Alternatibak gaurko atxiloketak salatu eta erregimena zalantzan jartzen dutenak kikildu nahi dituen “sorgin ehiza” dela deritzo

Alternatibaren bozeramaile nazional Oskar Matutek gogor salatu ditu gaur Guardia Zibilak, gutxienez, egindako 21 pertsonen atxiloketak, horietariko 15 Euskal Herrikoak direla.

Matutek, gertaera hau “erregimena zalantzan jartzen dutenak kikildu nahi dituen sorgin ehiza bat dela deritzo”, eta aldi berean, “Espainian dagoen adierazpen askatasun posible bakarra, gehiengo isila eta obedientea desiratzen duen sistema hau goratzeko eskubidera mugatzen dena dela” adierazi du.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, kointzidentzia azpimarragarria nabarmendu du “duela 20 urte, gaur bezalako egun batean Nelson Mandela boterera heldu zelako, Hego Afrikako biztanleria guztiari bozkatzeko eskubidea emanez. Gaur, 20 urte geroago, estatu espainiarrak bere adar polizialak sare sozialetan haien iritziak plazaratutako hogeina bat lagun baino gehiago atxilotzera bidali ditu, adierazpen askatasunaren eskubideari eraso eginez”.

Zentzu horretan, Alternatibatik adierazi dutenez “bere burua ahultzat duen estatu batek bakarrik dauka, iritziak batetik ustezko legeekin delituak leporatzeko eta adierazpen askatasuna murrizteko beharra. Horrek, begi bistan uzten baitu geroz eta nabariagoa den disidentzia hori isilarazteko PPk duen beharra, zuzenbidezko estatuaren edozein aztarna muturreko eskuindar estatu batean bihurtuz”.

Horrela, Matutek “sarekada hauek muga oso zehaztuak dituztela” ulertzen du, “muga gorriak eta independentistak” alegia, 1936ko ‘gurutzadan’ gorrien eta separatisten kontra egin zuten bezalaxe. Eta ondo dute mugatuta horrela; muga horiek inoiz zeharkatuz gero, PPko militante eta ultraeskuineko kide asko eta asko atxilotu beharko lituzketelako, egunak joan egunak etorri, Euskal Herriko militante ugari mehatxatzen dituztenak eta oraindik hobi komunetan abandonatuta dauden gerra zibileko milaka biktimen kontura barre egiten duten berdinak”.

Bukatzeko, Alternatibatik haien elkartasun osoa bidali nahi izan diote atxilotu guztiei eta berehala askatzeko exijitu diote estatu espainiarrari, eta haien atxikimendua eman diote deitutako edozein protesta eta mobilizazioari. Azkenik, “sarekada honek, zuzenbidezko estatu demokratiko batean bizi garela uste dutenen begiak zabaltzeko balioko duenaren desioa” adierazi dute.

Txiolariak askatu! 

Alternatibak maiatzaren lehenean lan harreman eredu propioa eraikitzeko “guztia aldatzeko subiranotasun osoa” aldarrikatzera deitu du

Maiatzaren lehenaren bezperan, Alternatibatik egun honetarako Euskal Herriko eragile sindikalek deitutako mobilizazioekin, zein pertsonen duintasunaren eta herri-klaseen eskubideen kontrako erasoei aurre egiten dieten bestelako borrokekin bat egitera deitu nahi ditugu herritarrak. Batzuek ‘krisi’ hitza erabiltzen badute ere, ezkerretik bere benetako izena erabiltzen dute; lapurreta. Maula edo lapurreta  hau urtetan eta urtetan sufritu ostean, eguneko egoerak errudun zehatzak dituela argi izan behar dugu.

Troika bezalako instituzio opako eta antidemokratikoen austeritate planak aplikatzen dituztenak dira errudunak. Inork ez ditu hautatu, baina halere gobernatzen gaituzte PNV, PSOE, PP eta UPN alderdiak erregimenaren helburuen txotxongilo direlako. Patronalaren lobbiak dira formakuntzarik gabeko gazteen gutxieneko soldata jaisteko ideiak botatzen dituztenak, beti ere, haien irabazi zikinen maila mantentzeko. Baina azken batean, alderdi politikoak dira haien jokabide morroiekin, lege-dekretu eta lan-erreformen bitartez murrizketa hauek aplikatzen dituztenak.

Aldi berean, modu sendo batean subiranotasuna aldarrikatzeko eguna ere bada, aukeratzeko beharrik gabe eta herritarrek aurrea hartzen dietela ikusten dutenean batzuek proposatzen dituzten plan xelebrerik gabe. Guztia aldatzeko subiranotasun osoa nahi dugu. Lan harreman eredu propioaren alde, eta baita ere, pertsonen eskubideak eta bizitza duinaren sostengarritasuna defendatzea ahalbidetzen dizkiguten erremintak kudeatzearen alde apustu egiten dugu, horrela, gutxi batzuen pribilegioen aurrean gehiengoen eskubideak bermatzeko.

Guztiz tamalgarria da pobrezia hazten den bitartean, baita ere Euskal Herrian, eta eskualde askok %20ko langabezi tasa sufritzen duten bitartean, Urkullu bezalako pertsonaiak susperraldiaz aritzea, berrasmatutako ‘kimu berde’ horiek ustel daudela aspaldi egiaztatu denean. Lehendakariak ere ez ikusiarena egin nahi du, autonomi erkidegoko gazteen herena baino gehiago lanik eta etorkizunerako  itxaropenik gabe bizi denean.

Jeltzaleek, hemen estatuko beste inon baino hobeto bizi garela baieztatzen dute. Baina gezurretan ari dira. Gezurretan ari dira, agerizkoa dena ukatzen dutenean; bere garaian San Mameseko obretan parte hartzen zuten instituzio guztietan lanean ari direnen lan baldintza sasi-esklaboak salatu genituenean gertatu zen bezalaxe. Eta oraindik ere gezurretan ari direla baieztatzen dugu, sindikatuek duela egun batzuk argitaratutako datuak aztertzen baditugu, Bizkaiko obra publikoetan lan orduaren ordaina bakarrik 3 eurotakoa dela salatzen duena. Egoera honek, lanegun bukaezinak onartzera behartzen ditu langileak, aldi berean, lan istripuen igoera dakarrena, beti ere, erantzulerik gabekoak.

Hau guztia dela eta, kalean aliantzak lotzen eta giza harresiak altxatzen jarraitu behar dugu, haiena bakarrik defendatzen dutenen erasoak gelditzeko. Maiatzaren lehen honetan, beste behin, herri klaseek honakoa ikuskarazi behar dute: Amesten uzten ez gaituzten bitartean, ez ditugu lo egiten utziko.  

Maiatzaren lehenean parte hartzeko deia egin eta lan eskubideak bermatzeko subiranotasuna eskatu du EH Bilduk

Alternatibako bozeramaile eta EHBilduren parlamentari Oskar Matuteren adierazpenak Maiatzaren lehenengoari begira.  

Maiatzaren lehena hurbil dugu, egutegian gorriz markatuta. Lan eskubideak eta langileon duintasuna dira kolokan jarri dituztenak, Gasteiz, Iruñea eta Madrileko gobernuek inposatutako murrizketengatik arriskuan direnak, hori guztia ahaztu gabe beraien burua sozialistatzat dutenek txirotasuna eta desberdintasuna sortu besterik egiten ez duten politikak inposatzen dituztela Parisen. Egun hona dugu gogora ekartzeko egungo eredu ekonomikoa defendatzen dutenen politikak ekarri gaituztela honaino. Euskal Herria eredu hau agortua dago nahiz eta EAJ eta UPN babesa eman nahi.


 

Euskal hiritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidearen beharra argi uzten du maiatzaren lehen honek. Gure lan harreman esparru propioa eratzeko eskubidea dugu, gure erakundeetatik gure tresna propioak indarrean jarri egoera jasanezin honi buelta emateko.

180.000 lagun baino gehiago langabezian, erdiak ez du inolako laguntzarik jasotzen, 60.000 pertsona ari gara Diru Sarrera Bermatzeko Errenta, txirotasuna jende askorengandik hurbil, jantoki sozialak gainezka. Gazteriaren herena baino gehiago lan gabe. Nola aipatu dezake Urkulluk berreskurapena? Ez al dauzka begi eta belarriak benetako errealitate ikusteko? Laudio, Barakaldo, Basauri eta Balmaseda bezalako herrietan ehuneko 20etatik gorako langabezi tasa, eta Sestao eta Oionen ehuneko 26 baino gehiagokoa, hauek dira benetan EAJren politika ekonomikoaren porrotaren adibideak.

Guzti hau gutxi balitz azken egun hauetan Circulo de Empresarios -eko ordezkariak esan dituen astakeriak entzun behar ditugu, Gutxieneko soldaten azpiko soldatak defendatuz. Inork entzun al du EAJ edo PSE zerbait esaten? Ez, zertarako, azken finean beraiek defendatzen dituzten politikak dira.

Barcinak eta Urkulluk Hego Euskal Herrian hori ez dela gertatzen esango digute baina gezurretan ari zaizkigu. Baina errezeta berdina eskaintzen digute, erresignazio gehiago, murrizketak, prekarietatea,, lan eskubideak, dena da berdina Urkulluk eta Barcinak Madrilek eta Troikak defendatzen duten eredu berdina delako.

Burujabetzaren ordua da, gure bidea egiteko ordua, gure beharren eta lehentasunen neurrirakoa, euskal gizartearen pertsonen neurrira. Erabakitzeko eskubidearen eztabaida ez da eztabaida teorikoa, Euskal Herriak bere etorkizuna definitzeko beharrekin lotuta dago.

PSE-k ihes egin nahi dio eztabaida horri, ekonomia eta politikaren arteko dikotomia faltsuaren eztabaida planteatzen denean. PSE-k norabide bako politika alde batera utzi behar du eta argi eta garbi esan erabakitzeko eskubide demokratikoa defendatzen duen ala ez esan. Orain arte egiten duena Madrilen mende egotea da, Madrilek esaten duenari babesa eman eta PSNren kasua oso adierazgarria izan da, eta PSCri Catalunyan gertatzen zaiona ere. Lotsagarria da Ares herriari kontsulta egitea tranpa egitea dela esaten duenean entzutea Zer da orduan demokrazia PSErentzat?

Egungo egoera honetatik ateratzeko eredu frakasatuarekin apurtu behar dugu, gure lan harreman propioa garatu, gure eredu propio eraiki, bertoko eragile sozial politiko eta sindikalekin, Euskal Herriaren alde egiten duten eragileekin, hor baitago gehiengo demokratikoaren nahia.

Hori da funtsezko gaian. Horregatik EAJri exijitzen diogu Euskal Herriaren alde egin dezala behingoz Madrilera begira egon arren Euskal Gizartearen bizkarrera. Ez diezadala Mariano Rajoyri jokua egin, bere herriaren alde egin dezala, erabakia hemen da eta etorkizuna hemendik eraikiko dugu.

Horrengatik guztiagatik Maiatzaren lehen honetan EHBildutik erregimeneko alderdien politikak salatzen ditugu eta gure etorkizuna eraikitzeko burujabetza aldarrikatzen dugu, guk garatu behar ditugu Euskal Herrian bizi diren pertsona guztien etorkizuna hobetzeko erabili nahi ditugun tresnak.

EH Bilduk erakundeen konpromisoa eskatu du Karrantzako hiltegiaren etorkizuna bermatzeko

Eusko Jaurlaritzaren osasun baldintzak betetzeko 76.000 euroko inbertsioa egin behar du hiltegiak eta Karrantzako Udalak ezin dio gastuari bere kabuz aurre egin. EH Bilduren ustez hiltegia mantentzea ezinbestekoa da, Karrantzako abeltzantzarentzat oinarrizko funtzioa betetzen duela iritzita. Udalak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren elkarlana eskatu ditu eta EH Bilduk ere hala egingo du Legebiltzarrean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Karrantza Harana da Bizkaian abere buru gehien dituen eskualdea. Era berean, lehen sektorean lanpostu gehien mantentzen dituen zonaldea da, bai abeltzaintza jardueran, baita eraldatze industrian ere. Beraz, EH Bilduren esanetan, lehentasunezkoa da ekonomia jarduera horien garapena eta sustatzea eta horretarako ezinbesteko jotzen du erakunde desberdinen elkarlana eta inplikazioa.

Karrantza Haranean kokatzen da egun Bizkaian martxan dagoen abere hiltegi bakarra eta hiltegia desagartzeko arriskuan dago. EH Bilduk azpimarratu duenez, azpiegiturak berebiziko garrantzia du eskualdeko jarduera ekonomikoan betetzen duen funtzioarengatik. Karrantzako hiltegiak abereen hilketa eta zatitzea ahalbidetzen du haranean bertan.

Txutxi Zamorano Karrantzako EH Bilduko udal taldeko kideak adierazi duenez, “hiltegia itxiko balitz, arriskuan jarriko lituzke abeltzainen jarduera eta ustiapenaren bideragarritasun ekonomikoa. Karrantzako hiltegia itxiko balitz, haraneko abeltzainek Karrantzatik kanpo hil beharko lituzkete abereak eta beraz, produkzioaren kostua garestitu egingo litzateke abeltzainen kaltetan”.

Karrantzako hiltegiak inbertsioa behar du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko departamentuak eskatzen dizkion baldintzak bete ahal izateko baina Karrantzako Udalak ezin dio derrigorrezko inbertsio horri bere kabuz aurre egin. Osasun baldintzak betetzeko egin behar diren hobekuntza lanek 76.000 euroko inbertsioa eskatzen dute eta epeak laburrak dira: lanak aurtengo urria amaitu baino lehen egon behar dute burututa.

Karrantzako udalbatzak laguntza eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari hobekuntza lanak egin ahal izateko. Eskakizuna udal osoko bilkuran onartu zen apirilaren 15ean. Osoko bilkura horretan, ordea, EAJk aurka bozkatu zuen. Zamoranoren hitzetan “guztiz ulertezina” da alderdi jeltzalearen erabakia. “Azpimarratu nahi dugu Karrantzako hiltegiak haraneko harakin, abeltzain eta norbanakoentzat oinarrizko zerbitzua eskaintzen duela. Beraz, ez dugu ulertzen EAJk egun Bizkaian martxan dagoen hiltegi bakarra defendatzeari ezetz esan izana”.

Era berean, duela urte betera arte EAJ udal gobernuan egon den arren, konponbiderik ez bilatu izana leporatu dio EH Bilduk EAJri. “Zergatik pasa da hiltegia eskualdekoa izatetik lokala izatera? Zein interes defenditzen dituzte erabaki horiek, publikoak ala pribatuak?” gaineratu du.

Horrez gain, EAJk eskualdean beste hiltegi bat bultzatzeko interesa duela uste du EH Bilduk, Karrantza hiltegirik gabe utzita. Hiltegi pribatua sustatu nahi ote den kezkatuta agertu da koalizioa. Horregatik, Irene Pardo Nekazaritza diputatuaren batzorderatze eskaria erregistratu du Batzar Nagusietan. “Bizkaiko Aldundia Karrantzatik kanpo abere hilketarako beste azpiegituraren bat sustatzen ari ote den argitzeko eskatuko diogu” azaldu du Asier Vega batzarkide eta Alternatibako kideak.

Bestalde, proposamena erregistratu du koalizioak, bai Batzar Nagusietan baita Gasteizko Legebiltzarrean ere, erakundeen konpromisoa eskatuz. Karrantzako udalbatzak onartu zuenaren ildotik, EH Bilduk hiltegiaren etorkizuna ziurtatzeko beharrezko neurriak hartu ditzatela eskatuko die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.

Euskal Herria Bilduko ordezkariek adierazi dute Karrantzan eskualde mailako hiltegia egotea defendatzen dutela, Karrantzatik irteten baitira Bizkaian hiltzen diren abere gehien. Azpiegitura tokiz aldatzeak produkzio kostuen garestitzea ekarriko du ezinbestean, koalizioaren ustez eta haraneko abeltzainentzako, jardueraren bideragarritasuna arriskuan jarriko luke. Iñaki Lazarobaster legebiltzarkideak berriz, azpimarratu du Bizkaian martxan dagoen hiltegi bakarrari eustea oso garrantzitsua dela elikadura subiranotasunaren ikuspegitik.

EHBildu Bizkaia

Alternatiba Aberri Egunaren atarian

Hurrengo apirilaren 20an Aberri Eguna ospatuko du Euskal Herriko ezker subiranistak, Euskal Herria burujabea aldarrikatzeko eguna baita. Aurten, inoiz baino gehiago, Eskoziako eta Kataluniako herritarren begietan islatutako gogo eta ilusioarekin ospatuko dugu, haiekin partekatzen dugulako erabakitzeko eskubidea eta askatasuna. Eskozia eta Kataluniako herriek bide hori egiten hasi dira, eta gurean ere, gizarte zibila gidari, abian jarri gara.  

Euskal Herria herri burujabea izan nahi du. Ez jabez aldatzeko, dominaziorik gabe bizitzeko baizik. Gure herriak bide horretatik aurrera egin nahi du; Euskal Herriaren bake prozesuaren eta normalizazio politikoaren gurpiletan, behin eta berriro oztopoak ipintzen dituzten estatu totalitarioen dominazio eta errepresiorik gabeko bidean alegia. Frantziako eta Espainiako gobernuek gu isilarazteko eta zapaltzeko asmoa badute ere, gure herriak nora doan eta norekin joan nahi duen erabakitzeko ahotsa exijitzen du.

Herri honetako ezkerraren helburua pertsona aske eta burujabeak osatutako nazio librea eraikitzea izan behar da. Eta honek bandera batetik bestera igarotzea baino askoz gehiago esan nahi du; erresistentziarako harresiak altxatzea esan nahi du, erakunde ilun eta antimodekratikoek inposatutako erabakien aurrean babesteko, Euskal Herriko langile klaseen duintasuna eta eskubideak zapaltzen dituztelako. Borrokak aktibatzea dakar, elkartasunerako, feminismorako, ekologiarako, internazionalismorako eta demokraziarako borrokak aktibatzea, eta Alternatibatik babesten dugu herritarrei hitza eman behar diegula, guzti hori Euskal Herri askea eta sozialista batetik egiteko.

Horregatik, asteburuan Aberri Egunaren harira egingo diren ekitaldi desberdinetan parte hartuko dugu eta horietan parte hartzera dei egiten dugu. Lehenengo eta behin, larunbatean Larresoron (Lapurdin) egongo gara, “Euskal Herrian erabaki, Zazpiak bat” lemapean AB, Aralar, EA eta Sorturekin batera arratsaldeko bostetan antolatu dugun ekitaldian. Han izango dira, besteak beste, Josu Estarrona Alternatibaren Arabako koordinatzailea eta Aitor Miguel Quintana Koordinakunde Nazionaleko kidea. Horrez gain, igandean Iruñean izango gara, Diana Urrea legebiltzarkidearen eta Asier Vega Bizkaiko batzarkidearen eskutik, Independentistak sareak deitutako manifestazioan.

X