biltzarrak ere aukeratuko du ordezkarien kopuru bat. Zuzendaritza ezberdinetan kargu bat baino gehiago izatea ahal den neurrian saihestu egingo da.
  • Halaber, idazkaritza teknikoa ere (liberaturiko pertsonen multzoa) osatuko da, erakundearen antolatzerako funtsezkoa diren gaiez arduratuko dena: barne komunikazioa eta informazioa, kanpo komunikazioa, erakundearen lehentasun den trebakuntza politikoa, parte hartze tekniken garapena eta agenda eta programak osatzea, internazionalismo, berdintasunaren sustapena,…
  • Azkenik, Emakumeen Gune Autonomoa osatzea ere proposatu dugu, feminismo mahaiarekin batera (non ildo honen inguruko egitarau sortzeko asmoz gizonezkoak eta emakumezkoak bilduko diren), erakundeko emakumezkoen jabekuntza, formazio eta eztabaidarako egitura moduan funtziona dezan. Bere baliabide propioak izango ditu, eta erakundearen barne logiken barruan sartuko da, berezitasunak berezitasun.

Erakunde egitura

Agiri honetan askotan aipatu dugu zein garrantzitsua den eraikitzen ari garen paradigmak bere barnean izan ditzala kultura politiko berria, ekintzarako modu eta metodologia berriak, eta benetan demokratikoa, irekia, dinamikoa, kooperatiboa eta berdinzalea izango den egituraketa. Halako erakundeak soilik lotu ahalko ditu askapen osoaren inguruko borroka guztiak eta euretan diharduten subjektuak egitarau komun baten inguruan.

Bat egite prozesuaren ondotik, erakunde berriaren osatzean zehaztu diren oinarriak aurkeztuko ditugu atal honetan. Erroko demokrazia mahaiko eztabaida eta gogoeten ondorio da hein handi batean, baina izan du beste ekarpenik ere, batez ere feminismo eta internazionalismo mahaitik.

Proposamen hauek bi zatitan banatu ditugu. Lehenak, erakunde berrirako organigrama proposamena biltzen du, lurraldetasun eta taldekako sortze logiken arabera; bigarrenak, metodologia demokratikoak izenpean, parte hartze kultura aktiboa eta kalitatekoa sustatzeko ezaugarriak aipatuko ditugu: hezkuntza, informazioa,…

Natur baliabideen kontrol soziala

Azken ardatz honetan natur baliabideak kontrolatzeko neurri eta politikak aipatuko ditugu, beharrezkoak eredu agroekologikoa lortuko bada.

Lurraren kudeaketa

Lurzoruaren eskasiak erabat baldintzatzen du Hego Euskal Herriko nekazal esparrua eta oztopo garrantzitsua da modu jasangarrian garatzeko. Lurzoruaren galera honen arrazoi dira txandakatzerik gabeko ustiategien bazterketa, baso ustiategien hedapena eta, bereziki, hiri-lurzoruaren eta urbanizagarriaren hedatze nabarmena. Urbanizazioari aurre egiteko eta landa eremuari eusteko politikak funtsezkoak dira.

Horretarako, erakunde bat sortu beharko litzateke, erakunde guztiak lotuko dituen erabakiak hartuko dituena, sail ezberdinen artean osaturikoa eta administrazio publikoarekiko autonomoa izango dena, zuzendaritza independentearekin eta inplikaturiko administrazio guztien kontrol politikoarekin (udalak, batzar nagusiak, gobernuak eta Ogasun, Ingurugiro eta Nekazaritza ministerioen ordezkaritza) eta landa eremuko ordezkariekin. Erakunde honek honako funtzioak hartuko lituzke bere gain:

  • Lurraren ikerketak egitea lurzoruaren sailkatze agroekologikoa zehazteko, ingurugiroaren zaintza eta nekazaritza eta abeltzaintza arloko lan postuak kontuan hartuta.
  • Erabilgarri dagoen lurzoru publikoa zehaztea eta Administrazioekin batera lan egitea lurzoru horien ahalik eta gizarte errentagarritasun handiena eskuratzeko.
  • Lurzoruak lortzea gero landa salneurrien truke nekazari eta abeltzainen artean banatzeko, ustiategiak zabaltzeko helburuarekin eta gazteak lehenetsita. Neurri hau bereziki aplikatu beharko da rekalifikazio mehatxuan diren Nekazal Lur eta Basoen Lurralde Arloko Planak (PTS Agroforestal, gazteleraz) balio ekologiko handikotzat hartzen dituen lurretan.
  • Lurzorua behar duten baserritarrei etenik gabe informazioa eskaintzea, baita sektoretik kanpo egonda ere bertaratu dutenei (ikasleak, langabetuak, …) ere.
  • Estatistika bidezko jarraipena egitea nekazaritza eta abeltzaintza lurrek bere lurralde arloan duten garapenari, ustiapen kopuruari, errentagarritasun mailari eta lan postu sortzeari.
  • Nekazaritza eta lurralde politika publikoen aholkularitza.
  • Bitartekaritza baserri jarduera epe aurretik etetean.
  • Jabetza publikokoak diren lurrak baserri jardueretarako Berreskuratzeko eta Lagatze Programa jartzea.

Aipatutakoez gain honakoak ere intergarriak dira:

  • Hiri eta industria zabaltzea eten. Etxebizitza berrien eraikuntza, ahal den heinean, erdigunearen berrosatzean eta “urbanismo kirurgia” operazioen (utzitako zonak berreskuratzea, …) bitartez, hala industria eta hiri guneen hedatzeari galgak jartzeko. Antzera industriguneekin. Askotan udalek langabeziari aurre egiteko ikusten duten aukera bakarra industriguneak kokatzea izaten da – hala inguruko udalerri eta eskualdeen arteko lehia zentzugabea hasten da ez baitago planifikazio orokorrik- eta ez dute planteatzen baztertutako edo utzitako industrialdeak berreskuratzen saiatzea.
  • Bakarturik dauden eraikuntzak egitea oztopatzea eta dentsitate baxuko biziguneen eraiketaren aurka egitea.

Uraren kudeaketa

  • Uraren kudeaketa publikoa
  • Baserri jardueretarako tasa baxua ezartzea
  • Lehorte garaietan, ur gabeziak jotako ustiategien hornikuntza bermatzea
  • Banaketa sare handien sorrera aztertzea, bata etxeko beharrak asetzeko eta bestea baserri jardueretarako. Azken honi tarifa murriztua jar lekioke.
  • Lurraren hedadurara eta animalia kopurura egokitutako uraren erabilpen egokia.
X