Troikako gaizkileak Bilbon

Ana Etxarte – Alternatiba

Alderdi Popularra, bere ohiko eskumako leloei jarraiki, herritarren segurtasun gabezian oinarrituta alarma soziala pizteko estrategia martxan jartzen saiatu da berriz ere, daukan garrantzia areagotuz, herritarren beldurrarekin jolastuz, eta poliziaren zein errepresioaren logikari bidea emanez. Ildo honetatik, mozio bat aurkeztu da balizko egoera honi aurre egiteko, Herritarren Segurtasunerako Plan Integral bat lehenbailehen Bilbon ezartzea proposatuz.

Esan beharra daukat, salbuespena izan arren, Alderdi Popularrarekin ados nagoela bere mozioan egiten dituen bi baieztapenekin: Lehenik, ziur nago Bilbon delituak egiten darabiltzaten banda antolatuak badaudela. Bestalde, egoera honi aurre egiteko guztiz aproposa deritzot giza segurtasun plan bat lantzeari.

Jakina, horraino soilik etortzen gara bat. Izan ere, PPren segurtasun kontzeptua eta bertan proposatutako giza segurtasun kontzeptua (Nazio Batuek onarturikoa) ezberdinak dira oso. Hala, giza segurtasunaren kontzeptuaren arabera, soilik norberaren bizimodua bermatzeko, oinarrizko beharrizanak asetzeko, norbere kasa moldatzeko eta komunitatean modu libre eta seguruan parte hartzeko gaitasuna bermatzen denean ematen da. 

Gauzak horrela ulertuta, gero eta ozenago aldarrikatzen da, baita Bilbon ere, herritarren segurtasun eza, antolatutako delinkuentzia boteretsuak gidatutako eta zilegitasunik gabeko sistema suizida batek sortutako giza segurtasun ezaren ondorioa dela. Hauek dira jazarri eta atxilotu beharko genituzkeen gaizkileak, hauengana zuzendu beharko genituzke gure arreta eta lehentasunak. Gorbata garestiak janzten dituzten lapurrak dira, atxilotuta egon beharrean, enpresa handiak zuzentzen dituztenak, gure eskubideekin espekulatzen eta gure bizitzak merkaturatzen ari direnak; publikoki gaitzetsiak edo baztertuak izan ordez, pertsona eredugarri moduan aurkezten dizkigutenak; instituzioetatik aurkaritza jaso ez ezik, hauen laguntza eta trikimainak eskuratzen dituztenak, jokabide morroi eta ipurgarbitzaile bati jarraiki.

Hauek dira segurtasun ezaren errudunak: politikari ustelak, kapitalista handiak eta euren morroiak. Azken finean, gehiengoen eskubideak alde batera utzita, euren etekinak biderkatzeko baliabide publikoak erabiltzen dituztenak. Eta hauei aurre egiteko Giza Segurtasunerako Plana abian jarri beharko litzake, egiten dutena, egiten uzten zaiena, guztion segurtasuna arriskuan jartzen duelako. 

Horregatik EHBildutik proposatu dugu Giza Segurtasunerako Plan horren lehen puntua Bilbon izango den Ekonomia Goi-bilera bertan behera uztea izan da. Izan ere, martxoaren 3an Udal Gobernuaren oniritziarekin egingo den ekitaldian, besteak beste Nazioarteko Diru Funtseko, Europako Batasuneko, Espainiako Ekonomia Ministerioko eta Telefonica, BBVA edota Iberdrola bezalako enpresa handietako ordezkariak bilduko dira. Jardunaldi hauen helburua krisialditik ateratzeko ikuspuntu berriak aztertzea dela badiote ere, ez utzi zuen buruari iruzurrik egiten, euren xede bakarra herritarrak ustiatzen jarraitzeko moduak aztertzea baita, gero eta estuago eta merkatuaz baliatuz, gure lepotik bizitzen jarrai dezaten.        

Dudarik gabe, horrelako ekitaldiek eta kasta honek, gure giza segurtasuna kolokan jartzen dute, eta horregatik ez ditugu Bilbon nahi. Argi daukat ere, antolatutako gaizkile asko bertan izango direla eta horregatik lehenbailehen erantzun behar dugu Udaletik. Gaizkileekin, batek daki… akaso hauek ez dituzte kalean diru-zorroak lapurtuko, baina adi ibili behar gara, zeren eta lapurtu, lapurtu egiten dute; baina handizka, lehen mailan egiten den bezala. 

Horregatik, gure bizitzengatik, gure segurtasunagatik, protesta egitera goaz eta ongi etorriak ez direla esatera goaz. Troika eta kapitalistak, alde hemendik!

http://alternatiba.net/old-files/Kartel pirata web.jpg

Alternatibak Erribera 13ren hutsaraztea gaitzetsi du okupazioa kriminalizatzeko eta zapaltzeko saiakera berria dela salatuz

Alternatibaren Bilboko Asanbladatik Erribera 13ren hutsaraztearen aurrean gure erabateko gaitzespena adierazi nahi dugu, berriro ere,epaileek eta poliziek bat egin dutelako okupazioa kriminalizatzeko eta zapaltzeko; Okupazioa aukera guztiz legitimoa da, eta egun inoiz baino gehiago, beharrezkoa ere, etxebizitza baterako sarbidea bezalako oinarrizko eskubideen gabezia dagoenean.

Berriro ere, jabetza pribatuaren defentsa beste edozein ardura guztien gainetik jarri dela ikusten dugu; ez du inporta eraikina urtetan hutsik egon bada, edota ondasunen banaketa duinago batean sinesten duten pertsonen konpromisoari esker hondatuta zegoen eraikina txukundu eta atondu dutenean.

Gizarte honek jabetza pribatuarekiko eta indibidualismo neurrigabearekiko duen joeraren aurrean, eta espekulazio kapitalistari aurre egin ahal izateko, toki desberdinen erabilera kolektiboa tresna aproposena dela uste dugu, aipatutako espazio horiek erabilera sozial eta komunitarioetarako erabiliz.

Egoera honen aurrean, Alternatibatik gaur arratsaldean Erribera 13 eraikinaren defentsaren alde Unamuno plazatik 19:00etan abiatuko den mobilizazioarekin bat egitera deitzen dugu.

Espainiako immigrazio politika eta Ceutako hildakoak Legebiltzarrera eramango ditugu Eusko Legebiltzarrera

EH Bilduk iritzi dio Ceutan hildako 15 pertsonen heriotza Espainiako migrazio politikaren ondorioa dela. “Gertatu dena nahikoa garrantzitsua da konturatzeko Espainiako migrazio politikak giza eskubideen aurka doazela eta Legebiltzar honek horien aurka adierazpen publikoa egin behar duela. Horrez gain, hildakoen senitartekoekin eta inguru hartan muga pasatzeko zain daudenekin ere elkartasuna adierazteko balioko du”, adierazi du Diana Urreak, ekimena sinatu duen legebiltzarkideak.

“Espainiako migrazio politikek horrelako sarraskiei bide ematen die. Madrilgo gobernuak hartzen duen jarrera, gainera, egoera okertzea bakarrik ekartzen dute. Eta hori gutxi balitz, arduradun politikorik gabe geratzen da guztia. Horregatik gura dugu Estrasburgoko Giza Eskubideek epaitegiak Ceutan gertatu zena sakonki aztertzea, arduradun politikoak bilatze aldera”, gaineratu du.

Legez besteko proposamenean espresuki aipatzen da Human Rights Institute erakundeak egindako txostena, zeinak azpimarratzen duen Espainiako migrazio politikak Eurpar Batasunaren arautegiaren aurka doazela. Izan ere, aipatutako arautegiak galarazi egiten du muga pasatzen duten etorkinak gogoz kontra euren estatuetara berriro itzultzea, tratu txarrak pairatzeko arriskuan egon baitaitezke.

EHBildu

Alternatibak bere elkartasuna adierazi dio Maduro presidenteari eta Venezuelaren aurkako muntai kolpista salatu du

Alternatibaren Mahai Internazionalistako bozeramaile Diana Urreak bere erakundearen elkartasuna adierazi dio Venezuelako presidente Nicolas Madurori eta iraultza bolivartarrari. Herri hartako “elite finantziariek sustatutako kanpaina kolpistaren” harira esan du, “nazioarteko hainbat eragilek lagundutakoa, herri hartako baliabideak ustiatzeko interesen handiagoa dutena bake soziala ezartzean baino”.

Alternatibatik, 2013ko apirilaren 14an Nicolas Maduro Venezuelako Errepublika Bolivartarraren presidente izendatu zutela gogoratu nahi izan dute, Hugo Chavez komandantearen heriotzak eragindako presidentziarako hauteskundeak izandakoak, “azken 15 urteetan eta Amerikako herrien  emantzipaziorako eta integraziorako borrokan pertsonai nabarmengarria” izan zena.

Azken egunetan, Venezuelako hiriburua “beren burua nazioarteko ordenaren zaindaritzat dutenek diseinatutako planaren biktima izaten ari da, hango oligarkiaren bitartez, presidentea kentzeko”. Hiriburuan manifestazio desberdinak izaten ari dira, ondorio larriekin; zaurituak, hildakoak eta bestelako kalteak izan dira, “nazioarteko muntaia egiten ari dira Venezuelako Gobernuaren aurka, eta horretarako irudi faltsuak erabiltzeko gai dira ere, Sirian eta Hondurasen ateratakoak, edota Unai Romano euskal herritarrarenak, 2001ean Guardia Zibilaren esku pairatutako torturak jaso ostean. Eta irudi horiek PSUVen gobernuaren ardura direla sinestarazi nahi izan digute”.

Zentzu honetan, talde ezkertiarretik agerian utzi nahi izan dute Prisa taldearenak bezalako hedabideak direla Venezuelako Gobernuaren aurkako kanpainan ari direnak, eta horregatik Urreak iradoki die “hobe dutela Bankiak, bere nazionalizazioaren aurretik, azken unean eman zien 423 milioi euroko mailegua zertan nolatan lortu zuten eta zertan erabili dute”.

Urreak Maduro beraren hitza bere egin ditu: “Venezuelan altxamendu nazifaxista baten aurrean gaude, eta garaitu egingo dugu. Ez da estatu kolperik emango Venezuelan, ziur egon zaitezte, munduak jakin dezala”. Hala, nazioarteko ezkerreko indarrei dei egin die, “Venezuelak duen garrantziaz jabe daitezela,  Amerikan zein munduan”.

Horregatik, Alternatibatik PSUV alderdiari eta Maduro presidenteari bere babesa berretsi diete, “Latinoamerikako bihotzaren aurkako estatu kolpea eman nahi dutenen aurrean herri hartako baliabide naturalak bereganatu eta ustiatzeko, munduko petrolio erreserbarik handiena dituena. Venezuelako herriak erakutsi digu nola sakontzen den sozialismoaren eraikuntzan eta  eskumari aurre egiten dio. Eta han egongo gara Euskal Herritik gure babesa ematen”.

X