Kanarietako petrolio-prospekzioei ez

Berriz ere, inperio espainiarraren izpiritu aseezina azalerazten da bere koloniarik urrunenean, Afrikako ipar-mendebaldean, berriz ere, XXI. mendeko oligarkiaren interesak defendatzeko. Oraingoan transnazional baten izena dauka, Repsol eta buruzagi jakin bat azaltzen zaigu Espainiaren kolaboratzaile: Josu Jon Imaz

Kanarietako uhartedia natur baliabide nahikoak eta soberan ditu energia berriztagarriak garatzeko, izan ere, urte osoan eguzkia, haizea eta itsasaldiak ditu. Eta horrekin aski dute energetikoki burujabeak izateko petroliorik gabe; martxan jarri nahi dutena, beraz, kanariarren kontra doa eta interes jakin batzuen alde.

Alternatiban, ekologia edozein dominazio sistemaren aurka egiteko balio duela defendatzen dugun heinean, Kanariar Irletako itsas ekosistemaren kontserbazioaren alde agertzen gara; elikadura subiranotasunerako aldarrikapenetik kanariar itsasoko arrantza erreserben zaintzaren alde egiten dugu eta demokrazia parte-hartzailearen alderdi bultzatzaile gisa, Kanariar Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu, erreferendum baten bitartez bere itsasoan petrolio-prospekzioa gauzatzea edo gelditzearen borondatea erabaki dezaten.

Guzti hau dela eta, gizarte mugimenduen deialdiarekin bat egiten dugu eta bide batez, kanariar gizarte osoari eta bat egin nahi duten pertsona guztiei dei egiten diegu, hurrengo ekainaren 7an, larunbata, 18:00etatik aurrera zortzi irletan batera egingo diren martxekin bat egin dezaten.  

Euskal Herritik jaso elkartasunezko besarkada internazionalistarik beroena.

Gasteiz, 2014ko ekainaren 5ean

Emantzipazioaren aldeko apustua

Diana Urrea, Jon Iñarritu, Eva Blanco eta Maite Ubiria – EH Bildu

Garapenerako lankidetza bidegurutze batean dago Euskal Herrian. EH Bilduk politika publiko eraldatzailearen alde egiten du, herritarrak ahalduntzean eta gizarte-justizian oinarrituta, baina gainerako indar politikoek eskaintzen dutena ikusteak atsekabea eragiten du.

EAJk, bai Eusko Jaurlaritzan, bai Bizkaiko Foru Aldundian, murrizketa handiak egin ditu politika horri dagokionez, eta bere Basque Country Estrategiaren gehigarritzat hartzen du; izan ere, estrategia horren helburua da euskal enpresek kanpoko herrialdeetan presentzia izan dezaten sustatzea, baina kasu askotan, lan-baldintza txarragoetan eta esplotazioa nahiz prekarietatea sustatuta. Esan gabe doa horrek guztiak ez duela zerikusi handirik garapenerako lankidetzak benetan izan behar duenarekin.EAJk, bere jarduna ezkutatzeko, esku-hartze humanitario handiekiko babesa iragartzen du han eta hemen (Filipinetako hondamendiaren kasua dugu horren adibide), nahiz eta gero laguntza hori ez den gauzatzen; edo, bestela, gezurra esaten du inolako lotsarik gabe, adibidez, Bizkaian. Izan ere, %46ko murrizketa egin ostean, honako hau esan du lotsagorritu ere egin gabe: “Euskal Autonomia Erkidegoan, lankidetzaren esparruko konpromisoari eusten dion herrialde bakarra da hau”.

Alderdi Popularrak ere antzeko zinismoz jokatzen du: gobernatzen dituen erakundeetan, lankidetza-politikak eskizofrenikotzat edo, besterik gabe, faltsutzat har daitezke. Arabako Foru Aldundian, foru-arau bidez ezarrita dago aurrekontuaren %1 lankidetzara bideratu behar dela. Baina iaz, sei proiektu baino ez ziren finantzatu, guztira 224.557€-ko balio metatuarekin. Murrizketa nabarmena da, baina hori baino deigarriagoa da arduradun politikoen lotsagabekeria; izan ere, haien hitzetan, krisialdiaren ondorioz, Arabako Foru Aldundiak aurrekontuaren %0,7 baino ezin du bideratu lankidetzara, baina Gobernuz Kanpoko Erakundeek egin duten azterlanaren arabera, Foru Aldundiaren ekarpena %0,2 baino txikiagoa da.

Bestalde, Euskadiko Alderdi Sozialistak eskarmentu handia du hitzaldi bikoitzak egiten, gobernatzen edo oposizioan dagoen arabera, baina garapenerako lankidetzaren kasuan, isil-isilik dago. Iraganean oportunismo politikoaz jardun badu, orain axolagabekeria baino ez du erakusten; hau da, argi eta garbi mespretxuzko joera adierazten du, alderdi horrentzat lankidetzarekin loturiko politika ez baita lehentasuna.

Egoera hori ikusita, Euskal Herria Bildutik garapenerako lankidetzaren politika defendatzen ari gara gobernuan gauden erakundeetan; guk gobernatzen ditugun erakundeetan ez ditugu aplikatu murrizketa tamalgarri horiek, gainerako alderdiek kontrakoa egiten duten arren.

Dena den, gure ustez, zenbatekoa bezain garrantzitsua da modua; beraz, nazioarteko garapenerako lankidetza aldarrikatzen dugu politika publiko eta sozialtzat. Bestela esateko, nazioarteko lankidetza politika publikoen multzoan sartzen dugu guk, eta politika publiko den aldetik, finantzaketa publiko egonkorra ezinbestekoa izateaz gain, administrazioak berak hartu behar du bere gain politika horren plangintza, kudeaketa, jarraipena eta ebaluazioa.

Gainerako alderdiek ez bezala, guk ez dugu uste garapenerako lankidetza ongintzazko laguntza denik eta eguberrietako azokatxo baten bitartez finantzatu behar denik; aitzitik, gizarte-justiziarekin lotzen dugu. Bestela, geure oparotasunaren jatorria ukatzen ariko ginateke gu geu ere, zinismoz jokatuz; izan ere, guk hainbeste baldin badugu, hegoaldeko herrialde pobretuetako lurraldeak eta gorputzak esplotatu eta indarrez ebatsi ditugulako da.

EH Bilduren ustez, gure ustez, lankidetza-politikak herritartasun unibertsalaren kontzeptuan oinarritu behar du; alegia, pertsona guztiak eskubideen subjektutzat hartu behar ditu, nongoak diren edo non bizi diren alde batera utzita. Era berean, lankidetza-politikak eraldatzailea izan behar duela uste dugu; giza garapen iraunkorra sustatzeak izan behar du politika horren ardatz.

Gaur egun, dela herrian, dela orokorrean, gure inplikazioa eskatzen duten prozesu asko eta asko daude: nekazarien elkarteek elikadura-subiranotasunaren alde egiten duten borroka, mugimendu feminista borrokalariak antolatzea, Saharako eta Palestinako borrokak… Beraz, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeei laguntza ematen diegu, baita gizarte-mugimenduei ere, eskubide indibidual eta kolektiboen alde borrokan ari diren herritar antolatu horiei laguntzen jarrai dezaten, baina betiere emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatuta.

Azken batean, guk defendatzen dugun lankidetza-eredua tresna bat da; hain zuzen ere, gizarte zibil antolatuak balia dezakeen tresna, herrien eta pertsonen emantzipazioa ahalbidetzeko tresna, beste politika batzuekin koherente izanik. Alderdien interesen gainetik, epe motzeko interesen gainetik, herri-mugimenduen eta gizarte-erakundeen zerbitzura jartzen dugu lankidetza, herri-mugimendu eta gizarte-erakunde horiek baitira gizartea eraldatzeko prozesuaren benetako protagonista.

AHTk berehalako moratoria behar du

10.000 Milioi euro, ez noiz ez nora eramango gaituen ez dakigun tren batean. Hau da Euskal Herrian Abiadura Handiko Trenen proiektuen egoeraren sintesia.

Orain hamarkada bat, inongo eztabaida sozialik gabe diseinatu eta erabakitako proiektuen aurrean aurkitzen gara, orduko faktore ekonomiko, sozial eta politikoen arabera definituak izan zirenak. Egungo errealitate ekonomiko eta sozialarekin zer ikusirik ez duten proiektuen aurrean aurkitzen gara, hauen bideragarritasunaren inguruan sortutako zalantzetaz inguraturik gainera.


 

Baina ez da Euskal Herria Bildu zalantza hauek mahai gainean jartzen dituena, baizik eta proiektuen gaineko datu objektiboak dira egoeraren larritasuna azalerazten dutenak:

  • Ez dago konexiorik: Nafar Gobernuak zein Gobernu Espainiarrak onartu egin dute abiadura handiko trenak ez duela Iruñea Zaragozarekin lotuko, eta beraz, Iruñea-Castejón tramua guztiz isolatua geratzen da.

EAEko kasuan, Espainiar Gobernuak Gasteiz-Burgos lotunearen gaineko zalantza asko dituela adierazi du, hirugarren karrilaren alternatiba mahaigaineratuz. Gobernu Frantsesak gutxienez 2032 arte atzeratu du “Euskal Y” Europarekin lotunea egiteko proiektua.

Nafarroan inongo konexiorik ez duen joan-etorriko 65km-ko korredorearen aurrean aurkitzen gara. EAEn berriz, ez estatu espainolarekin ez Europarekin konexiorik ez duen Y. 10.000M eurotako bi “irla”.

  • Finantziazioa murrizten da, praktikan inbertsioa ia etetera helduz: Naiz eta Gobernu Espainolak Euskal Herriko abiadura handiaren aldeko apustua berresten duen hitzez, zenbakiek argi uzten dute hauen asmoa. Proiektuen kostea 10.000Milioikoa den bitartean, Espainiako gobernuaren inbertsioa hurrengo urteetan 50 eta 190 milioi eurokoa izatea aurreikusten da. Beraz, esan dezakegu estatu Espainolak “Moratoria tekniko” batean sartu dituela proiektuak.

Ondorioa: estatuaren finantziazio faltaren aurrean, Gasteiz zein Iruñeko gobernuak dira obrak jarraitzeko dirua ipintzen dutenak, jakin barik diru partida hauek bueltatuak izango diren gobernu zentralaren eskutik, ez eta proiektuak bukatuko ote diren. Egoera honi bukaera eman behar zaio.

Egoera eta baldintzak aldatu direla ukaezina da, baina ala ere, Gasteiz eta Iruñako gobernuek, bideragarritasun tekniko, sozial zein ekonomikoaren gaineko zalantzaz beteriko proiektuak finantzatzeko apustuarekin jarraitzen dute. Honek, urtean, aurrekontuetatik eratorritako (2014) 350M eurotako inbertsioa EAEn eta 102M eurotakoa Nafarroan suposatzen dute.

?Egoera ekonomiko gogorra sufritzen ari garen honetan, ezin dugu herritarren dirua etorkizunik ez duten proiektuetan bideratzen jarraitu. Arduratsuak izan, eta inbertsioak zertan egiten diren oso ondo baloratu beharra dago.

Zalantzaz beteriko egoera honen aurrean, EH Bilduk Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari zein Euskal Herriko indar politiko guztiei, hurrengo proposamena luzatu nahi die: azpiegitura hauen etorkizunaz erabakitzeko prozesu oso bat abiarazi dezagun, proiektuaren egungo baldintzen egoera ezagutzeko azterketa sakona egin, eta horren gainean eztabaidatzeko aukera irekiz, parte-hartze sozialerako mekanismoak artikulatu.

Horregatik, Urkullu zein Barcinaren gobernuei AHTko proiektuen berehalako MORATORIA eman dezatela eskatzen diegu, egungo baldintzen gaineko azterketa sakona garatuko duen markoa osatu eta jendartearen eskakizunei men eginez, denon artean proiektuen etorkizunaz erabaki dezagun.

Inongo indar politikok ezeztatu beharko ez lukeen proposamen zentzudun eta arduratsua da egiten duguna. Ez gabiltza behin betiko geratzea eskatzen ari , baizik eta aztertu eta erabaki ahal izateko behin behineko moratoria. AHTaren etorkizuna argitu arte, milioiak inbertitzeari uztea da exijitzen ari garena.

EH Bildu prest dago, prozesu hau lagundu eta posible egiteko, bere aldarrikapen gorena atzeratzeko.

Ez dago presarik. Geratu, eta pentsatu dezagun ondo zertan inbertitu behar dugun, eta bitartean, bideratu ditzagun errekurtso ekonomikoak behar urgenteetara.

Arduratsuak izan daitezela eta eman dezatela berehalako Moratoria.

EHBildun irakurri

Aldundiak 123 neurri bultzatu ditu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 123 neurri jarri ditu abian gaur arte, indarkeria matxista borrokatzeko eta eremu laboral, sozial, kultural eta ekonomikoan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko. Ekimen horren bidez, non zortzi kartel ditugun emakumeek Gipuzkoan bizi duten egoerari buruz baieztapen bana dutela, ezagutzera emango da zer aurrerapen egin diren berdintasunaren eremuan, foru departamentuei, Lurraldeko udalei eta are enpresa pribatuei eragiten dien neurriei esker.

Ugartek gogora ekarri du Gipuzkoako emakumeek zokoratuta jarraitzen dutela hainbat eremutan; baita ekonomikoan ere. Ekimen horren bidez, non zortzi kartel ditugun emakumeek Gipuzkoan bizi duten egoerari buruz baieztapen bana dutela, ezagutzera emango da zer aurrerapen egin diren berdintasunaren eremuan, foru departamentuei, Lurraldeko udalei eta are enpresa pribatuei eragiten dien neurriei esker.

Ugartek gogora ekarri du Gipuzkoako emakumeek zokoratuta jarraitzen dutela hainbat eremutan; baita ekonomikoan ere. Emakumeen batez besteko errenta 11.857 eurokoa da Gipuzkoan; 23.224 eurokoa, aldiz, gizonezkoena. Emakumeen erdia ez da iristen 9.000 euroko errentara urtean, eta heren bat 1.500 euroren azpitik dago. “Egoera horren aurrean, sektore pribatuak ere berdintasunarekin  bat egin dezan saiatu behar gara eragile publikoak”.

Bide hori jorratu zuen Aldundiak 2013ko urtean, obra publikoetarako Gizarte Klausulen Foru Araua onartu baitzuen. Foru Arau horretan, hainbat eskakizun egiten dira; esate baterako, lan baldintzetan hobekuntzak dakartzaten berdintasuneko planak egitea; sektore maskulinoetan emakumeak kontratatzea; eta erantzunkidetasuna ea kontziliazoa sustatzea

Erabaki horri esker, 2013ko urtean bikoiztu egin dira berdintasun klausulen kopurua, eta halakoak jasotzen dituzten kontratazio espedienteen kopurua ere bai: lehen, 32 kontratu ziren –13,7 milioi euro, guztira–, eta orain, berriz, 71 kontratu –26,9 milioi euro, guztira–.

Beste aldetik, emakumeen diskriminazioaren aurkako borrokan badago Aldundiak berebiziko garrantzia ematen dion beste sektore bat: zaintzarena da. Eremu bereziki femenino eta prekarioa da, ezberdinkeriak erabat kolpatua. Horregatik, Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu duenez, garrantzi handia du zaintzako langileei baldintza duinagoak dakarzkien politika publikoak erabakitzeak, bai arlo profesionalean bai familiakoan. Arlo profesionalari dagokionez, diputatuak gogoratu du Aldundiak jarrera aktiboa mantendu zuela  adinekoentzako egoitzetan eta eguneko zentroetan ez zedin Espainiako lan erreforma aplikatu, eta 4.200 langilek eskatzen zituzten soldata igoerak bere gain hartu zituela.

 Familiaren ingurunean, zaintza lanak gehienbat emakumeen esku daude oraindik. “Aldundiaren ikuspegitik guztiz garrantzitsua da zaintza zerbitzuak profesionalizatzea, alor horretako langileen lan baldintzak duin bihurtzea eta, orobat, emakumeei gero eta zerbitzu eta laguntza gehiago eskaintzea, beren borondatez erabaki dezaten zaintza lanak beren gain hartu edo ez hartu, eta, beren gain hartzekotan, nola hartu. Arrazoi horregatik, erakunde honek ez du Espainiako Gobernuak Mendekotasunaren Legean agindutako murrizketatatik bat bera ere aplikatu Gipuzkoan. Guztiz alderantziz jokatu dugu, gehitu egin baititugu adinekoentzako eta ezgaituentzako baliabideak eta prestazio ekonomikoak”. Zehazki, Laguntza Pertsonalaren Prestazio Ekonomikoaren hedadura zabaldu izana aipatu du diputatuak: etxean zaintzaileak kontratatzeko laguntza horren bidez 1.000 enplegu baino gehiago sortu dira urte batean.

Rodriguezek azpimarratu nahi izan du, baita ere, Gizarte Politikako Departamentua indarkeria matxistaren aurka egiten ari den ahalegina. Halatan, zerbitzu berriak definitu eta sortu dira eta 1.000 biztanle baino gutxiagoko hogeita bat udalerriri laguntza eman zaie indarkeria matxista prebenitzeko, bereziki gazteen artekoa.

Berdintasuneko zuzendariak udalerri batzuetan lantzen ari diren egitasmoak azpimarratu ditu. Esate baterako, Irun eta Hondarribian, urteko jaietan eta jarduera sozio-kulturaletan gertatzen den diskriminazioa dela eta, edo Tolosan, non esperientzia pilotu bat egiten ari diren emakumeak elkarte gastronomikoetan baldintza berdinetan sar daitezen bermatzeko.

“Ari Gara” kanpainan aipatzen da, baita ere, Gipuzkoako udalen % 70,  Aldundiaren laguntzarekin, lanean ari direla diskriminazioarekin bukatzeko, eta, bereziki, 10.000 biztanle baino gutxiagoko 40 udalerritan berdintasunaren aldeko politika publikoak sustatzen ari direla. Kanpainak, azkenik, leku bat eskaintzen dio mugimendu feminista egiten ari den lan eskergari, mugimendu hori abangoardia baita berdintasunaren aldeko borrokan.

X