Informazioaren eskuragarritasun ekitatiboa

Komunikabideen eztabaida ere itxi gabe geratu da, eztabaidarekin jarraitu beharko da; izan ere, komunikabideen kontrola, jabetza eta ezaugarrien inguruko jarrera argirik ez da lortu. Badira, ordea, adostasun puntuak:

  • Informazioa ezin da hartu merkantzia hustzat, funtzionamendu demokratikorako nahitaezkoa baita.
  • Herritarren kontrolik gabeko estatalizazio hutsak ez du bermatzen benetako informazio bat jaso ahal izatea.

 

Beraz, jabetza publikoa komunitario eta herritarrarekin uztar dezakeen ereduren bat bilatu nahi da.

  • Internet eta software libreen sustapena
  • Komunikabideetan kuota sistemak hainbat sektore herritar zein komunitarioren beharrak asetzeko.

Ordezkaritza demokrazia

Ordezkatuaren eta ordezkariaren arteko harreman estuago baten alde egin da, lehenari indar handiago emanez bigarrenarekiko.

  • Alderdi Legearen erabateko eraldaketaizugarrizko bidegabekeria demokratikoa da eta.
  • Egungo ordezkaritza sistema (D´hont legea, oinarrizko barrutiak,…) aztertu eta egokituko duen Hauteskunde Lege berria, herri babesa eta ordezkarien arteko koherentzia bermatuko duena.
  • Lurralde Historikoen Legea bertan behera uztea, ordezkaritza biztanle kopuruaren arabera oreka dadin.
  • Ordezkarien aukeraketa gisarako zerrenda irekien aldeko apustu garbia.
  • Ordezkariak postutik baztertzeko aukera jarduera osoan zehar.

Parte hartze demokrazia

Erabakiak hartzean, demokrazia zuzenaren osagarri behar du izan, ahal den neurrian, herritarrek politika publikoen osaketan parte hartzeko aukerak. Beti parte hartzea maila zabalean emateak duen zailtasuna dela eta, erabakiak zuzenean hartzea aldarrikatzen duen kultura demokratikoa lehenetsi da; baina badira proposatzea merezi duten parte hartze demokrazia neurriak.

  • Kontseilu eta Batzordeen sustapena, parte hartu nahi dutenei irekiak.
  • Udal, eskualde eta lurralde historiko mailako batzarren sustapena, esparru bakoitzean politika eta neurri ezberdinak aztertu, eztabaidatu eta haien gaineko proposamenak egin ahal daitezen.
  • Legegintzako Herri Ekimen Legeberria, herritarrek araudien osaketa eta onartze prozesuetan parte hartzea baimendu eta bultzatuko duena.

Demokrazia Zuzena

Erabakiak ordezkatze eta zeharkako prozesurik gabe hartzeko subjektu burujabea herritargoadela defendatzen du demokrazia zuzenak. Ildo honetan proposamen hauexek garatu ditugu:

  • Herritarren erabaki eskumenak ahalik eta gehien zabaltzea. Ahal den neurrian, herritarrek erabakiak hartu ahal izatea ahalbideratu behar da, ordezkarien lana mehetuz. Azken hauen lana operatibitate gaiei eta taldeka sorturiko estrategia politikei mugatuko beharko litzaieke, erabakia bera esparru bakoitzeko subjektu burujabean utzita.
  • Zalantzarik gabeko muga, zer aukera daitekeen eta zer ez bereizten duena, giza eskubideen nazioarteko arloak zehazten du. Eskubideak ezin dira zalantzan jarri eta euren gainean ez da erabakirik hartzen ahal. Zehazteke geratzen da, halere, zer den eskubide eta zer ez (batez ere bigarren eta hirugarren belaunaldiena) eta euren izaera dinamikoa.
  • Aurreko bi ideiak Demokrazia zuzen Lege edo Erreferendum eta Kontsulta Lege batek zehaztu beharko lituzke, honetan agertuko litzateke zein eskumen diren herritargoaren erabakitze esparruaren arlo hutsekoak eta zeintzuk diren esparru bakoitzeko subjektu zehatzak (nazio, lurralde historiko, eskualde, …). Legeak subjektu horiei egituratzeko eta informazioa eskuratzeko ahalmena bermatu beharko die.
  •  Egitura eta legeak ez dira asebetegarriak ez bada benetako kultura demokratikorik sustatzen. Honetarako informazioaren eskuragarritasuna, eztabaidarako eta erabakitzeko egitura egonkorrak, parte hartzeko denbora eta baliabideak, formakuntza orokorra, behar dira.

Erroko demokrazia kontzeptua

Alternatibak erroko demokrazian oinarrituriko gizartea aldarrikatzen du, honako irizpideen arabera ulertzen duguna:

  • Parte hartzea boterearen oinarrian: boterea biztanleriaren esku hartze aktibo eta burujabearen bitartez eraman behar da aurrera erabaki esparru bakoitzean, herritarrek parte hartze hori bermatuko dien bide, egitura, informazio eta gizarte eredua behar dituzte. Parte hartze hau ezin da mugatu esparru politikora, beste ekonomia, gizarte edo kultura dinamiketara ere zabaldu behar da. Helburua da, ezaugarri estrategikoenetan bederen, gehiengoek zuzentzea euren eredu eta gizartea.
  • Ez dago eredu bakarrik edozein testuinguru edo kulturatan bere horretan errepikatu behar denik. Aitzitik, demokrazia kontzeptu ezberdinak elkarbizitzan izan daitezke komuneko eskubideen eta irizpideen zerupean. Beraz, erabateko demokrazia eta ordezkaritza zuzen adibideak – Boliviako Alto hirian edo zapatisten Juntas de Buen Gobierno direlakoak adibidez- ordezkaritzari garrantzi handiagoa eskaintzen dioten batzuk bezain baliagarriak izan daitezke.
  • Kalitatezko parte hartzea eskuragarria izatea denei bermatzeko subjektu bakoitzari egokituriko estrategiak garatu behar dugu. Hala, Gako nagusiak agirian adierazi dugun legez, subjektu bakoitzak mendekotasun sistema ezberdinak –kapitalismoa, patriarkatua, …-jasaten ditu eta benetan aukera berdintasuna bermatuko duten prozesu, egitura eta politikak ezarri beharko dira. Emakumeen kasua nahiko adierazkorra da, izan ere, bazterketa eta prekarietate ekonomiko handiena jasateaz gain, erabaki guneetatik oso urrun daude; logika maskulinoaren araberako ohitura, kultura eta egituren ondorioz. Funtsezko neurriok kontuan hartu behar dira errealitatea errotik aldatzeko.

Irizpide hauetatik abiatuta, honako ezaugarriez osaturiko erroko demokrazia kontzeptua aldarrikatzen dugu:

  • Demokrazia zuzena, parte hartze demokrazia eta ordezkaritza demokrazia uztartzea. Gizartearentzat estrategikoak diren erabakiak herritarrek hartzea bermatzen du, bai tokian tokikoan zein estatu edo nazioarte esparruetan; era berean, politika publikoetan herritarrek parte hartu ahal izateko egiturak definitu dira; azkenik, ordezkari politiko eredu berria zehaztu da, kargutik kendua izateko aukerapean eta txandakatze sistema batean politikarien profesionalizazioa saihestuko duena.
  • Demokrazia parte hartzeko egiturak sortzetik urrunago doa; kalitatezkoa izango bada, herritarrei informazioa lortzeko aukera berdin, garden eta objektiboa eman behar die.
  • Erroko demokraziak erabat ezberdin den gizarte eredua behar du, gizarte berdinzaleetan soilik eman baitaiteke kalitatezko esku hartzea. Gainera, eredu ekonomikoak arlo publikoan parte hartu ahal izateko denbora eta baliabideak bermatu behar dizkio herritarrari, eta parte hartzea bera funtsezko balio delako kultura hedatu egin behar da.

Erroko Demokraziaren Mahaiaren proposamenak 3 ezaugarrion arabera antolatu ditugu, 5 puntutan sailkatu ditugu beraz: demokrazia zuzena, parte hartze demokrazia, ordezkaritza demokrazia, informazioaren eskuragarritasun ekitatiboa eta tokian tokiko estrategia.

Azken puntu honetara enfokatu da lana, demokratizaziorako prozesu estrategikoan funtsezko ikusten baita, behetik abiatutako ezker alternatiba bat osatzeko asmoan.

X