Gipuzkoak ia milioi bat eta erdi euro bideratu ditu egoitzetako langileen soldatak hobetzeko eta adinekoentzako plaza berriak zabaltzeko

Diputatuen Kontseiluak erabaki du Gipuzkoako egoitzetara eta eguneko zentroetara bideratzen duen tarifa 1.157.000 euroan handitzea. Zenbateko horren zatirik handiena langileen soldata igoera ordaintzeko izango da. Orobat, Foru Gobernuak erabaki du Irungo Bidasoa egoitzan adinekoentzako 15 plaza berri zabaltzea, 308.972 euro bideratuko ditu horretara.

Horrela azaldu du Larraitz Ugarte foru bozeramaileak Diputatuen Kontseiluaren bileraren ondoren. Hain zuzen, Diputatuen Kontseilua Eibarko Egogain zentro gerontologikoan izan da. Foru diputatuek bertan egin dute asteko bilera, eta, ondoren, azken urte hauetan foru egoitza horretan egiten ari diren zabaltze eta eraberritze lanak bisitatu dituzte. Bertan, 300.000 euro inbertitu dira. Zehazki,  Adimeneko Nahasmendu Larriko Egoitza Unitatea –13 pertsonentzat- eta Psikogeriatriako modulua –13 pertsonentzat– ikusi dituzte, baita berriki berritua eta 32 plazatan handitua izan den Eguneko Zentroa ere.

Ugartek azaldu duenez, Diputatuen Kontseiluak erabaki du Aldundiak egoitzei eta eguneko zentroei urtero ematen dien tarifa 1.157.000 euroan handitzea. Zenbateko horren zati txiki bat ostatu eta elikatze kostuen igoera ordaintzera bideratuko da, eta % 70 egoitzetako langileen soldata igotzera, lan hitzarmenean ezarritakoa betetze aldera.

Horrela, hitza bete du Aldundiak, iaz sindikatuak eta erakunde kudeatzaileak aurrez aurre jarri zituen greban zehar egin zuen bitartekaritza lanean hartutako hitza, hain zuzen. Sektorean 4.200 pertsona ari dira lanean, eta horietatik % 97 emakumezkoak dira.

Bestalde, foru bozeramaileak azaldu du Irunen adinekoentzako egoitza-plaza berriak zabaltzekoak direla.  Zehazki, Diputatuen Kontseiluak erabaki du 308.972 euro bideratzea Bidasoa egoitzan 15 plaza gehiago hitzartzeko. Eskualde horrek Gipuzkoako itxaron zerrendarik luzeenetako bat zuen legealdi hasieran. Zehazki, zain zeudenak % 44 ziren zabalik zeuden plazekiko. Hondarribian egoitza berri bat zabalduta, eta 15 plaza berri hauek hitzartuta, ehuneko hori % 12ra murriztuko da, eta hori “itxaron zerrenda tekniko”tzat (%10) jo daiteke ia.

GFA Politika Soziala

Alternatibak salatu du “espainiar abertzaletasun ozpinduenak” ateak itxi nahi dizkiola Kataluniako gehiengo sozialak aldarrikatutako eztabaidari

Alternatibako bozeramaile nazionalak, Oskar Matutek, “ateak ixtea” deritzo Espainiako Diputatuen Kongresuak atzo Kataluniako herriari galdeketaren harira emandako erantzunari: “Espainolismoaren erantzuna da, espainiar abertzaletasun ozpinduenak Kataluniako gehiengo sozialak aldarrikatutako eztabaidari bizkarra eman nahi diona”. Edozein kasutan, gaineratu du, “lortuko duen bakarra Kataluniaren aldetik aldebakartasunaren bideak aktibatzea da” bere etorkizuna erabakitzeko bidean.

Alderdi ezkertiarretik, estatu espainiarrean gehiengoa duten alderdiek “herriek haien etorkizuna askatasunez eta demokratikoki bideratzeko eta erabakitzeko asmo legitimoak geldiarazteko konstituzioa giltzarrapo gisa erabiltzen dutela” adierazi dute. Zentzu horretan, Matutek abiatutako bidean jarraitzera premiatu du: “Alternatibatik Kataluniako gizarte osoa prozesuarekin aurrera egitera eta askatasunez erabakitzeko helmugari eustera animatzen dugu, haien jomuga guztiz demokratikoa delako eta egungo erregimena zalantzan jartzen duelako”.

Bukatzeko, “egun, estatu espainiarrean mantentzen den erregimen hau, eskubideen ukapenean, askatasunen murrizketan eta ‘Espainia Handi eta Libre’ delakoaren ideia zaharkituan oinarritutako erregimena dela” gogoratu du. Errealitate honi aurre egiteko “egun, estatu espainiarraren menpean dauden herri eta nazioen, herri katalana eta herri euskalduna kasu, xede legitimoak” azpimarratu ditu.

Salgado: “Arabako Foru Aldundiak Cegasako langileen etorkizuna bermatzeko ahaleginak egin behar ditu”

Luis Salgado, Alternatiba eta Arabako EHBildu kidea Cegasaren inguruan: “Adibide honetan administrazioa publikoak ez du helburu ekonomikoa bilatu behar, soziala baizik eta langileen etorkizuna bermatzeko ahaleginak egin behar ditu”

EH Bilduk Cegasako langileen etorkizuna zain dezan eskatu dio Arabako Foru Aldundiari. Izan ere, egun 500 bat langile ditu eta horietako 400 arabarrak dira. Pasa den martxoaren 11an enpresaren zuzendaritzak hartzekodunen konkurtsorako eskaera eskatu zuen Gasteizko Merkataritza Epaitegian. Handik eta hamar egunetan Arabako Foru Aldundiak, epaileak horrela eskatuta, konkurtso administratzaile lana betetzeko profesional bat azpikontratatu zuen.

EH Bilduren elebidunak Luis Salgadok azaldu duenez, ez da ohikoa administrazio publiko batek horrelako paper bat betetzea baina oraingo honetan Arabako Foru Aldundia enpresaren hartzekodunen handienetarikoa da. “Adibide honetan administrazioa publikoak ez du helburu ekonomikoa bilatu behar, soziala baizik eta langileen etorkizuna bermatzeko ahaleginak egin behar ditu”. Zentzu horretan, helburu nagusia lanpostu guztiak mantentzea izan behar dela azpimarratu du Salgadok.

Arabako Foru Aldundiak berak onartu zuen enpresaren ahal den aktibitate gehien salbatzea nahi zuela eta horrekin batera ahalik eta lanpostu gehien. Horregatik, prozesu guztiaren zehetasunak ezagutzeko asmoz, Ahaldun Nagusiari interpelazioa egingo dio Salgadok. Hurrengo osoko bilkuran izango da, hau da, maiatzaren 7an. Ekimen horretan aurreikusten diren irtenbideak, likidazioaren ordez alternatibarik dagoen edo produkzioaren linea guztiak edo batzuk salgai jartzea planteatu duten ala ez galdetuko du EH Bilduk. Azkenik, ematen ari diren pausu guztien inguruan langileei informazio zehatza eta eguneratuta ematea planteatu du.

Beste aldetik, Eh Bilduren eledunak Ogasuneko zein Ekonomia Sustapenerako Foru Diputatuei informazio eskatu die. Besteak beste, Cegasa Taldeak duen zorra ezagutu nahi du EH Bilduk eta ea zorra hori edo zorraren zati bat Europar Batasunak legez kanpo utzi zituen opor fiskalen ondorioz izan den. Era berean, Ekarpenen bidez Foru Aldundiak duen parte-hartzea ezagutu nahi du eta azken hamar urteotan Cegasa Taldeari emandako diru laguntzak, hobariak edo kenkariak.

EHBildu Araba

Jaurlaritzak 1.400 gipuzkoarri Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta ukatzen diela gogoratu dio Rodriguezek Urkulluri

Gipuzkoako Politika Sozialeko Diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezek Ukullu lehendakariari emandako erantzuna baliabiderik gabeko lagunei laguntzak eksuratzeko Gasteizko gobernuak jartzen dizkien oztopoen harira. “Lehendakariaren diskurtso hutsek ez diete balio pertsona hauei bizitzeko, eta Urkulluk bere esku du pobreziaren hazkundea benetan gelditzeko ahalmena”.

Gipuzkoako Politika Sozialeko Diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezek Ukullu lehendakariari emandako erantzuna baliabiderik gabeko lagunei laguntzak eksuratzeko Gasteizko gobernuak jartzen dizkien oztopoen harira.

Foru Aldundiak Iñigo Urkullu lehendakariari gogoratu dio Eusko Jaurlaritzak, egun, Gipuzkoan pobrezia egoeran dauden 1.400 pertsonari Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta ukatzen diela. Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurten, 7 milioi euro suposatuko duten laguntzak emango dizkie egoera horretan dauden pertsonei, berez, kostu hau bere gain hartzea Eusko Jaurlaritzaren ardura litzakeen arren. “Lehendakariaren diskurtso hutsek ez diete balio pertsona hauei bizitzeko, eta Urkulluk bere esku du pobreziaren hazkundea benetan gelditzeko ahalmena”.

Horrela erantzun die Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek Urkulluk gaur egindako adierazpenei. Lehendakariak kritikatu egin du Jaurlaritzak egindako murrizketa sozialak salatzen dituztenen jarrera.

Rodríguezek EAEko pobrezia gelditzen lagundu eta erroldatuta hiru urteko epea ez betetzeagatik kanporatutako pertsonei Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren ordainketan duen ardura bere gain har dezan exijitu dio lehendakariari.

DFG Politika Soziala

Inoiz gehiago ez! Gasteizko SOS Arrazakeriaren kontrako eraso faxista eta arrazistaren salaketa

Jakina da Europa osoan faxismoa eta arrazakeria gora doala, Euskal Herrian ere bai, eta errealitate horri ezin diogu bizkarra eman. Gero eta adierazpen faxista gehiagorekin topo egiten dugu; kartelak, pintadak eta erasoak ere ikusten ditugu gure herri eta hirietan. Inoiz gehiago ez! plataformatik adierazpen faxista horien aurka borrokatzeko konpromisoa dugu.

Azken eraso faxista SOS Arrazakeriaren Gasteizko egoitzaren kontra gertatu da aste honetan. Duela aste batzuk Madrilen egin bezala, SOS Arrazakeria muturreko eskuinaren totalitarismoaren helburua izan da. Ez baitu onartzen bazterkeriaren aurkako, eta berdintasuna zein giza eskubideen aldeko lana.

Arabako faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako Inoiz gehiago ez! Plataformatik eraso faxista eta arrazista hau irmotasunez gaitzesten dugu, eta instituzio politiko zein polizialei exijitzen diegu erasotzaileak aurkitu ditzatela. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diogu SOS Arrazakeriari bere Gasteizko egoitzaren kontra pairatutako erasoarengatik. Izan ere, Euskal Herriko gizartea ez dago faxisten gorrotoa eta zentzugabekeria gure kaleetan ikusteko prest, inoiz gehiago ez.

Inoiz gehiago ez!
Alternatiba plataformako kide sortzaileetariko bat da

X