Beola: “Bost axola zaie alternatibak egotea, beren helburua Kutxabank pribatizatzea da”

Dakizuen bezala, datozen asteetan EAJk, PPk eta PSE-EEk hainbeste denboran beren bulego ilunetan prestatzen aritu diren kolpea gauzatzera doaz. Kutxabank pribatizatzeko bideari ekin zioten duela hilabete batzuk jeltzaleek eta popularrek, eta etengabeko urratsak eman dituzte horretan. Eta nola ez, PSE bidelagun ezin hobea izan dute denbora honetan guztian.

EHBildutik ere denbora luzean ari gara Kutxabank pribatizatzeko arriskuaz ohartarazten, eta azkenean, gure kezkak arrazoizkoak direla egiaztatzen ari gara zoritxarrez. Aurreko astean kudeatzaile txintxoen mozorroak kendu zituzten EAJk, PPk eta PSEk, eta horren ordez, lapur mozorroa jantzi zuten. Izan ere, gure kutxak banku fundazio pribatu bihurtzeko egin beharreko urratsak emateko akordioa lotua zutela adierazi zuten.

– Neurrigabeko iruzur politiko eta sozial baten aurrean aurkitzen gara. EAJk, PPk eta PSEk euskal herritarrek beren izerdiaren bitartez egindako aurrezkiekin urteetan eraikitako finantza erakundeak lapurtu nahi dizkiete euskal gizarteari. Nafarroan CANekin eman zuten kolpea emateko prest daude hemen ere, Euskal Herriko eta Espainiako oligarkiaren apetak betetzeko eta gutxi batzuk negozioa egiten jarraitzeko. Baina kasu honetan, gureak diren finantza erakundeekin eta gure diruarekin.

– Eta hori guztia gauzatu nahi dute, gainera, gizarteari ere eztabaida publikoa lapurtuz. EHBildutik sarritan eskatu dugu eztabaida publiko hori egitea, baina ukatu egin digute beti, komunikabide publiko eta pribatuei hori egiteko aukerari atea itxiz, gainera.

– Debate beharrik ez dagoela esan dute behin eta berriz. Legeak horrela agintzen duela, eta derrigorrean bete behar dela. Argi eta garbi esan beharra daukagu EAJ, PP eta PSE gezurretan ari direla. Aitzakia merke horren ibilbidea laburra da oso. Lehenengo eta behin, zehaztu beharra dago kutxak fundazio bihurtzeko legea EAJk eta PPk adostu zutela Madrilgo Kongresuan, aurreko abenduan. Hau da, tranpati handienek bezala, beren helburu eta asmo ilunenak gauzatzeko legea egin zuten lehenengo, eta gero euskal gizarteari saldu nahi diote kutxak fundazio bihurtzeko beste aukerarik ez dagoela. Baina ez hori bakarrik. Gure hiru kutxak fundazio bihurtzeko akordioa izenpetu duen PSEko ekonomia gaietarako arduradunak berak duela gutxi aitortu du alternatibak egon badaudela. Alternatibak badaude, ez dagoena da borondaterik hori aldatzeko. Edo beste era batera esanda, bost axola zaie alternatibak egotea. Beren helburua Kutxabank pribatizatzea da, eta bide horretan kutxak fundazio bihurtzea ezinbestekoa da.

– Zergatik? Fundazioek izango duten egituragatik. PPk eta EAJk Madrilen adostutako legearen arabera, fundazioen zuzendaritza 15 kidek osatutako patronatuen ardurakoa izango da. Hau da, kutxen zuzendaritza kontrol publiko gabe arituko da. Eskuak libre izango dituzte Kutxabank pribatizatzeko operazioarekin jarraitzeko. Horixe da, hain zuzen, aurreko astean ezagutarazi zuten akordioaren mamia: EAJk, PPk eta PSEk adostu zuten tartaren banaketa zein izango den, eta kide horietako zenbat egokituko zaion alderdi bakoitzari. Jeltzaleek eta popularrek Kutxabank pribatizatzeko beste helbururik ez dute, eta PSEkoek ogi-apur batzuengatik saldu dituzte  beren printzipioak. Gainera, joko berean sartu nahi dituzte beste batzuk.

– Alderdietako bulegorik ezkutuenetan lotu dute akordioa EAJk, PPk eta PSEk, herritarren begietatik urrun. Eta orain astoa zaldirik azkarrena bezala saldu nahian dabiltza iritzi publikoaren aurrean. Patronatua osatuko duten kideak “profesionalak” izango direla errepikatzen digute. Profesionalak bai, iruzur politikoak eta sozialak egiten profesionalak, eta EAJren, PPren eta PSEren aginduak zorrotz jarraituko dituztenak. Kutxabank herritarren atzaparretatik tirakada batez kentzen eta gero pribatizatzen profesionalak. Caixa-CaixaBanken berriki eratu duten patronatua eredu bezala aurkeztu nahian dabil orain Hiruko Lapurra.   Edonor beldurtzeko moduko eredu Caixako patronatuan daudelako Espainiako oligarkiako kiderik esanguratsuenak: (Alierta, Telefonica…. )

– Esan dugun bezala, alternatibak egon badaude, eta eztabaida publiko eta soziala gauzatzeko denbora ere bai. Kutxak fundazio bihurtzeko legeak zehaztutako epea urte honen amaieran bukatzen da. EHBildutik aurreko astean plazaratu genuen akordiorako proposamena. Kutxabankek publiko izaten jarraitzeko neurriak eta proposamenak egin genituen. Kutxabankeko akzio bat bera ere ez saltzeko bideak zeintzuk diren azaldu genituen. Baina EAJ-PP-PSE hirukoak hartua du  euskal finantza-sistemak duen tresna ahaltsuena pribatizatzeko erabakia, eta eztabaida publiko eta antzeko gauzak ez dituzte entzun ere egin nahi. Herritarren hitza eta nahia ez dute entzun ere egin nahi Horregatik ari dira arrapaladan erabakiak hartzen.

Egoera honetan, Kutxabanken pribatizazioaren aurkako manifestazioa egingo dute Bilbon, hurrengo larunbatean, gehiengo sindikalak eta hainbat eragile sozialek deituta. EHBildu bertan izango da, Euskal Herriak finantza erakunde indartsua eta publikoa behar duelako eta hori kalean eta instituzioetan defendatu eta aldarrikatu behar delako. Ezin dugulako onartu Espainiako eta Euskal Herriko oligarkiaren aginduetara ari diren EAJk, PPk eta PSEk gure gizarteari tamaina honetako iruzurra eta lapurreta egitea. Horregatik, Bilboko kaleetan egoteko deia egiten diogu euskal gizarteari. 

PNV, PSE eta PP, AHTren gainkostuak aztertzearen aurka

Eusko Legebiltzarrak EH Bilduk AHTren gainkostuak aztertzearen inguruan aurkeztu zuen legez besteko proposamena eztabaidatu zuen. Koalizioak Kontuen Euskal Epaitegiari eskaera luzatu nahi zion, “AHTren Gipuzkoako zatian egon ziren gainkostuak aztertzeko fiskalizazio txostena egin dezan, zerga-doikuntzengatik egindako egokitzapenak izan ezik”. Ekimena atzera bota zuten EAJk, PSEk eta PPk. Hala, “EAEn egin den obrarik erraldoiena eta kosturik handienekoan gardentasunez jokatrzeari” uko egin ziotela salatu zuen Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko legebiltzarkideak.

EH Bilduk “moratoria, gainkostuen auditoria eta eztabaida soziala irekitzea” eskatzen zuen bere ekimenean. “AHTarekin diru mordoa bideratzen da esku publikoetatik esku pribatuetara, enpresa jakin batzuk aberastuz herritarren esfortzuaren bizkar. 10.000 milioi baino gehiago emango dizkiegu, eta beraz, beharrezkoa da gardentasunarekin jokatzea. Jakin dugu gainkostuak daudela, eta beraz, arrazoizkoa da Jaurlaritzari eskatzea obrak geratzea eta gaia ondo aztertzea”, esan zuen Matutek.

Legebiltzarkideak adierazi zuenez, AHTk hasieran zeukan aurrekontua bikoiztu egingo du, gutxienez. Horrek ardura politikoak ere badituela esan zuen Matutek.

EHBildu

Alternatibak bakearen alde egitera deitu du Kolonbiako hauteskundeetan

Kolonbia azken urteetan izan duen bidegurutzerik garrantzitsuenetako batean dago: dagoeneko 50 urte bete dituen gatazka armatuarekin aurrera egitea edo bakea lortzea. Igandean, ekainaren 15ean, presidentziarako hauteskundeen bigarren itzulia izango da, lehian errepublikako egungo presidente Juan Manuel Santos eta Oscar Ivan Zuluaga Alvaro Uribe presidente ohiaren hautagaia ariko direla.

Hautagai biak eskuindarrak izan arren, alde handiak daude gatazkari aurre egiteko bakoitzak duen jarreren artean. 2012ko abuztuan, Juan Manuel Santosek eta Farc-EP gerrillek negoziazioak hasi zituzten, duela bost hamarkada sortu eta herriak pairatzen duen gatazkari amaiera jartzeko asmoz. Negoziazioak gerrarekin bukatzeko helburuarekin abiatu zituzten, are gehiago, bakea lortu arte negoziazio mahaitik ez zirela altxatuko konpromisoa hartu zuten. Aurretik emandako prozesuetan ez bezala, egungoan gatazka konpontzeko benetako borondatea dago.

Bake prozesuaren hasiera eta Kolonbiako egungo presidentearen gogoa bihurtu dira  Juan Manuel Santosen eta bere lehiakidearen arteko desberdintasun garrantzitsu nabarienak. Desberdintasun hau guztiz erabakigarria da. Santosek gatazkaren izatea aitortzen duen bitartean, Zuluagak elkarrizketa bideekin bukatzea proposatzen du. Zuluagak, uribismoaren eta gerra-zalekeria atzerakoiaren ordezkari, milaka hildako, desagertu eta desplazatu ekarri dituen gerrarekin jarraitzea proposatzen dio herrialdeari. Azken batean, min gehiegi, sufrimendu gehiegi. Biek politika neoliberalak defendatzen dituzten arrean, barne gatazka armatuarekin bukatzeak garai berria ekarriko lioke Kolonbiari.

Bi aukera kaskarren artean hautatzera behartzen gaituen hauteskunde sistema baten menpean, Uribe genozidaren eskuineko eskuari bizkarra emanez bakeari ateak irekitzearen itxaropena geratzen zaigu. 

Gerrak gauzatutako giza sufrimendu zuzenarekin bukatzeaz aparte, gatazkaren amaierak, historikoki ahaztuta izan dituen beste arlo batzuetan inbertitzera eraman dezake gobernua, adibidez, osasungintzan, azpiegituretan edota hezkuntzan. Bestaldetik, eta sinatutako akordioak betetzen badira, tradizioz jazarpena eta estigmatizazioa sufritutako oposizioarentzat gune demokratikoak  lirateke.

Gatazkaren amaiera Kolonbiako herritar gehienentzat irabazia izango litzateke, bakean bizi eta parte-hartze politikorako benetako gune demokratikoak eskura izateko. Kolonbiako herriak bakerako duen behar hori, Alternatibatik gurea egiten dugu ere eta horregatik, bake prozesua aurre egitea espero dugu. Igande honetan, bakeak behar duen babesa jasotzea eta elkarri ulertzeko garai berria abiatzea espero dugu, non ideian eztabaidak eta konfrontazio demokratikoak gerraren eta bortizkeriaren logika ordezkatuko duten.

Alternatibaren Mahai Internazionalista

Ekainak 19 herrien eskubideen alde. Geurea euskal errepublika askea!

Gaur Madrilgo Kongresuan iruzur berri bat gauzatu da. Gaur, erregimenaren alderdiek, frankismoaren erreformaren fruitua izan zen Estatu eredua beste hainbat urtez luzatzea erabaki dute. Frankoren oinordekoaren abdikazioa aitzaki hartuta estatu eredua beste 40 urtez luzatzeko operazio kosmetiko hutsa egin dute. Gaurko bozketarekin, PPk eta PSOEk, herri honen ukazioan eta herritarron eskubideen bortxaketan oinarritzen den estatu ereduari argi berdea eman diote.


 

Horren aurrean, benetako haustura demokratikoaren alde lanean jarraituko dugu, hau da, demokraziaren alde, erabakitze eskubidearen alde eta herritarron eskubideen alde. Beraz, espainiar inposaketaren aurrean borrokan jarraituko dugu.

EH Bilduk herritar librez osaturiko euskal errepublika askea eraikitzearen alde egiten du eta dei egiten diogu euskal jendarteari kalera atera dadila aldarrikapen hau lau haizetara zabaltzera.

Hori dela eta, EH Bilduk datorren ekainaren 19rako Hego Euskal Herriko lau hiriburutan mobilizazioak deitzen ditu. Mobilizazio hauen leloa “Herrien eskubideen alde. Geurea euskal errepublika askea!” izango da. Mobilizazio hauek irekiak dira, hau da, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazio hauek monarkiaren aurrean eta inposaketaren aurrean gure herriaren aldarrikapen demokratikoen aldeko bozgoragailua izan behar dute, demokrazia, herri eta herritarren erabakitze eskubidearen alde. Herritar eta eragile guztiak deitzen ditugu ekainaren 19an aldarrikapen eta plazak konpartitzera.

Mobilizazioak arratsaldeko 20:00etan izango dira, Donostiako Konstituzio enparantzan, Gasteizeko Andra Mari Zurian, Iruñeko Vianako Printzearen plazan eta 19:00etan Bilboko Arriagan. Mobilizazio bakoitzean mosaiko bat osatuko da bertan zango diren herritarrekin. Musika eta ikuskizunak izango dira hiriburu guztietan eta pintxo-pote errepublikar batekin amaituko dira.

X