Alternatibak hitzaldia antolatuko du Errenteria-Oreretan proposamen ekofeministen inguruan

Urtarrilaren 29an, asteazkena,  Alternatibak “Ekofeminismotik proposamenak, axola duten bizitzak eraikitzen” izeneko hitzaldia antolatu du Errenteria-Oreretako Mikelazulo Kultur Elkartean. Bertan, Ecologistas en Accion-eko zuzendari Yayo Herrero, eta  Gipuzkoako Berdintasuneko Zuzendari Nagusi Laura Gomezen parte-hartzeak entzuteko aukera izango dugu.

Hitzaldia Yayo Herreroren parte-hartzearekin hasiko da arratsaldeko 19:00etatik aurrera, egungo produktibitate eta kontsumo ereduari kritika eginez,proposamen ekofeministen oinarri kontzeptual eta ideologikoak azalduko dituena, emakumeengan eragiten duen desberdintasuna eta prekarietatea salatuz. Aldi berean, Herrerok indarrean dagoen sistema honi alternatibak aurkeztuko ditu, desazkundea eta bizitza duin baterako ardatz gisa bizitza bera duten teorietan oinarriturik. Ondoren, Laura Gomezen parte-hartzea izango dugu Gipuzkoako Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasunerako II. Foru Planaren giltzaz hitz egingo duena. Bertan, bizitzaren sostengarritasunaren inguruko gakoak eman ez ezik, gure gizartean emakumeek kalitatezko bizitza eta lan baldintzak  izan ditzaten neurri zehatzak emango ditu ere.

Frankismoaren aurkako militante eta iraultzaile historiko Miguel Romerori agurra

Atzo, militante antifrankista eta iraultzaile historiko Miguel Romerok utzi gintuen, Moro ezizenarekin ezagutua. Azken urteak minbiziaren kontra borrokan eman ditu, baina beti ere, bere konpromiso politikoari bizkarra eman gabe VientoSur aldizkariaren buru gisa; ezinbesteko eta erreferentziazko publikazio politikoa, mundua ezkerraren ezkerretik aldatzeko ametsa dugunontzat. Miguel Romero Euskal Herriaren lagun izan dugu, euskal gatazkaren bidezko konponbidea defendatu ez ezik, LKI-ko aspaldiko kideekin harremana estua mantendu zuelako. Eskerrik asko zure ausardia eta emandako ereduarengatik.  Agur eta ohore, Moro.

EH Bilduk kontzentrazioa egin du Durangon, EAJk ingurumenaren aurka egiten duen politika suntsitzailea salatzeko

Eusko Jaurlaritzaren eta Durangoko udaletxeko agintariek, Berdeago, iraunkortasunaren aldeko azoka inauguratu dute gaur Durangon. EH Bilduren zinegotziak bizikletaz heldu dira hitzordura eta azoka atean pankarta baten atzean kontzentrazioa egin dute. “Urkullu, iruzurrik ez, porlana ez da berdea!” zioen idatziarekin Jaurlaritzak eta EAJk egiten duen ingurumenarekiko politika suntsitzailea salatu gura izan dute.

Eider Uribe zinegotziak eta Oskar Matute legebiltzarkideak adierazpenak egin dituzte komunikabideen aurrean. Herritarrei argi eta garbi azaldu gura izan diote ez EAJk, ez Urkulluk eta ezta Jaurlaritzak ez dutela inondik inora politika iraunkorra bultzatzen. “Egiten duten politika erabat errespetugabea da ingurumenarekiko. Euskal Herria orbanez betetzen dute Abiadura Handiko Trena eraikitzen, eta gure inguru naturala suntsitzearen aldeko apustua egiten dute fracking-aren bitartez”, adierazi dute. “EAJren jarrera horrek eta euren marketing berdeak ez du gizartearen etorkizuna iraunkorragoa bilakatuko”, gaineratu dute.

“Iraunkortasuna, ingurumenarekiko errespetua, ez dago euren lehentasunen artean. Iraunkortasunaren kontzeptua erabili egiten dute, empresa pribatuekiko duten morroitza estaltzeko. Iraunkortasuna asteburu bateko pegatina legez erabiltzen dute, baina berez, gainetik jartzen dituzte ingurumenaren bizkarrera mozkina bilatzen duten enpresen interesak”, salatu dute.

EHBildu

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/t31/1531633_446959645432768_1070647761_o.jpg

EAEn eta Nafarroan abortu librea bermatzeko desobedientziara deitzen dugu eta abortu legearen erreforma gaitzesteko ekimenak abiatuko ditugu instituzioetan

Espainiako Gobernuak aurrera atera nahi duen abortuaren legearen erreformari erabateko gaitzespena adierazteko agertzen gara gaur zuen aurrera. Zentzu horretan, antzuak eta faltsuak iruditzen zaizkigu Alderdi Popularreko kideen artean gai honen inguruan jendaurrean azaldu dituzten desadostasunak, ez baitugu ahaztu behar emakumeen aurkako eraso hori beraien hauteskunde programan jasotzen zela.

Eraso hau ez da Madrilgo gobernutik datorkigun eskubideen urraketen zerrendako beste bat. Haratago doan eraso bat da. Izan ere, oraingo honetan ez dira izan ekonomia eliteak agindua eman dutenak; elite erlijiosoak izan dira. Dena dela, lege hori biztanleriaren erdiaren aurka egindako eraso zuzena da. Emakumeon autonomiaren aurkako zein gure bizitzarengan eta gure gorputzengan erabakitzeko izan behar dugun eskubidearen aurkako eraso larria da.

Tamaina honetako erasoaren aurrean, salaketa publikotik haratago joan behar garela uste dugu. Hala, kontrarreforma honi aurre egiteko erakunde guztietan abiatuko ditugu ekimenak (Iruñeko legebiltzarrean, Gasteizen, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta ondoren mozioa aurkeztuko dugu udaletxeetan). Gure bizitzaren gainean, gure gorputzaren gainean eta gure osasunaren gainean erabakitzeko dugun oinarrizko eskubidea erasotzen duen erreformaren aurrean gaudela esango dugu mozio horren bitartez, baina horrez gain, gure instituzioei eskatuko diegu beren eskumen guztiak erabil ditzatela eta berme guztiak jar ditzatela emakumeok libreki erabaki ahal izateko. Osasun arloko, lege arloko zein gizarte arloko bermeez ari gara.

Horrenbestez, legeak suposatzen duen urraketaren adinako erantzun irmoa eman nahi dugu, eta hori bide politikotik zein instituzionaletik egitea. Indar politiko, sindikal eta sozial guztioi dagokigulako erreforma honi erantzutea eta geldiaraztea. Era berean, guztiok jabetu behar gara oraindik ere indarrean dagoen araudia aldatu behar bada emakumeon eskubideak zabaltzeko izan behar dela, gure kabuz erabaki ahal izateko ama izan nahi dugun edo ez.

Lege atzerakoia da, hamarkadetan borroka feministaren bidez erdietsitakoak lurperatzen dituena. Eta erreforma honi esker ere bai, Espainiako estatua eskubideen urraketen zerrenda lotsagarrian goi-goiko postuetan dago. Horren erakusgarri da erreforma babestu duen bakarra Europako ultraeskuin arrazistena, xenofoboena eta matxistena izan dela. Eta Espainiako estatuan hori gertatzen den bitartean, Frantziako Gobernuak ere bere legea aldatuko du, baina kasu honetan, abortua eskubide bihurtzeko eta, modu horretara, erabaki hori hartzen duten emakumeen aurkako presio itsua arintzeko.

EHBildutik gogoratu nahi dugu eskubideak negoziaezinak direla eta are gutxiago, ezin direla elite erlijiosoen nahien arabera arautu, horien lekua esparru pribatura mugatzen dela ahazten baitute sarri askotan. Abortu librea eta doakoa bermatu beharra dago osasun sistema publikoan, hori baita eskubide horren unibertsaltasuna bermatzeko modu bakarra. Horregatik egiten dugu desobedientziarako deia. Euskal Herriko erakundeek beren burujabetza erabili behar dute abortua librea eta doakoa izango dela bermatzeko, horretarako bitartekoak sortu eta bide propioa jorratuz.

Amaitzeko, erreforma honi Euskal Herriko mugimendu feministatik ematen ari zaion erantzuna goraipatu nahi dugu, eta emakumeon bizitzak kontrolatzeko zein erabakitzeko eskubidea ezabatzeko ahalegin berri honen aurka egingo diren protesta ekintzetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

EHBildu

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/p206x206/1016239_802331633117488_2138186361_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/t31/1265265_802331596450825_588586500_o.jpg

https://scontent-b-cdg.xx.fbcdn.net/hphotos-ash4/t31/1522650_802331576450827_199604328_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc1/t31/774230_802331743117477_38849032_o.jpg

Frentearen gobernuaren alde: FMLN-rekiko elkartasuna Euskal Herritik

2009an, Funes-FMLN tandemak, herriaren babesarekin, El Salvador-eko lehen aldaketa gobernua irabazi zuen. Gobernuan egon diren azken bost urte hauek – inolaz ere ez, zailtasunik gabekoak – herrian aplikatutako politika sozial berriek nabarmenduak izan dira.

Gobernutik bultzatu diren programa desberdinek positiboki eragin dute azken 20 urteetan eskuindar gobernuek baztertuta izan dituzten herritarrengan. Aldaketa Gobernuak aplikatutako programak, hezkuntzan, osasunean, nekazaritzan, genero berdintasunean eta ahaztu gabe, memoria historikoan oinarrituak izan dira.
2014. urte honen hasieran dugun eszenatoki politikoa guztiz desberdina da.

Otsailaren 2an hauteskunde presidentzialak ospatuko dira eta FMLN Salvador Sanchez Cerén hautagaiarekin aurkeztuko da; egun presidenteordea denarekin. Presidenteorde izateko hautagaia ere, beste figura erreferentzial bat izango da; Oscar Ortiz.

El Salvador une erabakigarrian aurkitzen da, eta hauteskunde hauek bai herriarentzat bai Frentearentzat garrantzi handikoak dira. Eskuina zatituta, FMLNk lehen itzulian hauteskundeak irabazteko aukerak ditu, Aldaketa Gobernuaren jarraipena bermatuz. Frentearen garaipena, beraz, funtsezkoa da lehen bost urte hauetan garatu diren programa sozial arrakastatsuei jarraipena eman eta eraldaketa politiketan sakontzen joan ahal izateko. Beste lehentasun batzuen tartean, Frenteak herriaren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko, memoria historikoaren inguruan – gudak utzitako zauriak behingoz isteko- lana egiteko, El Salvador ALBAn sartzeko aurrerapausoak emateko – zeinetan dagoeneko hainbat alkatetzak loturak badituzten ALBA-petrolio bezalako programekin- edota “Buen Vivir” logikaren baitako politikak aplikatzeko helburuak finkatzen ditu.

Euskal Herritik, ezin dugu aipatu gabe utzi, gure herrian bizitzen ari garen aro politiko berriari El Salvadorretik FMLNk egin dion ekarpen garrantzitsua. Zentzu honetan, Euskal Herriko sektore politiko eta sozialek gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu FMLNri. El Salvador eta Euskal Herriaren arteko elkarrekiko elkartasunak urte asko ditu. Gure memorian daude Pakito Arriaranen, Ignacio Ellacuria Aitaren, Begoña Garcia ren, Marta Gonzalezen izenak.

Izen hauek, ertamerikako txoko txiki horretan, herrien arteko adiskidetasun eta elkartasun konpromisoa indartzen egon ziren beste hainbat eta hainbat izenen ondoan idazten dira.

Nahiz eta gaur adierazi nahi dugun babes hau ikuspegi elektoralistara mugatzen ez den arren, jakitun gara Frente Farabundo Marti-ren baitako gobernua izateak El Salvadorrentzat berebiziko garrantzia duela. Baita elkartasun internazionalistan sakontzen joateko ere.

Guzti horregatik, eragile, herri mugimendu, alderdi politiko eta gobernuz kanpoko erakunde desberdinek gure babesa eskaintzen diogu FMLNri:

Dei egiten diegu Salvadortarrei eta internazioanlista guztiei, urtarrilaren 26an, Altsasun, El Salvadorri, FMLNri eta presidente izateko hautagaia izango den Salvador Sanchez Ceri gure babesa eta elkartasuna adierazteko egingo den topaketan parte hartzera.

Euskal Herrian, 2014ko urtarrilaren 14an

Foto: Salvadorreko frentearekin elkartasuna! Urtarrilak 26, igandea. Altsasun.

X