Urkulluri galdetzen diogu ea onartuko duen Irungo eta Hondarribiko alkateek alarde parekideari harrerarik ez egitea, alarde baztertzailea babestuz

Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduko legebiltzarkideak alarde baztertzaileak gainditzeko benetak urratsak egin ditzala eskatu dio gaur Urkullu lehendakariari. Gogorarazi dio, halaber, Kerejeta Hondarriko alkatea bere alderdikoa dela eta, hartara, irailaren 8an alarde parekideari harrera egin diezaiola eskatzeko exijitu dio.

Eskubideak pertsonarenak dira, ez gehiengoarenak ez gutxiengoarenak, pertsonarenak baizik.

Oso egokia iruditzen zaigu, lehenengo eta behin, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi eginiko inkesta Hondarribiko alardearen inguruan. Inkesta horren arabera, galdetutako pertsonen gehiengoa ez dago ados egungo gatazkarekin eta, gainera, konponbide bat nahi dute, alardean parekidetasunez parte hartzea ahalbidetuko duena.

Inkesta horrek agerian uzten du, Erakunde eta alderdi politikoek konponbide baten bila berehala lanean hasi behar garela. Hala nola, inkesta horren emaitzak ikusita hurrengo ondorioetara heldu gaitezke: alarde parekidea agenda politikoan urte osoan eta ez bakarrik une jakinetan kokatzeko beharra dago.

Hain zuzen ere alardearen harira sortutako erakundeen arteko lan esparruan norabide horretan lan egiten da.

Lan esparru hori Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzendutako espazioa da, Emakunde eta Arartekoaren parte-hartzearekin. 

Lehen aipatutako guztiagatik, galdetu nahi diogu:

Nola baloratzen du Urkullu lehendakariak, Irungo eta Hondarribiko alkateek bertako alarde eta konpainia parekideei babes instituzionalik ez ematea?

Lehendakariari galdetzen diogu ea onartuko duen 2 alkate hauek Jaizkibel konpainiari eta alarde parekideari harrerarik ez egitea, alarde baztertzaileari babesa emanez eta emakumeen askatasunak eta eskubideak ukatuz.

E28ko manifestazioekin bat egitera deitzen dugu pertsona askeen herri aske bat aldarrikatzeko

Larunbat honetan, ekainak 28, mundu osoko kaleetan, Euskal Herrikoak ere bai, kolorez eta aldarrikapenez jantziko dira LGBT kolektiboaren hamarkadatako borroka nabarmentzeko. Aurten 45 urte beteko dira Greenwich (New York) auzoko matxinadatik, askatasun sexualaren mugimenduaren baitan eta erakunde politiko, polizial eta erlijiosoek lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen aurka ezarritako errepresioaren kontra mugarri izan zena. Pertsona askeek osatutako herri askea eraiki nahi dugun heinean, larunbat honetan Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitzen dugu.

Europako azken hauteskundeetan muturreko eskuinaren gorakadaren, Afrikako hainbat herrialdeetan emandako errepresio bortitzaren eta Errusia bezalako herrietan zein Europako Batasuneko kide diren bestelakoetan, Kroazia kasu, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen kontrako aldaketa konstituzionalen lekuko izan gara. Errealitate hauen aurrean, pertsona guztien eskubideak eta askatasuna aldarrikatzen jarraitzeko garaia dela argi dugu, edozein izanda ere haien izaera, genero identitatea edo sexu joera.

Baina tamalez, Euskal Herrian ere ematen dira oraindik erasoak eta inposizioak matxismoa, transfobia, lesbofobia eta homofobia darabilten jarreretatik. Horren eredu dira Hegoaldeko saltokietan eros daitezkeen homosexualitatearen aurkako eskuliburuak. Horrexegatik, elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBT kolektiboarekiko aurreiritziak eta fobiak desagerraraziko dituenak, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta gizarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan.

Alterkaria: Alternatibaren aldizkariaren 3. zenbakia

Alterkariaren 3. zenbakian, aurrekoetan bezala, askotariko gaiak jorratzen ditugu. Emancipatiba Alternatibaren formakuntza eskola ageri da azalean, aurrera begirako proiektua, militantziaren artean ezagutza partekatzeko besteak beste. Horrez gain, Europako hauteskundeen edota Gure Esku Dago ekimenaren giza katearen emaitzen balantzea egin dugu. Horrez gain, Feminismoa, Internazionalismoa, Ekologia eta bestelako borroken berriak edota iritzi artikuluak jasotzen ditugu.

Alterkaria Alternatibaren paperezko aldizkaria duzu, gure jardun politikoaren azken hilabeteetako lana laburbiltzen duena. Militante guztiek etxean jasotzen dute sei hilabetean behin, eta zale zein bestelakoek aski dute Alternatibaren egoitzaren batetik igarotzea ale bat lortzeko. Baina paperean ez ezik, sarean irakurtzeko aukera badago, online ikusi edo pdf formatuan deskargatzeko hain zuzen ere. Irakurri eta zabaldu.

 

http://alternatiba.net/old-files/Alterkaria3.pdf

Gipuzkoak 3 milioi euro xedatu ditu nazioarteko lankidetzako 32 proiektu finantzatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak nazioarteko lankidetzako 32 proiektu finantzatuko ditu Latinoamerikan, Palestinan eta Mendebaldeko Saharan eta, horrez gain, Gipuzkoan sentsibilizazio eta eraldaketa sozialeko ekimenetara zuzendutako diru laguntza emango du. Guztira, 3.098.600 euro xedatuko dira proiektu horietarako, bereziki bideratuta emakumeen ahalduntzera eta mugimendu sozialak indartzera.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Garapenerako zuzendariak, Arantzazu Santosek, Gizarte Politikako Departamentuak ematen dituen laguntzen urteko deialdiaren ebazpena eman du jakitera; izan ere, departamentu horrek finantzazioa ematen  die hainbat gobernuz kanpoko erakunderi eta beste eragile sozial batzuei, beste herrialde batzuen aldeko solidaritatearen adierazgarri diren ekimenak gauzatzeko.

Oraingoan, 2.167.303 euro bideratuko dira hegoaldeko herrialde pobretu batzuetan 15 proiektu gauzatzeko: 13 proiektu Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan; bat Mendebaldeko Saharan, eta beste bat Palestinan.

Bestalde, 751.716 euroko laguntzak esleitu dira, eraldaketa sozialerako Gipuzkoan egingo diren sentsibilizazio eta hezkuntza ekimenetara bideratuta; guztira, laguntza emango zaie 14 entitatek zuzendutako 9 proiekturi, haietako batzuek kontsortzioan. Lerro horren barruan, zuzendariak azpimarratu duenez, aurten, lehen aldiz, nazioz gaindiko kontsortzio bat aurkeztu da deialdira, Gipuzkoako bi entitatek eta Peruko batek osatutakoa. Azkenik, 179.580 euro xedatu dira Gipuzkoan, Palestinan eta Saharan 8 ekimen puntual gauzatzeko.

Santosek azpimarratu du horietako proiektu gehienak Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Garapenerako Zuzendaritzarentzat lehentasuna duten bi lerrotara bideratuta daudela: emakumeen ahalduntzera eta mugimendu sozialak indartzera.

Gainera, adierazi duenez, “krisi sakoneko egoera pairatzen badugu ere, Foru Gobernua ahalegin handia egiten ari da lankidetzarako funtsak pixkanaka gehitzeko, EAEko beste  administrazio publiko batzuk ez bezala, zeinek murrizketa handiak egin dituzten. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundia bere konpromisoa erakusten ari da pobreziaren kontrako borrokan, bai gure lurraldean, bai hegoaldeko herrialde pobretuetan”.

Gipuzkoako Politika Soziala

BBKren eta Kutxabanken etorkizuna eta kontrol publiko-soziala bermatzeko proposamena egin du EHBilduk

Alternatibako kide eta EHBilduko Bizkaiko batzarkide Asier Vegak, Arantza Urkaregirekin batera prentsaurrekoa egin du, urteetako ondare ekonomiko eta sozial guztia fundazio bankario pribatua gidatuko duten patrono gutxi batzuen eskutan utziko duen euskal kutxen pribatizazio prozesua salatzeko.

EH Bilduk kezka handiz bizi du une honetan euskal Kutxen eta Kutxabanken inguruan gertatzen ari dena. Gauzak ez badira aldatzen, ekainaren 30ean BBK-ko batzarrak betirako amaituko dira. Esaten digute alarma soziala pizten ari garela, baina ezin zaio leporatu sutearen erdian dagoenari SUA dagoela oihukatzea.

Urteetako ondare ekonomiko eta sozial guztia fundazio bankario pribatua gidatuko duten patrono gutxi batzuen eskutan geldituko da. Betirako amaituko da urteetan egon den kontrol publiko eta soziala eta Kutxen hasierako asmoak, bereziki bertako ekonomia eta herritarren interesen araberako finantza entitatea izatearena, betirako amaituko dira.

Kutxabankeko presidenteak eta presidente ordeak, Fernandez eta Iturbe, esan duten bezala, pribatizazioari ekingo zaio, instituzioen bultzadaz eta herritarren aurrezkietatik sortutako kutxa eta  bankua, espekulazioa helburu duen banku bat izateko bideari ekingo diolarik.

Egoera honen aurrean EH Bilduk duela bi aste herri akordio baterako deialdia luzatu zuen eta sindikatuen erantzuna jaso eta beraiekin biltzeko aukera izaten ari gara. Alderdien aldetik ordea, erantzunik ere ez dugu jaso. Esan bezala, BBKko batzarra ekainaren 30ean burutu nahi dute. Kutxak fundazio batean bihurtzeko, legeak aipatzen duen epea abendua delarik, EH Bildutik, berriz ere, denbora dagoela eta BBKko batzarra bertan behera uztea eskatzen dugu, hain zuzen, halako gai garrantzitsu batek beharko lukeen herri akordioa bermatzeko edo gutxienez saiatzeko.

Horregatik, denbora dagoelako 30ean BBKn patronatu izaera bozkara doalarik, honako proposamena luzatu nahi dugu:

– Akordioa ezinbestean hiru herrialdeetarako akordioa behar du izan, BBKren %57ak kontrako jarrera izan ezkero, hemen aipatutako helburuak ezinezko bihurtuko lituzkeelako.

– Ekainaren 30erako deituta dagoen BBK-ko batzarrean kutxak fundazio bankario bihurtzeko puntua ken dezatela, abendua bitartean lor daitekeen balizko akordioa saiatzeko hiru kutxetan.

– Juridikoki azterketa sakona egin dadila, besteak beste, 2013ko abenduak 27ko ‘Ley 26/2013 de Cajas de ahorros y fundaciones bancarias’ delakoaren 35.2. artikuluak atzera begirako egoerara itzultzeko aukeraren gauzapena juridikoki aztertuz.

Bestelako aukerarik ez dagoela ikusi eta adostuko bagenu, Kutxak fundazio bankarioetan bihurtzeko urratsa emango genuke baina beti ere, honoko bi  puntu minimoak onartuko balira:

Kutxek historikoki izan duten kontrol sozial eta publikoa bermatzeko, sortuko liratekeen patronatuak honoko ordezkari eta kontrolerako bitartekoak izango lituzke.

?  Instituzio fundatzaileen ordezkariak.

?  Herrialdeko eragile sozial eta sindikalak.

?  Batzar nagusien ordezkaritza proportzionala.

?  Era berean, kontu-emate eta fundazioaren jarraipena egingo duen Batzar Orokorra                        osatuko litzateke.

?  Lau urtean behin, legegintzaldiekin bat eginez, aipatu ordezkariak berrituko dira.

?  Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusien batzorde publiko propio bat osatu, fundazioko kudeaketaren garapena eta beronen kontrol publiko, instituzional eta soziala bermatzeko.

Kutxek historiko izan duten kontrol sozial eta publikoa bermatzeko eta Euskal Herriko finantza entitatea izaki, bertoko herritarrak eta ekonomia bultzatzeko tresna izan dadin, pribatizazioaren kontrako akordio politiko publikoa burutzea, legeak akzioak saldu edota kapitala handitzeko behartuko balu honoko bitartekoak aldez aurretik prestatzen hasiz.

? Integrazio kontratuan agertzen diren kutxen arteko akzioen salmenta edo “autokartera”-ko aukera jada prestatzea.

?  Bada ez bada, Instituzioetan kapital publikoa inbertitzeko erreserbak egitea.

?  Hiru foru aldundiak eta Jaurlaritzaren artean sozietate publikoa martxan jartzea inbertsioa egitea beharrezkoa balitz, kapital pribatua ez eta Kutxabanken sartzen dena kapital publikoa dela bermatzeko.

Amaitzeko, berriro diogu. BBK banku fundazio bihurtzen bada ekainaren 30ean, BBKren kontrol publiko eta soziala ezerezean geratuko da, gure kutxa desagertuko da, ez dago bermerik (Urkullu “sinetsita” egon arren) BBKren izaera soziala mantentzeko, hain zuzen erabaki guztiak 15 pertsonen eskuetan geratuko baitira. Horregatik azpimarratu nahi dugu puntu hori bertan behera geratu behar dela herri akordioa landu ahal izateko.

X