Estatuaren laikotasuna

Estatu laikoa erakunde edo sinismen erlijiosoren eraginik edo esku-sartzerik jasaten ez duena da, hau da, eliza boterearekiko erakunde publikoen independentzia bermatzen duena, erlijioa pertsonen eremu pribatura, pertsonal eta taldekakoa, mugatuz.

Laikotasunak sinismen ezberdinen arteko elkarbizitza hobea bermatzen du, sinistedunen interesei gizarte zibil osoaren interesa lehenesten baitie. Estatu laikoak giza eskubideekiko begirunea du helburu nagusitzat, beraz, feminismoa eta laizismoa hertsiki loturik daude, biek defendatzen dituzte-eta giza eskubideak eta emakumeen askatasuna.

Erlijio guztiek, bereziki monoteistek, emakumeek izan eta egin behar dutena arautu izan dute. Eliza Katolikoak, hain justu, emakumeei euren bizitza eta gorputzen gaineko erabakitze-eskubidea zein euren sexu askatasuna ukatzen die.

Azken urteetan Eliza Katolikoa bizi politikoan gero eta maizago ari da esku hartzen, bere arlotik kanpo dauden gaiei buruz iritziak ematen. Pertsona bakoitzak izateko (ala ez izateko) eskubidea duen sinismenak gizarte osoari denona ez den erlijio moral bat inposatzearekin nahasten da.

Gainera, Eliza Katolikoak historikoki hainbat lehentasun edo pribilegio gozatu izan ditu, 1979an espainiar estatuak eta Vatikanoak sinaturiko itunaren bitartez, zeina Konstituzioa indarrean sartu eta oso gutxira sinatu zen, erlijio katolikoa “beste funtsezko gaien ezaugarri berberetan” ikasteko hautazkotzat eskaini zen. Berriki, espainiar gobernuak Elizarekin adostu du errenta aitorpenean eginiko hamarrena %0,5etik %0,7ra igotzea. Ezin da ahaztu, gainera, hezkuntza katoliko pribatua, hezkuntza publikoko erlijio irakasleen soldata, apaizen soldata eta gizarte segurantza kostua eta zerga salbuespen bitartez lortzen duena. Hau guztia 1979an Vatikanoak eta gobernu espainiarrak sinaturiko itunarekin berarekin dago kontraesanean, bertan “Eliza Katolikoak bere kabuz bere behar-izanak asebetetzeko helburua hartzen du bere gain” esaten zen.

Beraz, eraikitzen ari garen erakunde politiko berritik honakoak exijitzen ditugu:

  • 1979ko espainiar estatuaren eta Vatikanoaren arteko akordioak bertan behera uztea, akordiook 1953ko Konkordatu frankistaren oinordeko baitira eta erlijio katoliko semiofizial egiten baitute.
  • Inolako elizarik ez finantzatzea diru publikoarekin.
  • Hezkuntza publikotik erlijioak ateratzea, eskola laikoa sustatuz giza eskubideen eta askatasunen defentsa tresna ez sexista moduan.
  • Eraikin edo ekitaldi publikoetatik erlijio sinboloak baztertzea.

Laburtuz, benetako estatu eta elizen arteko banaketa proposatzen dugu, arlo politiko eta zibila erlijiotik bereiziko dituena, non pertsonen eskubide eta betebehar berdintasuna onartuko den, denen askatasuna bermatuta. Laikotasuna da, izan ere, gizarte plural batean ideia eta sinismen ezberdinak dituzten pertsonen elkarbizitza berma dezakeen esparru bakarra.

 

 

 

 

 

Emakumeen aurkako bortxa

Ardatz hau proposamenaren hasiera-hasieratik da agerian. Sistema patriarkala eta kapitalistak emakumeen aurkako hainbat bortxa forma sortzen dituztela esana dugu dagoeneko. Darabilgun bortxakeria kontzeptua emakumeek euren autonomia eta jabekuntza garatu behar duten arloekin lotzen dugu. Bortxakeria ulertzeko kontzeptu zabala da: kolpe, bortxaketa eta erailketaz gain gauza gehiago aztertu nahi ditugu.

Bikotekide edo bikotekide ohiek buruturiko emakumeen aurkako tratu txarrak edo indarkeria espainiar estatuan urtero bataz beste 60 emakume hiltzen dituen indarkeria mota da. Indarkeria mota hau, bere ezaugarriak direla eta (gertuko batek burutua izana, orokorrean denboran luze jotzea eta jasaten duenaren autoestima urratzen duten hainbat faktore) odoltsu eta ankerrenetakotzat jo daiteke. Errealitate hau salatu eta estatuari erabat desagerrarazteko neurri guztiak hartzeko eskatu behar diogu. Gizarteari eta geure buruei eurei ere emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean inolako tolerantziarik ez izatea eskatu behar diegu.

Hau esanda, indarkeria mota hau emakumeen aurkako bortxaren izebergaren punta besterik ez delakoan gaude. Geure iritziz, emakumeen aurkako bortxak agertzeko modu ugari ditu eta ezin dugu emakume kopuru “txiki” bati eragiten dion zatiari soilik mugatu. Emakume kopuruaren zati batek tratu txarrak jasaten ditu baina denek jasaten dugu bortxakeria geure bizitzako hainbat unetan: bortxakeria ekonomikoa (ezaugarri kaskar eta behin behinekoetan lan-munduratzea), sexu bortxakeria (sexu eraso eta bortxaketetatik hasita laneko sexu-jazparpenera), bortxakeria psikologikoa, bortxakeria sozio-kulturala (emakumezkoaren gorputzaren merkantilizazioa iragarkietan, komunikabideetan emakumeak gauza hutsa bihurtzea),…Beraz, indar politiko berri honen emakume feministen zein geure borrokan bidelagun izan nahi diren gizonen helburua da bazterkeria eta bortxakeria adierazpen oro desagerraraztea eta emakumeen aurkako bortxarik gabeko sistema berdinzaleen eraikuntzan borroka egitea.

Lan zaila da eta geure ahalegin guztiak beharko dituen epe luzeko prozesua izanik arlo ugari izango ditugu borrokatzeko: lege neurriak hobetu, indarkeria jasandako emakumeentzako kalitatezko arreta osoa, kohezkuntza ereduak, komunikabideek emakumeen aurkako bortxakeria kultural eta sinbolikoan duten garrantziaz jabearaztea,…. Borrokarako eta lanerako esparru ugari, non geure erakundeak kokatu eta ekintzara jo beharko duen.

Muinera itzulita, emakume feministek 2008ko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoari (genero indarkeriaren aurkako babes legeari) eta bere martxan jartzeari eginiko kritikak azaldu nahi ditugu. Puntu hauetan hobetu beharko litzateke geure ustez:

  • Espainiar estatuko edozein tokitan bizi diren, landa eremuetan bizita ere edo egoera administratibo arautu gabean egonda ere, eta indarkeria jasaten duten emakume guztiei arreta eta babesa eskaintzeko giza baliabide edo baliabide materialak bermatzea.
  • Polizia, justizia, laguntza eta osasun arloetako profesionalei dagokien heziketa ematea, bortxakeria bere osotasunean ulertu eta aurre egin ahal diezaioten.
  • Genero indarkeriaren aurre zaintzea lantzea.
  • Gaiarekin harremanduriko gizarte zein publiko mailako erakundeen elkarlana sustatzea.
  • Justizia prozedurak bizkortzea, epaitegien espezializatzea ematea eta kasu hauen ardura duten epaileak sensibilizatzea.
  • Zigor motak eta erasotzaileek zigorra betetzeko mailak baloratzea.

Sexu eta ugalketa eskubideak

Geure ustez lehentasunezko gaia da sortu nahi dugun erakundeak sexu eta ugalketa eskubideen onartzearen eta abian jartzearen alde egin dezala. Eskubideok funtsezko giza eskubide unibertsalak dira. Estatuari dagokio beraz eskubideon erabateko gozatzea bermatzeko ardura.

Sexu eta ugalketa eskubideek, besteak beste, seme eta alaba kopuruaren inguruko mehatxurik gabe erabakiak hartu ahal izateko gizakien eskubideari; eta informazioaren, hezkuntzaren eta hori lortzeko baliabideen eskuragarritasunari egiten diete erreferentzia. Beijingeko Emakumeen Mundu Batzarrean (1975) gaiak aurrera egin zuen eta emakumeek sexu inguruko gaietan dituzten eskubideak finkatu ziren.  Adibidez, emakumeek bazterketa, mehatxu eta indarkeriarik gabeko baldintzetan euren sexualitatea erabiltzeko eskubidea dutela onartu zen.

Sexu eta ugalketa karta honetako eduki eta proposamenetan sakonki sartu gabe, emakumeen ugaltze osasun eta seme/alaba kopurua gainditzen dituzten gaiak direla aipatu nahi dugu. Hautaketa sexual askatasuna eta kalitatezko sexu hezkuntzaren ezinbestekotasuna bezalako gaiak azaltzen dira, geure iritziz oso garrantzitsuak direnak eta ezkerreko erakunde berriak lehentasunezkotzat jo behar dituenak. Beraz, emakumeen erabakitze eskubidea eta doako aborto askea bezalako funtsezko gaiez gain, norberak bere sexualitatea askatasunean garatzeari loturiko aldarrikapenekin bat egiten dugu; ondorioz, aukera sexualak askatasunean hartzearen eta pertsona guztiak, edozein aukera sexuala izanda ere, eskubide berberen jabe izatearen alde gaude.

Zehazkiago, erakunde publikoek Sexu Osasun Estrategia Orokor bat osatu eta zabaltzeko proposamenak egin nahi ditugu:

Osasun sexualari arreta eman:

  • Kalitatezko sexu osasunerako arreta zerbitzuak exijitu behar dira, pertsona guztientzat errazki iristerrazak izango direnak eta pertsona guztien xehetasunei (gazteak, emakume etorkinak,..) egokituak egongo direnak. Edozein emakumek ziurtatuak izango ditu azterketa ginekologiak, aurrezaintzekoak eta aldizkakoak.
  • Baliabide antisorgailu guztien finantzazio bermatu osasun sistema publikoaren baitan.
  • Haurdunaldiaren Borondatezko Etetea (IVE gazteleraz) bermatzea hala nahi duten emakume guztiei. Emakumeek euren gorputzaren inguruan erabakitzeko eskubidea funtsezkoa da. Abortatzeko erabakia emakumearen barne etikaren barruko erabakitzat hartu behar da. Horretarako:
  • Abortoa lege berezi baten arabera arautu behar da eta emakumeen borondatearen aurka edo zuhurtzia-eza dela eta gertatuz gero Kode Penalean azalduko den delitua behar du izan.
  • Abortoa osasun sistema publikoaren baitan burutu behar da. Horretarako osasun langileen kontzientzia eragozpena arautu beharko da, osasun agintariak izanik zerbitzua jaso ahal izatearen arduradun.
  • 16 urtetik aurrerakoei erabaki autonomia onartu behar zaie, gurasoen baimenaren mende egon barik.

Hezkuntza sexualari arreta eman:

Geure ustez kalitatezko sexu hezkuntza aldarrikatu beharrean gaude, aurreko puntua osatuko bada. Erakunde publikoek, beraz, honakoak egin beharko lituzkete:

  • Maitasun-sexu hezkuntza sustatu lehen eta bigarren hezkuntzako kurrikuluetan; pertsonei euren gorputzen gaineko eskubidea, ugaltzetik harago doan sexualitatea izateko eskubidea eta sexua aukera ezberdinetan gozatzeko eskubidea onartuz.
  • Emakumezko zein gizonezkoak zaintzearen, anti-sortze prozesuaren eta sentimendu harremanak mantentzearen arduradun direla sustatuko duten hezkuntza jarduerak sustatu.

Osasun langileen hezkuntzari genero ikuspegia barneratu:

Hezkuntza langileekin, aurreko gaiekin oso loturik egonik, eta lan zehatza behar duten lantaldea izanik, neurri hauen araberako lana proposatzen dugu:

  • Medikuntza, erizaintza eta giza-osasun saileko beste lanbide batzuen heziketan abortoa sartu behar da, kirurgia zein osasun praktikak barne.
  • Sexu osasunean espezializaturiko langileak genero ikuspegitik hezi behar dira, euren aurreiritziez jabetu eta jakitun izan daitezen; hala, pertsona guztiei, edozein aukerako gizonezko zein emakumezko, kalitatezko arreta eman ahal izan diezaieten.

Ekonomia eta lana

Indar politiko berriaren egitaraurako funtsezko elementuak garatu direlakoan gaude. Nahitaez hasi behar dugu emakumeek lan munduan pairatzen duten berdintasun-eza egoeraz mintzatzen; izan ere geure lan-munduratzeak prekarietate altua izan du ezaugarri nagusi, bazterketa bertikal eta horizontal handiari loturik. Emakumeak ardura, lan-sari eta igotze aukera gutxieneko eta ez-egonkortasun handieneko lan-postuetan pilatu ohi gara, ohituraz emakumezkoentzako izan diren sektoreetan (sozialari, zaintzari, zebitzuei,…lotuak eta langabezia tasa eta aldizkako kontratazio handiagoak izaten dituztenak).

Geure lan-munduratzea, beraz, gizonezkoekiko berdintasun-eza baldintzetan izan ohi da beti. Egungo egoerarekin loturik, etengabeko krisi egoeran izan garela esan liteke. Ez dugu sakonegi aztertu emakumeen lan-munduratzea ezaugarri hauen araberakoa den; baina planteatu beharrean gaude sexu-genero bazterketak azaltzen duela neurri handian fenomeno hau.

Zainketaren ekonomia ereduaren alde egin dugu, lehenbizikoz ekoizpen eta ugalketa arloak biraztertuz, ohituraz gizon langile/emakume zaintzaileari lotu izan zaizkion arlo bi. Familia ardurarik gabeko gizon langilearen ereduak ezin du lan merkatuaren erreferentzia nagusia izan; ezta zainketari mugatzen zaion emakumea ugaltze arloan ere. Honetaz gain, emakumeek egin izan duten ordaindu gabeko lan osoa kontuan hartu eta estatistika ofizialetan tokia eman behar diogu.

Elkarbanaturiko arduren alde gaude: zaindua izateko eskubidea pertsona orori dagokio eta emakumezko zein gizonezko guztien ardura, estatuak hala bermatu behar du. Zainketen hedatze orokorra nahitaezkotzat dugu, pertsona guztiek eskuragarri izan ditzaten, diru-sarrera, jatorri eta antzeko edozein faktoreren mendean egon gabe. Estatua gogor hartu behar da hau bermatzeko beharrezko baliabideak sor ditzan, batez ere bizi dugun krisi garai honetan.

Mendekotasunaren arreta zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa exijitu behar dugu, zentzu honetan hainbat talde feministak indarrean den Mendekotasun Legeari eginiko kritikekin bat gatoz, ez baita gai behar-izanei erantzuteko eta emakumeak zaintze lanetara “behartuak egotea” gainditzeko ikuspegi feminista baten gabezia nabarmena baitu bere aurre planteamenduetan.

Zainketari lotzen zaizkion pertsonei, bereziki emakumezkoak, arreta berezia jarri behar zaie; antzera jokatu behar da etxeko langile eta emakume etorkinekin.

Funtsezkoa da, gure iritziz, ikastetxeetan eredu koedukatiboak ezartzea, zeintzuetan mutil eta nesken autonomia sustatuko den zaintza eta autozaintzaren gaineko ezagutza garatzen joan daitezen, gai honek emakumezkoena soilik izateari utz diezaion.

Boterea eta partehartzea

Ardatz honetan lehen aipaturiko boterearen eta parte hartzearen gaia hartu dugu. Egungo sistema demokratikoak bozka ematera mugatzen dute gure eskubidea, eta herritarren beste parte hartze ororako aukerak ezabatzen ditu, emakumeenak batez ere. Hori dela eta, parte hartze maila   eta horren inguruko egiturak genero ikuspuntutik berraztertu behar dira.

Era berean, norberarena politikoa delako esamolde feminista aldarrikatu nahi dugu bi arrazoi direla eta: ohiko publikoa eta pribatuaren arteko haustura markatzen duelako eta politika egunerokotasunean jartzen duelako. Egunerokotasunaren ideia honek albo batean geratu diren egitarau politikoak berreskuratzeko parada ematen du, emakumeen gaiak kasu. Honetaz gain, egunerokotasunetik egindako so hau, norberaren esperientziatik abiatzen dena, proposamen feministak herritarrari gerturatu nahiz dion elementu bat da. Ez dira gai globalak alde batera utzi behar; baizik eta asmoa da, auto-eratze prozesuei jarraiki, norberaren gertuenekotik ekin behar diogula hauek eratzeari, gure errealitatearen eta kontzientziaren jabetzetik, tokian tokikoari erreparatuz modu orokorragoan antolatu eta borroka egin ahal izateko. Tokian tokikoa eta gertuenekoa eragin gunetzat hartzea indar politiko berri honen ezaugarriei lotzen zaie.

Emakumeen parte hartzea sustatu eta zaindu behar dugu, autonomia politikoaren borrokan euren auto-eratzea bultzatuz; baina era berean emakumeek berdintasunean parte hartu ahal izan dezaten forma eta eredu berriak garatu.

Parte hartze demokraziaren irizpideen arabera herritarrek, emakumeek bereziki, geure etorkizunaren gainean erabaki ahal izatea bilatu behar dugu, eta parte hartzea ez dadila sinbolikoa izan baizik eta horretarako baliabideez eta boterearen jabetzaz horniturik egon dadila. Defendaturiko parte hartzeak beti ekarri behar ditu loturik erabaki ahalmena eta dagozkion baliabideak.

Esandakoa dela eta, tokian tokiko esparruan bultzatzen ari diren prozesuetan parte hartu beharko dugu (Berdintasun Kontseilua, Parte Hartze Kontseiluak, Aurrekontu parte hartzaileak,…) erabakiak talde mailan hartzea eta herritargoak boterea baliatzea bermatzen duten tresnak baitira. Egiturok feministok aztertu beharko ditugu emakumeen kalitatezko parte hartzea bermatzeko.

Benetan parte hartzaileak izan daitezen ondorengo gutxieneko ezaugarriak bete behar direlakoan gaude:

  • Informazioa ulergarria izan eta herritarrentzat eskura egotea.
  • Eztabaida sustatu dadila hartu beharreko erabakien inguruan, hausnarketa ezberdinekin herritar kritikoak indartzeko.
  • Parte har dezaketen pertsonei tresnak horni dakizkiela, parte hartzen ikasteko eta kalitatezko lana egiteko.
  • Emakumeen parte hartzea bermatzeko bideak egon daitezela.
  • Sexua ez ezik berdintasun-eza sortzen duten beste ezaugarriak kontuan hartzea: adina, jatorria, klase soziala,…

Geure apustu nagusia parte hartze demokrazia izanda ere, gai batzuk ordezkaritza demokrazia bitartez erabaki beharko direla uste dugu. Egungo alderdi sistemak emakumeen parte hartzea mugatzen duenez, erabaki guneetan emakumeak egotea bermatuko duten bideak ezarri behar dira.

Geure erakunde politikoak parekotasunaren alde egin behar duela uste dugu. Kremailera zerrenden (emakume/gizon txandakatzea) alde egin behar dugu. Ildo honetan, zerrendaburuen artean ere txandakatze sistemaren bat ezarri beharko litzateke, postua gizon eta emakume baten artean aldatzeko. Hautes zerrendetan gutxieneko emakume kopuru baten alde egin dugu, ez gehienezko kopuruaren alde, alderdi feministek euren zerrendak osotasunean emakumez bete ahal izateko. Parekotasuna eta proposaturiko gaiok eraikitzen ari garen erakunde berrirako ez ezik beste alderdi guztietara hedatzeko modukoak direla uste dugu. Legeak egin beharrekoak proposatu ez ezik proposamen hauek ez betetzea zigortu beharko luke.

Geure iritziz, halako neurriak legez derrigortzeak ez du berez besterik gabe emakumeen kalitatezko parte hartzea bermatzen gai publikoetan, baina baztertua eta ukatua izan zaien errealitate batera iristeko aukera errazten die.

Honetaz gain, feminista izanik, ordezkari politikoen kontu emate sistema ezarri beharko litzatekeela uste dugu. Programaren betetze maila eta emakume eta gizonen arteko berdintasun gai horien asebetetzea baloratzeko sistema ezarri behar dugu. Geure ordezkarien gaineko kontrol lana aurrera eraman beharko dugu.

Parte hartze demokraziaren alde egin badugu ere, gure eskubideen defentsari lotuak dauden gai batzuk azaldu nahi ditugu, eztabaidarik gabe geure proposamenera pasa beharko luketenak:

  • Berdintasuna eta parte hartzea subjektu politiko berriaren osaketaren funtsezko oinarri.
  • Emakumezko zein gizonezkoentzako erabateko herritartasunaren aldeko lana
  • Giza Eskubideen berrikuspena feminismoaren ikuspegitik, emakumeek hauek lortzeko duten berdintasun-eza aitortzeko honakoak proposatuz: betetzen ez direnean salatzea eta biltzen dituen eskubideak zabaltzea; sexu edo ugalketa eskubideak, kasu,  sartuta.
  • Harreman mota hauek gizarterako proposamenak zipriztintzeaz gain, geure erakundearen antolaketan gauzatu behar dira batez ere. Ezkerreko alderdien ohiko kultura politikoa eraldatu egin behar dugu zerbait berria lortzeko, emakumeen berdintasuna bermatuko duena. Erakundeko emakumezko zein gizonezko kideen arteko harremana aldatu beharrean gaude.

Ildo honetan erakunde egiturarako proposamen batzuk egin ditugu, aipaturikoa bermatuko dutelakoan. Proposamenok lau oinarrizko esparrutan daude, denak ere botere kontzeptu berri bati begira: erabaki hartzea, taldekako sortzea, informazioaren eskuragarritasuna, kultura demokratikoa.

Erabaki hartze sistemari lotua:

  • Geure iritziz parekotasuna irizpidetzat hartu behar dugu, ordezkaritza guneetan hala bermatu behar da. Ezin bada, gizonezko kopurua jaistea edo txandakatze sistemak ezartzea proposatzen da. Erakundeko beste guneetan kuota sistema ezar liteke.
  • Militantearen figura argi zehaztu eta mugatu behar da, parte hartze maila izanda irizpide.
  • Estrategikotzat jo dugu erabaki hartzea eta espazioen kudeaketa modu parte hartzailean egitea bermatuko duten metodologien ezagutza eta erabilpenean sakontzea.

Taldekako sortzeari lotua:

  • Mahai feminista (mistoa, gizonezko eta emakumezkoez osatua) izatea nahitaezkotzat jo dugu.
  • Mahai hau osagarria izango zaio beste mahai edo guneekiko zeharkako eragin feministari. Bideak eta tresnak (iragazki galderak, aldebiko bilerak,..) zehaztu beharko dira proposamen eta lan feministaren sektorializazioa saihesteko.
  • Gainontzeko mahia eta guneetan emakumeak izango direla bermatuko duten neurri zehatzak ezarri behar dira.

Informazioaren eskuragarritasunari lotua:

  • Funtzionamendu protokoloak ezartzea funtsezkoa da; hauetan bilera,  gai-zerrenda, akta,…prozedurak adieraziko dira.
  • Informazio iturri eta bideak zeintzuk izango diren zehaztu behar da.
  • Barne komunikazio gunea ezarri behar da, erakundeko informazioaren hedapenaren arduradunen esku. Arlo honetan emakumeek presentzia nagusia izan beharko lukete.

Kultura demokratikoari dagokionean:

  • Emakumeen jabekuntzarako lan-tresna eta gune moduan funtzionatuko duen Emakumeen Egitura Autonomo baten alde egiten dugu.
  • Egitura honek besteak beste ardura hauek izango lituzke: emakumezkoei bereziki zuzenduriko hezkuntza, emakumezko militanteen behar-izanei egokituriko gaitasunen garapena, erakundeko zein ordezkaritza postuetarako emakumeen laguntza…
  • Alderdien ohiko kooptazio/indukzio sistema eraldatu behar dugu, emakumeak baztertzen ez dituzten bideak aukeratuta.
  • Parekotasunak helburu eta estrategia izan behar du.
  • Erakunde berriak ardura elkarbanatuaren helburu nagusirantz egin behar du lan. Ohikoaz aldenduko den denbora tarteen kudeaketa berezia egin behar da, bilera kopuruari, euren ordu eta lekuei,…arreta jarriz.
  • Berriz ere, parte hartze metodologiak ezagutu eta erabiltzeko beharra azaldu zaigu, erakunde barruko prozesu parte hartzaileak eta lan molde berriak ezarriko baditugu.
X